Arkitektura

Trinitateko Plaza. Donostia

Trinitateko Plaza Donostiako hirian kokatu dagoen plaza da, zehazki alde zaharrean, Abuztuak 31 kalea eta Urgull mendiaren artean, lehen Jesuiten ikastetxe zaharra kokatuta zegoen orubean; ikastetxea izan ondoren eraikin honek kartzela funtzioak bete zituen hirian eta 1890. urtean eraitsi egin zen.





Eraitsi ondoren, eraikinaren lekuan espazioa hutsik geratu zen, albo batean frontoi bat eraikiz besterik ez. Hala ere, hiriak espazioa erabiltzen hasi zen eta bertan, herritarrak orokorrean eta zehazki auzoko bizilagunak, Euskal Herriko usadio zaharrekin lotutako kirolak praktikatzen hasi ziren, eta euskal pilotaz gain boloetan jokatzeko bolatoki bat prestatu zen.

1963an Donostiak hiriko harresiak bota zituelaren mendeurrena data ospatzeko asmotan, garaiko udaletxeak espazio hura berrantolatzea eta bertan plaza bat eraikitzea erabaki zuen. Lana ez zen batere erraza espazio berezia baitzen; alde batetik Abuztuak 31 kalearekiko lotura zegoen, bestetik Urgull mendiaren malden hasiera eta harresi zaharren aztarnak ere bertan kokatzen ziren, frontoia eta bolatokiak ere beraien kokapena zuten -eta Donostiako Udaletxeak mantendu nahi zituen, hori izan zen proiektuaren aurreikuspenetan ipini zen baldintza bakarra, herritarrentzat orokorrean eta auzokideentzat zehazki euskal jokoak praktikatzeko guneak behar zirela plaza berrian-, eta gainera espazioa hainbat eraikin desberdinen topalekua zen, bai inguruko etxebizitzena, bai Santa Maria basilika eta San Telmo monastegiko -orduan eta egun San Telmo Museoa- elizaren absideena. Ondorioz, espazio horrekin zer egin, zer eraiki edo, nola planteatu, ez zirudien lan erraza izango zenik.

Garai horretan udaleko arkitektura bulegotan arkitekto gipuzkoar gazte bat ari zen lanean eta honek jaso zuen eskaintza eta onartu ere. Arkitekto hau Luis Peña Ganchegui zen, eta orduan bere lehen lanak egiten ari zen Zarautzen eta Oñatin. 1959. urtean Madrilgo Arkitektura Eskolan titulua jasota, Peña Gancheguik Euskal Herrira arkitektura garaikidea ulertzeko modu berri bat ekarri zuen. Modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua egiteaz gain, organizismoarekiko joera gehitu zion, horrek suposatzen zuenarekin, hots, natura eta paisaiarekiko atxikimendua, historia eta iraganarekiko sentsibilitatea, eta orokorrean, arkitekturan formak eta materialak ulertzeko modu malguago bat,funtzioari inoiz uko egin gabe, beti gizatasunez jokatuz, gizakia dela eraikinen erabiltzailea eta berarentzako altxatzen direla pentsatuz.

Abiapuntua hau izanik, Peña Gancheguiren proposamena Trinitate Plaza eraikitzeko ez zen harritzeko. Plaza berri bat egin beharrean, non proposamen berritzaile baten bitartez guztia modu iraultzaile batean antolatu behar zen, Peña Gancheguik espazioa osatzen zuten elementu guztiak lehenengoz errespetatu zituen, ondoren jostun lanak eginez, hau da, guztia lotu, elkartu eta txertatu, azken emaitza bat lortzeko, azken sentimendu bat transmititzeko: plaza hor beti egon dela eta denboraren poderioz bera bakarrik eraikitzen joan dela. Horretarako, helburu hauek lortzeko, itxuran ez badu ematen ere, Peña Gancheguik hainbat erabaki hartu zituen. Espazio hauek errealitatean ez dira bakarrik sortzen, erabaki arkitektoniko zentzudunen bitartez baizik.

Peña Gancheguiren lehen erabakia frontoia errespetatzea eta bolatoki berri bat eraikitzea izan zen, espazioa terraza baten azpian ezkutatuz. Ondoren harmailak eraiki zituen plazaren perimetroaren zehar eta kokapenaren arabera harmaila hauei altuera desberdina eman zien. Horrela, Urgulll mendiaren magalean altuera handiagoa duten bezala, Abuztuak 31 kaletik hurbil daudenak altuera txikiagoa dute. Harmaila hauek espazioarekiko batasuna sortzen duten neurrian, beste elementu garrantzitsu bat sentsazio hau adierazteko erabilitako materiala da, plazako eraikin berri guztietan harri berdina erabili baitzen. Harri hori Donostiako udaleko biltegietan Peña Gancheguik aurkitutakoa da, lehen hiriaren lurra pabimentatzeko erabiltzen zena eta kendu ondoren biltegian gordeta zegoena. Eta Trinitateko Plaza honetan gehiagorik ez dago, besterik ez dugu aurkituko, beste guztia espazioak berak, bere inguruak, bere iraganak, bere naturak, bere eraikinek eskaintzen dutelako, eta Peña Gancheguik hori guztia ulertzen jakin zuen. Horrela, Trinitate Plazaren elementu esanguratsuena espazioa bera bihurtzen da, hots, hutsunea eta ez bertan eraiki diren elementuak -beti beraien lekuan egon direla ematen badute ere- baizik eta fisikoak ez diren beste elementu guztiak.

Tamalez azken bi hamarkadetan plazak hainbat aldaketa jasan behar izan ditu. Adibidez, bolatokiaren ordez saskibaloi areto bat eraiki zen eta espazio hau ere itxi egin zen plazaren beste espazioekiko harremana oztopatuz. Gainera, San Telmo Museoaren eraikin berriak ere plazaren egitura eta itxura aldatu ditu. Hala ere, plazak azken hamarkada hauetan bere funtzioa bete duela argi dago, bere ohiko funtzioak betetzeaz gain beste hainbat ekimenetarako balio izan duelako, esanguratsuena bertan egin diren hainbat musika kontzertuak izanik, horien artean uztailean Donostiako Jazzaldian urteetan zehar bertan antolatu direnak nabarmenduz.