Kontzeptua

Zubiak. Arkitektura

Euskal Herrian aurki ditzakegun zubi zaharrenak historian eta iraganean kokatzea ez da batere erraza, gehienak behin eta berriro hautsi direlako. Jarraian berriro eraiki direnez, gehienetan aurreko materialak eta teknikak errepikatuz, edo besterik gabe eraberrituz, horien gaineko historia zehaztea ez da batere erraza. Printzipioz, dakigunez gure artean erromatarren garaiko zubirik ez dugu. Gure artean bizi izan baziren ere, ez zituzten eraikin horien beharrik izan. Ez dezagun ahaztu gure artean erromatarren hedapena gehien bat hegoaldean soilik gertatu zela. Horren ondorioz, agian Iruñean -beraien Pompaelon- Arga ibaia zeharkatzearren zubiren bat gauzatu bazuten ere, edo Euskal Herriko beste ibaiaren bat -Ebro ibaia Araban edo Nafarroan-, horien aztarnarik ez zaizkigu heldu, zubi xumeak izan zirelako eta erabilera bera ere mugatua zelako.

Horren ondorioz, Euskal Herriko zubi zaharrenak aurkitzeko Erdi Arora jo behar dugu, XII. eta XIII. mendeetara. Orduan bai Balmasedan, Bilbon, Iruñean, Lizarran edota Garesen garai hartakoak izan daitezken zubiak daude. Zubi horiek orokorrean, harrizkoak dira, xumeak, soilak eta sinpleak, arkuaren erabilpenean oinarrituta daude eta ibaiaren ertzen arteko tartearen arabera begi kopuru desberdinak dauzkate. Hala ere, lehen aipatu dugun bezala, zubi horien data zehatza ezagutzea ezinezkoa da, behin eta berriro eraitsiak eta altxatuak izan direlako. Ahal zenean behintzat, zaharberrituak izan ziren horien funtzioa hobeto betetzeko asmoz. Egoera horren adibidea izan liteke Noainen dagoen akueduktua. Eraikin hori 1782ko bada ere, Ventura Rodriguez arkitekto neoklasikoaren lana izanik, eraikinaren itxura guztiz erromatarra da.

Gure artean Aro Modernoan ez da zubi esanguratsurik gauzatu, eta ondorioz Aro Garaikidearen hasierara arte itxaron behar izango dugu lehen zubi berriak ikusi ahal izateko, material berriekin egindakoak alegia. Lehenengoetakoa Donostiako Santa Catalina izango da, XIX. mendearen amaieran. Maria Kristina eta Kursaal-eko zubiekin batera XX. mendearen hasieran garai berriaren zubi adierazgarriak dira. Hau da, material berriekin eginak badaude ere -burnia eta hormigoia-, harriz estalita daude eta orokorrean nahiko apainduta aurkitzen ditugu, esanguratsuena eta adierazgarriena Maria Kristinarena izanik.

Hala ere, XX. mendeko hirugarren hamarkadatik aurrera, material berriak estali gabe agerian uzten diren heinean, eta modernotasuna eta arrazionalismoaren eragina tipologia honetan sumatzen denean, zubi berriak aurkituko ditugu La Ribera bezalakoa Bilbon -Fernando Arzadun arkitektoaren lana- edota hiri berean baina zabalgunean Deustukoa. Baina estilo horretan zubi garrantzitsuena Bizkaiko Zubia izango da, Alberto de Palacioren lan ikusgarria, eta ez bakarrik bere teknika, forma eta erabilitako materialengatik baizik, baita bere presentzia eta nortasunagatik ere. Alde batetik sendoa da baina bestetik liraina, garaiko industria iraultzari omenaldia eginez. Horrela, Bilboko sarreraren ikurra bilakatu da. Eduki berdina eduki gabe baina estilo berean, Ormaiztegiko zubia Gipuzkoan garrantzitsua da.

XX. mendeko berrogeita hamargarren hamarkadatik aurrera, zubien inguruko garapenak aurrera egingo, orokorrean soiltasuna eta sinpletasunaren aldeko apustua eginez. Gure artean ibilbide hau hautsiko duten ereduak azken bi hamarkadetan kokatzen dira. hauexek lirateke eredu horiek: Santiago Calatrava arkitekto eta ingeniaria nabarmendu behar dugu bi lan dituelako gure artean, Zubizuri Zubia Bilbon eta Zubi Berria Ondarroan. Bilbon ere nabarmendu behar dugu Pedro Arrupe Zubia, landuagoa formen aldetik, eta Donostian Deustuko zubiak, esanguratsua gertatzen delarik apainketak berak parte hartzen duelako zubiaren egituran.