Itzultzaileak

Olavide Carrera, Raimundo

Idazle arabarra. Gasteizen jaio zen, Ama Zuriaren plazan, 1869ko martxoaren 15ean. 1942ko irailaren 9an hil zen Tolosan (Frantzia), 73 urte zituela.

Batxilergo ikasketak Urduñako Jesuiten ikastetxean (Bizkaia) hasi zituen 1880an eta lau urte beranduago Loiolako nobiziotzan sartu zen. 1894-1899 bitartean irakasle modura aritu zen Ordenako hainbat ikastetxetan: Valladoliden, Salamancan, Oñan eta Gijonen. 1896an, 27 urte zituela, euskara ikasteari ekin zion, ez baitzuen ezagutzen. Teologia ikasketekin jarraitu zuen eta Oñan apaiztu zen (1904). 1906an Filosofia eta Letren lizentziatura eskuratu zuen Salamancako Unibertsitatean; ondoren irakasle jardunarekin eta euskara ikasten jarraitu zuen.

Zazpi urte beranduago, 1914an, euskaraz idatzitako lehen lana argitaratu zuen. Loyola'tar Eneko Deunaren Gogo Iñarkunak; "Ejercicios Espirituales de San Ignacio de Loyola" lanaren euskarazko itzulpena, hain zuzen. La Guardia ikastetxean irakalse izan zen, Camposancosen (Pontevedra). 1917an Giza-Soña lana argitaratu zuen Tolosan; gizakiaren lexiko anatomiko eta fisiologikoaren ikerketa.

Oñatin egindako Eusko Ikaskuntzen I Kongresuan parte hartu zuen (1918) eta hurrengo urtean, euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak. 1920an Kristo'ren Antzbidea agertu zen Donostian, Kempisaren bederatzigarren itzulpena. 1921ean bi lan garrantzitsutan murgildu zen: Giza-gogoa eta Bibliaren itzulpena. 1931n Itun-Berria argitaratu zuen Bilbon. Urtebete geroago, Arantzazuko Frantziskotarren Komentuan harrera hartu zuen gobernuaren aginduz Jesusen Konpainia desegin zenean. 1937an bonbardaketa gertatu zenean, Gernikan zen Olavide. 1937-1942 bitartean Bibliaren itzulpen zuzena amaitu zuen Tolosako (Frantzia) Sortzez Garbiaren ikastetxean erbesteraturik bizi zela.

1958an bere lan bikainena argitaratu zen Bilbon: Itun Zar eta Berria. 1959ko martxoaren 15ean lehen aldiz omenaldia egin zitzaion Gasteizen.

Ikus daitekeen moduan, Aita Olavideren lan bikainena Bibliaren itzulpen purista bat da; Hegoalden argitaratu zen lehenengo itzulpen osoa. Etorkizuneko hizkuntzaren kontzeptua zuen, eta esperimentazioa eta literatura-hizkuntza akatsik gabe eta berria ziren ideia horren euskarri; horretarako, euskalki guztietatik hartutako elementuak erabiltzen zituen, euskalki horiek idatzizko tradizio literarioa zuten ala ez begiratu gabe. Ildo horretatik, Azkueren Hiztegi arras aberatsa aztertu eta baliatu zuen, horrela, hura iparrorratz modura hartuta lan polemiko baina berdingabea taxutu zuen. Hona hemen Mitxelenak itzulpenari buruz esan zuena (1959):

