Roman

110 Street-eko geltokia (1986). Iñaki Zabaleta

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Iñaki Zabaleta idazleak (Leitza, 1952) 1982an Informazio Zientzietan lizentziatu eta 1982-85 urteetan New Yorkeko City Unibertsitatera jo zuen doktoregoa egitera eta "Telebista/Irratiko Zuzendaritzan" Masterra ikastera. Han idatzi zuen 110 Streeteko geltokia izenburua daraman nobela. Iñaki Zabaletaren liburu honen zenbait ezaugarri, hala nola genero beltzekoa izatea, eta irakurterraza eta aski laburra (144 orrialde) izatea, lagungarri suertatu zaizkio euskaraz gehienik saldutako liburuen artean kokatzeko. Hainbat argitaraldi ezagutu ditu, eta M. J. Olaziregiren datuen arabera (ASJU 2000), 30.000 kopiatik gora saldu direnen artean dago, Joan Mari Irigoienen Babilonia eta Pako Aristiren Kcapporekin batean.

Argumentua New Yorken gertatzen da eta bi istorioren gurutzaketan oinarritzen da. Protagonista dira Joseba, New Yorken bizi den euskaldun mutil bat eta Angie neska amerikar tipikoa, publizitate-munduan lan egiten duena. Egileak berak laburtu zuenez, "nobela aurrera doa poliki-poliki bi istorioak tartekatuz. Eta noizbait, nolabait, biok elkarrekin topo egiten dute. Jean Genet idazlearen aipu bat hitzez hitz erabiliaz elkar ezagutzarako bidea hartzen dute biek. Bi pertsonak topo egiten dutenetik, bi istorioek ere nolabait bat egiten dute eta nobelan zehar nahastuz doaz, azkenera arte"(Argia, 1985-X-27, 36).

Argumentua osatze aldera, esan daiteke protagonista euskaldunak arazo politikoak direla bide egin duela ihesi sorterritik, eta hori dakitenek txantajea egiten diotela droga-arazoetan korapilatuz. Horretaz gain, bere ugazaba-andreak, Catherinek, hurbilketa sexualerako hertsadura ere egiten dio. Eleberriak kontatzen duen istorioaren zentzuari buruzko klabe bat azpimarratzen da, izan ere nobelaren lehen orrian 1983ko urriaren 21ko Daily News egunkarian argitaraturiko zutabe batetik ateratako esaldiak markatzen du nobelaren zentzua: "East Harlem-en bada esaera: Ghettoan bizi den edonork errealki daki bizirik irauten". Zabaletak esaera horrek biltzen duen egiaren inguruan eraiki zuen bere nobela.

Hiriko ghettoko bizimodua gogorra izanik ere, barrukoentzat lasaia ere bada, gustura bizi dira euren artean, hura dute beren mundua: Egileak dioenez, pobreziazko tokiak dia eta arraza-kontuak axola handikoak. Anglosajoiak, esate baterako, ez dira Harlem-en bizi. East Harlem-en hispanoak bizi dira eta beste Harlem-en beltzak. Lehen orriko aipu horrek dionez, ghettoan bizi den edonork errealki daki bizitzen eta nobelaren bukaeran probatzen da nobelako protagonistak benetan bizirik irauten ikasi al zuen ala ez.

New Yorkeko ghettoen xarma adierazi nahi izan du Iñaki Zabaletak bere nobelan. Ghettoak kanpotik begiratuta pobreziaren erresuma dira, eta hiriaren alderdi aberats eta dotoreen aldean, hondamendia eta miseriaren adierazgarri hutsak, baina hango jendeari xarma berezia dariola deritzo eta Gregorioren pertsonaian mamitzen dela samurtasun hori.

Lehen poema-liburuez gain, Zabaletak ipuin laburrak ere idatziak zituen, baina New Yorken kazetaritzan sakontzen aritzeak eta bereziki telebista ikasketek, eragin berezia izan zuten eleberri honen taiueran. Hiri handian, egoera berri hartan egoteak gauzak bere globaltasunean ikusten lagundu zion eta gauzak beste era batean planteatu eta analizatzeko parada.

