Ikastolak

San Benito Ikastola. Lazkao

Lazkaoko Ikastola 1963an sortu zen, Goierri osoan erdal eskolak besterik ez zeuden garai hartan. Urte horretn Jaxinto Setien eta Aitor Muruamendiarazen ekimenez, zenbait guraso, andereño eta laguntzaileak bildu ziren eta Ikastola abian jartzeko aurreneko urratsak eman zituzten. Hasieran hamabost ikasle zituen eskola hura San Migel Ikastola izenarekin hasi zen Bordatxuri etxean. Hau monje Beneditarren komentuko areto bat zen eta herriko emakumeek erabiltzen zuten, Elosegi kalean.

Lehen ikastola hura bi andereñorekin jarri zen abian. Mari Isabel Aldasoro eta Mari Karmen Eizagirre hain zuzen ere. Hasierako urteetan Ikastolaren titularra Eliza izan zen eta bere izena San Miguel. Zailtasunak ez ziren falta Goierriko lehen ikastola hartan, espazio falta nabarmena zen eta, horri aurre egiteko, fraideek, lekaimeek eta hainbat herritarrek utzitako lokalak erabili ziren. Irakasleen aldetik, euskaldun tituludunak aurkitzea oso zaila izan zen. Metodologia ere berria zen eta hori zela eta, bederatzi hilabeteko praktikak egin behar izateaz gain, ikastaroak antolatu ziren irakasleentzat. Bestetik, orduko egoera politikoan Ikastola ez zen guztien gustukoa. Baina arazoak arazo, aurrera jo zuen. Pausoz-pauso aurrera eginez, 1967-68. ikasturtean Lehen Hezkuntzako 4. maila eskaintzen da lehen aldiz.

1970ean lehen aldaketa eman zen, Ikastolaren titularra Beneditarrak izanik, egoitza berria Mikelar-en jarri zuten. Beneditarren izenean Ikastola urte betez legeztatzen da eta San Benito izena hartzen du. Urte honetan Ikastetxearen arduraduna Miguel Altolagirre Sarasola jauna zen, Lazkaoko Aita Beneditarren komentuko erlijiosoa. Aldaketaren arrazoiak aipatzerakoan zera esan behar da, eskola legeztatu beharra zegoela. Urte horretan Ikastolaren antolakuntza pedagogikoa honakoa zen: Parroki etxean, 1. gela, lehen eta bigarren ikasturtekoak (29 mutil), Maria Lurdes Estensoro Eskizabel andereñoarekin; 2. gela lehen eta bigarren ikasturtekoak (32 neska), Maria Pilar Eizagirre Eizagirre andereñoarekin; Pax etxean,1. gela, hirugarren eta laugarren ikasturtekoak (14 mutil), Maria Lurdes Estensoro Eskizabel andereñoarekin; 2. gela, hirugarren eta laugarren ikasturtekoak (23 neska), Trinidad Asuabarrena Zelaipe andereñoarekin. 1973an, Miguel Altolagirre zuzendaria hil eta zuzendari eta titular berria Antonio M ª Yarza Zendoia izendatu zuten.

1983an San Benito Ikastola Kultur Taldea sortzen da, titularitatea aldatuz, ondoren titular berria Kultur Elkartea izango da eta bere egoitza Euskadi Enparantza 5. Ikastolaren izena San Benito izaten jarraitzen du.

Urte hauetan inguruetako herrietakoak bezala, lazkaotarrak Beasaingo Ikastolara joan behar izaten zuten batxilergoa prestatzera. 1983-1984 ikasturtean 14 urte artekoa eman zen Lazkaon eta urte horretan, une horretan 280 ikasle ditu ikastolak. 1984an lehenengo promozioak OHOko 8. maila amaitzen du eta Plazako eraikina egiten dute.

1986-1987an Batxilergoa eskaini zen eta ondorengo urteetan beste herrietako ikasleak jasotzen ditu. Horretarako, 1992an, ezin besteko den jangelari hasiera ematen zaio. Ondorengo urteetan Eleaniztasun goiztiarraren proiektua hasten da eta irakaskuntza eskaintza 2 urteko ikasgelekin zabaldu.

1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen Ikastolara, eta herrira. Ikastolak aukera egin behar izan zuen: pribatu gisa jarraitu ala publikoan sartu. Bidegurutzea honetan Ikastolak sare pribatuan geratzea erabaki zuen. 1993an LOGSE indarrean jarri zutenean, ikasleak bailara osotik heldu ziren Lazkaora. DBHko ikasleek mugitu beharra izan zuten herri txikietatik eta Ikastolak ikasle horietako asko jaso zituen.

2003-04 ikasturtean Lazkaon ospatu zen Gipuzkoako Ikastolen Festa, KMK?03. Urte honetan Lazkaoko Ikastola kooperatiba bihurtu zen eta Zilarrezko Q Saria ere lortu zuen. 2004-05 ikasturte hasieran San Prudentzio eraikineko zabaltze obrak, barne patioa estali eta berriztatze batzuk amaitu ziren. Ondorengo urteetan, 2005 eta 2006an, jangela berria martxan jarri zen.

2012an, San Benito Ikastola Eusko Jaurlaritzak itundutako ikastetxe bat da eta 850 ikasle ditu. Ikasleak hiru gune ezberdinetan daude: Mikelar eraikinean, Haurreskolako haurrak; San Prudentzio eraikinean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrak eta San Benito eraikinean DBH eta DBHOko ikasleak.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • San Benito Ikstola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 19an].