Jaialdiak-Ekimenak

Volatín de Tudela

Izen honekin ezagutzen da Tuterako Foru Plazan (Plaza Berria izenarekin ere ezaguna dena) larunbat santuko goizean antolatzen den adierazpen erlijioso herrikoia. Nafarroako Interes Turistikoko Festa eta Espainiako Fiesta de Interés Turístico Nacional izendatua izan da.

"Volatina" egurrezko panpina da, zeina besoak eta hankak artikulatuak ditu eta modu irrigarrian jantzita dagoena (jantziek urtean zeharreko gertaera edota pertsona sonatu bat gogorarazten dute). Ahoan puru-petardoa darama eta Udaletxeko balkoian paratzen den tornutik zintzilik egoten da. Euskal Herrian zehar urteko data hauetan erretzen diren Judas panpinen familiakoa da.

Ospakizun honen jatorrizko data ez da zehazki ezagutzen, baina 1732. urtean dokumentatzen da lehendabiziko aldiz. Data honetakoak dira panpina eta osagarrien materialak erosteko agiriak. Santísimo Sacramentoko Kofradiaren kontu liburuetan agertzen da urte hartan "la función del Volatín, costó, con tornos y maderas que se emplearon, 80 reales" (Volatinaren funtzioak, erabili ziren tornu eta egurrekin, 80 errealeko kostua izan zuen).

Larunbat santuko goizeko hamarretan eta herriko pertsonai batek pregoi txiki bat irakurri ondoren, Volatinak ahoan daraman purua pizten da eta bere leherketak panpinaren arropen urratzea eta apurtzea eragiten du. Ondoren Volatina ezker-eskuineko mugimenduekin hasten da higitzen tornuaren eraginarengatik. Honek jantziaren oihal urratuak lurrera eta jendetzaren gainera botatzen ditu, gazteek eta haurrek sariak bezala hartzen dituztelarik. Panpinaren estrukturari atxikirik gelditzen diren arropa zatiak tornuaren zaindarietako batek kentzen ditu panpinaren erabateko biluztasuna lortzen den arte.

Adierazpen honek Juda Iskariote apostoluak, txanpon batzuen truke Nazaretheko Jesus saldu ondoren eta bere burua urkatu zueneko hilzorian, gorputzean jasan zituen dardarizoak irudikatu nahi ditu.

Santiago Ordeneko Juan Antonio Fernández artxibozain tuterarrak 1787an egindako marrazki baten arabera (zeina Santísimo Sacramento Kofradiaren Liburu Berrian agertzen baita), Aingeruaren funtzioa eta Volatinarena elkarrekin ospatzen ziren. Orduan, Volatinaren ospakizuna Santa Maria Plazan egiten zen, Udaletxearen alboko balkoi batean. Hortik botatzen ziren suziriak eta, Larunbat Santuko gauean (orduan urkatu baitzen Juda) sute bat egiten zen eta plaza argitzen zen ere bai, Volatinaren hondarrak hobe ikuste aldera. Hondar horiek zintzilik, urratuak eta erdi deseginda mantentzen ziren hor Pazko eguneko eguerdi arte, Judaren kontrako zigor gisa, beti ere. 1851. urtean Volatinaren ospakizuna Plaza Berrira pasatu zen.

Panpina balkoitik kentzen denean, "Orden del Volatín" delakoak karamelua keta baloiak botatzen ditu balkoitik bertatik, Erlojuaren Etxe ondoan egoten den gazteriak har ditzan.

Orden del Volatín delako Tuterako instituzioa da. 1969.urtean sortua, bere helburua eta eginbeharra Tutera eta Nafarroako ohituren eta produktuen berreskurapena, sustapena eta hobekuntza da.

Orden honen zaldunek antolatzen dituzte Barazkiaren Gorespenaren Jardunaldiak, Erraldoien Bilkura, Santiagoko prozesioa, haurrentzako entzierroak, gabon kanten lehiaketa, eta bere eginkizunik berezkoena Volatina geratzen deneko goxoki eta oparien jaurtiketa Udaletxeko balkoietatik Foru Plazan.

  • ÁLAVA, María. La bajada del Ángel. Ayuntamiento de Tudela y Caja de Ahorros de Navarra, 1983.
  • MARÍN, Luis Mª. La Cultura en Tudela. Ayuntamiento de Tudela, 1992.
  • MARÍN, Luis Mª. El habla en la Ribera de Navarra. Pamplona: Fondo de Publicaciones del Gobierno de Navarra, 2006.