Kontzeptua

Zaragi mutilak edo plaza mutilak

Gazte-taldeez hitz egitean esan ohi den moduan, gaztaroan gizarte-kontzientzia puri-purian dago. Horri esker, taldetan parte hartzeko joera aktiboa izaten da eta taldearekiko leialtasuna eta batasuna gordetzen dira.

Gazte-talde horiek aldakorrak dira kopuruari eta hartako kideen ezaugarri fisiko eta sozialei dagokienez. Kidetasun horren iraupena erlatiboa izan daiteke, haien artean sarritan barne-harreman pertsonal sedentarioak izaten dira eta, finean, taldearen helburua haien ageriko funtzio ugaritan gauzatzen da (dibertsioa, laguntasuna, lankidetza, etab.), egun, indarrean direnak (sozializazio informala). Sozializazio-prozesu hori bi arrazoiengatik eman daiteke, batetik, kidetasuna markatzen duen talde horretako balio eta idealak barneratzeagatik eta, bestetik, beste erreferentzia-talde bateko balio eta idealak baitaratzeagatik. Hala, prozesu horren bidez, norbanakoak bere inguruneko balio sozial eta kulturalak bereganatzen ditu eta bere izaera kolektibitatearen eta inguruko habitataren beharrizanetara egokitzen edo moldatzen du. Sozializazio-prozesu horretan ezinbestekoak dira baliabide jakin batzuk, taldekideen nortasun soziala kontrol sozialean oinarritutako gizarte bateko irizpide, arau eta balioetara moldatzeko.

Gazte-taldeak (generoari lotuta eta, zenbaitetan, iniziazio-errituen baitakoak) ohikoak dira edo izan dira kultura guztietan eta, zehazki, lehenetsitako ikergai izan dira Europako kultura tradizionaletan. Testuinguru geografiko horretan gazteen kategoria zehazteko hainbat alderdi hartzen dira aintzat. Hemen zerrendatzen dira horiek: adin-taldetan antolatzen ziren eta, are, haien arteko kidetasun-maila adinaren arabera zehazten zen; sexuaren arabera bereizitako kolektiboak ziren eta, nahiz eta haien arteko harreman soziala adeitsua izan, talde baztertzaileak ziren; bi sexuetako taldeak esparru fisiko edo geografiko jakin batean sortzen ziren; ohiturazko arauak zituzten, errituak eta usadioak eta, era berean, zenbait libertate komunitario aitortzen zitzaizkien; komunitate barruan nahiz kanpoan lankidetza- eta aurkakotasun-harremanak ezartzen ziren; ezarritako forma sozialaren ikaskuntza trinkoa izaten zen (haurtzarotik helduarorako jauzia); haien trebetasun fisikoak eta, orokorrean, gaitasunak aintzat hartuta, funtzio jakin batzuk esleitzen zitzaizkien, esate baterako, kolektiboaren defentsa, auzolana, gizarte-kontrola eta kolektibitaterako kide berriak barneratzea.

Finean, ahots honetan adin-talde jakin batzuk eta, zehazki, mutilzahar aroan edo gaztaroan ziren gazte-taldeak dira aztergai, talde informal eta berdinkidez osatzen zirenak, nola-halako arauak zituztenak eta ia erabateko talde gisa jarduten zutenak auzo edo udalerriaren esparruan. Gure kulturan egitura sendoa izaten dute eta askotariko izenez ezagutzen dira: "lagun artea", "kintoak", "mutilak" edo "neskak", "sozietatea", "mutil ardua", "mutil kuadrile", "zaragiek", "eskotekoak", etab. Aro edo epealdi hori, sarritan, ezkondu artekoa izaten zen (ezkonberriak edo, urte horretan ezkonduak, oraindik gazteen buruzagitzat hartzen ziren) edo ezkontidearekin izandako harremanaren ondorioz, lehen jaiotza izan arte.

