Arkitektura

San Esteban Eliza. Aintzioa

Aintzioako San Esteban elizak estilo protogotikoa dauka, XIII. mendearen hasieran eraikia.

Elkarren artean ezberdinak diren bi atal dituen nabe bat eta burualde laua ditu. Korua oinean dago, giltzarriz hornitutako arku eskartzano batekin. Korupea izar-ganga batek estaltzen du, nerbio lerronahasiak dituena, eta giltzarriz hornitua. Estaldura guztiak XVI. mendekoak dira. Sakristia burualdeko murrura atxikitzen da, ganga trenkatuz estalitako gela angeluzuzen bat eratuz.

Kanpoaldera bolumen horizontal txiki baten modura ageri da, bi kontrahorma prismatiko dituena alde banatan, eta beste bi burualdean. Sarrerako atea Epistolaren aldean dago eta bi arkibolta lau zorrotzek osatzen dute, ertz oktogonalekin. Guztia teilatu-hegal batekin babestuta. Murruan obra-aldaketa bat antzeman daiteke, erdialdera gutxi gorabehera. Hala, azpialdea erdi aroko eraikuntzarekin dator bat eta goialdea XVI. mendean egindako handitze-lan bati dagokio. Burualdera sakristia atxikitzen da, eta Ebanjelioaren aldean beste gela bat atxikitzen da, bi isurkiko estalkia duena. Dorreak fuste prismatiko estua du, kanpai-multzo moderno batekin.

Korupean lekutzen den bataiarria elizaren garai berekoa da. Bataiarriaren fustea zilindro formakoa da eta katilua erdi esferiko laua. Ebanjelioaren aldean Gurutziltzaketa bat dago, XVII. mendekoa, estilo barroko herrikoikoa, antzinako polikromia mantentzen duena, oihalean izan ezik. Horma-hobi batean Jesusen Bihotzaren erretaula txiki bat dago, estilo neogotiko modernokoa, 1929koa.

Elizaren aurrealdean erretaula nagusia ikus daiteke, estilo barrokokoa, XVII. mendearen lehen erdialdekoa. Egiturari dagokionez, predela eta hiru kaleko gorputza ditu, frontoi kurbatu batekin bururatua. Iruditeria modernoa da eta hiru irudirekin osatzen da: Ama Birjina Haurtxoarekin, San Esteban titularra eta San Jose.

Azkenik, elizan mantentzen den zilarrezko pieza bakarra aipatu behar da, hain zuzen, partzialki urreztatutako parrokia-gurutze barroko bat, XVIII. mendekoa, Iruñeari dagokion marka duena, PP bikoitz koroaduna (Pamplona).