Kontzeptua

Zaldunak

Izen hori hartzen dute Nafarroa Beherean, Lapurdi barnealdeko herrietan eta Luzaiden Kabalkadak eta Tobera Mustrak bezalako segizioetan zaldiz joaten diren pertsonaiek.

Aspaldi, tradizio zaharretan, bazegoen zaldi gainean zihoan tropa handia: tronpeta joleak, kapitaina bere guardiekin, ordezkaria eta horren emazteak, erregea eta erregina, banderariak eta dantzariak (Bolantak eta Kaskarotak) eta hainbat jendarme. XXI. mendearen hasieran pertsonai hau binaka azaltzen zen, edota lau laguneko taldetan, hain une berezirako dotoretutako zaldien gainean. Zaldikoak esaten diete.

Janzkera askotan militarren antzekoa da: galtza zuriak, bota beltzak, jaka gorria urre kolorezko hainbat galoirekin eta txano gorria esku-bandaz edertua eta albo batean kolorezko borla zintzilik. Zenbait taldetan, jaka gorriaren ordez blusa antzeko bat daramate, erdian hiruki formako parpaila zuriaz. Azken hori mutur bakarra dauka beherantz begira eta zinta hori eta ilunez dotoretzen dute. Eskularruak eramaten dituzte eta eskuan larruzko usta.

Zaldunak segizioaren buruan ageri dira, Kabalkadaren desfileari hasiera emanez. Horien funtzioa lekua egitea da, ikusleei bultza eginez. Horrela, dantzariek eta aktoreek aurrera egin dezakete eta emanaldiak eta dantzak burutzearren behar duten espazioa hartu. Antzina hainbat komunatan horien funtzioa emanaldiaren berri ematea zen, urrutiago zeuden azoetan eta inguruko herrietan. Beste batzuetan, eskuetan muturrean zaku bat zeukan makil luzea zutelarik, etxeetako leihoak astintzen zituzten bilketa burutzearren.

  • HÉRELLE, Georges. Etudes sur le théâtre Basque, Le Théâtre comique. Paris: Librairie Honoré Champion, 1925.
  • GUILCHER, Jean Michel. La Tradition de danse en Béarn et Pays Basque français. Paris: Maison des Sciences de l'Homme, 1984.
  • SAGASETA ARIZTEGUI, Miguel Angel. Luzaideko Ddantzak. Bilbo, 2011.