Ikastolak

Itziarko Ama Ikastola. Deba

Debako Ikastolaren sorreraz hitz egiterakoan, zenbait aurrekari aipatu behar dira, horrela nola 1957an, herriko euskaltzaleen ekimenari esker, adinekoentzat eta haurrentzat euskarazko ikastaroak ematen hasi ziren. Jarraian ikasleak euskaraz hezteko beharra ikusi eta Ikastola eratzeko asmoekin hasi ziren, aurreneko urratsak Oargiren inguruan (Oargi Gipuzkoako "Accion Catolica"-ren ekintza bat zen) biltzen ziren jendeak eman zituen. Talde honen babesean ospatu ziren Euskal Festak, agerian lan egiteko itzala behar eta Parrokiak eman zuen beharrezko babesa. Ekimen hauen ondorik etorri zen batxiler-eskola eratzea eta Ikastola sortzea.

1960ko irailaren 6an Antton Albisu, Pedro Churruca, Adolfo Sota, Rosario Beitia eta beste batzuk euskal Ikastola sortzea erabaki zuten, D. Anastasio Arrinda Albisu arduradun izendatuz. 1963ko irailaren 15ean jarri zen martxan Deban Ikastola, Itziarko Ama Ikastola izenarekin, jabetza Elizarena eta pribatua zelarik. Ifar kaleko 12 zenbakiko etxean eman zion hasiera Debako Ikastolak, Kontxita Azpeitia andereñoa zelarik. Ondorengo urtetan Gure-Kai zeritzan zine-antzokiko lokaletan ere egon zen Ikastola.

1969ko otsailaren 13an legeztatua izan zen eta izena aldatu "Colegio Parroquial Nuestra Señora de Iciar- Itziarko Gure Amaren Parroki Eskola", lege arazo gutxiago izateko asmoz. 1973an Administrazioak baimen ofiziala eman zion eta, baimenarekin batera, Ministerioaren laguntzak hasi ziren, baina ez behar adina. Horregatik gurasoek kuotak ordaindu eta hainbat ekimen antolatu behar izan zituzten: taberna, idi probak ... Herritarrek, herriko elkarteek eta zenbait enpresek ere ekarpenak egin zituzten: Udalak, Kultur Elkarteek, Aurrezki Kutxa Probintzial eta Munizipalak, Danobat ...

1975ean Ikastolako lehen promozioa atera zen. 1976-77 ikasturtean Goldea aldizkaria, haurren entretenigarri, sortu zuten. Aipatu behar da baita, urte horietan OHO-a burutu ondoren Debako ikasleek kanpora joan behar izaten zutela. 1977ko ekainaren 21ean Zubeltzu zineman egin zen batzarrean onartu zen estatutuak aldatzea, horrela 1978an Kooperatiba bihurtu zen, Itziarko Ama Ikastola izena hartuz. Ikastola handituz zihoan eta Udalaren bitartez 1977-87 ikasturtean Ikastolak Hondartzako Menina albergea eskuratu zuen klaseak emateko. 1986an Gipuzkoa Ikastolen Festa, Kilometroak, Deban ospatu zen Itziar auzoan.

1993ko otsailaren 19an, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak eta honek eztabaida ekarri zuen Kooperatibara. 1993ko maiatzean, Ikastolako Kooperatibaren Batzarrak erabakita Ikastola publifikatu egin zen, eskola publikoarekin bat eginez. Administrazioa, Eusko Jaurlaritza, izango da aurrerantzean Ikastolaren jabe berria. 1997ko maiatzaren 13an, Debako Ostolaza-Itziarko Ama Herri-ikastetxeak berriro izena aldatu egiten du eta Luzaro Ikastetxe Publiko izena hartu zuen.

  • AGIRRE, Paulo (2012): Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Debako Ikastola, 25. Urteurrena (1963-1988). Ikastolen Elkartea. Deba.