Testuinguru historiko eta kultural horren barnean, ikerketa-lan sakon bati esker eskuratutako datu bakan hauek barneratzen dira, jarraian berreskuratuko ditugunak:

Talde horietako kideak aragi mutilek (zahagi-ardoaren mutilak) izenez ezagutzen ziren Busturiako eskualdean (Bizkaia). Horiek, forma eta funtzioak aintzat hartuta, nolabaiteko lotura zuten eskotako taldeekin. Azken horiek, duela zenbait urte, ohikoak ziren Uribe (Meñaka, Mungia, Arrieta, Larrauri, Emerando, etab.) eta Durangaldea (ermitako festetan) eskualdeetako zenbait herri eta auzotan. Bertan, gazte-taldeek (eskota edo eskotekoak izendatzen zirenak) zahagi-ardoa erosten zuten auzokoak gonbidatzeko.

Hainbat herritako festetan "aragi mutilek" izeneko talde horiek ibili ohi ziren, gerra zibilarekin desagertu ziren arte, esate baterako, Ajangiz, Arratzu, Ereño, Errigoiti, Forua, Gorozika, Lumo, Ibarruri, Kortezubi, Mendata, Munitibar, Murueta, Muxika eta Nabarnizen. Auzo edo herri bakoitzeko gazte-taldeen artean lagunarteko harremana zen nagusi. Taldekide guztiak taldera 16 edo 18 urterekin sartzen ziren mutilzaharrak izaten ziren (orduan janzten zituzten lehen aldiz praka luzeak). Taldea ezkontzean edo hiltzean (mutilzahar geratzen zirenen kasuan) uzten zuten.

Gazte-talde horietan bi ordezkari izaten ziren, "plaza mutilek" (plazako mutilak) izenez ezagutzen zirenak. Urtebete ematen zuten kargu horretan eta funtzio jakin batzuk izaten zituzten (festetako nondik norakoaz arduratzea, jarduerak antolatzea, agintariekin tratuan izatea, funtsak kudeatzea, etab.).

Herriko edo auzoko festak iritsi baino lehenago gazte-talde horrek bilera bat egiten zuen. Bertan hainbat gauza adosten zituzten, besteak beste, zahagi-ardoa erostea, festetako gastuak "eskotean" ordaintzea, bestelako ekitaldiak antolatzea (musikariak, eskeak, etab.), kide berriak topatzea eta karguak hautatu edo berrezartzea. Agidanez, Bizkaiko Erregidore Leialaren hautaketa-sistema eta gazte-taldeko ordezkariak hautatzeko erabiltzen ziren sistemak oso antzekoak ziren (sufragio unibertsala, kargu-uztea eta -hartzea, kargua auzo edo baserrien eta jabedun ezkonberrien arabera txandakatzea) eta, era berean, funtzio asko era berdintsuan esleitzen ziren batean zein bestean.

Jaiegun bezperan, iluntzean, gazte-taldeak arreta handiz eramaten zuten alboko herriren batean "eskotean" erositako zahagi-ardoa (zagi edo zaragi). Festetan zehar zahagi hori udaletxeko ganbaran, ermita edo elizaren aldameneko espazioren batean, taberna edo etxe partikular batean, edo baserri bateko labean gorde ohi zen. Amaitzeko afaria antolatzen zuten elkarrekin. Orokorrean, bakailaoa izaten zen osagarri nagusia eta, festetako ardoa ere orduan edaten zen.

Jaiegun goizez meza egiten zen herriko zaindariaren omenez eta, ondoren, goizeko festa-ospakizunak prestatzen ziren. Arratsaldean, aldameneko auzo eta herri ezberdinetako "zaragi mutilak" elkartu eta dantzaldia izaten zen udaletxeko danbor-jotzailearen doinupean.

Bide batez, esangarri da, "soltean" (fandangoa eta arin arina) eta "lotuan" (pasodobleak, valsak, etab.), egiten ziren dantzak hedatu aurretik, ohikoa zela, igande eta jaiegun arratsaldetan " Soka Dantzak" edo " Aurreskua" dantzatuz dibertitzea.

