Kulturalak

Pasaiako Udalaren Musika-Fundazio Publikoa

Urte hauetan guztietan zehar, talde-musika sustatu da. Egun, talde hauek dituzte:

  • Abesbatza-taldeak:
  1. Illunbe Txikitxoak
  2. Karmengo Ama Abesbatza
  3. Illunbe Txiki Abesbatza
  4. Illunbe Gazte Abesbatza
  5. Pasaia Abesbatza
  6. Illunbe Abesbatza
  • Instrumentu-taldeak:
  1. Banda Txiki
  2. Musika Banda
  3. Big-Band
  4. Hari-Taldea
  5. Gitarra-Taldea
  6. Haurren Teklatu-Orkestra
  7. Gazteen Teklatu-Orkestra
  8. Helduen Teklatu-Orkestra
  9. Akordeoi-Orkestra
  10. Eskusoinu-Taldeak
  11. Perkusio-Taldeak
  12. Txistu-Taldeak
  13. Trikitixa-Taldeak

Egun (2014 urtean), 1.000 ikasletik gora eta 50 irakasle gaitu ditu zentroak. Irakasleek, zentroan eskolak emateaz gain, antolatzen diren kultura- eta musika-jardueretan laguntzen dute.

Era jostagarrian kantatzen ikastea eta haurrei musika-heziketa eskaintzea, kantuarekin goza dezaten; horiexek dira 2001eko irailean Trintxerpen sortu zen abesbatza honen helburu nagusiak.

6 eta 9 urte bitarteko 20 bat haurrek osatzen duten Illunbe Txikitxoak taldeak era guztietako errepertorioak dauzka, gehienetan instrumentuen laguntzarekin. Abesbatza Gorka Mirandak sortu zuen eta 2003 arte bera izan zen zuzendaria. 2002ko martxoan egin zuen aurkezpena Trintxerpeko Karmengo Ama elizan. Gaur egun Miren Jone Taibo da zuzendaria.

9 eta 13 urte bitarteko haurrek osatzen dute. 1995ean sortu zen Gorka Mirandaren eskutik. Gaur egun, 40 haur inguru ditu eta 2001. urteaz geroztik, Miren Jone Taibok zuzentzen du.

Hauek dira, besteak beste, talde honen helburuak: musika- eta koru-kultura sustatzea eta haurrei musika-heziketa eskaintzea, betiere era jolasgarri eta erakargarrian. Pasaia Abesbatza - Abesbatza Taldearen pedagogia-proiektuaren barne dago. Ikasturtean zehar Illunbe Txikik kontzertuak ematen ditu, musika-topaketetan parte hartzen du eta hainbat musika-jarduera egiten ditu.

1996an Iñaki Otañok sortu zuen abesbatza honen helburuen artean dago errepertorio erakargarri eta zorrotz batean sakontzea, musika-hezkuntzaren eta interpretazioaren talde-ikuspegi argia ardatz hartuta.

12 eta 18 urte bitarteko 46 neska-mutilek osatzen dute Illunbe gaztea. Era guztietako errepertorioak lantzen dituzte, batzuetan a capella eta gehienetan instrumentuen laguntzaz.

Azpimarratzekoak dira Euskadiko zenbait tokitan egin dituen emanaldiak, baita Bartzelonan, Elgorriagan edo Donostiako 2004ko Gospel Jaialdian egindakoak ere. 2006ko maiatzean, Errenteriako Musikasteren abesbatzen egunean parte hartu zuen gonbidatu bezala. 2006ko urrian, Festival à Montaury delakoan izan zen, urrikoa elkartearekin batera, Akitania eta Euskadiren arteko proiektu batean parte hartuz. Zenbait kontzertu eman eta disko bat eta DVD bat grabatu zituzten zuzenean Pariseko musikariz osatutako Ramón Lopez jazz laukotearekin eta Baionako CNRko abesbatzarekin.

2002ko irailaz geroztik Josu Elberdinek zuzentzen du Illunbe gaztea.

Pasaia Abesbatza jende gaztez osatutako abesbatza dugu. 1993.urtean sortu zen, Pasaia Musikal maila ertaineko kontserbatorioan (egun, musika-eskola). 12 urte hauetan zehar, Pasaia Abesbatzaren inguruko hezkuntza-proiektu bat eraiki da, eta beste 3 abesbatzek hartzen dute parte bertan: Illunbe Txikitxoak, 6 eta 11 urte bitarteko haurrez osatutakoa eta 2001. urtean sortua; Illunbe Txiki, 1995. urtean sortua eta 11 eta 14 urte bitarteko haurrez osatua; eta Illunbe Gazte, 14 eta 18 urte bitarteko neska-mutilak dituena eta 1995. urtetik martxan dabilena. Pedagogia-proiektu honen helburu nagusia haur eta gazte bakoitzak bere lekua aurki dezakeen komunitate koral bat eraikitzea da, hezkuntza musiko-korala ilusio, tolerantzia eta errespetu giro batean balioztatzen ikasten duten bitartean.

Illumbe Abesbatzak 1984an hasi zuen ibilbidea. Garai hartan kontserbatoriotik zetozen ikasle eta irakasleek osatzen zuten abesbatza; gaur egun (1994az geroztik), aldiz, solfeoko ezagupenik ez duten Trintxerpeko hirurogeita hamar bizilagunek osatzen dute; baina, hala ere, gero eta teknika hobea eta musikaltasun handiagoa eskaintzen saiatzen dira.

Abesbatza honek Euskal Herriko herri garrantzitsuenetako musika-ekitaldietan parte hartu du, eta Euskal Herritik kanpo ere kontzertuak eman ditu: Toledo, Kordoba, Sevilla, Erroma, Vatikanoa, Tenerife, Paris, Brusela, Cádiz, Algeciras... Gaur egun Pasaia Musikaleko irakasle Saioa Ruiz Erasunek zuzentzen du abesbatza.