Udalak

Otano

Otao Alaitzeko mendizerrako maldan dagoen Elortzibarreko lau herrietako bat da, Iharnotz, Ezperun eta Gerendiainekin batera, Elo eta Tiebasen artean doan Done Jakue Bideko atalean. Bere taxuketa Iharnotzenaren oso antzekoa da, elizarantz igotzen den kale bakar batekin, eta tenplua toki altuenean. Duela gutxira arte, Otaon oso etxe gotiko interesgarriak zeuden, nahiz eta 1990tik aurrera batzuk bota izan dituzte, eraikin modernoak edota artegiren bat eraikitzeko.

Kalearen hasierako ezkerreko espaloian hondatutako etxe batzuk daude, baita etxe zahar baten gainean eraikitako adreiluzko beste bat, goialdean erdi puntuko arkutxoez osatutako arkuteria batekin. Jarraian oinplano errektangeluarra eta bi solairu dituen garapen horizontaleko etxe bat, aurrealde luzituarekin. Geroxeago etxetxo gotiko bat dago, oinplano karratu eta bi solairuekin. Murruek galdu dute luzitu zaharra, eta agerian geratu dira harlankaitzez eginiko hormak, harlanduzko kateekin ohiko tokietan. Beheko solairuan, sarrera arku beheratu bat da, bi mentsula gingildunekin indartua, eta lehen solairuan leiho bikoitz dotore bat dago, bi arku konopialez osatua. Gorago antzeko taxuera duen beste etxe bat dago, berriztatua izan den arren. Atea dintelatua du, baina ateburuari arku beheratu baten forma eman diote. Gainean leiho bikoitza dago, arku konopialekin ere. Beste leiho bat arku konopial sinple batekin doa, eta arestian txertatutako armarri bat ere ikus daiteke.

Herriaren goiko zatian antzeko beste etxe batzuk daude, orokorrean gaizki kontserbatuak. Hobekien dagoen etxea, XVI. mende hasieran eraikia, erdi puntuko hamahiru dobela handiez osatutako arkua du sarreran, eta gertu daude beste bi etxe berriztatuak, horietako bat 1998. urteko inskripzio batekin.

Alboko kale batetik enparantza txiki batera irits daiteke. Bertan "Santxorena" izeneko etxea dago, gaur egun hondatua. Garapen horizontaleko blokea da, eta XVI. mendeko ate dotore bat du, dobela luzeak dituen erdi puntuko arku batekin. Ondoan, galdutako etxe baten sarrera kontserbatu da, armarri batekin, Nafarroako Erresumako Armeria Liburuan agertzen den Otaoko jauregiaren armarria ez den arren (L.A.R.N. 264 zk.). Jarraian oinplano karratuko eta hiru solairuko etxetzar bat dago, lau isurialdeko teilatuarekin. Murruek luzitua galdu dute, eta agerian ikus daitezke harlankaitzez eratutako paretak, harlanduzko kateekin izkinetan eta baoetan. Beheko solairuan ate dintelatu handi bat dago, Elortzen ikusitako beste batzuen antzekoa eta XVIII. mendean egina. Gainean balkoi luze bat dago, hiru irteerekin, eta atikoan hiru argizulo. Geroxeago ekialderantz doan alboko beste kale bat dago, etxe bakar batekin, bi solairu, erdi puntuko sarrera eta leiho zuzenekin. Hormek ez dute luziturik gaur egun.

  • Erdi-Aroko zubia

Otaoko hirigunetik kanpo eta Elortz ibaiaren ondoan, XVII eta XVIII. mendeetan ongi dokumentatuta dagoen errota zahar baten aurriak ikus daitezke (Aicua-Asiron, 1990). Ondoan, duela urte gutxi batzuk errestauratutako erdi-aroko zubi bat dago. Lau arku ditu, bateren bat zorrotza, eta azken lanetan txertatutako eskudela metaliko desegokia.

