Abesbatzak

Lezamako Ekidazu Abesbatza

Bizkaiko Txorierri haranean bada herri bat, Lezama izenaz ezaguna dena. Bertan, 2.500 inguru biztanle dira lanaren bidez bizimodua aurrera ateratzeko ahaleginean dihardutenak.

Ekidazu Abesbatza, 2001. urteko udaberrian sortu zen Lezaman, Zorrizketan Euskara Elkarteko kide batzuen iniziatibaz eta bultzadaz, Jabi Agirre eta Fernando Olabarrieta tarteko zirela. Euskara Elkartearen helburua herrian euskara sustatzea den bezala "Bata-besteagaz lezamarrok euskeraz" leloa lekuko, ekimen hori musika bidez ere indartzea otu zitzaion norbaiti. Hortik, bada, abesbatzaren sorrera eta jaioberriari izen egokia jartzeko bila hasi beharra etorri zen.

Ekizazu izena, Mikel Zarate euskal idazle lezamarraren Haurgintza Minetan (1973) liburutik hartuta dago, nobelaren gorabeherak gertatzen diren herriari, bere jaioterriari, deitzeko asmatu edo "konposatu" zuena; hain zuzen, sasoi hartan "Euzkadi" hitza erabiltzea debekaturik zegoenez, hizkien ordena aldatuz, "Ekidazu" sortu zuen.

Abesbatzaren lehen pausoak eman eta laster, zuzendari profesionalen laguntza estimagarria jaso zuen: Antton Lete arabarra, Agurtxu Garai bermeotarra, Miren Zubieta derioztarra eta gaur eguneko Iratxe Ispizua bilbotarra. Guztiak musikari profesionalak eta beraiei esker abesbatza mailaz maila kalitate musikalean gorantz doan ustea hedaturik dago korukideen zein herritarren artean. Gaur egun (2014 urtean), 24 ahots mistoz osaturik dago, guztiak lezamarrak bizpahiru izan ezik. Kide batzuk teknika bokaleko ikastaroak eginak dituzte eta entsegu bakoitzaren hasieran ahotsa lantzeko ariketak egiten dira.

Abesbatzaren estatutuetan agertzen den moduan, abesten gozatzeaz aparte, bere helburu nagusiak bi dira: batetik, bereziki euskal musika korala eta orokorrean, munduko folklore-musika maitatzea, zaintzea, zabaltzea eta kantatzea; bestetik, musikaren bitartez, euskaltzaletasuna ere agertzea eta zabaltzea. Hau da, euskara gure hizkuntza oinarritzat hartuta, Euskal Herriko altxor musikala landu, zabaldu eta beraiekin gozatu, eta musika bera hizkuntzarik unibertsalena denez, beste herrietako kultura musikala landuaz geurea aberastu. Abesbatzaren errepertorioan abesti gehienak euskal folklorekoak edota euskaraz kantatuak diren arren, beste hizkuntzak ere erabiltzen dira, hala nola: gaztelania, ingelesa, latina, frantsesa, italiera, zuluera...

2001ean sortu zenez, abesbatzaren orain arteko curriculuma nahiko laburra da, baina bide onetik abiatuta doa, gero eta kalitate hobea lortuz. Ematen dituen kantaldi gehienak Lezaman izaten dira (Gabonetan, herriko Andramari jaietan, San Joan bezperan, herri-eskolako ikasturte amaieran, Agate Deuna bezperan, Santa Zezili musikarien patroi egunean, korukideen lagun eta senideen ezkontzetan eta abar.

Edonola, Lezamatik kanpo ere mugitzen da, Txorierriko herri guztietan eta Bizkaiko hainbat herritan kontzertuak eskainiz: Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak (BAE) antolatzen dituen Bizkaiko korista egunean eta, batez ere, abesbatza sortu zenetik urtero Udaberriko Kontzertuetan, Derioko Ipar-alde abesbatzak antolaturiko Txorierriko Gabon-kanten festibalean eta abar.

Bereziki gogoangarriak dira Europako beste koru batzuekin batera, Parisko Unescoren egoitzan eman zuen kantaldia (2011ko urtarrilean) eta Mallorkako Udaberriko Kontzertuetan (2013ko maiatzean). Aurten (2014), lehen aldiz Bilboko Begoñako Hamabostaldi Musikalean parte hartu du, Bizkaiko hainbat abesbatzek (50 inguru) bertan kantatzen dutelarik. Taldean, nabaria da urrats berri bat eman denaren sentipena.

Izan ditu beste abesbatza batzuekin elkartruke sano aberasgarriak, hala nola: Arabako Añanako Gezaltzako Gaubea, Teruelgo Coral Alcorisana, Gipuzkoako Hernaniko Kantuz, Bizkaiko Otxarkoagako Coral de Otxarkoaga, Txurdinagako Mahatsorriak, Elorrioko Berriotxoa eta azkena Frantziako Luz-Saint-Sauveur Orfeoia.

Ekidazu abesbatzaren berezitasun batzuk azpimarratze aldera:

  1. Zuzendari eta korukideen arteko elkar-ulertzea eta adiskidetasun giroan aritzea.
  2. Koruaren funtzionamendua ia erabat euskaraz izatea.
  3. Beste koru batzuekin elkartrukeak antolatzea.
  4. Musikak elkartzen duen taldea izanik, giza-balioak lantzeko laguntza izatea.
  5. Taldeko ardurak txandatuz, bakoitzaren partaidetza gauzatzea.
  6. Abesbatza indartze eta berritze aldera, herriko zein inguruetako kide berriak erakartzeko ahaleginak egitea.
  7. Urtero beste nazio edo herrialde batera irteera prestatzea; 2015ean Belgikara bidean.

Gaur egungo presidentea Pili Gorbea da.

Kantatuaz, kantatuaz zorion eta penak,
kantatuaz sortzen dira gure itxaropenak!