Ikastolak

Karmengo Ama Ikastola. Alegia

Alegiako Karmengo Ama Ikastola, 1967ko urtarrilean sortu zen, hasieran bere titularra Agrupacion Cultural Alegiko Ikastola izan zen, helbidea Udaletxeko 2. solairuan zuelarik. Ikastolak 1967-1968 ikasturtean ireki zituen bere ateak, irakasle batekin eta 20 haurrekin, irakasle hori Begoña Azpeitia alegitarra zen.

Inaxio Begiristain Albisu antzerkigilea eta Juan Mari Oiarzabal Artola izan ziren sortzaileetakoak. Ikastola martxan jarri zenean, alegitar batek. Elixaldek, 100.000 pezetako diru laguntza eman zuen, baina pertsona hura hil arte ez zen jakin bere identitatea. Karmengo Ama Ikastola 1969ko azaroaren 6an legeztatu zen.

Lehenengo gela udaletxeko bigarren solairuan kokatuta zen, baina bigarren gela baten beharra ere berehala ikusi zen. Frankoni Kolegioari eskaera egin eta erantzuna ezezkoa izan zen, orduan, San Juan kaleko 81ean lokal bat alokatu zuten eta bertan beste bi gela ireki. 1978an Eskola Publiko berria egin zutenean, hutsik geratu zen eraikinera pasatu zen Ikastola, 2003. urtera arte Haur Hezkuntza egon zen eraikinera hain zuzen ere. Ikastolan hiru urtetik hirugarren mailara bitarteko haurrak egoten ziren, eta ikasketak euskaraz jarraitzeko Tolosako Ikastolara joaten ziren, Alegiko San Juan Ikastetxean ez baitzen euskaraz irakasten.

1979an gela bat gehitu behar eta Udalari eskatu zitzaion, eta honek San Juan Ikastetxe Publikoa eta Karmengo Ama Ikastola elkartzeko edo bat egiteko proposamena egin zien. Proposamen horrek kezka sortu zuen hasieran Ikastolaren inguruko jendearengan. Azkenean, 1979ko irailaren 6an, Karmengo Ama Ikastolako gurasoen Batzarrak San Juan Ikastetxea eta Ikastola elkartzeko prozesua aurrera eramateko erabakia hartu zuen.

Erabakia gauzatzeko zenbait erakundeetako ordezkariak bildu ziren: Ikastolen Federazioko ordezkaria, Eusko Kontseilu Nagusiko ordezkariak, Alegiako Alkatea, eta Karmengo Ama Ikastolako eta San Juan eskolako ordezkariak. Alegiko Udaletxeak bultzatutako fusioaren ondorioz, Ikastolak izena eta izaera aldatu zuen. Titular berria Eusko Jaurlaritza izango zen, izen berria San Juan Ikastetxe Publikoa.

Elkartze prozesua aurrera zihoan bitartean, Karmengo Ama Ikastolako irakasleak San Juan Eskolako irakasle taldera bildu ziren. Momentu hartan 4 irakasle zeuden Ikastolan. Elkartze prozesua pixkanaka egin zen, 1979-1980 ikasturtean hasi eta 1983-1984 ikasturtean amaitu zen, ikasle eta irakasle guztiak ez baitziren momentu berean joan San Juan Ikastetxera.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Karmengo Ama Ikastola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 23].