JAS 2009

  • Igokundearen Parrokia

Jatorriz 1200. urte inguruko tenplua zen, nahiz eta XVI. mendean bi kapera txertatu zituzten, eta sarrera eta gangak eraldatu zituzten. Gurutze latinoko oinplanoa du, lau tarteune karratu eta berdinetan banatua, zeinetatik azkenak burualde zuzena bezala funtzionatzen duen. Sarrera Ebanjelioaren aldeko bigarren tarteunean dago, eta arkuteria arin batez babestua doa. Pareko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barneko eskaileraren bolumena dago. Hirugarren tarteunean bi kapera simetrikoak ireki zituzten XVI. mendean, transeptu baten moduan, eta sakristia burualdearen iparreko hormari atxikitako oinplano errektangeluarreko gela da.

Murruak harlandu txikiez egina daude, nahiz eta XVI. mendean eginiko lanetan adreilua ere erabili zuten. Barnealdean luzituak doaz hormak. Argiztapena bermatzeko, leiho zirkularrak egin zituzten transeptuaren bi besoetan eta burualdean. Habeartearen oinetan XVI. mendean eginiko koru jasoa dago, arku beheratu baten gainean.

Estalki-sistema anitza du. Habeartearen lehen tarteunean sare-ganga bat dago, korupean bezalaxe, bigarren tarteunean tertzelete-ganga, eta kruzeroan ganga izarratu bat, non trazeriek lau petalo duen lore baten itxura duten. Burualdean tronpa abeneratuen gaineko beste ganga izarratu bat dago, eta alboko kaperek ere gurutze-gangak dituzte. Giltzarriak kerubinen burutxoekin apainduak doaz, eta nerbioen bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira txertatutako mentsula batzuen bidez.

Kanpoaldean dorrea aipatu behar dugu hasteko. Ohi denez, habeartearen lehengo tarteunearen gainean altxatzen da, fuste motza eta trinkoa du, eta goialdean kanpaia kokatzeko erdi puntuko bao batez irekia dago, lau isurialdeko teilatu batez azpian. Sarrera erdi puntuko arku errenazentista batekin doa, txaranbeldura txiki batekin. Hiru arkibolta ditu, kapitel moduan moldura jarrai bat daramaten zutabeen gainean.

Tenplu hau abandonaturik egon da urte askotan, lastategi bezala egokitua, eta bere hornidura liturgikoa beste tokietara eraman zuten aspaldian. Erretaula nagusia, 1616. urtean eta estilo erromanistan Juan de San Juanek egina, Aiegiko parrokian dago gaur egun. Alboko erretaulak berriz, XVII. mende bukaerakoak, Iraizotzen daude (Ultzama), eta Gurutziltzatua Iruñeko San Raimundoren parrokiara eraman zuten. Azkenik, Iruñeko Elizbarrutiko Museoan aurki daiteke Ama Birjina eta Haurraren eskultura bat, gotikoa eta XIV. mendekoa. Irudia eserita dago, frontala, esku bat jasoa zerbait erakusteko, eta Umea Mariaren ezkerreko belaunean eserita dago, liburu batekin ezkerreko eskuan. Elizan ikus daiteke oraindik erdi-aroko bataiatzeko ponte bat, XII. mendekoa ziur aski, fuste motz eta lodiarekin eta katilu zilindriko batekin, bola batzuekin apaindua.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, III. tomoa, N.A.K. 1982, 65 orr.
  • FERNÁNDEZ.LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 375 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, IV* tomoa, Merindad de Sangüesa, Abaurrea Alta-Izalzu, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1989, 263-265 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 297 orr.
  • MENÉDENZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 264. zk.
  • A.A.B.B. El Valle de Elorz. Naturaleza, Historia y Arte. Iruñea, Elortzibarreko Udala, Bianako Printzea, 1990, 189-193 orr.

JAS 2009