Telebistako ikasketek, berriz, trebakuntza teknikoa eskaini zioten. Gidoiak egin eta aldioro kontatu nahi zituen gauza guztiak kameraren begitik pasatzen ikasi zuen. Eleberri honetan ere estruktura bat asmatu zuen irudimenaren laguntzaz, baina beti ere film baten erritmoaz kontatzeko eran. Liburuaren egitura sortzerakoan, beraz, lehendabizi gai zentral batzuk bilatu, zutabe bilakatu eta horien inguruan estruktura sortu zuen, kronologikoki edo logikoki eta linealki eramanez.

Estiloa narratibo berria du liburu honetan J. Zabaletak: Estilo landua, motz eta adierazkorra, esanahiz betea, batere barrokismorik gabea, ia lakonikoa. Horretan lehenago landua zuen hizkuntza poetikoa (Nire kezken erreten ,1978, eta Bertsoaren ezpata (1979) lagungarri gertatu omen zitzaion: "hizkuntza poetikoak lagundu egin nau nobela hau idazteko garaian, lagundu egin nau deskripzioaren unitate minimoa bilatzen eta hori laburki esaten " (Argia, 37 or.).

Nobelak izan duen harrera eta kritikaren berri azaltzera joz gero, bi harrera modu izan direla esan daiteke: Hainbat argitaralpen izan ditu, 1985ean atera zenez geroztik, irakurleen aldetiko harrera ona izan du beti. Bestalde, eleberri honen argumentuaren suspenseak eta laburtasunak ezaugarri erakargarriak bilakatu dira irakurle gazteenentzat eta irakurketa gomendatuen zerrendan agertzen da argitaratu zenetik etenik gabe.

Halere, argitaralpen berri bakoitzari eginiko unean uneko erreseinek osatzen dute eleberriaren harrera kritiko murritza: lehen artikulua Argian argitaratu zen (1985-10-20, 4. or.), bigarrena ere laugarren edizioari eskainia da (Argia, 1988-12-25, 4 or.). Jasotako hirugarren kritika laburra Haben argitaratu zen (1989, 146. alean, 37 or.) Iñaki Iñurrietak sinatua. Horretaz gain, euskal literaturaren historia oso nahiz partzialek (Olaziregi 2000, 2002), Aldekoa (2004), Garate (2000) aipamenak eskaini dizkiote. Azkenik, orain arteko iruzkinik osoena burutu du Javi Cillerok euskal polizia-eleberriei buruzko tesian atal berezia idatzi du (2000) eta eleberriari buruzko.

Egileak liburuan deskribatzen den New Yorkeko munduaz duen gertuko ezagupena aipatzen zuten lehen iruzkingileek arretagunetzat. Era berean liburuaren argumentua azaldu ondoren, bereziki azpimarratzen zuten bi protagonista gazteek elkar ezagutzeko duten eraren bitxitasuna eta edertasuna. 1985eko lehen elkarrizketan egilearen beraren ustez ere bi istorioak gurutzatzeko asmatu zuen modu poetikoa da liburuaren giltza estetikoa eta lorpen nagusietako bat. Garaiko iruzkingileek ere halaxe baitesten dute: "Bi hauen (protagonisten) bizitza paraleloak 110 Streeteko afitxa batek elkartuko ditu, modu aski bitxi batez". (Argia 1988). Iñurrietak ere une horretantxe kokatzen du istorioaren xarma: "Geneten bertso batzuek, bakardadeaz, eragingo dute miraria New York-en bihotzean, munduko hiririk handienean: Joseba () eta Angie () elkartuko dira. Zer harrigarri eta polit horren inguruan gorpuztu du Iñaki Zabaletak nobela beltz hau." (Habe, 1989).