Herriko plazan edo ermitan, tokiko "zaragi mutilek" Erregelak edo elizateko Aurreskuak dantzatzen zituzten. Hurrengo "Soka dantza" beste herri bateko "zaragi mutilek" dantzatzen zuten, aldez aurretik, "plaza mutilei" edo herriko agintariei baimena eskatu ostean. Horrela, festa-ospakizunak aurrera egiten zuen ohiturazko akordioari jarraiki, zonaldeko gazteen artean giro atsegina sortze aldera. Euskal Herriko herrietako festa askotan, "Soka dantza" dantzatzean elkarrekiko gonbidapenak egiten ziren sexu-taldeen, adin-taldeen eta auzoko nahiz herriko taldeen artean. Hori Durangaldeako eskualdean ikus zitekeen (Garai, Berriz, etab.). Gipuzkoari dagokionez Iztueta aldean hala egiten zen (Gizon dantza, Gazte dantza, Etxe Andre dantza, Galaien esku dantza edo Neskatxeen esku dantza) eta Luzaideko auzoetan ohikoa zen "Iantza luze" izenekoa dantzatzea.

"Erregelak" dantzaren modalitate hori oraindik dantzatzen da Durangaldea eskualdeko zenbait herritan (Garai, Berriz, Iurreta, etab.) eta, itxura batean, Gernikako zonaldera hedatu zen apur bat aldatuta. Gai horri buruz, Segundo de Olaeta jaunak adierazten duenez, Gernika inguruko bertsioa zaharragoa da (dena den, bere esanetan Berrizen 5/8 erritmora dantzatzen da gehienetan eta berezko izaera eman zitzaion), izan ere, dantzak 2/4 erritmo jarraitua du eta erritmo hori bat dator Iztuetak "San Sebastian" (neurri batean, hitzetan ere badu parekotasunik) izenpean jasotako "soinu zaharra" delako dantza batekin. Berrizen "Erregelak" abesten zuten adin nagusikoek Gernika inguruan erabiltzen zen melodiarekin egiten zuten. Azkuek zera aipatzen du "Aurreskuari" buruz:

Zortzikoa orain hasieran jotzen bada ere, lehen amaieran jotzen zen, aurreskuaren eta atzeskuaren bidez oilarruzka izenekoa dantzatzen zenean. Lehenengo pieza (duela laurogei urte inguru jotzen zena eta gaur ere edonon jo beharko litzatekeena) "Ardoak parau gaitu dantzari" delakoaren musika da.

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Eta bere garaian ezagutzen zen "Aurreskua" baino zaharragoa dela uste du eta, era berean, Gipuzkoan melodia hori bizkaitartzat jotzen zutela adierazten du.

Elizateko "Aurresku" zahar eta ahantzi edo "Erregelak" delakoari dagokionez (XIX. mende hasierakoa da eta, agian XVIII. mendean ere dantzatuko zen), aipatu Oizaldeko bi isurialdetara hedatzen dela (Durangaldea eta Busturialdea). Hura mantentzeko (bi zonaldetan) ahalegina, neurri handi batean Berrizeko "Patxiko" dinastiari zor zaio. Bestalde, musikalki mantendu zutenen artean txistulari eskoladun nahiz eskolagabeak eta antzinako dantzari edo "aurreskulari" multzo bat aipatu behar dira. Azken horiek melodia oroitzen dute edo hitzekin lotzen dute. Horren guztiorren ondorioz, neurri handi batean, pixkanaka hedatuz joan da edo, besterik gabe, desagertu egin da denboraren poderioz.

Auzo edo udalerri jakin bateko gazteek "Aurresku" edo "Erregelak" dantzatu ostean, ganbarara igotzen ziren "Soka dantzara" gonbidatutako neskatxekin batera eta "plaza mutilek" eskaintzen zuten zahagi-ardotik edaten zuten elkarrekin (normalean, ur eta azukrez nahastutako ardoa eskaintzen zitzaien neskei). Ondoren, pitxar batzuk erabiliz, mutilek ardo hori banatzen zuten bertaratuen edo ikusleen artean.

