Ingeniariak

Isasi, Francisco

Jesulaguna, matematikaria eta ingeniari militar eibartarra. Eibar, 1605 - San Mateo (Valencia), 1650.

Gipuzkoako sendia aberats eta eragin handiko baten bigarren mailako semea, bere leinuko beste asko bezala, erlijio eta armek erakarri egin zuten. Adibidez, bere aitona-amonek Eibarko frantziskotarren komentua sortu zuten, eta, Diego, Jose, Antonio eta Domingo Tomas bezalako bere sendikoek militar ospetsuak ziren.

Bere heziketaz, ostera, ezer gutxi dakigu: 1620an, Jesusen lagundian sartu zen, bertan abade ordenatuz, eta ea seguru, filosofia eta teologiaz gain, matematika ikasi zuen. Hezkuntza honek 1633an Madrileko Inperio-Ikastetxe ospetsuan ikasleen artean egon izateko balio izan zion, bertan irasle jardunean izan baitzen, era etenean, bederatzitik hamabi urtera bitarteko epean.

Isasiren izaera ulertzeko ikastetxe horrek gudarostearentzako zuen garrantzia, bere maila eta monarkiarekiko harremana ere aipatzea komenigarria da. Karrera militarra -agian, inoiz baino gehiago- matematika heziketa on baten esku egoten hasia zen garai baten, Salamanca eta Alcalak unibertsitate ikasketak kopatzen zituztenean, humanista-katedrak bakarrik eskainiz, edo, kasurik txarrenean zientzia modernoen irakaskuntzari aurka jardunaz, Inperio-Ikastetxea aipagarria da. 1609an sortua eta 1623an Felipe IV-ak "Centro de Estudios Mayores" bezala eraikia izanik, matematiketan espainiar ikastetxerik gorena eta errege-gudarostearen agintarientzako erreferentzia gune izatera iritsi zen. Matematika katedra birekin eta bat "De re militari" (arte militarretara bideratua) izenekoaz, hauxe izan zen erreinuko matematikaririk hoberenak bildu zituen tokia, euretatik asko atzerritarrak eta erregearen menpekoak izanik. Esan dezagun, 1628tik aurrera errege-kosmografo kargua eta matematika eta kosmografia katedrek jesulagunek hornituak izatera igaro zirela.

Inolako lanik argitaratu ez bazuen ere, Isasi matematiko ona izan zen, atzerritarrak ez ziren espezialista bakar bietatik -bestea Jose Martinez gaztelarra izan zen- bat izanik. Gainera, katedra bi betetzera iritsiko da, hau da, matematikarena eta "De re militari", izatez azken hau bere irteerarekin bete ez zena. Bere izena, ostera, 1638an Hondarribiko gotorlekuarekin lotzen dutenentzako -agian gehiengoa- baino ez da ezaguna izango.

Lortu zituen arrakasta militarra eta herri-ospea, edo nahasian izan zen aldezpen militarrerako kanpainak, egia esan bere irakaskuntza-aldiarekin uztartuta egon ziren; azken baten, horixe izan zen debozioa sentitzen zuen jarduna eta ahal zuen guztietan, Hondarribiko setioan aplikatu zituenak bezalako ezagutza praktikoak lortuko zituen lanbidea.

Geometria militarra eta astronomia munduak bere gairik kutunenak izan ziren; bereziki, 1634ko irailean egin zuen tankera unibertsaleko astrolabioa. Astronomian, izarren kokalekua irudikatzeko, edo topografian, edozein luzera eta latituderako tarteak neurtzeko baliagarri zen tramankulu bat. Halaber, Lurra bezalako lurzoru esferiko bat plano baten gainean irudikatzeko metodo bat asmatu zuen, XVII. mendean kartografiarekiko esparruan ikaragarrizko gaia izanik.

Gaiok izan ziren bere ahalegin guztiak zuzentzen zituen matematika potentzialtasuna - Arte Militarrean aurrerapenak ekoizteko, teorian behintzat, bezalako behar besteko zehatzak ziren ezagutza utilitaristak- zenaren bideetan murgiltzera eraman zutenak.

Berea jarrera nolabait erosoa izan zen, matematikek ez baitzuten Elizaren inolako dogmarik zalantzan jartzen; ezta ortodoxia arazorik planteatu ere: aurrerabiderik lortzea, zientzia-ezagutzak balioesten ziren lurraldearen aldezpenari buruzko eremuaren barnean, monarkiari eta aristokrazia katolikoari erakargarria zitzaien -eta interesgarria ere- zerbait zen. Eta, egia esan, gotorleku bat diseinatzeko arkitekturaz bakarrik ez eze geometriaz ere jakin beharra zegoen: gotorlekurik hoberena poligono itxurakoa zen, poligonoaren angelu bakoitzean bastioiduna, harresiko edozein gune gutxienez beste gotorlekuko toki batetik babestu zitekeenetarikoa.

XVII. mendera arte espainiar erregeek gotorlekuak diseinatu edota zeudenek hobetzeko italiar ingeniariak kontratatzen zituzten, arlo horretan hoberenak. Baina ordutik aurrera egoerak aldatu egin zen; beraien finantzak ahuldu egin ziren eta aditurik hoberenak -orain, frantsesak eta holandarrak- errege arerioen menpekoak ziren. Arazoa 1635ean, Espainiaren eta Frantziaren arteko Hogeita Hamar urteren gudarekiko zioa tartean, larritu egin zen, Felipe IV.a Euskal Herriko leku mugakideak indartzen saiatuz. Orduan, Hondarribiko gotorlekua sendotzeko eskatu zion Isasiri, gai esanguratsua benetan, bera izan baitzen 1638an hiribildua setiatuta gelditu izatean ingeniari eta abade militar gisa jardun behar izan zuena.

Gotorlekuaren alde bere ekintzak naroak dira historia-kroniketan. Hori bai, parte-hartze hori ez zen irakurri zitekeen besteko garrantzitsua izan, gotorlekuan zegoen ingeniari bakarra zen neurrian beharrezkoa baizik, kontraminen diseinuan eta gotorlekuen planifikazioarekiko zereginetan parte hartuz, liskar armatuetan -lekaidea izanagatik - esku hartu gabe izanez.

1640tik aurrera, bere oinatzak ea desagertu egiten dira. Antza denez, 1646an Eibarren egon omen zen, bertan San Andrés parrokiako dorreko eta kapilen planoak egitea eskatu zitzaizkiola, nahiz eta egikaritza-lanak Juan de Ansolari eman zitzaizkion. Hiru urte geroago, bere izena berriz azaltzen da Inperio Ikastetxean; orduan, lehenago bezala, Valenciako mugak gotortzera bidali zuen erregeak, antza denez, San Mateon eraikitzen zuen gotorlekuetariko baten ondorioz porrot eginda hilez.