Ikastolak

Nuestra Señora de Loinaz Ikastola. Beasain

1964an Gipuzkoako zenbait herritan, nagusiki Gerra aurrean Ikastola ezagutu zutenetan, Ikastolak irekitzen hasi ziren. Garai hartan haurrak normalean 5 urterekin hasten ziren eskolara, baina Ikastolen taldeak ordea, 3 urteko umeak hezten hasteko apustua egin zuten. Giro horretan, 1964-1965. ikasturtean eskolaurrean hasteko moduko haurrak zituzten hiru guraso ausart (Joanito Erguin, Joanito Agirre eta Josetxo Zufiaurre), harremanetan jarri ziren beste batzuekin, Ikastetxe bat irekitzeko asmoz, beren seme-alabek eskolatze osoa euskalduna izan zezaten.

Herritarren erantzuna ona izan zen, horrela hamabost/hogei bat guraso gazte berehala prestatu ziren beren seme-alabak eskola berri hartara bidaltzeko. Garai hartan, eta geroago ere, lege aldetik euskal eskola irekitzeko ikusten zen bide bakarra, Elizaren babespeko Parroki Eskola bezala erregistratutako ikastetxe pribatuarena zen. Horrela On Segundo Dorronsoro Erretorearekin hitz egin eta honek proiektua bultzatzeko berehalako baiezko erantzuna eman zuten

Espainiako legeriak bere barnean ozta-ozta, eta halabeharrez, sartu zuen Nuestra Señora de Loinaz Jardin de la Infancia zelako hura (sei urtera arte), Catequesis Parroquial edo gisako zerbait bezala erregistatuz, Erretoreek emandako onespenarekin. Sei urtetik gorakoena estaltzeko Escuela Parroquial formulari heldu behar izan zitzaion eta gauetik goizera Nuestra Señora de Loinaz izatetik, 1968an Escuela Parroquial Ntra. Sra. de Loinaz bezala izendatu zuten. Ikasgelari dagokionez, Parrokiak, San Inazio kalean zuen Emakumezkoen Ekintza Katolikoetarako sotoa utzi zuen. Ez zuen komunik ere eta euria egitean ura ere sartzen zen kanpotik. Baina hantxe hasi zen Beasaingo Ikastola 1965eko urtarrilaren 7an, hiru eta lau urteko 25 neskato-mutikoekin.

1965-66 Ikasturtean Ixabel Olano andereñoa soto hartan egon zen, 3 mailatako (3, 4 eta 5 urteko) 47 neskato-mutikorekin. Hurrengo ikasturtean (1966-67an) hasiera-hasieratik (1966ko irailean), Iñake Irastortza andereño tituluduna sartu zen eta ikasturte hartan 56 haurrekin hasi eta lekua izan zenean 85 ume izatera iritsi ziren.

1966-67 ikasturtea San Inazio kaleko gelan hasi arren, Olanoren etxeko geletara (Erauskin kaleko 4.era) pasatu ziren, 1966ko abenduaren 9an, eta 4 ikasgela prestatuetatik 2 berehala bete zituzten. Ikasturtea aurrera joan ahala, ordea, 85 ikasle izatera iritsi ziren eta prestatutako ikasgelak betetzen joan ziren. Olanoren etxea ez zen izan egunezko Ikastola soila. Hain zuzen ere, 1966-67 ikasturtean han hasi ziren Beasaingo Gaueskolak, euskara irakasteko. Hitz gutxitan esanda, Euskaltegi, Musika Eskola, biltzar-leku, udaleku ireki, etab. izan zen. Olano etxeak, horrelako ekintza-pilaketak askotan sortu ohi dituen arazo guztiekin ere, nolabaiteko herrigintza euskalduna garatzen lagundu zuen.

Orduko andereñoez ere zerbait baino gehiago esan beharra dago. Umeei irakasteaz gainera, gelak garbitzetik hasi eta kuotak kobratzeraino edozer lan mota egin behar izaten zuten. Gizarte Segurantza titulaturen batek edo bestek bakarrik zuen eta Laguntzaileek hori izaterik ez zutenez, Lagun Arok sortutako aseguru berezi bat zuten gaixotasunetarako, baina Erretiro eta gisako aurreikuspenik gabe. Bestalde, denboraldi luzeegiz inolako asegururik gabe lanean aritu ziren andereñoak ere ugari izan ziren. Pedagogia-sistemari dagokionez, lehen urteetan bederen, Elbira Zipitria andereño handiak sortutako edo egokitutako material eta sistemetan oinarritua izan zen.

1968-69 Ikasturtean On Jesus Dorronsororen etxean (Jose Migel Iturriotz kaleko 26an), ireki zen lehen sukurtsala 15 umerekin Maria Anjeles Garmendia andereño laguntzailearekin. Geroago, Joan XXIII.aren kaleko Guraso Elkartearen bebarruko gelara pasatu zen eta auzo hartako Eskolaurre-mailako ume guztiak biltzen ziren bertan irakasle baten ardurapean. Gehiena izan zituenean, 30en bat ume izan zituen eta 1977an utzi egin zen ikasgela balioaniztun hura.

