Arkitektura

Varona Dorretxea. Villanañe

Dorre, jauregi, harresi eta lorategi batek osatutako Villanañeko multzoa da. Jatorrizko dorretatik abiatuta, Varonatarrek etxe-eraikuntza mota bat sortu zuten, dorretxe eta jauregi tipologia lotuz.

Dorreari dagokionez, oinplano ia karratua dauka, 10 x 9 metroko inguru eta hormen zabalera metro eta erdira iristen da beheko atalan. Hormetako fabrikazioan harlangaitza eta harlandua nahasten dira. Arabako dorrerik gehienetan gertatzen den bezala, harlangaitzez edo manposteriaz egin ziren hormak, eskantzuak, arkuak eta baoetako zangoak izan ezik, harlanduzkoak direnak. Eraikin hau gorputz karratu bertikal batek osatuta dago, beheko eta hiru solairurekin; atal honen gainean, ganbara, non almenak agertzen baitira, eta estalkia, lau isurialdekoa dena, kokatzen dira. Guztira, dorrearen altuera 20 metro ingurukoa da.

Goiko atal honetan defentsarako osagaiak dira deigarriak: bi matakanak, alboetan daudenak, eta, garitoi prismatikoak, dorrearen angeluak inguratzen dituztenak.

Dorrean zabaltzen diren irekidurak oso gutxi dira. Hegoaldeko fatxadan kokatzen zen sarbide nagusia, itxura denez, lehenengo pisuan, baina, aurreratzen den gorputza gehitu ondoren, gordean gelditu zen eta gaur egun kanpotik ez da ikusten. Horretaz gain, hainbat gezi-leihok urrazten dituzte hormak eta bi leiho biki, arku zorrotzetakoak direnak eta hiru zatitan landuta daudenak, irekitzen dira lau fatxadetako erdian.

Jauregiari dagokionez, gorputz horizontal bat, bi solairukoa eta almenaduna da. Oinplanoren egitura ia karratua da (20 x 20 metroren inguru), dorrearen ipar eta mendebaldeei atxikita dago eta barruko erdian atari bat irekitzen da. Kanpotik, dorre eta jauregia lotuta egon arren, gazteluaren izaera, sendoa eta itxia mantentzen da. Lehen aipatu dugun bezala, hegoaldeko fatxadari gehitu zitzaion gorputz bat, non gordetzen baita dorrea eta jauregia komunikatzen duen eskailera.

Euskal lurrealdeko tradizioari jarrituz eta dorrea bezala, harlangaitzez egina daude hormak, baina angeluak indartzeko harlandua erabili zen eta baita leihoburuetan, arkuetan eta baoetako zangoetan ere. Kasu honetan estalkia ere lau isurialdekoa da.

Hainbat bao agertzen dira jauregian, forma ezberdinetakoak. Adibidez, sarrera nagusian agerian dagoen atea, hegoaldeko fatxadan kokatuta, dorretik hurbil, arku zorrotzakoa da eta baita ekialdeko aurpegian agertzen den atea ere; barruko ateritik irekitzen diren sarrerek estilo berdina eusten dute. Gainerako hutsarteak, saieterak, itsu-leihoak eta leiho dinteldunak dira.

Beste defentsarako osagai batzuk aurkitzen dira gorputz honetan, esate baterako, hegoaldeako eta ekialdeako fatxadek bi matakan dituzte bigarren solairuan sarrerako ateak babesteko. Horretaz aparte, harresia eta pezoia ditu. Varonatarren harresia lau hormatalez osatutakoa da, gezi-leihoak, itsu-leihoak eta almenak ditu eta ertzetan kuboak dauzka. Pezoia ere bazeukan, esparru guztia inguratzen zuena, baina gaur egun, urez betea, harresiaren bi aldetan, hegoalde eta hego-mendebaldekoa soilik mantentzen dira. Azpimarratzekoa da pezoia urez betea daukana, euskal lurraldean adibide bakarra izateagatik.

Apaingarriari dagokionez, osagai gutxi osatzen zuten jauregia eraikuntzaren momentuan, bai kanpotik, bai barrutik (arku zorrotzen dobelak, arku konopial bat, hainbat itsu-leiho eta barruko atariaren kapitelak), eta horregatik zaila egiten da jauregiaren data zehatz bat jartzea baina, zenbait agiriri esker, jakina da 1497. urtean amaituta zegoela.

Geroago, XVII. eta XIX. menden artean berritze lanak erantsi zizkioten, nahiz kanpoko aldean, nahiz barruko aldean. Hala, XVII. mendean berritu zuten dorrearen teilatua eta harresia; gainera, ate eta zubi bat, pezoia gurutzatzeko egin zen. XVIII. mendean, berriz, burdinola, presa bat, zubi berri bat eta errepide bat, gune berri guztiak etxe-jauregiarekin komunikatzeko eraiki zituzten.

Barruko aldean arreta jarriz, burutu zituzten XIX. mendeko lanak oso interesgarriak dira. Rodrigo Ramon Miguel Varonak sustatu zuen barruko berrikuntza, guztien artean nabarmenduz jauregiaren lehen pisuan egin zena. Solairu nagusia eta Varonatarren bizitokia izanik, aparteko apaingarri gehitu ziren, esate baterako, paretetan dauden paper margotuak, zeramikazko eta egurrezko zoruak, altzariak eta hainbat objektu.

Bukatzeko, Varonatarren multzoan XIX. mendean lorategi bat sortu zen, jauregi-etxearen parean, mendebaldean. Atal hau harresi batez aurkezten da, gune itxia da. Harresia burdina forjatuz egina dago eta bi sarrera, forjaz eginak ere, ditu. Lorategiaren erdiko partean harrizko iturri monumental bat kokatzen da.