Generoari buruz ez dute euskal eleberri honen iruzkingileek edota historiagileek (Olaziregi 2002, Garate 2000) zalantza handirik izan eleberri beltz edo poliziakoaren sailean sartzerakoan. Iñaki Zabaletaren ustez, narrazio "sinpe-sinplea da, bi istorio gurutzaturik kontatzeko beste helbururik ez duena". Narrazioak duen berezitasun bakarra teknikoa da, bere ustez, film baten ikuspegitik bezala pentsatua egotea. Genero beltzaren barruan kokatua izateak ez du egilea asetzen. New Yorken oso erraz gerta daitezkeen bi istorio dira bere ustez, eta beraz hango bizimodua ezagutuz, normalak diren gauzak dira nobelan gertatzen direnak, hemengo ikuspegitik begiraturik beltzak direla iruditu arren.

Kritikoek eta historialariek sail horretan sartzen dute beste gabe, eta Elkar argitaletxeak ere nobela beltzen artean kokaturik argitaratu du. Baina Argiaren 1988ko kritiko ezezagun batek puntu interesgarri bat eransten dio generoaren gai honi: nobela beltza eta arrosa batzen dituen liburua dela esaten du eta hori dela behar bada liburuaren arrakastaren giltza. Nobelaren osagarri arrosa edo maitasun harreman honen gaia da nobelaren belztasuna arintzen duena eta erakargarri bilakatzen duena.

Estiloari dagokionez, kritikoek nobelaren irakurterraztasuna azpimarratu dute. Erraztasun horren balorapen negatiboa ere iradokitzen du zenbaitek: "bati baino gehiagori ezer beste mundukorik kontatzen ez duen narrazioa iruditu lekioke, landugabea, espero zitekeen gehiegiz betea"(Argia, 1985).

Azterketa kritiko sakonik ez du eragin liburu honek, J. Cillerok berriki eskaini diona alde batera uzten bada. Irakurtzeko erraztasunean eta atsegintasunean laburtzen da iruzkina kasu gehienetan, erraztasun hori nondik heldu den esateke. Egileak bere obraren berri ematerakoan aipatzen dituen egitura paraleloak eta teknika zinematografikoak lortu nahi zuten efektua, eta bestetik estilo kondentsatua eta deskripzio adierazkorrak kritikoen arretarik ez dute eskuratu harik eta Cillerok aztertu duen arte.

Egileak adierazi zuenez, ez zuen New Yorkeko giroak bere barne poetikatik urruntzea lortu eta Arantzazun B. Gandiaga literatura irakasle izandakoaren irakaspenak izan zituen beti gogoan: "Nolabait, Horazioren ustetan poesiaren muina laburtasun horretan eta kondentsatze horretan baldin badago, laburtzen saiatze hori prosara eraman nahi izan dut nobela honetan, prosan idatzi, baina kontzeptua edo bihotza duen hitza bilatuz: hitz gutxitan adierazi esan behar duzuna, baina hitz gutxi horiek izan daitezen egiaz esan edo deskribatu nahi duzuna.(...) Lagundu egin nau deskripzioak egiteko garaian modu berri bat saiatzen: (...) Ez dut esaten lortu dudanik, baina horixe izan da nire asmoa estiloari dagokionez: enroilatu gabe sentimendu hori eta dentsitate hori adierazi. (...) Urrezko araua beti izan da "laburki adierazi eta indarrez" eta horretarako ere hitzen arteko kontraste hori behar duzu. Nik kasu handia egiten diot honi" (Argia 1985-X-27, 37 or.).

Nobela honetan irakurtzeko aisetasuna eta interesa elaborazio narratiboaren emaitza dira egilearen arabera: Prosaren estilo poetiko labur eta adierazkorraren dohaina du batetik, sinpletasunik gabeko zuzentasuna eta, bestetik, narrazioaren egitura paralelistikoaren, filmetakoa gogoratzen duen "ikusgarritasuna"ren eta suspensearen eraginkortasuna. Agian liburuaren gehiegizko laburtasunak eta genero beltzak kritika landuan duen literatura-balorapen eskasaren eraginak kaltetu du kritikoen begietan, hortik dator agian egileak genero horretan ez sailkatu nahi izanaren arrazoia ere.