Ikasturtean horretan, 1968-69an, Lizeo zaharrera pasatu ziren Batxilergoko ikastaldeak beren irakasleekin eta bat izateko asmoz sortutako bi Ikastetxe jarri ziren lanean: Ikastola (ofizialki Escuela Parroquial Ntra. Sra. de Loinaz) eta Alkartasuna Lizeoa (Liceo Alkartasuna orduan). Lehenengoa Beasaingo Ikastola (10 urtera arteko ikasleekin) eta bigarrena eskualde edo bailarako Batxilergo Ikastetxe euskalduna izateko proiektu zena (10 urtetik 16ra 6 urteko Batxilergo-ikasketak emateko).

Ikastetxe behar eta, Karmeldarren ikastetxea erosi nahi zen eta berriro ere diru biltze mugimenduak hasi ziren, Elkarte berri bat sortu ere bai. 1968an Ikastolaren titular berria Aranealde S.A., izendatu zen, Donostiako Santo Tomas Lizeoaren ereduari jarraituz. Aranealde S.A.ko akzioentzako diru-sarrerak egiteko epea, 1968ko azaroaren 9an ireki zen eta 500 pta.ko bonuak jaulki ziren hasteko. 1969ko uztailaren 15etik 30era formaldu ziren erosketa-eskriturak eta hipotekarenak. Bailarako herri bakoitzari halako kopuru bat izendatu zitzaion bere ikaslegoaren arabera eta urte hartan bertan behintzat, Beasainek ia %80a bildua zuen, Lazkaok %30a, Ataunek %18a, Idiazabalek %60a eta Segurak %100a, baina beste herrietakoek artean ezer jarri gabe zuten. Beasaingo Udalarekin gatazka administratibo bat ere izan zen.

1971-72 ikasturtean berriz, Foru kaleko Arozbi zurgindegiaren gaineko Joan Ignazio Oiarbideren etxebizitzetako batean ireki eskola Maria Jose Azkarate andereño laguntzailearen ardurapean. Gainera, beste bolada batean, Andramendiko garajeetan ere (Foru kalean) izan ziren behin-behineko ikasgelak. Gero haiek utzi arren, urte askotan zehar, OHOko 3. mailako bi ikasgela, Florentzio Axpe kaleko prefabrikatuetan izan zituen Ikastolak. Horietan eskolatutako umeak, sei urterekin biltzen ziren Olanoren etxeko Ikastola Nagusira OHOko 1. ikasmailan ikasteko.

1973-74 Ikasturtean batez ere, Beasaingo Ikastola "Escuela Parroquial Ntra. Sra. de Loinaz" izenekoaren eta Alkartasuna Lizeoa kudeatzen suertatu zirenen artean sortutako gatazkak buruko min asko sortu zuen, zail litzateke bi aldeen argudio osoak behar diren osotasunez jasotzea.

Urte hauetan ikastetxe berri baten beharra zegoela eta OHO-BBB-UBI irakaskuntza-mailak osoki legeztatu eta ikastetxe berria eraiki nahi zen (Alkartasuna Lizeo berria) Andramendi baserriko lurretan. Eraikin berria finantzatzeko, kooperatibako guraso guztiek eta bazkide laguntzaileek, bakoitzak 15.000na pezetako ekarpena egin zuten. Eskura ordaindu ez zutenek, mailegua atera ahal izan zuten Kutxaren batetik eta 5 urtetan zehar hileroko itzulketak eginez ordaindu zuten mailegua. Horretaz gainera, 1976-77 ikasturtean, batzordekide zen Josu Erguinek Ameriketatik ekarritako ideia bati gorputz emanez, Kilometroak 77 izeneko ospakizun erraldoia sortu zen Beasainen eta 1977ko urriaren 9an gauzatu zen lehenengo ekitaldia. 15.000 lagun ibili ziren zirkuituan lehen aldi hartan eta gaur egun.

1993an, Hezkuntza Sailak ikastolei jarri zien atakan sartu behar izan zuen Alkartasuna Lizeoak eta 1993ko maiatzaren 20an egindako bozketan, bazkideen gehiengo soilak (%55ek), ondare, jabetza eta zuzeneko kudeaketa-eskubide guztiak Administrazioari ekaini eta Eskola Publiko bihurtzearen aldeko botoa eman zuen. Hala ere, ordea, gehiengo soil hura, Estatutuen arabera, ez zen nahikoa kooperatiba desegiteko eta Ikastola Eskola Publiko bihurtzeko. Kooperatibako Estatutuek 2/3en (% 66,66) aldeko botoa eskatzen zuten horretarako eta horren aldekoek ez zuten gehiengo hori lortu. Legez ezinbestekoa zen baldintza hori ez zen bete, hala eta guztiz Eusko Jaurlaritzaren Administrazioaren esku gelditu zen Alkartasuna Lizeoa.

Alkartasuna Lizeoan gelditu ziren gurasoen adostasunez ikastetxea Eskola Publiko bihurtu zen, Administrazioarena. Ondoren eskualdeko eskola publikoen antolakuntzari egokituz, 1997-98 ikasturtean Txindoki Institutuak eta Alkartasuna Lizeoak, bat egin zuten Txindoki-Alkartasuna BHI sortuz. Bide batez, Alkartasuna BHI sortuko da, Loinazpe BHIrekin batera DBHko ikasketak eskainiko dituena.Urte honetan bertan, Goi Mailako Lanbide Heziketaren eskaintza ematen hasten da.

2010eko maiatzean, HUISek (EHAA, maiatzaren 2koa) Beasaingo hiru institutuak bat egiteko dekretua argitaratzen du, uztailaren 1etik aurrera Beasain BHI sortuz.