Magazines

Kandela

Gasteiz,1983-1984

Aldizkaririk egiteko inongo asmorik gabe, bost lagun astero biltzen hasi ziren Gasteizko Alde Zaharreko pisu batean. Literaturaz berba egin, irakurritako obrak komentatu eta aztertu, euren idazlanak elkarri pasa...; geroago sortu zen "zerbait" argitaratzeko asmoa. Auto-trebakuntza prozesu bat izan zen. Horrela atera ziren aldizkariaren bi aleak eta 1985eko otsailean plazaratu zuten liburua. Bost lagun horiek Julen Arriolabengoa, Xabier Etxaniz Erle, Tere Irastortza, Jon Iñaki Lasa eta Manu Lopez izan ziren. Bost lagunok hasi zuten proiektua eta bostok amaitu zuten. Ez zen idazle berrientzat plataforma izateko bokazioarekin sortu, ez zuten jendea aldizkarian parte hartzera animatu. Ez zuten idazle askoren lanen zakua izan nahi. Laborategi bat izan zen, esperimentatzeko plataforma. Azken finean, lagun koadrila bat ziren eta literaturaz trebatu eta elkarrekin ezagutzak trukatu nahi zituzten. Literatur tertulia moduko bat izan zen, baina bost lagun finkoena.

Sasoi hartan nahikoa Kriseilu eta Argia bazen eta eurek, umore puntu batekin, Kandela jarri zioten izena taldeari eta aldizkariari. Argia eskainiko zien tresna xumea, intimoa.

Bazituztenez nahikoa sorkuntza lan bilduta, 1983ko abenduan atera zuten 1. zenbakia. Urte hartan bertan desagertu zen Stultifera Navis (1982-83) aldizkariaren formatu bera erabili zuten (15x21), aldizkari hartako eragile nagusietako bat arduratu baitzen Kandelaren diseinuaz eta maketazioaz, José Antonio Blanco alegia. 75 pezetetan saldu zuten berrogei orrialdeko aldizkaria.

Kandelarioen poema eta narrazioekin batera, Jon Juaristik utzitako Gabriel Arestiren poema argitaragabe batzuk ere gehitu zituzten, Arantxa Urretabizkaiari egindako elkarrizketa (Joseba Abaituaren argazkiekin lagunduta) eta Julio Cortazarren narrazio baten itzulpena. Ez zuten pretentso handiegirik; esku artean zituzten lanak kaleratzearekin nahikoa zuten.

1.zenbakiaren sarreran literatura aldarrikatu zuten, begirunea eta garrantzia emanez, eta berau definitzen saiatu ziren. Eurentzako literatura idazlea, hitza eta irakurlearen arteko sintesia zen, letren akelarrea.

1984ko maiatzean kaleratu zuten 2. zenbakia. Orrialde kopuru bera zuen baina formatua aldatu zioten (21x30). Oraingoan Argia eta Susako Josu Landa izan zen diseinua eta maketazioaren arduraduna.

Ez zuten bigarren ale bat ateratzeko asmo berezirik, baina talde-dinamikak eta euskal literaturari buruz eta garaiko literatur mugimenduei buruz zituzten eztabaidek horretara eraman zituzten. Ironiak bazuen tarterik aldizkarian. 2. zenbakia zela adierazi beharrean, 10.ena zela jarri zuten mantxetan eta sarrerari Bergarako Angiozar auzoan egindako bazkariaren faktura gehitu zioten, Euskal Herrian kultura gastronomikoa indarrean zegoen moduan, kultura literarioa ere bazegoela errebindikatuz. Literaturaren monoari buruz ere idatzi zuen Tere Irastortzak, poesia beharrezkoa zela aldarrikatuz, poesia egin eta lau haizeetara zabaldu nahi zutela adieraziz. Sorkuntza lanez gain, nabarmentzekoak dira kandelariook elkarrekin itzulitako Carmen Rieraren narrazio bat, Jon Juaristiri egindako elkarrizketa edota Manu Lopezek literatur aldizkarigintzari buruz egindako azterketa.

2. zenbakiko sarreran euren izaera nabarmendu nahi zan zuten; aldizkaria euren nortasun agiria zela, izan bazirela adierazteko modua zela aitortu zuten. 1. zenbakiko sarreran egin zuten moduan, literaturaren euren interpretazioan sakondu zuten. Kandelarioentzat literatura ez zen automatikoki sortutako artea, lan asko egin ondoren lortutako emaitza baizik. Taldean lan egitearen arriskuez ere egiten dute gogoeta, masa bilakatzeaz alegia. Taldea masifikatzean pluraltasuna gal daitekeela zioten, eta ondorioz bi gauza gertatu: literaturazko jarrera erradikalizatzea edo bihotz oneko sasioneritzian erortzea. Horrela, taldea zubi begibakarra bilakatzen dela argitu zuten, idazle ezezagunak kaleratzeko plataforma bat, besterik ez. Eta horixe zen hain zuzen ere Kandelarioek bere aldizkarian gertatzerik nahi ez zutena.

Kandelarioak oso ziren kritikoak aldizkarigintzari buruz. Zalantza egiten zuten literaturgintzarako benetako plataforma ote ziren. Sasoi hartako aldizkarietan idazlanak errazegi argitaratzen zirela zioten eta, aldiz, eztabaida literario gutxi zegoela.

1984ko udan taldeko gehienek karrera amaitu eta sakabanatu zirenez, aldizkariarekin amaitu behar izan zuten. Dena dela, Kandelak pizturik segitu zuen. Horren lekuko, 1984ko uztailean Susa argitaletxearekin Jon Iñaki Lasak plazaratu zuen Andaluziari ene bilduma poemarioari Kandelarioek egin zioten hitzaurrea edota 1985ean Hordago argitaletxean elkarrekin plazaratu zuten Euskal letren dantza 1983an, urte hartako literatur produkzioaren azterketa kritikoa.