Modu apal eta alai horretan ematen zuten Busturialdeako biztanleek jaiegun goiz eta arratsa. Gauza bera egiten zuten zortziurren edo errepikapenean. Festa-giroa eta dantzaldiak egokiak ziren balizko ezkongai-harremanak edo komunitate ezberdinetako gazteen arteko laguntasun giroa sorrarazteko (zenbaitetan, ordea, areriotasuna sortzen zen). Halaber, gazte-talde eta agintari nahiz gorenen (tokikoak zein kanpokoak) arteko harremanak sortzen ziren eta gazteek egiteko soziala betetzea ahalbidetzen zen (festetako batzorde modura funtzionatuz eta bertaratuen festetako ordezkari gisa).

Era berean, arestian aipatu bezala, gazte-talde horien funtzioa bertako kideen sozializazioa zen. Adin-zikloa aurrera doan ahala, pixkanaka, gazteek landa-gizarte horretan beteko duten funtzioa erabakitzen da, betiere, sexuaren arabera. Komunitate horren barruan, mutilak senitartean, gizartean eta lan-esparruan parte-hartze aktiboa izateko prestatzen dira. Bestalde, neskak etxekoandreari dagozkion lanetarako ardura har dezaten prestatzen dira, esate baterako, etxeko lanak egin, haurrak hezi eta hazi, eta erritualak eta aztura erlijiozko nahiz etxekoak mantentzea.

Gazte-taldea, kanpora begira, izaera soziala duen taldea da (festak antolatzen zituzten, balizko okerbideak kontrolatzen zituzten eta helduen zaintzapean jarduten zuten, haien aholkuei jarraiki); aldiz, barrura begira, ezkonduen kategoriara igarotzeko bidea da (bi sexuetako harremanak sortu eta ezkontzak ematen dira, beharrezkoak direnak taldeak gizartean iraun dezan eta matrimonio emankorra izan dadin).

Gizartea kontrolatzeaz eta gizarte-taldearen irismen-eremua mugatzeaz arduratzen den adin-taldea da. Gazte-talde horiek laguntasun- edo aurkakotasun-harremanak izaten zituzten inguruko herrietako beste talde batzuekin. Halaber, tokiko agintariekin edo herrian nolabaiteko ospea zuten pertsonekin harreman abegitsua izaten zuten.

Azken batean, hori guztiori aintzat hartuta, gutxi gorabeherako ideia bat eraiki dezakegu gazte-elkarteek gizarte tradizionaletan betetzen zituzten funtzioen inguruan eta haiek antolatzeko sistemari nahiz haien jardun-arauei buruz.

