Udalak

Senosiain

Hirigunea lurraren ordoki txiki batetan dago, eta aldapan doan kale bakarra du. Bi auzo ditu, goikoa eta behekoa, bien artean eliza dagoelarik. Herriaren beheko zonaldean "Zizerena" izeneko etxetzarra dago, oinplano errektangeluar luzearekin eta hiru solairutan banatua. Murruak luzituak daude, harlandu onez eginiko kateekin hormataletako izkinetan eta baoen markoetan, baita erdiko ardatzean dagoen hormatal batean, bertan atea irekitzen delarik. Atea erdi puntukoa da, hari molduratuko dobela motzekin. Goiko bi solairuetan bost leiho daude, harrizko karel molduratuekin solairu noblean. Aurrealdean XVII. mendeko bi armarri daude, baita XVIII. mendeko hirugarren bat ere. Jarraian "Gartxorena" izeneko etxea dago, kalearen aldapari egokitutako eraikina, hiru solairuekin eta hegal luzeko teilatuarekin. Ate eta leihoen trataera bera errepikatzen du, baina kasu honetan aurrealdea luzitu gabe doa, kareorerik gabe lotutako harlandu onez egina. XVIII. mendeko armarria du, honako inskripzio honekin: ESTAS ARMAS SON DE MAR/ TYN DOMINGO DE SAGUES/ Y DE SUS DESCENDIENTES. Geroago etxe xumeago bat dago, kalearen atzera-emangune batetan, eta elizatik gertu dagoeneko, antzeko ezaugarri formalak dituen beste batzuk daude, nahiz eta ez diren deskribatutako lehenengo biak bezain ikusgarriak.

Goiko auzoan oinplano irregularreko etxe bat dago, kalearen ibilbideari egokitua, luzitutako murruekin, nahiz eta azken eraldaketan kolore biziez margotu duten, eta harlanduzko kateak ditu ohiko tokietan. Atea erdi puntuko arku bat da, harlanduz eginiko hormatal triangeluar batetan irekia. Leihoak zuzenak dira, harrizko karel molduratuekin solairu noblean, eta armarri errokoko bat du, honako inskripzioarekin: ARMAS DE DON PEDRO JOAQIN DI/ EZ DE ULZURRUN COMO DEMUES/ TRA SU EXECUTORIA AÑO 1797. Armarrian irudikatzen diren armen artean, gertu dagoen Ultzurrungo "Cabo de armería" jauregiarenak daude.

Haranera begira dagoen mendixkaren alboan apalagoak diren lau etxe lerrokatzen dira, kale txiki bat sortuz, bi edo hiru solairuekin, arku beheratuekin edo erdi puntukoekin ateetan, eta leiho zuzenekin. Murruak harlankaitzaz egina doaz, harlanduzko kateekin, eta luzituak denborarekin galdu dituzte.

  • Baselizak

San Estebanen baseliza Ustaondoko iturriaren ondoan dagoen arroka baten gainean dago, eta Pérez Ollok abandonatua aurkitu zuen. Santa Agedaren baselizaren aztarna batzuk besterik ez dira gelditzen, Txargainetik gertu dagoen muino baten gainean. Aspaldian abandonatu zituzten biak, Igual de Soria gotzain bisitariak XVIIII. mende bukaeran bien irudi titularrak Senosiaineko parrokiko sakristian aurkitu zituelako. Gaizki kontserbatuta zeudenez, gainera, bi eskulturak lurperatzeko agindu zuen.

  • San Martin Toursekoaren Parrokia

Tenplua 1200. urte inguruan eraiki zuten, estilo gotiko goiztiarrean, XVI. mendean eraldaketa sakonak jasan zituen arren. Oinplanoa antzeko tamaina duten hiru tarteuneez osatutako habearte bakarrekoa da, eta burualdeak bost hormataletako oinplano poligonala du. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin apaindua dago. Pareko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena dago. Ebanjelioeren aldeko murruan oraindik, burualdearen aurreko tarteunean kapera bat ikus daiteke, eta sakristia burualdearen Epistolaren aldeko murruari atxikitako oinplano errektangeluar luzeko gela da.

Murruak harlanduxka txikiez egina doaz, eta habeartearen oinetan zurezko habearen gaineko koru jaso modernoa dago.

Fabrika hau kanoi-ganga zorrotzarekin estalita doa, profil bereko arku fajoiekin antolatua. Ebakidura lauangeluarra dute, eta hormetan txertatutako mentsula errektangeluarren gainean doaz. Burualdean gurutze-ganga izarratua dago, eta nerbioek bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dituzte, mentsula batzuen bitartez ere. Alboko kaperak kanoi-ganga bat jaso zuen, sakristiak ertz-gangako bi tarteune dituen bitartean.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehen tarteunearen gainean doa, Nafarroko landako tenpluetan normala den bezalaxe. Fuste prismatikoa du, motz eta trinkoa, eta goialdean erdi puntuko bi bao handi daude, kanpaiak bertan kokatzeko. Hegoaldeko murruan, gainera, XVIII. mendeko aterpea dago, bi arku beheratuekin irekia, ebakidura karratuko harrizko pilare baten gainean. Barnean ertz-ganga batekin estalita doa. Atea molduratu gabeko erdi puntuko arku bat da, eta kapitel moduan moldura jarrai bat duten zutoinen gainean doa.