Aipamen kritiko honetan leku berezia merezi du Jabier Cillerok bere tesian eskainitako kapituluak. Azterketaren sakontasunak eta azterlanaren ikuspuntuaren egokitasunak (eleberri beltzaren arloari dagokionak) bidezko egiten du eleberriaz egiten duen balorazioa ere bereziki aintzakotzat hartzea.

Iñaki Zabaleta's Crime Fiction: A Stranger in a Strange Land (242-245 or.) du izenburua eleberri honi eskainiriko atalak. Cilleroren iritziz, garaitsuko diren X. Kintanaren Ta Marbuta (1984) eta M. Antzaren Odolaren usaina (1987) nobelek bezala, hiri giroko suspense-nobelak da Zabaletarena, atzerriko hiri urrunetan kokatuak hirurak. Nobela honetan, Kintanaren liburuan bezala, protagonista euskaldun bat dago hiri atzerritar batean, baina bere egoera benetan da larria: agiririk eta baimenik gabe dago Ameriketako Estatu Batuetan eta, gainera, polizia espainiarrak harrapatuko balu, ez luke tortura eta kartzela beste etorkizunik izango. Hori da protagonistaren egoera, eta hirian irauten saiatu ahala, Harlemgo ghettoaren konnotazio sozialak erreparatuz joango da.

Bereziki azpimarratzen du Cillerok nobelaren suspensea eraikitzen duen egiturako bi narrazio-bide paraleloetako batean Joseba eta Catherine ugazabaren arteko harremanaren indar-tentsioa eta protagonistak lakiotik askatzeko eginiko ahaleginak. Beste suspense-iturria, Angiek Josebaren mezuak metroko afixetan aurkitzeko eginiko ahalegina da eta harekin hiri-giro etsai hartan topo egiteko duen zailtasuna.

Hiri handiko giro horrek kokagune bereziki egokia eskaintzen du horrelako narrazioetarako. Izan ere, hiri-giroko anonimotasuna, inor inorentzat ezertxo ere ez izateak areagotu egiten ditu bakardade eta arroztasun sentsazioak. Anonimotasun hori metroko giroak islatzen du ongien, Cilleroren iritziz, iragarkiek, isiltasunak, joan eta datozen trenak bizitza-zatiak soilik dira. Joseba eta Angie bera nolakoak diren ere ez dugu jakingo elkar topo egin eta elkar ezagutzen duten arte. Akzioa hirugarren pertsonan kontatzen du teknika behaviorista batez eta horrela hiriko leku eta eszenetan zehar mugi daiteke zine-kamera baten modukoa den narratzailea. Zabaletaren kontalari horrek jende mota eta gizarte maila hainbat bizi diren hiria erakusten du. Hala, Manhattango klase mediako familiek ez dute Harlemgo jendearekin zerikusirik, egunkarietan irakurtzen dute hango gertakari lazgarrien berri, Harlemgoek, aldiz, askorik harritu gabe jarraitzen dituzte euren bideak, ikasi dute indarkeriarekin bizitzen.

Zabaletaren eleberriaren protagonista besteen hertsaduraren biktima da, baina aldi berean gaizkile ere bada, droga-trafikoan aritzen da, eleberri beltz amerikarretan bezala. Halere, konbikzio politiko eta sozial sendoak dituen protagonista da Joseba eta ihes egin behar izan du Francoren diktadurapeko Euskal Herritik. Guztiz nahasturik dabil hiri handian, atzerritara da eta ilegala. Ez du ezertarako eskubiderik: ez lanbiderik, ez maitasunik. Arrotz sentitzen da eta handia da bere sorterriko bizitza beroa eta hiri handiko hoztasunaren arteko distantzia, eta egunero itzarri orduko igartzen du aldea. Heriotzako orduan ere ama da azken hitza, herriminaren eta itzulera, sorterrira eta umetokira itzultzearen atsegina. Cilleroren iritziz, Zabaletak euskal gatazkari hurbiltzeko bide metonimikoa darabil: Espainiako polizia da Josebaren egoera larriaren arduraduna, bere atzerriratze eta heriotzaren azken arduraduna.

