Dantza

Puntepioak

Arratiako haraneko doinu eta dantza, Jose Mariano Barrenetxeak albokari buruz egindako ikerketan jasotzen diren datuen arabera.

Doinu gisa jasotzen ditu Lenengoaren puntepioa eta Bigarrenaren puntepioa eta gaineratzen du ez direla nahastu behar Puntepioa izendatzen den dantzarekin. Doinu horien inguruan zera ohartarazten du: "puntepioa hitzak berak iradokitzen du dantzariak egiten dituen dantza-mugimenduak kortxea bezain laburrak edo laburragoak direla" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Dantza eta musikari dagokionez, doinua lau pertsonek ekarria dela aipatzen du, horien artean Leon Bilbao eta haren aita aipatzen ditu, biak albokariak, aurretiaz beste musikari batzuen eskutik jaso izango zuketenak. Dantzari buruz, aipatzen du dagoeneko ahanzturan amildu dela eta "dantza laburra dela, antzina gizonek biribilean jarritan dantzatzen zutena, elkarri parez pare begiratuz" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik). Gaineratzen du Dimako bi gizon "izan zirela dantzatzen azkenak Gaztelu eta Elexabeitiako jaietan, 1935. urtean" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bestalde, Puntapijoa Dantzari Dantzaren pausu edo mugimendu jakin baten izendapena da Durangaldeko dantzarien arabera. Dantzaren une jakin batean ezker hanka altxatzean egiten den ostikada litzateke, aurretiaz prestaketa eskatzen duena. Prestaketa horren ondorioz, modu berezian altxatzen da hanka, euskal dantzaren beste pausu batzuekin alderatuta ezberdina, non hanka altxatzeko beste hanka lurrean bermatu baino ez den egiten. Azken hori oso ohikoa da Gipuzkoako dantzetan, Juan Ignacio Iztuetak 1828an deskribatutako arauei jarraiki egiten direnak.

Puntapijoa beste leku batzuetan Artasi ere izendatzen da. Horrela agertzen da Jose Luis Echebarriak Bizkaiko dantzen inguruan idatzitako liburuan, Artasiaren aurreko mugimendua deskribatzean. Pauso horretan bi mugimendu bereizten ditu: Ostikoa, ezker hanka altxatu aurretik egiten dena, eta Artasi, hanka altxatzeko mugimendua. Durangaldean Puntapijoa esaten zaio bi mugimenduak hartzen dituen pausoari.

Pauso horretan, ezker hanka altxatu aurretik, egiten diren mugimendu eta eusteak ulertzeko, Jose Luis Etxebarriak ostiko izendatzen duenaren deskripzioan aipatzen duena hartuko dugu aintzat:

"aipatu bira egin ostean, hau da, amaitzen den une berean, salto txiki bat egiten da, hobeto esatera jauzi sumagaitz bat, eskuineko oina bermatuz eroriz, beranduago, hots, kortxea batek irauten duen denboran, ezker oina bermatzen delarik. Azken oin hori bermatzean, hots, ezkerra, orduan eskuin oina aurrerantz eramaten da aurrean eta zoruaren mailan dagoen zerbaiti ostikada emateko bezala, modu horretan ematen da ostikoa eta, horrela, dantzaria prest dago artaziaren (artasi) mugimendua egiteko" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Deskribapen horretan aipatzen denari ezker hankaz egiten den artaziaren moduko altxamendua gaineratuz, Durangaldean Puntapijoa izendatzen den pausoa osatzen da.

  • BARRENECHEA, José Mariano. Alboka. Entorno folklórico. P. Donostia artxiboa. Lekarotz, 1976.
  • MAURICIA, LEON ETA BASILIO. Mauricia, Leon eta Basilio. Elkar, 1987.
  • PAUSOZ PAUSO. Iurretako Dantzari Dantza. D.V.D. - E.D.B. eta Iurretako Mikel Deuna Dantza taldea. Bilbo, 2009