Arkitektura

Oñatiko Udaletxea

Oñatiko udaletxea eraikitzea 1758. urtean erabakitzen da. 1764. urtean hasi zen gauzatzen eta, hainbat arazo eta zailtasun gainditu ondoren, 1783. urtean amaitu zuten. Eraikina egin baino lehen, kontzejuko kideak alkatearen etxean biltzen ziren baina, herriko behar berriak eta arazoen konplexutasuna zirela eta, eraikin berri bat egitea erabaki zen.

Gaztelako Kontseiluari baimena eskatu eta onarpena jaso ondoren, eraikuntza berria altxatzeko kokapen egokiena bilatu zen. Aukeratutako lekua herriko tokirik aproposena izan zen, egungo Plaza Nagusian edo Foruen enparantzan.

Traza burutzen duen arkitektoa Martin de Carrera da eta, badirudi, Hercules Torrelli arkitekto frantsesak Donostiako udalerako diseinatutako eskemaren eragina duela. Barruko egiturak Euskal Herriko udaletxearen tipologia jarraitzen du. Kanpoaldea, ordea, barroko rococo estilo frantsesekoa da eta eragin hori ulertzekoa da, Gipuzkoako lurraldea Frantziatik hurbil baitago.

Oñatiko udaletxeak oinplano angeluzuzena du eta eraikin bakartua da, hots, libre dago alde guztietatik. Lau isuri aldeko teilatua dauka eta altueran hiru solairu eta ganbara dauzka.

Fatxada nagusia, Foruen enparantzara begira dagoena, harlanduzkoa da eta hiru solairuetan banatuta dago. Beheko pisuak, atariduna dena, hiru arku beheratuz hornituta dagoen arkupe bat dauka. Gorputz hori hiru horma arteko ertz ganga batez estalita dago eta sarrera nagusia eta bi leiho babesten ditu.

Beheko pisuko arkupearen gainean balkoi nagusia agertzen da. Hiru hutsartekoa da, luzea eta irtena. Horren azpitik agerian dauden modiloiak eusten dute balkoiaren egitura eta gorputz honek osatzen du lehenengo pisuaren elementu deigarriena.

Bigarrengo solairuak ate bakarreko hiru balkoi ditu; lehenengo solairuko arkuekin konparatuz, neurri txikiagokoak dira baina, apaingarriak izan ezik, antzeko ezaugarriak dituzte. Besteak bezala oso beheratuak dira ere.

Goiko parteak teilatu hegal zabala erakusten du. Bertan, zizelkatutako harburuak eta molduratutako erlaitza azpimarratu behar dira. Erdiko atal honetan, herriko armarria babesten duen hiruki-formako frontoia gailentzen da. Jakina da eskema hau Herkules Torrelli arkitektoari zor zaiola, Donostiako udaletxerako egindako proiektuan agertzen baitzen jada.

Dekorazioaren aldetik, fatxada nagusian apaingarri barroko eta rococo ugari pilatzen dira. Osagai horien artean honako hauek aipatzekoak dira: moldurak, mentsula dekoratuak, frontoi kurbatu hautsia, belarriz eta osagai apaingarri finez hornituak dauden atezangoak, girlanda eroriak eta balkoietako forja-lanak. Horretaz gain, goitik behera doazen eta fatxadaren horma artikulatzen duten lau pilastra erraldoi itsatsiak azpimarratu behar dira ere. Teilatuan, pilastren gainean, hainbat elementu kurbatu apaingarri gailentzen dira, eraikinaren liraintasuna nabarmenduz.

Gainerako fatxadak harlangaitzezkoak dira, beheko pisuaren hormak, izkinak, baoen markoak, platabandak eta erlaitza izan ezik, harlanduzkoak baitira. Fatxada nagusia ez bezala, eraikinaren beste aurpegiak lau solairutan banatzen dira: beheko pisua, bi solairu eta ganbara. Baoen banaketan funtzionaltasuna ezartzen da eta, horma zeharkatzen duten platabandak izan ezik, ez dago dekoraziorik.

Eraikinaren barneko aldean eskailera nagusia eta lehenengo solairuko areto nagusia nabarmentzen dira. Azken hau arkupeko hiru arkuen gainean kokatzen da.