Eleberriaren alde ilunaren ifrentzua da Jean Geneten zitari esker sortzen den maitasun-istorioaren lotunea. Josebak idazten duenean Geneten aipua bakardade eta etsipen oihua da. Angieri aldiz lagun galdu baten oroitzapena dakarkio. Josebarentzat bere ingurua maitatu ezina adierazten du eta inguru horretan inor maitatzeko ezintasuna. Angie aldiz, Josebaren kontrapuntua da eta hobeto egokitzen zaio inguru arrotz horri. Berak erakutsiko dio Josebari oker dabilela, lagunak eta afektuak posible direla han ere.

Cillerok idarokitzen du hiri-giro latzenean ere posible diren afektu-harremanak direla liburuaren sakoneko gaia eta horretan bat egiten du egileak hastapenean adierazitakoarekin. Zabaletak modernitatearen arazoa du aipagai hiri handien testuinguruko arroztasun, bakardadean eta alienazioan, Jim Thompsonen nobeletan ere agertzen den gisa berean. Xabier Olarrak J. Thompsonen lanak erreferentziatzat hartuta eginiko irakurketarekin bat egiten du Cillerok (Olarra, 1987).

Cilleroren iritziz, eleberri honetan euskal idazleen hiriko bizitzarekiko anbiguotasuna eta fidagaiztasuna islatzen du, euskal bizimolde tradizionalarekiko herriminari kontrajarria. Bestalde, Catherine ugazaba-andrea femme fatale-ren mehatxua eta presio sexualari kontrajartzen zaio amaren afektu beroa eta Angirekiko harreman gozoa.

Cilleroren iritziz, eleberriaren giroa iluna da, gogorra eta lirikarik gabea. William Irish-en nobeletan bezala, Zabaletak gure garaiari dagokiona bezalako thriller hiritarra sortu du, eta zantzu sozialak eta politikoak erantsi dizkio. Cilleroren ustez, Zabaletak generoko gainerako euskal nobelagile gehienek baino nobela orekatuagoa egitea lortu zuen, eta euskal krimen-eleberrien eremua lehenago iritsi gabeko kokaguneetaraino eraman zuen, horretarako erabili zuen mintzaira literarioak 1980-90 artean argitaraturiko lanik onenen artean kokarazi zuelarik 110 Srteet-eko geltokia.

  • "I. Zabaleta solaskide" in Argia 1978-IV-23. 42-43 or.
  • J.L.k. "New York prosa mundua da; han ez dut poesiarik idatzi". egina in Argia. 1985-10-27. 36-37 or.
  • "Iñaki Zabaleta Urkiola. 110 Street-eko geltokia" in Argia 1985-10-20. 4 or.
  • "110 Street-eko geltokia" in Argia.1988-12-25. 4. or.
  • CILLERO, Javi. The moving target. A history of Basque Detective and Crime Fiction tesi-lana. Reno. Zuz. Linda White. Argitaragabea [2000].
  • GARATE, G. Euskal Herriko Polizia Eleberria. Donostia: Elkar, 2000.
  • IÑURRIETA, I. "110 street-eko geltokia". Habe. 146. alea, 1989. 37 or.
  • OLARRA, X. "Jim Thompson `1280 aroma` (beltzak barne)" in Literatur Gazeta. 5, 1987. 8-20 or.
  • OLAZIREGI, M. J., "The Basque literary system at the gateway to the new millenium". ASJU XXXIV. 2000. 413-422 or.
  • OLAZIREGI, M. J., Euskal eleberriaren historia. Labayru. Amorebieta-Etxano. 2002.