  • ARRIZABALAGA BILBAO, Juan M. Zeberio eta Olabarrietako kopla zahar, bertso, erromantze, ...".Lan argitaratugabea.
  • AZKUE, Resurreccion Mª. de. Euskalerriaren Yakintza. Madril-Bilbo: Euskaltzaindia & Espasa Calpe, 1989.
  • AZKUE, Resurreccion Mª. de. Cancionero Popular Vasco. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
  • CARO BAROJA, Julio. El Carnaval. Madril: Taurus, 1965.
  • CARO BAROJA, Julio. La estación de amor. Madril: Taurus, 1979.
  • CARO BAROJA, Julio. El estío festivo. Madril: Taurus, 1984.
  • DONOSTIA, P. Jose Antonio de. Obras Completas. Bilbo-Donostia: La Gran Enciclopedía Vasca & Eusko Ikaskuntza, 1983-1994.
  • DUEÑAS, E.X.; LARRINAGA, Josu. Carnavales de Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundiak bekatutako lana, 1985-86 ikasturtean.
  • DUEÑAS, E.X.; IRIGOIEN, Iñaki; LARRINAGA, Josu. Carnavales/Ihauteriak. Bilbo: Bilboko Antropologia, Etnografia eta Historia Euskal Museoa, 1992.
  • DUEÑAS, E.X. eta IRIGOIEN, Iñaki. "La fiesta, recuerdos y vivencias: entorno festivo en la villa marinera de Lekeitio". Arrantza-komunitateak. Zainak 15. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Carnaval en Navarra. Donostia: Haranburu, 1984.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Iñauteria / El Carnaval Vasco. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de ediciones y publicaciones, 1973.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Carnaval en Alava. Donostia: Haramburu, 1982.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Ritos de Solsticio de Verano. (2 liburuki). Donostia: Kriselu, 1987-88.
  • ETNIKER Euskalerria. Atlas Etnográfico de Vasconia: Ritos del nacimiento al matrimonio en Vasconia. Bilbo: Eusko Jaurlaritza-Nafarroako Gobernua-Etniker Euskalerria, 1998.
  • ETXEBARRIA MIRONES, Jesus eta Txomin. Tradiciones y costumbres de las Encartaciones. Bilbo, 1997.
  • EUSKALTZAINDIA ardurapean. Euskal-Kantak. Bilbo, 1959.
  • FELIU CORCUERA, Alfredo (Zinzarri). Gure Herria (4 liburuki). Donostia: Kriselu, 1987.
  • FELIU CORCUERA, Alfredo (Zinzarri). Euskadi insólita. Donostia: Haramburu, 1980.
  • GEREDIAGA elkartea. Aratosteak Durangaldeak.
  • HOMOBONO, José Ignacio eta beste. La Cuenca minera vizcaína. Bilbo: FEVE, 1994.
  • JIMENO JURIO, Jose Maria. "Calendario festivo. Invierno". Panorama 10. zbk. Iruña: Nafarroako Gobernua, 1988.
  • JIMENO JURIO, Jose Maria. "Calendario festivo. Primavera". Panorama 15. zbk. Iruña: Nafarroako Gobernua, 1990.
  • JIMENO JURIO, Jose Maria. "Los mayordomos en Nafarroa". Dantzariak 9. zbk.; 1979.
  • MALINOWSKI, Bronislaw. Una teoría científica de la cultura. Madril: SARPE, 1984.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. "Una aproximación al control social y a la desviación en la sociedad tradicional". Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoak. XXI. urtea- 53. zbk.; 1989ko urtarrila-ekaina.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. Asociaciones de mocerías en Euskal Herria. Bilbo: Mensajero, 1988.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. "Sakanako Folklorea". 24. zbk. Bilduma: Lankidetzan. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2003.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. "Asociaciones de mocerías en la Merindad de Busturia". Bizkaiko Foru Aldundiak bekatutako lana, 1989-90 ikasturtean. 7. eta 8. zenbakietan argitaratua (I eta II atalak). Argitaratzailea: Eusko Ikaskuntza. Koadernoak: Jentilbaratz. Donostia 2001 eta 2004.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. "Fiestas y niños en Bizkaia". 231. zbk. Bilduma: Bizkaiko Gaiak. Bilbo: BBK, 1994.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. "Perspectivas modélicas de agrupaciones festivas en Bizkaia". 26. zbk. Koadernoak: Zainak Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2004.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. "A vueltas con el Olentzero". Lankidetzan, 41. zbk.; Olentzeroren tradizioa. Argitaratzailea: Eusko Ikaskuntza, 2006.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. Asociaciones de mocerías en Bizkaia. Euskonews, 2002, 150 zbk. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. Máscaras fustigadoras. Euskonews, 2004, 242 zbk. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. Mujeres y Soka dantza. Euskonews, 2004, 268 zbk. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. Las Pascuas de Lanestosa . Euskonews, 2001, 114 zbk. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].
  • PEÑA SANTIAGO, Luís Pedro. Fiestas, costumbres y leyendas de Navarra. Donostia: Txertoa, 1984.
  • SATRUSTEGI, Jose Maria. Solsticio de Invierno. Iruña: El Diario de Navarra, 1974.
  • SATRUSTEGI, Jose Maria. Solsticio de Invierno. Iruña, 1988.
  • VAN GENNEP, Arnold. Los ritos de paso. Madril: Alianza Editorial, 2008.
  • VARAGNAC, André. La civilisation traditionnelle et la notion géographique e genre de vie. Paris: Albin Michel, 1948.
  • ZARATE, Mikel iker mintegia. Santa Ageda Koplak Sopelana-Urduliz inguruan. Bilbo, 1981.