Ikastolak

Irurako Ikastola

Euskal Herriak 1936ko Gerra ondoren jasaten ari zen egoera sozio-politikoak, beste ondorio batzuen artean, herri xehearentzat oso mingarria izan zena ekarri zuen: bere hizkuntzaren, euskararen, jazarpena eta zapalkuntza. Irurako herrian ere jazarpenaren ondorioz, euskara galtzen ari zen, desagertzen. Egoera honi erantzuteko tresna garrantzitsua bat herriko neska-mutilei euskaraz irakastea izan zen, hots, Ikastola bat sortzea. Horrela, Gazte Alaiak Elkartearen inguruan herriko hainbat guraso eta gaztek gaiari heldu zioten. Lehen lokalak bilatu zituzten, finantziazio iturriak ere bai, ondoren erabat euskaraz eta pedagogikoki berritzailea izango zen eskola antolatzen hasi ziren. Egoera ez zen samurra, baina talde hartako kideei ilusiorik ez zitzaien falta, nahiz eta honek guztiak berekin lana dakarrela jakin.

Irurako Ikastolak 1977ko irailean zabaldu zituen ateak. Apaizetxeko lokalean abiatu zen, 13 haurrekin, eskolaren titularra herriko Kultur Elkartea zelarik. Handik urte gutxira, 1981ean, Ikastolak Hezkuntza Sailaren eskutik titulartasuna lortu eta ordura arte lortu gabeko diru laguntzak jasotzen hasi zen. 1983an Ikastola izaten jarraitzeko erabakia hartu zen bailarako Ikastolekin batera. 1985ean, egungo Haur Hezkuntzako egoitzara, Herri Eskolara, pasatu ziren, ikastetxea Eskola Publikoarekin batera konpartitzen zutelarik, hau hobekuntza handia izan zen. Urte horretan, oraindik Ikastolaren titularra izaten Kultur Elkarteak jarraitzen zuen..

Gerora, Irurako Ikastolako haurrek Anoetako Herri Ikastolan burutzen zituzten ikasketak eta Tolosan ondorengoak. Begi-bistakoa da bi Ikastolen arteko harreman estua: administraria, proiektu pedagogiko berritzaile guztiak, ingeleseko klaseak, heziketa bereziko irakaslearen laguntza, jangela, eta abar.

Ezin dugu ahaztu Irurako Ikastolak Anoetako Ikastolarengandik jaso izan duen babesa. 1994an bigarren gela zabaldu zen Ikastolan: 2-3 urtekoak gela batean eta 4-5 urtekoak bestean. 1996-1997an hirugarren gela zabaldu eta hirugarren langilea hasi zen. Herri hazkundea begi-bistakoa zenez, bi Ikastolek, bi Udalek eta Partaidek (Irurakoak eta Anoetakoak) arazoari heldu zioten, herri bakoitzak bere identitatea mantentzea ezinbestekoa zela garbi zuten aipatutako taldeek eta etapa berri bati ekin zitzaion. 2003an Irurako Ikastolak Zilarrezko Q Saria jaso zuen eta baita Anoetako Herri Ikastolak ere.

2003-2004 ikasturtean LHko 1 eta 2 gelak zabaldu ziren, berriro ere Apaizetxean, horrela urtez urte LH osoa osatu arte. Egun esan daiteke 2 urtetik hasi eta 12 urte arteko hezkuntza eskaintzen duela Irurako Ikastolak. Bitartean, forma juridiko berria eman zitzaion: kooperatiba integrala. Lehen Hezkuntza osoa kokatzeko, Administrazioak eraikin bat eskatu eta hau, 2007-08 ikasturtean egin zen. 2008ko ikasturtean sartu ziren eraikin berrira. Eraikin berriak zekarkien arazo ekonomikoari aurre egiteko, 2008. urtean Gipuzkoako Ikastolen Festa, Kilometroak, antolatu zuten eta horretarako Irurako herritarren eta bailarako Ikastolen inplikazioa ezinbestekoa izan zen. Jendearen erantzuna oso ona izan zen.

2011-2012 ikasturtean 164 ikasle, 134 familia eta 15 langile daude proiektuan. Kooperatiba gurasoek, irakasleek, Udalak, eta ez-ohiko bazkideek osatzen dute, portzentaje jakin batzuetan beti ere. Ikastolaren proiektu pedagogikoak elkarlanari eta elkarrekin bizitzeari garrantzia ematen dio eta orduz kanpo ekimen osagarriak ere antolatzen ditu (guraso eskola, euskarazko klaseak, agenda 21, IKT ...).

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Irurako Ikastola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 23].