Pintoreak

Izu, Teresa

Nafarroako margolari hau Iruñean jaio zen 1965ean, eta bertan hil zen 2000. urtean.

1984an, Iruñeako Arte Aplikatuen Eskolan graduatu zen, eta Mariano Royok Iruñean zuen pintura tailerrera joan zen. 1985ean, Taller de Arte Actual Josep Guinovart tailerrera bertaratu zen, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, eta urte berean Nafarroako Gobernuko beka lortu zuen. 1987an, Liberto Molinak Lisboan zuen tailerrera joan zen, Estagio ikastaroan parte hartzeko, eta Antonio Invernoren ikastaroan ere parte hartu zuen, Lisboan bertan. 1990ean, Arte Plastikoen sorrerarako laguntzetako bat jaso zuen, Nafarroako Gobernuaren eskutik. Bere koadroak Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Museoa, Zaragozako Udala edo Iruñeako Udala bezalako erakundeen arte-bildumetan jasota daude. Pintura lanak egiteaz aparte, ilustratzaile gisa jardun zuen. Lan hauek egin zituen: Rosa Barasoain egilearen Poemas a tu belleza liburuaren ilustrazioak; Nafarroako Bio Lur Elkarteak argitaratutako nekazaritza ekologikoari buruzko monografikoen bilduma-azaletarako collage bilduma; Nafarroako Bio Lur Elkarteak argitaratutako Qué es un alimento ecológico argiltalpenerako ilustrazioak, eta baita ere Rosa Barasoain egilearen La niña de agua y su amigo el mar ipuinaren ilustrazioak (ipuina gaztelaniaz, euskaraz eta alemanez argitaratu zen). 2001ean, Iruñeako Udalak atzera begirako erakusketa dedikatu zion: Teresa Izu. Café colectivo. Omenaldi horretan tokiko hogei bat artistek ere parte hartu zuten, berari eskainitako obra batekin.

35 urte besterik ez zituela, Nafarroako pinturaren panoraman ezaguna zen; oso adierazpen plastiko pertsonala zuen, eta beraren lanetan kolorearen erabilera nabaria zen, pigmentuen bitartez, sailkatzeko zaila den teknika misto batean. 1986an egin zuen lehenengo erakusketa, eta ordudanik bakarkako erakusketetan eta erakusketa kolektiboetan parte hartu zuen. Teresa Izu ez zen inoiz hitz askoko artista izan, baina adierazteko eta komunikatzeko indar handia zuen. Pinturaren bitartez komunikatzen zen, eta kolorea bere arima-egoeraren, bizitasunaren eta energiaren ispilua izan zen, ia beti. Bere ibilbide artistikoan artista askorekin egin zuen topo; izan ere, talde proiektu anitzetan parte hartu zuen, eta horietako batzuk berak bultzatu zituen gainera. Teresa Izuren estudioa bere familiak Biurrunen zuen etxebizitzaren ganbaran egon zen beti; bertan eman zituen uda guztiak, eta toki horren eraginez, bere lanetan naturaren, lurraren eta haurtzaroaren presentzia nabari dira. Iruñean egin zuen bakarkako lehenengo erakusketa Café Colectivo, (1987) izenekoa, baita azkeneko ere: Espacios Privados (1999).

Euskarri eta teknika ezberdinak landu zituen, mihiseko teknika mistoa, bereziki, baina baita xilografiak ere. Bere koadro batzuetan, Piezas mecánicas edo Partes intercambiables para grandes máquinas serietan, adibidez, nekazaritza tresnei eta orokorrean landa-bizitzari egindako erreferentziak antzeman daitezke. Aitzitik, bestelako motiboak atzeman daitezke bere hurrengo obran, El niño izenekoan, Aurelia y el viento seriean eta Cuatro o Espacios Privados obran; izan ere, beste elementu batzuk margotu zituen: estazioak, ura, bidaietan ikusitako dorreak, faroak, errotak, haize loreak, etxeak eta abar. Horregatik, bere pintura ez zen inoiz abstraktua izan, bere koadroetako askok itxura formal ez-figuratiboa zuten arren. Lan egiteko metodoari dagokionez, esan genezake Teresa Izuk zenbait koadroetako serieak margotzen zituela ia beti, eta horiek aldi berean diptikoetan edo triptikoetan biltzen zituela. Material ezberdinak nahasten zituen, pigmentuak, ezkoak eta olioak, bereziki, eta hala, adierazpen pertsonala eta kolore errepikaezinak lortzen zituen; material horiek mihisean lehortzen uzten zituen, eta gero, harraskatu egiten zituen, ñabardura berriak bilatzeko.