Erakundeak

Soziolinguistika Klusterra

Soziolinguistika eremuko eragileen klusterra da, helburu nagusia euskararen normalizaziorako soziolinguistika ezagutza garatu, zabaldu eta horren inguruko interesa piztea delarik.

Ezagutza soziolinguistikoaren ikerketan, zabalpenean, eta aplikazioan nabariak diren gabeziei eta beharrei erantzun nahian sorturikoa da. Euskal Herrian hizkuntza normalizazio prozesuan inplikaturiko erakunde eta taldeentzat arlo zientifiko-aplikatutik datuak, metodologiak, eta bestelako materialak eskaintzeko egitasmoak lantzen ditu, lan egiteko moduaren ezagutza nahiz normalizazio ahaleginen emaitzak hobetu nahain.

Proiektuaren lehen urratsak, Erramun Baxo doktoreak, Euskal Herrian CIRBren antzeko gune bat sortzearen egokitasuna planteatzearen ondorio bezala eman ziren. Honela, 2000 urtean "Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen" Simposium-a antolatu zen arloko teknikari eta adituek Baxok emandako diagnosiarekin bat eginez zenbait erakundeen arteko lankidetza abiatu zelarik.

Hasierako asmoa Institutu bat sortzea zen arren, proiektua aurrera joan ala Kluster moduan egituratzea aztertu zen, Zamudion 2001 urtean antolaturiko lan-jardunaldi batzuetan onartua izan zelarik.

Klusterra, esparru jakin baten barruan elkarren artean nolabaiteko lotura, harremana, edo interes partekatua duten entitate, enpresa, nahiz instituzioen arteko taldekatze bat da. Kideen arteko lehia onartuz lankidetza berriak bilatzen ditu, arloko dinamika areagotzeko eta banaka erantzun ezin zaien proiektuei erantzun ahal izateko.

Klusterraren misioa euskararen berreskurapen eta normalizaziorako soziolinguistika garatzea da, azpiegitura, baldintza egokiak, esparru zientifiko nahiz aplikatuaren arteko harremanak ahalegindu eta eragileekin lankidetza bideratzen saiatuz.

Bisioa aldiz, denbora labur batean, Soziolinguistika Klusterra euskararen soziolinguistikan erreferente nagusi den erakundea izango da. Bertako eta kanpoko eragileekin harremanak eta proiektu kooperatiboen bitartez autonomiaz interes nahiz euskararen berreskurapenaren ezagutza berriei erantzuten dien erakundea alegia.

Erakundearen balioak, Euskararen hizkuntza komunitatea bere osotasunean aintzat harturik lan egitea; Lehialkortasuna: interes partikularretatik abiatuz proiektu kolektiboak garatzea; Bazkideen jarduera errespetatu eta indartzea; Oro har, konkurrentzia saihestea eta osagarritasunak bilatzea; Irudi zein komunikazio maila altua eta landua izatea; Ekimen aplikatua arreta bereziz lantzea; Kideek etekinak jasotzea eta neurgarriak izatea; eta Erantzukizun sozialez jokatzea, gizarte mailan bere emaitzak zabalduz, bezalako ideiak kontutan harturik labur daitezke.

Soziolinguistika Klusterra alor eta ezaugarri ezberdinetako proiektuetan lanean dihardu (Ikerketa, Garapena, eta Berrikuntza (I+G+B); Argitalpena eta Dibulgazioa; Formazioa eta Zerbitzuak, etab.).

Soziolinguistika-ezagutzaren garapenarekin harremana duen edota gaiarekin interesa erakusten duen edozein erakunde, elkarte, enpresa, talde edo pertsona fisiko izan daiteke Klusterraren kide.

Honela, bazkideak Batzar Orokorrean antolatzen dira Zuzendaritza Batzordea eta Lehendakaria izendatuz. Dinamizazio eta zuzendaritza lanetan neutraltasun ahalik eta handiena lortu nahian, Zuzendaritza Batzordearen osaketan bazkide direnen artean arlo ezberdinetako ordezkaritza parekatua bilatzen da. Idazkaritza Tekniko bat ere bada Zuzendaritza Batzordearen esanetara, azpiegituraren eta eguneroko lanen jarraipena burutuz.