Ikastolak

Landaberri ikastola. Lasarte

Lasarteko ikastolaren sorrera aipatzerakoan azpimarratu behar da hainbat herritar euskaltzaleen izerdi eta poltsikoari esker atera zela. Ikastolaren sorreran bere lekua du, "Gure-etxea" tabernak, hau izan baitzen urte bete osoan, astero-astero, bilera leku eta ikastolaren sorrerari buruz hitz egiteko gunea. Bilera horien ondorioz, Ikastolaren alde egiteko hiru komisio jarri ziren lanean: komisio bat andereño bilatzeko; bestea Ikastola non kokatuko zen erabakitzekoa; eta hirugarren bat Ikastola martxan jartzeko ume bila arituko zena.

Herritarren erantzunak erakutsi zuen Ikastolaren aldeko apustua benetakoa zela. Horrela Ikastolaren aldeko aurreneko komisiokoek, maistra euskaldun bat aurkitu zuten Elvira Zipitriarekin praktikak egiten zituena eta berekin harremanetan jarri ziren. Hau Arantxa Mendizabal zen, gero hainbeste urtetan eta hainbeste lan egingo zuena. Espazio fisikoari dagokionez, elizaren eta herritarren ekarpena azpimarratu behar da. Beste komisioaren eginkizuna haurrak bilatzea izan zen, hauek banan bana hiru-lau urteko haurren guraso euskaldunekin hitz egin zuten eta baita bilera batzuek egin ere. Guraso mordo batek nahi zuen, baina beldur handia zegoen...

1966an Sociedad Cultural Lasarte izenarekin sortu zen aurreneko Elkartea. Gobernu Zibiletik baimen guztiak lortu ziren, baina berehala konturatu ere bai kontrol handia izango zela hauen menpe egotea eta beldurra sortu zen. Hau dela eta utzi egin zen elkarte hori.

1966-67 ikasturtean Ikastolaren hasiera Andre Joakina-enean eman zitzaion, Elizak titularitatea zuelarik, Parroki Eskola bezala. Ondorengo urtetan ikasturtean txiki gelditu zen Andre Joakina Enea eta German Rekondok Goenkalen libre zuen etxeari heldu zitzaion; Parrokian, Luistarren bilerak egiteko Huistin baserriaren kontra zuen lokala ere erabiltzen hasi ziren. Gela hauetaz aparte Ikastolak beste hainbat lokal erabili zituen: Sasoeta auzoan Berben etxean libre gelditutako lokala- lehen farmazia zena-, (1970) Lasarteko mojak bere komentu ondoan zuten etxea (1970)...

1968-69 ikasturtean Gipuzkoako ikastola multzo bat biltzen da Gobernutik datorren erasoari aurre egiteko asmoz eta Elizaren babesean jartzea erabakitzen da. Lasarten legalizazio eskaera On Miguel Olacireguiren izenean egiten da "Escuela Parroquial Lander" deituz eta paper guztiak Donostiako Hezkuntza Delegazioan entregatzen dira. 1970ko martxoaren 13an Ikastolaren legalizazioa iristen da: "Se autoriza el funcionamiento legal de la Escuela Parroquial Lander".

1972-72 ikasturtean pauso garrantzitsu bat ematen da, Usurbilgo "Kalexar"-era pasatzen dira. Horra joateko autobusa erosten da eta txofertzarako guraso bat eskaintzen da. Usurbilen ere ikastolari ekiten zaio eta Lasartekoarekin bat eginik bera ere indartzen joan daitekeela ikusten da (haur hezkuntza bakoitzak bere herrian kokatua zuten). 1972an izena eta titularitatea aldatzen zaizkio Cooperativa de Consumo-Enseñanza Landaberri, eta ikastetxearen izen berria jartzen zaio: Landaberri ikastetxea.

Zubietan aukera bikain bat eskutan izanik, 1972-73ko Ikastolaren Batzar Nagusian erabaki zen ikastola eraikitzeko lurrak erostea eta proiektua martxan jartzen da. 1973-74 ikasturtean bi erabaki sendoak hartzen ditu ikastolak: bat, Usurbilgo Luberri ikastolarekin bat egin eta bi ikastoletako gurasoekin elkarte berri bat sortu: Landaberri kooperatiba (Lasarteko Lander eta Usurbilgo Luberri gogorazi dezan); bi, Ikastetxe berria egiteko eman behar diren pausuak egin behar direla. 1977ko urtarrilaren 7an sartzen dira haurrak Zubieta auzoko ikastola berrira.

1980ko apirilaren 17an behin betiko klasifikazioa iristen da Madrilgo Ministeriotik onartutakoa: "Aprobar la transformación y clasificación definitiva en centros no estatales de EGB del centro denominado Landaberri, domiciliado en la Villa Andre Joakina-enen, cuyo titular es la Soc. Cooperativa de enseñanza Landaberri".

1993an Ikastola, publifikazioa prozesua medio, gurasoen kooperatiba izateari utzi eta Administrazioaren esku gelditzen da, gurasoek horrela erabakita. Ondorioz Lasarteko hezkuntza mapa aldentzen da eta honen ondorioetako bat Landaberri Bigarren Hezkuntzako Institutuaren sorrera izango da.

Landaberri Bigarren Hezkuntzako Institutua, institutu berria dela esan dezakegu, bere sorrera LOGSEri lotua dago (1996). Bere garaian OHOko ikastetxe bezala sortu zen Ikastola pribatuen eremuan, baina publikotasunaren aukera eskueran jarri zenean, publikoaren erronkari heldu zion. Ondoren, aurretik aipatutako lege organikoa abian jarri zenean, Institutu independente izendapena jaso zuen, eta honekin batera, inguruetako bi ikastetxeri (Usurbilgo Agerialde eta Lasarte-Oriako Pablo Garaikoetxea) Landaberrirekin lotzeko agindua eman zitzaien. Honen guztiaren ondorioz sortu zen Landaberri BHI ikastetxea.