Arkitektoak

Aizpurua Azketa, Jose Manuel

Gipuzkoar arkitektoa. Donostian jaio zen 1904an, eta 1936ko irailaren 6an hil.

1927an graduatu zen Madrilgo Arkitektura Eskolan, eta Frankfurteko eta Bruselako Nazioarteko Arkitektura Kongresuetan egon zen (1929 eta 1930).

GATEPAC taldearen fundatzaileetako bat izan zen, baita GU abangoardiako arkitektura-taldearena ere. Cabanas artistarekin batera, Donostiako Margo eta Arkitektura Modernoaren Erakusketak bultzatu zituen 1930ean. Urtebete lehenago, Joaquin Labayenekin lankidetzan, espainiar arrazionalismoaren maisulana eraiki zuen: Donostiako Klub Nautikoa. Aurretiaz, hainbat lehiaketa irabaziak zituen, esaterako: Monumento a la Civilizacion (1927) eta Valentziako Ateneo Mercantil. Beranduago, Hondarribiko pisu-etxeren bat (1935) eta Madrilgo Yacare eta Sacha kafetegien diseinua egin zituen, eta beste lehiaketa askotan parte hartu zuen, nahiz eta eraiki gabe geratu ziren: Madrilgo Arte Modernoaren Museoa (1933), Eskola Taldea (1930) eta Bilboko etxebizitza ekonomikoak. Aipatzekoak dira Bigarren Hezkuntzako Institutua Cartagenan (1932), Donostiako Ospitale Berria eta Amarako zabalgunea (1935) eta Madrilgo Mendi Ingeniarien Eskola (1935). 1934an, Aizpuruak eta Aguinagak lehen saria ex aequo lortu zuten Pedro Bidagorrekin, eta gerra ostean Madrilgo Posta Umezurtzen Etxebizitza-eskola izango zena eraikitzeko proiektua eman zieten.

1935ean, Instrukzio Publikoko Ministerioaren arkitekto izendatu zuten, eta urteko parterik handiena Madrilen egoten zen.

Lankidetzan aritu zen ACn eta Arkitekturan, eta Gimenez Caballeroren La Gaceta Literaria aldizkarian. Altzariak diseinatu zituen baita ere, eta Donostiako Zineklubeko fundatzaileetako bat izan zen.

Falangista zen, eta Primo de Rivera eta Federico Garcia Lorcaren laguna, besteak beste. Espainiar artearen eta literaturaren bigarren urrezko aroa izenez ezaguna den garaiaren pertsonaia adierazgarrietako bat dugu. Espainiako Falangearen Batzar Nazionaleko kide izan zen 1934tik. Bertan, Prentsa eta Propagandako ordezkari nazionala izan zen, 1936an kargua utzi zuen arte. Hari zor zaio Arriba egunkariaren goiburuaren diseinua.

Biziaz ordaindu zuen Falangeko kide izana. Izan ere, errebeldeek Loiolan huts egin zutenean, haren estudioan sartu eta preso eraman zuten Donostiako Ondarretako espetxera. Bertan fusilatu zuten, 1936ko irailaren 6an.

2004an, Madrilgo Reina Sofian museoak erakusketa antolatu zuen Aizpuruk 1928 eta 1936 artean egin zituen argazkiekin: "La mirada moderna". Irudi horiek hamarka askotan ezezagunak izan dira.

  • BONET, Juan Manuel: Diccionario de las Vanguardias Españolas. 1907-1936, Alianza Editorial, 1995
  • LINAZAROSO, José Ignacio: Aizpúrua y la herencia del racionalismo, Arquitectura, 204-205, Madril, 1977
  • SANZ ESQUIDE, José Ángel: Real Club Náutico de San Sebastián, 1928-1929, José Manuel Aizpúrua y Joaquín Labayen, Almeria, Arkitektoen elkargoa, 1995.
  • VVAA: Monográfico "Nueva Forma" aldizkarian, 1969.