Zinekoak

Sabotage!

Espainiaren, Frantziaren eta Erresuma Batuaren arteko nazioarteko koprodukzio handinahia. 2000n egin zen.

Ibarretxe anaien euskal produkzio-etxeak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak hartu zuten parte bertan. Ibarretxe y Co. S.L. eta Sociedad Kino Vision etxeez gainera, honako hauek aritu ziren proiektuan: Ciné B. (Frantzia), Pathé Image (Frantzia) eta Spice Factory (Erresuma Batua). Esteban Ibarretxe eta José Miguel Ibarretxe arduratu ziren gidoiaz eta proiektuaren zuzendaritzaz. Iñaki Nuñez, Enrique Carneros, Javier Ibarretxe eta Philiphe Carcassone izan ziren produktoreak. Nazioarteko mailako aktore handiak ekarri zituzten: David Suchet aktore ingelesa, Agatha Christie's Poirot telesail ingeles ospetsuan Poirot detektibea jokatzen duena; Stephen Fry aktore irlandarra, Kenneth Branagh-en Los amigos de Peter (1992) filmean eta Briant Gilbert-en Wilde-n (1997) protagonista izandakoa, eta Dominique Pinon antzezle frantziarra, honako film garrantzitsu hauek protagonizatu zituena: Ermanno Olmi-ren La leyenda del santo bebedor (1988), Jean-Pierre Jeunet-en eta Marc Caro-ren Delicatessen (1991) eta Jean Pierre Jaunet-en Alien: Resurrection (1997).

Ibarretxe anaien film luzeak Waterloo-ko gudaldia birsortzen du, fartsa moduan, zorroztasun historikoa nahita alde batera utzita. Filmaren hasieran, Armani kaporal traketsak -lagunek maiz bere kasa hizketan ikusi duten militar bat- bizia salbatzen dio, ezustean, Napoleoni, eta horrek, esker onez, Mariskal Nagusi izendatzen du. Une horretatik aurrera, Armaniren patua korsikar txikiarenari lotua ageri da. Ekintza, gero, gudu-zelaian kokatzen da, Waterlooko gudaldiaren bezperan. Emakume eder bat, Lady Edwina (Alexandra Vandernoot) frantsesen espioi gisa aurkezten da, eta zeharo liluratzen du Napoleon. Amodiozko eta konfidentzia estrategikozko gau baten ostean, agintaritza frantsesaren benetako espioia agertzen da, eta gezurrezkoa Wellington buruzagiarengana doa ihesi. Napoleon, orduan, emakumezko ijito baten eran jantzi, eta ingelesen aldean sartzen da, Edwinarekin elkartzeko, eta lehengo kaporal mariskal bihurtuari uzten dio bere indarren buruzagitza. Hori, nola burutik ez den guztiz osoa, korsikar konkistatzailearen irudiarekin mimetizatzen saiatzen da gero eta gehiago. Hainbeste saiatu ere, non, Napoleonen antzera jantzirik, britainiar indarrei erasotzea erabakitzen baitu, bere kabuz. Asmo zoro, burugabe eta galgarria. Azkenean, Napoleonek Lady Edwinarekin ihes egiten du, eta Armani gaixoa Santa Elena uhartean jarriko dute preso betiko. Wellingtonek -daukan argialdi bakarrean ohartuta- salbu, guztiek -Armani bera barne- uste dute egiazko Napoleonek pasatzen dituela bizitzako gainerako egun guztiak Atlantikoko uharte galdu batean preso.

Sabotage! film bikaina da bere girotzean eta bitartekoetan, baina huts egiten du funtsezkoenean. Haren fartsa tonuak ez du funtzionatzen, une batzuetan izan ezik. Adibidez, Stephen Fryk antzeztutako Wellington mozkor ergel eta harroputz bat da; hain zozoa, ez baitu ulertzen klabez idatzitako oharrak bidali behar direla gudaldiaren erdian. Pertsonaiak komikotasun dosi handiak ekartzen dizkio filmari, agertzen den bakoitzean. Bai Dominique Pinonek Armani gisa, bai David Suchetek Napoleon moduan, bai Alexandra Vandernoot belgikar ederrak Lady Edwina maltzur eta sentsuala antzezten, guztiek ere ederki betetzen dute beren eginkizuna. Baina istorioak ez zuen gehiago ematen. Tragedia latza, zinemagileen esku ipini ziren baliabideak kontuan hartuz gero. Sabotage! porrota izan zen salmentetan, eta kritikak ere oso harrera hotza egin zion. Sólo se muere dos veces (1996) filmarekin bezala, berriro ere Ibarretxe anaiek huts egin zuten hain esperantza handiak piztuak zituen filmean.



  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.