Arkitektura

Markina-Xemeingo Hilerria

Mariano Jose de Lascurain ingeniari eta arkitektoari eman zitzaion Markina-Xemeingo hilerria diseinatzeko ardura. 1849. urtean lur eremua erosi zuten eta 1850-1851 urteen artean Jose Sodupek eta Pedro Jose Loiolak burutu zuten lana.

Andra Mariaren Jasokundearen elizaren albo batean dago, ipar aldean alegia. Kokapenari dagokionean, Markina-Xemeingo kanposantua Ilustrazioaren planteamendu higienistetan oinarrituta dago. Kontutan hartu behar da Karlos III.aren agintaldian elizetan ehortzeko ohitura ekiditeko lehenengo arauak eman zirela. Osasun irizpide berriei jarraituz, 1811. urtean hilobiak Jasokundearen elizatik kanpo zeuden jada.

Ezaugarriei begiratuz gero, Markina-Xemeingo kanposantuak Neoklasizimoaren funtsa zehatz-mehatz jasotzen duela esan daiteke, tradizio klasikoan sortuta baitago. Bestalde, egituraren argitasunari eta neurriari esker, arkuz eratutako euskal hilerrien eredu bihurtu da, beste batzuk ez bezala adierazten baitu kanposantu tipologia mota hau.

Eraikinaren materialei dagokienean, Markinako kareharri grisaz egina dago. Aipatzekoak dira sarrera nagusia eta kaperaren kalitatea, apareju isodomoz egina eta maila altuz landuta baitago.

Hilerriko guneak angeluzuzen forma erregularra osatzen du eta esparru osoa horma batez inguratuta dago. Laukizuzenaren alde motz batean, erdian hain zuzen ere, sarrera nagusia irekitzen da eta, pareko aldean, kanposantuaren kapera agertzen da, multzo osoaren burua osatuz. Bi elementu horiek, sarrera nagusiak eta kaperak, eraikinaren erdiko ardatz nagusia osatzen dute.

Barruko eremuan, hainbat osagai nabarmentzen dira, besteak beste, arkupea edo ataria, eta aipatutako kapera. Arkupea perimetrala da eta fuste leuneko zutabe doriarrez hornituta dago. Sarrerako eta kaperako alboetan, hau da, motzak diren aldeetan, sei zutabe agertzen dira; alde luzeetan, ordea, hamar zutabe albo bakoitzean. Atariko estalkia bi isurialdekoa da eta, bertako tradizioari jarraituz, zurezko egitura dauka; egitura osoak horma eta zutabe doriarrak ditu euskarri. Atariko gunean Erromako etxeko tradizioa bistan da, erabilitako zutabe doriarrek Greziako tradizio historizistarraren kutsua izan arren.

Bestalde, kaperan eta sarreran, egituraren aldetik, zenbait osagai egiptoar eta greziar azaltzen dira. Hala nola, kaperaren diseinua, trapezio-formakoa dena eta Egiptoko arkitekturan azaltzen diren pilonoak gogora ekartzen diguna; halaber, gorputz berean agertzen diren frontoi triangeluarrek eta ertzetako elementuek, akrotera izenekoak, Greziako ereduetara jotzen dute. Gorputz honen fatxada gurutze batek koroatzen du. Barruko gunea, kanposantu osoa bezala, angeluzuzena da. Estalkia hormetan eta lau angeluko bi zutabetan bermatuta dago. Horretaz gain, alboetan bi hutsune agerian daude.

Sarrera nagusiaren diseinuan trapezio eskema errepikatzen da, baita frontoi triangeluarra eta akroterak ere. Atal honen erdian irekitzen den sarbidea angeluzuzena da.

Badirudi, jatorrizko lurperatzeko lekua arkupe gunea izan zela, baina gune hori estali ondoren, moldaketak eta etengabeko handitze-lanak izan ditu Markina-Xemeingo kanposantuak. Gauzak horrela, bigarren fase batean, kanpo aldeko espazioa erabili zen ehorzketak egiteko eta panteoiak, mausoleoak eta bestelako hilobi monumentuak altxatzeko. Horietako bat Xabier Maria Munibe XI. Peñaflorida kondearen mausoleoa da. Multzo horrek hilerriaren eskema orokorra eredutzat hartzen du eta Greziako eta Erromako tradiziora jotzen du. Esparrua angeluzuzena da eta ganga batez estalita dago. Hilerriko sarreran eta kaperako fatxadan bezala, hemen ere frontoi triangeluarrak eta akroterak ikus daitezke.

Gero, gerra zibilaren garaian gutxi gorabehera, handitze lanen bitartez gune berria eratu zen ipar aldean eta, horrekin batera, eliza eta espazio berria lotzeko, bigarren mailako zenbait sarrera ireki ziren.

Gaur egun Markina-Xemeingo hilerria Euskadiko Monumentu Nazionala da.