Arkitektoak

Palacio Elissague, Martín Alberto del

Euskal Herriko arkitekto eta injenieria, Espainian burdinaren inguruko kultura berriaren ordezkaria izan zen. 1856ko urtarrilaren 24an Saran (Lapurdi) jaio zen eta Areetan hil zen 1939an.

1882an Bartzelonan arkitekturako ikasketak bukatu zituen eta ondoren Parisera jo zuen ikasten jarraitzeko. Hantxe agerian utzi zuen ikerlari bezala zuen aparteko adorea hainba diziplina jorratuz: ingeniaritza, matematika, astronomia, medikuntza, ... Laguntzaile bezala XIX. mendeko Frantziako zirujau ospetsuenekin aritu zen, Espainian burututako ikasketak osatzearren Fisika eta Matematika Zehatza landuz.

Hainbat arlo landu bazituen ere, ez zuen bestelako titulurik erdietsi (arkitekturakoa soilik). Berezkoa zuen joera sortzaile eta berritzailea, etorkizunari begira zegoen aparteko aurkikuntza tekniko eta zientifikoz josia zegoen garai haren aurrean. Espainiara bueltatu zenean, 1883tik 1884ra, bere lehendabiziko lana burutu zuen Ricardo Velazquez-ekin batera: Madrileko El Retiro parkeko Kristalezko Jauregia. Garai hartan E. Adaro eta Saiz de La Lastra arkitektoentzat, Espainiako Bankuaren zimendatzea burutu zuen, berau 1891ean bukatu zutelarik.

1885ean bere lan esanguratsuenari ekin zion: Bizkaiko Zubi Transbordadorea. Proiektua bi urteren buruan gauzatu zen eta Sustapeneko Ministerioan 1888ko urtarrilaren 1ean erroldan idatzi zuten. 1890an eta zubiaren inguruko lanak hastearekin batera, Bilbo aldean zeuden mendi tontor batean Jesusen Bihotzari zegokion monumentuaren proiektua prestatu zuen. 1891ean Colon-en Monumentua finkatu zuen, Chicagoko Nazioarteko Lehiaketan lehen saria eta urrezko domina erdietsiz. Urte baten buruan, Mediodia (Atotxa) izeneko geltokia bukatu zuen Madrilen. 1893an zubi mugikorraren patentea eskuratzen du, Transbordadorearen lanak bukatuz. Urte berean, Bilboko itsasadarrean beste bi zubi egiteko proiektuak aurkeztu zituen, biak ere guztiz ezberdinak. Zubi mugikorraren patentea saldu egin zuen Fernando Arnodin eraikitzaile frantziarrari. 1894an gotiko berria esaten zioten ereduko monumentua zehazten du, Gernikako Arbola irudikatuz, eta Euskal Herriko Foruei eskainia. Besteak beste, Isabel II.aren zubia (Bilbo) eta Basamortukoa (Erandio) berak egindakoak dira. Horiez gain, Donostian Santa Klara irlarekin bat egiteko airetikako tren elektrikoa bere burutazioa izan zen. XX. mendaren atarian, Zaragozako Pilarreko Basilikaren erortzearen inguruko txosten tekniko zabala aurkeztu zuen. 1906an Gasteizko Katedrala burutzeko Lehiaketan beste proposamen bat aurkeztu zuen. Bi urte geroago, Carabanchel herrian Esquerdo doktorearen klinika gauzatu zuen. 1919an Santa Maria de la Cabeza herrian Osram lantegia burutu zuen.

Lehen Mundu Gerran hainbat gotorleku burutu zituen Gibraltar inguruko mendi lerroetan (gero bota egin bazituzten ere britainiarren protestak zirela medio). Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Madrilen zegoen. Diktadura garaian Gerra Ministerioaren aginduz militarren etxebizitzak burutzeagatik preso hartu eta Modelo Kartzelan sartu zuten. Gero, Mexikoko Enbaxadan jo zuen eta handik Frantzia aldera 1937an.

Besteak beste, proiektu hauek burutu zituen: Madrilen Tapia doktorearen erietxea; Brasilen itsasoan bertan oinarria zuten etxe multzoak; Deustu, Areeta, Bilbo eta Madrilen hainbat etxebizitza eta hotel partikularrak. Era berean, meatzaritzan airetikako tranbiak diseinatu zituen, ur-azpiko zubia, beste bat birakaria; Urkiolako Santutegirako proiektu berria, eta beste Begoñako Santutegirako (Lehiaketan bigarren saria erdietsiz).

Hain sormen handiaren isla dira era askotako proiektuak: Bilboko saneamendua bideratzeko proiektu eta ikerlanak, hiri horretan ere putzu artesiarren zulaketa, bagonetak iraultzeko sistema automatikoa zuen meatzaritzarako airetikako tranbia, Espainian barrena ur jauzien energia ustiatzeko sistema, airetiko nabigazioaren inguruko proiektuak, propultsio elektrikoa, aire konprimituzko erreakziozko motorrak eta urpeko borroka bideratzeko tresnak, Britainia Handiko itsas armadaren eskuetan utzia. Eguzkiaren eta haizearen indarra aprobetxatzeko esperimentuak burutu zituen, baita itsasaldien indarra ere. Areeta eta Portugalete artean gauzatu zuen zubi Transbordadorea, zalantzarik gabe lanik ezagunena izango da. Sistema hori diseinatu zuen mundu osoan barrena lehendabiziko gizasemea izan zen. Eredu hori oinarritzat hartu zuten Rouen, Rochefort, Nantes, Marsella eta Bordeleko transbordadoreek. Dirudienez, 19873an El Quijote liburuaren XLII kapitulua ere itzuli egin zuen Lapurdiko euskarara (Lopez Fabrek argitaratu zuen 1882an). Gainera, Higienización de Bilbao liburua ere burutu zuen, Bilbon bertan argitaratu zelarik 1893an.

  • Fullaondo, J.D. "Alberto del Palacio Elissague". Nueva Forma; 60-61 or., 1971.
  • Barañano Letamendi, Cosme; González de Durana Isusi, Javier. "Alberto Palacio y el puente colgante de Portugalete". Cuadernos de Sección. Artes Plásticas y monumentales; 1. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1982. 243-248 or.