Presbiterioan XVI. mende bukaerako erretaula manierista bat dago, Miguel Marsalek egina. Trazak bankua du, hiru kaleko bi atal, eta frontoi triangeluarra daraman atiko hirukoitza. Orden joniarreko eta korintoarreko zutabeekin antolatua doa, atikoan pilastrak daudelarik. Sagrarioa orijinala da, erretaularen arkitekturaren garaikidea. Ikonografiari dagokionez, erliebeak ditu bankuan eta alboko kaleetan, eta mukulu biribileko irudiak erdiko kalean. Bankuan Ebanjelarien erliebeak daude, eusten dieten umeen artean. Lehen atalean Baratzeko Otoitza eta Kristoren Atxiloketa ikus daitezke. Bigarren atalean San Martin eskalearekin eta santuaren martirioa daude, erdiko San Martin titularrarekin, eserita, pontifize bezala jantzita eta bedeinkatuz. Atikoan Kalbarioa dago, eta alboetan San Migelen eta Santa Agedaren erliebeak, baita bi kerubin ere, muturretan. Frontoi nagusiaren barrutik, Aita Betikoak bedeinkatzen du. Erretaularen ondoan San Estebanen mukulu biribileko eskultura dago, izen bereko baselizatik aspaldian ekarrita, eta XVIII. mendean egina. Gertu, Santa Agedaren irudia aurkitu daiteke, bere baselizatik ekarrita ere. Oso dotore jantzita agertzen da, ile motzarekin eta liburu bat irakurtzen. Frontaltasuna hausteko buruaren mugimendu xume bat sumatzen da, baita "contrapposto" suabe bat, arropen tolesturekin indartuta, azken hauek oso sinple eta plastikoak.

Ebanjelioaren aldeko murruan XVI. mende erditsuko Gurutziltzatu erromanista goiztiar bat dago, anatomia zuzen eta indartsuarekin. Alboko kaperan, bestalde, XVII. mendeko San Joseren erretaula barrokoa aurki daiteke. Trazak bankua du, eta frontoi makurrarekin doan atal bakarra. San Joseren irudia barrokoa da, eta erretaulan bertan berrerabilitako Gurutziltzatu erromanista bat ere ikus daiteke. Iparraldeko kaperan oraindik, Ama Birjina eta Haurraren erretaula manierista dago, XVII. mende hasieran egina. Arkitekturak bankua du, hiru kaleko atala, eta frontoi triangeluarra daraman atiko hirukoitza. Fuste ildaskatuko zutabeekin antolatua dago. Ikonografiari dagokionez, oholaren gaineko pinturak ditu, honako gai hauekin: Deikundea, Ama Birjinaren Ikustaldia, Santa Ageda, Kalbarioa eta Santa Katalina Alexandriakoa. Ama Birjina eta Haurraren mukulu biribileko irudi galaktotrofusa ere aurki daiteke, XIII. mendekoa eta gotikoa, berrerabilia beraz. Irudi frontala da, tolesturen trataera arkaiko batekin, eta Mariak oso aurpegi eder eta atsegina du, Haurra bere amaren ezkerreko belaunaren gainean eserita dagoelarik. Clara Fernández-Ladredaren ustez irudi hau Cadreita, Ledea, Egiarte, Ollobarren eta Errezuko Ama Birjinen talde berekoa da, guztietan Maria bularra ematen irudikatzen delarik (Ama Birjina galaktotrofusa). Erretaularen beheko aldean honako inskripzio hau irakur daiteke: ESTE RETABLO SE HIZO CON LA LIMOSNA DE LOS/ COFRADES DE LA COFRADÍA DE NRA SEÑORA DEL ROSARIO/ AN ECHO SIENDO PROTECTOR DE ESTA CAPILLA DON MARTÍN DE SENOSIAIN AÑO 1603. Kaperaren erdian XII. mendeko bataio-ponte erromanikoa dago, plinto modernoarekin, fuste motz ildaskatua eta kapitel moduan ezarritako moldura batekin. Gainean katilu erdizirkular handia du, eta baketon moduko batzuen bitartez eremu ezberdinak bereizten dira, bertan erliebez eginiko alegoriak daudelarik, bekatuaren, gaiztakeriaren eta munstroen irudikapenekin.

Atearen ondoan ur bedeinkatuko ponte bat dago, apaindura geometrikoekin, eta korupean San Frantzisko Xabierkoaren mihisearen gaineko oleo bat. Sakristian Karmengo Ama Birjinaren mihisearen gaineko oleo barrokoa dago, eta zilargintza-lan batzuk ere.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 516 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 382-383 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi. Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 491-495 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 224 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 221 orr.

JAS 2009