Arkitektura

Teniseko plaza. Donostia

Teniseko Plaza Donostiako hirian kokatuta dagoen plaza da, Antiguo auzoan, Igeldo mendiaren magalean, hiriko Kontxa badia mendebaldeko itsas ertzean itxiz.

Leku honetan 1975ean Teniseko Plaza izeneko espazioa eraiki baino lehenago, garrantzi gabeko leku bat zen, bertan soilik kolektore baten amaiera baitzegoen, Antigua auzoa eta inguruko beste eremuetako ur zikinak itsasora botatzen zituenak. Kolektore hau itxi zenean, udalak gainean plaza bat eraikitzea erabaki zuen eta, bide batez, bertan ere arte lan bat kokatzea eremua erakargarria izan zitekeelako. Azken finean bertan natura basatia amaitu eta hiri domestikatuaren eremua hasten zen, eta ondorioz horrelako eremu batek berezko espazio bat merezi zuela adostu zen, hots, plaza bat eskaini behar zitzaiola.





Plaza egiteko Luis Peña Ganchegui arkitekto gipuzkoarra aukeratu zen bere aurreko plaza Donostia hirian -Trinitateko Plaza 1963an- arrakasta handikoa izan baitzen, bai hirian bertan bai garaiko aldizkari espezializatu eta profesionalen artean ere. 1959. urtean Madrilgo Arkitektura Eskolan titulua jasota, Peña Gancheguik Euskal Herrira arkitektura garaikidea ulertzeko modu berri bat ekarri zuen. Modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua egiteaz gain, apustu horri organizismoarekiko joera gehitu zion, horrek suposatzen zuenarekin, hots, natura eta paisaiarekiko atxikimendua, historia eta iraganarekiko sentsibilitatea, eta orokorrean, arkitekturan formak eta materialak ulertzeko modu malguago bat,funtzioari inoiz uko egin gabe, beti gizatasunez jokatuz, gizakia dela eraikinen erabiltzailea eta berarentzako altxatzen direla pentsatuz.



Bestalde, eskultura lanak egiteko Eduardo Chillida eskultore gipuzkoarra aukeratu zen eta, zehazki, orduan oraindik paperean zuen eskultura zirriborro bat Haizearen Orratzia izenekoa. Eskultura honen bitartez Chillidak, lanaren izenburuak dioen bezala eta baita hiru eskulturen formek ere -oinarrian hiru esku dira non behatzak zabaltzen diren beraien artean haizea igarotzen uzteko, hasieran modu figuratibo batean zirriborratuak eta ondoren era abstraktu batean garatuak-, naturari omenaldi bat eskaini nahi zion, eta ez bakarrik haizeari, Donostian gehienbat mendebaldetik sartzen den haizeari, gehienetan hezetasuna eta euria ekartzen duen haizeari, baizik eta baita itsasoari ere, denboraren poderioz hiriaren paisaia moldatu duena haizearen laguntzarekin batera. Horregatik Chillidak hiru eskulturak ez zituen Teniseko Plazan kokatu nahi izan baizik eta itsasoan bertan, inguruan kokatzen diren harrien gainean.

Chillidaren erabakiaren ondoren, Peña Gancheguik argi izan zuen bere Plaza Chillidaren eskulturen ataria, sarrera izan behar zuela, bertatik arte lana ikusteko, dastatzeko. Horretarako Peña Gancheguik plaza maila desberdinetako terrazetan antolatzea erabaki zuen, baina guztia material berdinarekin eraikiz -Galiziako Porriño herriko granito arroxa- eta diseinuan marra horizontalak nagusitasuna izanik. Modu honetan plaza xumea, sinplea eta soila gertatzen da, betidanik espazioa bertan egon izan balitz bezala, eta horrela protagonismoa alde batetik leku fisiko berak izanik -natura, paisaia, mendia, landareak- baina bestetik guztia prestatuz beste bi elementuen presentzia nabarmentzeko: itsasoa eta Chillidaren eskultura lana, Haizearen Orratza.

Lana borobiltzeko asmotan, bestela guztia xumeegia geratu zitekeen eta, Peña Gancheguik detaile txiki baina polita bat atxikitu zion plazari: nahiz eta aurreko kolektorea itxita egon, Peña Gancheguik kolektorearen tuboa itsasoruntz irekita utzi zuen eta plazan, kolektorearen gainean, zazpi zulo ireki zituen itsasoak indarrarekin jotzen duenean tuboaren amaieran urak kontran jo eta aparra gora irtetzeko. Hau gertatzen denean ikuskizuna ikusgarria gertatzen da, bereziki eguzkia dagoenean, orduan ur tantek eta eguzkiaren argiak ostadarra osatzen baitute.

Lan hau, Trinitateko Plazarekin batera, ez dira Peña Gancheguiren tipologia honetan egingo dituen lan bakarrak izango, geroago eraikiko baititu ere Foruen Plaza Gasteizen (1979), San Joan Plaza Lleidan (1982) eta Espainia Industrialaren Plaza Bartzelonan (1983). Hala ere, bere bi lan aipagarrienak bere lehenengo bi plazak izango dira, bertan lortzen baitu bere ezaugarrien artean nabarmendu diren esanguratsuenak aurrera eramatea.

Horrela, plaza hauetan eta bereziki Teniseko Plazan, alde batetik paisaia eta iraganarekiko errespetua aurkitzen bada ere, bestetik argi dago Peña Gancheguik bere lana egiten badakiela, ahal dituen elementu gutxienak erabiliz baina hauei etekin handiena ateraz. Kasu honetan gainera txalogarria gertatzen da arkitekto gipuzkoarrak lortutakoa: natura, paisaia eta ingurua ulertzen eta bere proiektuan nabarmentzen -mendia, harria, landareak, itsasoa, zerua, haizea, eguzkia- lortu zuen, baina hori guztia umiltasunez eginez, konszientea baitzen leku horretan bere plaza baino garrantzitsuagoak ziren bi gauza zeudela: natura eta Chillidaren lana. Horregatik, azken honen eskulturekiko ataria edota sarrera lanak egiten baditu ere, jarrera horrek berak lan bikaina baten aurrean gaudela erakusten du.

  • ARSUAGA, Miguel; SESE, Luis. Donostia-San Sebastián: Guía de Arquitectura. Donostia: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1996.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • MAS SERRA, Elías. 50 años de arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco, 1990.
  • PEÑA, Rocío; SANGALLI, Mario. Luis Peña Ganchegui. Arquitecto. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones, 1999.
  • URRUTIA, Angel. Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.