"Letren alorrean euskaldun batek sekula egin duen lanik itzelenetako bat da, eta are itzelagoa iruditzen zaigu euskaldun berri batek egin duela pentsatzen badugu. Eta ez zuen nola edo hala itzuli, irrika, arreta eta jakintza aberatsa baliatuta baizik. Aurrerantzean, liburu hau maiz izan beharko dugu gogoan eta esku artean. Ez da hau Biblia osoa euskaraz agertzen den lehen aldia. Urte honetan ehun urte dira, hain justu, Bonapartek Duvoisinen itzulpen ederra argitaratu zuela. Halaber, Aita Uriartek ere oso-osorik itzuli zuen, nahiz eta ez zen osorik argitaratu (...) Aita Olabideren Itun Zar eta Berriak ez ditu lurperatzen aurrez itzulitako Itun zahar eta berriak, baina aurrez itzulita zeudela jakiteak ere ez dio balioa kentzen Olabidek itzulitakoari. Gainera, ezin ditugu elkarren artean alderatu, ez osorik behinik behin. Olabiderena jatorrizko hizkuntza hartuta itzulita dago, eta ez latina jatorrizko hizkuntza modura hartuta (...) Olabiderek darabilen hizkuntzari lotuko natzaio, izan ere, Olabide eredu eta jarraibide gisa ager daiteke hizkuntza kontuetan. Joera baten eredu, alegia, inork ez baititu hainbeste urrats eman bide horretatik eta, batez ere, inor ez delako bide horretan barneratu hain modu irmoan eta zer kausi jakinez. (...) Olabideren hizkera arrotz egingo zaio zenbaiti, beste inori Urteren, Duvoisinen, Uriarteren, Larreguiren edota Lardizabalen hizkera arrotz egingo zaion bezalaxe: edozein kasutan ere, eta elkarren artean egon daitezken aldeak alde, beste guztiak bikiak dirudite Olabideren alboan. (...) Olabideren hizkera euskara esperimentala iruditzen zait, bide berri batetik abiatuz noraino irits daitekeen ezagutuko nahi balu bezala sortua. Horretarako, bihar edo etziko euskaldunei so, ezinbestekoa da, neurri handi edo txikian, atzoko euskaldunez gain egungo euskaldunak ere bazter uztea. (...) Bertsio honetan ez dira bi akats larri hautematen: Lehenik eta behin, esan dudan bezala, naturaltasun falta; bekatu larria da hori. Laborategi bateko ontzien artean jaio den hura, Faustoren Homunculus kasu, nekez iritsiko da gizateria osora. Beste akatsak teoriarekin du zerikusia. Esperimentuetan teoriak izan behar du gidari, teoria zuzen batek, bestela sasi artean galduko baikara. Olabidek bihotz-bihotzetik nahi zuen euskalki guztien batasuna, baina ez zuen behar zen lekuetan bilatu. Aurrera begiratzen zuen, etorkizunera, eta euskalkien batasuna atzean zegoen, iraganean dago; noizbait izan zen, gero eta atzerago dagoen noizbait. (...) Hitz batean esanda, Olabide eredugarri izateko nor da. Gizaki eredugarria da guztiz eta halako gutxi dago; euskara hain modu bikainean ikasteaz gain, lan benetan itzela egin baitzuen. Are gehiago, "euskaldun berria" izanik eragozpen handia zuela kontuan hartuz; horrek are ohore handiagoa ematen dio. Hala ere, hizkuntzaren eredu izendapena zor zaio, gidari zuzenarena. Ez zen bera hizlari trebea (hori Jaungoikoak ematen duen dohaina da), ezer izatekotan, zientzia-gizona zen berez. Nahi zuen hura zehaztasunez azalduko zuen, nahiz eta, gehienetan, modu neketsu eta zailean izan: mihiari eraginez hitzekin ez zuen jolasten beste alor batean jolasten zuen bezain modu artetsuan... Esperimentua egina dago. Bide horretan ez dago Olabide baino urrunago iristerik. Liburu honetan alderdi probetxugarririk bada, bide horretan dauden amildegiak agerian uztearen alderdia da hori."

Arabako Foru Aldundiak 1968ko otsaiaren 20an "Olabide" euskal kultura taldea sortzea adostu zuen eta Gasteizko Udalak Olabide izendatu zuen hiriko kale bat. Era berean, hiriko ikastola batek ere bere izena hartu zuen. Hasiera batean ikastola hori Estibalizko Andre Mariaren hiribidean lokal batzuk hartuta abiatu zen behin behinekoz eta 1975ean inauguratu zen Lasarteko atean eraikitako eraikinean.

  • GOENAGA, Ángel. Breve exposición sobre la figura del R. P. Raimundo Olabide (S. J.). Gasteiz, 1959. 11 orrialde dituen foileto bat da, bi zatitan emana: Aita Olebideren bizitzako efemeride nagusiak eta bere bizitzaren azalpen biografikoak, lehenengo euskaraz eta geroago gazteleraz.
  • LAFITTE, Pierre. Autour de la Bible traduite en basque par le Pére R. Olabide. Baiona, 1959.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la Literatura Vasca, 358. or.
  • AREITIO, Félix, S. J. La Biblia vasca de Olabide. "Estudios Eclesiásticos", 33, 1959, 347. or.
  • MUXIKA, Plácido, S. J. Olabide Aitaren Bizitzarteko Berri. "Eusko Gogoa", 1958, 448. or.
  • "Euskera" 1. zenbakia, 30. or. eta 1954, 37. or.
  • LACOMBE, George. Giza-Soña (Liburu honen aipamena "RIEV" aldizkarian, 1919, X. liburukia, 133. or.].
  • MITXELENA, Luis. Liburuak: Itun Zar eta Berria, "Egan", 1959, 85. or.; Berri on bat. Aita Olabide'ren Itun Zarra, "Egan", 1956, 2. zenbakia, 5. or.
  • ORIXE. Olabide'ren Itun Zar eta Berria, "Egan", 1959, 186. or.
  • GARRIGA, G. Algunos "Euskaldun-berris" . "Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos", 1957, 125. or.
  • ORMAECHEVARRÍA. Euskera. Zarautz, 1959, 267-270. or.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Raimundo Olabideri buruz.