Arkitektura

Santa Marina sanatorioa. Bilbo

Patronatuaren Bizkaiko Delegazioak bere arkitekto bokala zen Aguinagari eskatu zion eraikinaren diseinua. Eugenio Aguinaga Donostian jaio zen 1910ean. Gerra aurreko arrazionalismoan oinarritu zituen bere lehenengo lanak, José Manuel Aizpurua bere lehengusua eta Joaquín Labayenekin batera GATEPAC-eko Iparraldeko taldeko arkitektoen artean nabarmenduaz. Programa eta funtzio ezberdinetako erakinak proiektatu eta eraiki zituen, burges zein langileen etxebizitzak esaterako. Aztergai dugun kasuan ordea, eskalaz haratago zihoan, 2027m2 (12.684m2 eraiki) eta sei milioi pezetako osasun-etxea eraiki beharra baitzuen. Hiru asteko epea izan zuen proiektua garatzeko eta Ricardo Bastida arkitektoaren, Pablo Elola zentroko administrari eta Ramón Zumárraga medikuaren laguntza izan zuen horretarako. 1941eko maiatzaren 2an hasi ziren lanak eta 1944ko ekainaren 19an inauguratu zen eraikina.

Haurren sanatorioan erabilitako baliabidetako asko berrerabili zituen Aguinagak Santa Marinan, baina nabarmenak dira baita zenbait arkitektoren proiektuen eraginak ere: Alvar Aaltoren Paimioko osasun-etxea Finlandian (1929-32); William Pereiraren Lake County osasun-etxea Wukeganen, Illinois (1938); Ricardo Bastida eta Gonzalo Cárdenasen Luis Briñas eraikinaren handitzea; eta baita Manuel Sánchez Arcas, José Manuel Aizpurua, Joaquin Labayen eta Eduardo Lagarderen Donostiako ospitalea ere 1933an.