Kontzeptua

Mairi

Horrela esaten zaio Nafarroa Beherean herri-sinesmenaren arabera, ikaragarrizko indarra duen jeinu bati. Hainbaten arabera, gure herrian bizi izan zen aspaldi-aspaldiko gizaki bat da. Inguru horretatik kanpora ez da ia ezagutzen izen horrekin.

Mairiek haitz ikaragarriak eskuz eramaten zituzten Arradoi menditik gazteluak, trikuharriak eta abar eraikitzen zituzten tokietaraino. Harrizko babesleku handiak, Mairietxekoak, Mendibeko Gaxteenia trikuharrikoak eta Armiagakoak (Behorlegi) kasu Mairi batek garraiatu zituen. Mendibeko trikuharria Gaxteenia baserri ondoko muino batean dago eta trikuharriaren harriak Armiaga edo Urtxuri mendietatik eraman behar izan zituzten hara, toki horiek baitira harri gorrizta hori eskuratzeko gertueneko lekuak. Mairik harriak buru gainean jarrita eraman zituela esaten da, eskuekin iruten ari baitzen.

Hona hemen 1952ko ekainaren 4an Gazteeni etxeko J. Etxemendik, Mendibeko trikuharriaren aldamenean geundela kontatu zidana:

Mairen-etxia. Zaharrek erten zien Mairen eliza zela. Gaiñeko harria emazteki batek, iruten ai zelaik, burian ekarri omentzen. Armiaga'tik edo Urtxuri- aldetik ekarri behar zen; bestetan ez baitzen olako harri gorririk hemen igurian. Lenaoko zaharrek erten zien Mairen-etxian ahatxe-larri bat urrez beterik ihortzük bazela.

Kondaira honi dagozkion kontuak ia Euskal Herri osoan daude zabalduta eta batzuk baita Euskal Herritik kanpo ere. Horrela, Entziako Gezao leizean bizi zen Amilamia batek buru gainean jarrita eraman zituen Agurain (Araba) ondoan dagoen Arrizala trikuharriko harriak eta gorua eta ardatza eskuetan hartuta irunez joan zen bidean. Mairiak Cerquand-ek jasotako Zuberoako hainbat kontakizunetan ere agertzen dira. Mairiak Laminekin Mendin biltzen ziren astean behin ongi pasatzera eta, beraz, badirudi, Mairiek sexu maskulinoa zutela, Maideek eta Intxixuek bezala. Roldanek Mairiak lurralde honetatik erbesteratu egin zituela esaten da.

  • CERQUAND. "Légendes et récits populaires du Pays Basque". B.S.P., 1874-1875.
  • REICHER, GIL, G. y LAFONT, René. "Des personnages mal connus du folklore basque: les Mairiak", Revue de l'Histoire des Religions, CXXI, 1 zbk.
  • BARANDIARAN José Miguel. "Crónica de prehistoria", Euzko Jakintza, IV, 4-6 zbk., 425-427 orr.