Literatoak

Mendiburu, Sebastian (1989ko bertsioa)

"Aita Mendiburuk elea leuntasunez, eztiki eta gozo-gozo erabiltzen du. Bere hizketa jariatsua eta harmoniatsua da beti, euskarazko kutsu berezko eta berezi batekin. Jardun horrek dotoretasunez eta "estaldura dirdiratsuz" janzten ditu pentsamendu sakonenak, sentimen garden eta sutsuenak eta maitasun mistikoari dagozkion fintasun bikainenak. Mendibururen arima garbia eta sinplea da, Jaungoikoa maite du. Eta ezaugarri horiek bere estiloan ere islatzen dira. Estilo hori arina da, baina ez asmo hori bilatzen zuelako, izan ere, barnean hainbat idazle itxurati eta ezagunek bereganatu nahi izan zituzten hainbat bikaintasun hauteman daitezke. Idazle horiek kanpokoari ematen zioten garrantzia eta esanahiari dagokionez antzuak izan arren soinu dotoreko hitzak hautatzen zituzten. Axular eta Mandiburu ziren, zalantzarik gabe, euskarazko lan elizkoiak idatzi zituzen idazle guztien artetik artista eta literatoenak. Beste idazle batzuengan teknologia-zientzia, jakintza morala, giza-bihotzaren ezagutza eta, are, euskara menderatzeko gaitasuna goraipatu daiteke; baina, idazle izaera, berezitasun literaroa izendatzen den hori osatzen duen gaitasuna, berezkotasuna eta nortasuna erakusten duena, aipatu ditugun idazle ezagun horiengan, ziur aski, oso maila apalean egongo zen. Larramendi bera ere, izan eta izen handia ukan arren, ez dago Mendibururekin alderatzerik euskara baliatzeko moduari dagokionez".

[Carmelo Echegaray].

"Mendiburu, zalantza izpirik gabe, euskara dotoreziaz eta maisuki erabili duen idazletako bat izan da. Soilik dohain bat falta zuen: indarra. Sakonean bere lanak otoitz-liburu eskasak samarrak ziren, gehiegitan eta era monotonoan irakurlearen sentimenduan eragiten tematzen zen".

[Michelena, L.: Hist. Lit. Vasc. 101. or.].

" Aita Mendiburu Aita Kardaberazekin alderatzen badugu, lanen izenburuei erreparatze hutsarekin oiartzundarrak hizkuntza garbiagoa eta arretaz hautatuagoa darabilera ikus daiteke. Aita Mendiburuk badu kezka purista bat, eta, hain zuzen, horrexek gorde du Aita Mendiburu antzinako euskal idazleek garai hartan jasotzen zuten gutxiespen orokorretik. Aita Mendiburuk ez ditu Larramendik erabiltzen dituen neologismoak erabiltzen, ez bada oso kasu berezietan, baina ezta Larramendiren ustez orduko predikarien sermoiak goitik behera beztitzen zituzten eta euskaldunek erabiltzen eta ulertzen ez zituzten gaztelerazko edo latinezko ahotsak ere. Badaki jatorriz euskaldunak diren ahots jatorrak hartzen eta haiek baliatzen. Bere sintaxia eta egitura paregabea da zuzentasunari dagokionez".

[Villasante, L.: Hist. Lit. Vasc. 149. or.].

"Horregatik "Zizeron euskalduna" entzun izan dugu hartaz mintzo ziren mihietan, baina iritzi hori aldatu egin beharko genuke. Luis Eleizalde zenari esker, Mendiburu asko estimatzen ikasi dugu, are gehiago, zera esan genezake: erderismo gutxi erabili zituen arren, ez dagoela Axular baino erderistagorik. Pitagorasek kontrakoa frogatu digu. Mendiburuk Axularri laga beharko dio Zizeronen ospea, haren azpitik baitago. Hala, "zeren" eta "ezen" baliatze horretan Axular baino eskasagoa izan daiteke, baina oiartzundarrak abantaila handia ateratzen dio sintaxiari dagokionez".

[Orixe].