Matematikariak

Lasala y Martinez, Atanasio

Matematikari nafarra. Tutera, 1847-05-02 - Bilbao, 1904-02-20.

Atanasio Lasalaren irudia, gutxienean bere matematikari -katedraduna eta testu-lanen egilea- eta hezitzaile -Bizkaiko eta Ourenseko Probintzia-Institutuen etorkizuna arteztuz- arlo bikoitzaren arabera baloratu daiteke. Ez dira, hala ere, merituok entziklopedia honetan sartu izanaren zioa, bere ekarpenetariko batzuetara nola iritsi zen baizik; nolabaiteko originaltasunez ikerketak garatzekotan gizaldi arteko institutu-katedradun bakan horiek egindako ahalegina era nabarmenean erakusten duelako. Eta hori guztia, meritu handiagorako, baliabide urri eta baldintza-egoera erabat kaskarretan.

Jaiotzaz Tuterakoa zen arren, Zaragozako Unibertsitatean batxilergoa ikasi zuen, beharbada geografikoki hurbil egonagatik, eta gero Barcelonara joan zen, bertako Unibertsitatean Zientzia Zehatzetan -1871. urtean eta emaitza bikainez- lizentzia lortuz. Ez zen hor bere heziketa bukatu; geroago Lur-neurtzaile eta Aditu titulua atera zuen, inoiz bere bizitzan jarduera horretan -beharbada bere hezkuntzarako joeragatik- arituko ez zen arren.

Lasalaren eskola-ibilbidearen hastapenak ez ziren errazak izan. Madrilgo eta Barcelonako Unibertsitateak ziren (1900ean Zaragozakoa gehituko zitzaien) Zehatzen atala zuten bakarrak, eta ondorioz matematikorik gehienek euren lanbidea batxiler-ikastegietan, edo horrelakorik ezean, ingeniaritza- edo arkitektura-eskoletan garatzen zuten. Lasalak ez zuen ildo horretatik irten (izatez, ez zuen bigarren mailako irakaskuntza 1904, hil zer urtera arte, utzi).

Bere ikasketak amaitu orduko, hezkuntza-munduak jada bazuen bere baitan Tuterako adimen gazte hura. 1896. urtean, bere jaioterriko Institutuan lehendabiziko irakaskuntza-lanpostua lortu zuen (irakasle laguntzailea). Hiru urte geroago, hogeita bost urte besterik ez zituela -legeak gutxienez eskatzen zuen adina- Ourenseko Institutuan matematika katedra-oposaketa eskuratu zuen. Geroago, igoera-bidean, idazkari (1872-73 y 1874-80) eta zuzendari (1880-82) betebeharrak eskuratu zituen, biak Ourensen.

1882. urtean, meritu-lehiaketa baten arabera, Ignacio Bereziartua matematika katedradunarekin batera Bilboko Institutuko katedradun izendatu zuten, Jose de Naveranen heriotza izatean utzitako hutsunea betez. Bertan, 1900tik 1904ra zuzendari dugu. Azkenik, ezin ahaztu daiteke urte luzetan zehar geometria deskriptiboaren klaseak eman zituen Bilboko Ofizio eta Arte Eskolara egindako bere ekarpena. Bere lan matematikoaren zatirik handiena eta, garrantzitsuagoa dena, bere herrikideengandik izan zuen maitasun eta estimazioaren hartzekodun izan zen tokia, Bilbo, bere alma mater, zen. Katedradunagatiko izan zuten maitasuna hain zen handia eze, bere hileta-eguneko lagun-taldeak gizarte-oihartzuna izan zuen; alkateak, probintzia-ahaldunek, ingeniariek, etab. bezalako ospedun pertsonek (bere ikasleek, izatez, "ongile" oneko, ahultasunik gabeko, gogoratzen zuten) buru izan ziren.

