Zinekoak

Obaba

Espainiar-alemaniar produkzio hau 2005ean egin zen, Montxo Armendarizek zuzenduta eta Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuan oinarrituta. Pandora Film eta Neue Impuls Film produkzio-etxeek hartu zuten parte alemanen aldetik, eta Oria Films-ek, espainiarrenetik.

Nola Atxagaren eleberria, dituen ezaugarriengatik, ezin baita hitzez hitz aldatu zeluloidera, Armendarizek problema nagusi bat izan zuen liburuaren edukia iruditan jartzean: jatorrizko testuko kontakizun ugariei batasun bat ematea. Aurkitu zuen irtenbidea problema konplexu horrentzat. Eleberriarekin zerikusirik ez duen pertsonaia bat asmatu zuen. Hura Obabara heltzen da, herria eta herritarrak ezagutzeko, eta herriko misterioak argitzeko. Lurdesek (Bárbara Lenie) antzezten duen pertsonaia zinema-ikasle gazte bat da. Bideokamera batekin heldu da herrira, dokumental bat filmatzeko asmoz. Bera bihurtzen da istorio guztien arteko lokarri, eta, gainera, sorkuntza artistikoaz hausnartzeko bidea eskaintzen du, horixe baita, bestalde, Obabakoak liburuko funtsezko gaietako bat. Zuzendariak hiru istorio hartzen ditu eleberriko kosmos asmatutik, eta izen propioaz sartzen filmean: Maistra, Pellot anaiak eta Alemanaren semea.

Horietatik abiatuta, trama landu bat ehuntzen du, eta ederki jasotzen Bernardo Atxagaren testuaren espiritua. Maistraren (Pilar López de Ayala) eta hark bere ikaslearekin daukan maitasun harremanaren istorio zirraragarria bakardadeaz mintzo zaigu batik bat, eta gizarte ohiturei aurre egiteko behar den ausardiaz. Pellot anaien istorioak -Eduard Fernándezek lan ederra egin du bertan- erakusten digu lotura estua dagoela zorotasunaren eta indarkeriaren artean. Alemanaren semea-n, azkenik, erroak galtzea da gai nagusia: ingeniari alemana eta haren semea juduak dira, eta herri kristau batean bizi dira; ezinezkoa zaie herritarrekin lotura edukitzea, gizakiak desberdinarekiko daukan intolerantziagatik. Obabari buruzko oharrak izeneko idazki batean, Atxagak konparaketa bat egin zuen, liburua idaztean zeuzkan xedeen eta Norwich-eko katedraleko ispiluaren artean. Ideia hauxe adierazi nahi zuen: ispiluan, txikia izan arren, ederki ikusten dira katedrala eta haren xehetasun guztiak. Horixe da obraren gakoa eta Armendarizek aurrean zeukan desafio artistiko itzela. Atxagak hauxe dio: Istorio zehatz horiek -Maistra, Pellot anaiak, Alemanaren semea- garai eta toki jakin batekin daude lotuta, eta ez lukete esanahi osoa iritsiko, ez balute bakardadean, maitasunean, erroak galtzean eta beste gai batzuetan pentsarazten. Eta Armendariz garaile atera zen apustutik.

Bere zinemagintza planteamenduari esker, ederki saihesten ditu aurrean zeuzkan oztopo ugariak -filmaren hasieran protagonista Obabara daraman bideko bihurguneak bezain ugariak kasik-, eta batasun dramatiko bat eta barne koherentzia logiko bat ematen dizkio hain obra konplexuari. Haur taldearen aspaldiko argazkiaz, Armendarizek haurtzaroa eta denboraren joana dakar gogora, gainera, oso gai maitea baitu bere zineman, Tasio-n eta Secretos del corazón-en ageri den bezala. Haur batzuk erakusten ditu. Horietako batzuek, hazi eta gero, ez dute inongo zerikusirik izan zirenarekin, eta beste batzuk, berriz, jadanik ez daude Obaban. Gelditzen direnak iragan horretan preso bizi dira, eta Lurdes, bere kameraz, alferrik saiatzen da herriko biztanleen biziak markatzen dituzten misterioak aurkitzen. Neskaren bilaketa ez da hutsean gelditzen, haatik. Miguel (Juan Diego Botto) ezagutzen du. Horren filosofiak -edonon izan daiteke zoriontsu, norberarekin gustura egonez gero- laguntzen dio istorioari amaiera ematen. Obaba izan zen, zalantzarik gabe, Armendarizen karrerako apusturik arriskutsuena. Honako sari hauek irabazi zituen: Film Onenaren Saria eta Emakumezko Aktore Onenaren Saria (Pilar López de Ayala), New Yorkeko Association of Entertainment Critics-en eskutik; Terenci Moix Nazioarteko Saria (2006), eta hiru sari (Film Onena, Zuzendaritza Onena eta Gidoi Onena), El Mundok Euskal Zinemari ematen dizkion sarietan.



  • Armendáriz, Montxo: Obaba/guión de Montxo Armendáriz, Bartzelona, Ediciones B, 2006, 159 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2008, 272 pp.