Kontzeptua

Pazkoak

Udaberriko ospakizun honek Bizkaian eta, oro har, Euskal Herriko gainerako lurraldeetan beste garai batean oso hedatuta zeuden maiatzekoekin antzekotasun asko ditu.

Badakigu ospakizuna XX. mende bukaera arte aldizka praktikatzen zela, eta, era berean, Bizkaiko mendebaldeko Lanestosa eta Karrantza bailarako herrietan galdu egin zela.

Ekitaldian neskak nagusi ziren, nahiz eta mutilen parte hartzeari buruzko datuak ere egon, eta diru-biltze baten osagai guztiak ditu: kanta, auzotik edo auzoetatik elikagaiak eta dirua biltzeko ibilaldia, eta ospakizunaren muina bera. Taldea osatzen zuten neskak 13 eta 16 urte bitartekoak ziren, eta horrek haurtzarotik gaztarora bitarteko igarobidea adierazten du, baldintzak direla eta nolabait disimulatuta.

Jaia Gloriako Larunbatean, edo Larunbata Santuan, eta Pazkoa asteko Berpizkunde Igandean ospatzen zen, edo bi egun horietako bakar batean. Egun horietan Garizumaren amaieratik gertu gaude, baraua eta abstinentzia nagusi diren denboraldi luzearen amaieratik gertu.

Segizioa neska kopuru zehaztugabe batek osatzen zuen. "Pasazintak", kolorezko begiztak eta gonazpikoak janzten zituzten. Igandean ospatuz gero, birjintasuna adierazten duen kolore zuria nagusi zen, Aste Santuko aurreko egunetako doluzko jantziekin alde handia izanik. Azken urteetan ez zegoen aurreko jantzietan ikus zitekeen hainbesteko berdintasunik, baina kolore zuria eranskin ezberdinetan oraindik ere nagusi zela oso nabaria zen.

Festa ospa zitekeen edozein bi egunetako goizeko aurreneko orduetan neskak herriko erdialdeko leku batean bildu eta, egunean zehar, etxeetan eta kaleetan barrena ibiltzen ziren. Etxe edota etxe-talde baten aurreko aldera iristerakoan egun horri zegokion abestia abesten zuten. Amaitzerakoan, jakiak eta dirua oparitzen zizkieten. Jakiak saski edo "saron" batean sartzen zituzten eta dirua, berriz, poltsa batean sartzen zuen neska batek. Eguerdian bazkaltzeko geratzen ziren eta, behin diru-bilketa amaituta, eguna merienda batekin ospatzen zuten.

Taldeko neska batek kolorezko zintak, paperak eta begiztak zintzilik dituen ereinotz-sorta bat daramala ikus dezakegu. Beste garai batzuetan eta ez leku guztietan, pertsonaia horren papera, nolabait deitzearren, mutil gazte batek betetzen zuen.