XIX. mendeko azken laurdena, Lasalak irakatsi zuen aldia, irakaskuntzarako aro zaila izan zen. Izan ere, egia esan, probintzietako irakasleen matematika-ikasliburuak ugaritu ziren garaia izan zen. Irakaskuntzan lortutako diru-sarrerak gehitzeko irakasleek testuen salmentatik argitalpen-etekinak lortzen zituzten urteak alegia. Irakasle bakoitzak, egoki begitantzen zitzaion testu liburua aukeratzen zuen garaia, gehienetan norberak egina edota beste testu batzuen koargitaratzaile izatea bezalako interes komunak partekatzen zituzten bere lagunen batena alegia. [1868tik aurrera, argitu beharra dago, irakaskuntza-askatasunak bigarren irakaskuntzan testu liburuen erabilera askea ekarri zuenean gertatu zen.]

Hori bai, testu liburuen ugaritasunak, arlo onuragarri bezala, irakasle bakoitzak bere lanetan aurkeztu zitzakeen hobekuntza didaktikoak bakarrik ez ezik, ikasgaien edukiak gaurkotzeko aurkikuntza horretan egileak originaltasun-maila -handi eta txikiago- batez gai aurreratuagoetan jarduterik ekar zezakeen. Lehendabiziko taldean kokatzen da Lasalaren kasua. Bilbon 1894ean argitaratutako Elementos prácticos de Aritmética y Geometría, izenekoak ariketa eta buru-lan bilduma zabala du, horretarako ikasbide ulergarri eta didaktikoz baliatuz. Bere beste ikasliburu biak hauek izan ziren: Elementos de Matematicas (1876) [ale bi ditu: "Aritmética y Álgebra" eta "Geometría y Trigonometría"]; eta bestetik Nociones de Contabilidad (1894).

Bigarren mailakoak hasiberrientzako idatzi zituen idazlanak izan ziren. Lasala gehien erakartzen zuen zientzia zehatzen berariazko arloa, zenbateko imaginario edo zenbateko korapilatsuena izan zen :matematika modernoaren esparru sortzaileetariko bat -korronte imaginarista- Zientzia-Fakultateen ikasle aurreratuenentzako baliagarritasun handikoa zela uste zuen, batez ere geometria eta trigonometriara zituen aplikazioengatik. Kurrikulu-programetara egokitzen ziren eduki batzuk arrunt bihurtzetik urrun, Lasalak "hetoide" izena ezarri eta bere eraikuntzan funtzio hiperbolikoetarako aplikazioak aurkitu zizkion bihurgune ezezagun bat bezalako elementu original batzuk txertatu zituen. Bere asmoen azalpenik garbiena Bilbon 1894ean argitaratu zuen Teoría de las cantidades imaginarias liburua da, bi urte geroago Generación de las cantidades imaginarias por graduación infinita y estudio de un género de curvas llamado hetoide izeneko liburuarekin luzatu zuena (Bilbao, 1896).

Lanak, Madrilgo Zientzia-Akademiaren aldeko txostena jaso zuen (egia esan, Akademiako bertako "urgazlekide" zen). XX. mendeko matematikari espainiar ospetsuenetariko baten, Julio Rey Pastor (1882-1966), hurrengo adierazten diren hitzak -Lasalari buruzko ikerketa biografikorik osatuenaren egile diren J. Llombart eta A. Bernaltek (1986 : 966) aipatutakoak- bere ekarpenaren balioa oso ondo adierazten dutelakoan nago:

"Rey Herediak kopuru irudikariei buruz egindako lana (1865) goraipatzekoa da, mende bukaerako matematikaren berpizkundea garatzen lagundu zuelako. Lan hori, matematikoa izan beharrean filosofikoa bazen eta nahikoa oinarrizkoa bazen ere, ikasketa horiek arrunt bihurtzeko balio izan zuten behintzat. Geroago, Apolinar Folak eta Lasalak jarraitu zuten, ageriko aurrerapenik gabe baina baliabide originalak erabiliz" (Valladolid, 1915).