Kontzeptua

Iparraldeko departamenduaren aldarrikapena

Euskal Herriko instituzioei buruzko egungo eztabaidari heltzeko bi mobilizazio-ziklo nagusi bereiz ditzakegu.

Epealdi horretan elementu ugaritan oinarritzen den mobilizazio-ziklo bat agertzen zaigu, hainbat alderditan azken mendeetako aldarrikapenak aldarazten dituztenak (AHEDO, 2002).

Lehenik eta behin, eta lehen aldiz, arestian aurkeztu ditugun lurraldeari buruzko hiru interpretazioak diskurtso bakarrean txertatzen dituen estrategia bat bateratzen dute eragileek. Interpretazio horiek garapenaren eta gobernaketaren estrategia ahalbidetzen duen ekarpen legemaile baten ardazten dira. Hala, "aurrera doan herria" kontzeptuaren inguruan (zeinak, zalantzarik gabe Pays Basque 2010 prozesuak eta Antolamenduaren eskemak sorrarazitako itxaropenari erreferentzia egiten baitio) ekonomiaren interpretazioa (departamendua = garapena) kulturaren (departamendua kulturaren eta euskal hizkuntzaren berme-emaile gisa) eta politikaren (departamendua politika herritarrengana gerturatzeko modu gisa) interpretazioan txertatzen duen diskurtso bat egituratzen da.

Diskurtso bateratu horri esker herriko sektore zabalek eta departamenduen aldeko sektoreek bat egiten dute eta aldarrikapenari eusten diote argudioetako batekin ados egoteagatik. Modu horretan, tokiko eremuan abagune politikoaren egituraren aldeko baldintzak sortzen dira. Eta horri, ikuspegi nazional itxia eransten badiogu, baterako mugimendu baten alde elkarreraginean aritzeko bultzada ematen die eragileei. Hala, joan den mendearen amaierako mobilizazio-zikloari esker diskurtso batean bat egiteaz gain, estrategikoki ere batasuna iristen da Ildo horretatik, urriaren 9ko deialdia hastapeneko gizarte-mugimendua da, ondoren jazotzen den Batera plataformaren sorrera eta bere ezaugarriak azaltzen dituena.

Diskurtso bateratua, hastapeneko mugimendua eta abaguneen hedapenak behar bezala txertatzen direlarik, Euskal Herriko departamenduaren (Pays Basque departamendua) sorrerak eragindako statu quo delakoaren aldaketa eskatzen duten sektoreen ohiko auzibidezko adierazpenaren adibide nagusia sortzen da 90eko hamarkadaren amaieran. Horrela, 1999ko urrian 13.000 pertsona baino gehiago atera ziren kalera euskal instituzioen alde egiteko. Nazien okupazioa amaitu zenetik Iparralden inoiz izan den manifestaldi jendetsuena izan zen. Dena den, kolektiboa mugimendu betean zegoen unean desagertu egin zen barneko ezadostasunak, hauteskunde garai luze baten hasierak, agintarien erantzuteko gaitasun ezak eta abagune politikoaren egituran izandako aldaketak eraginda.

Bi urte horietan departamenduaren aldeko kolektiboak jendaurrean aurreko garaian baino askoz gutxiagotan agertu arren, elementu asko nabarmendu behar dira, 2003. urtearekin batera abiatzen den ziklo berrian instituzioen aldeko mugimenduaren ezaugarriak aurre-irudikatzen dituzten heinean.

Alde batetik, ikusi dugun moduan, urriaren 9ko Deialdiaren inguruan antolatutako departamenduaren aldeko mugimenduaren estrategia ohiko ekintzan ardazten zen. Baina 2000. urtean kolektibo berri bat agertzen da aurrekoa ordezkatuz, korronte abertzaleekin lotura handiagoa duena eta izaera disruptiboa duen jardunbide bat abiarazten duena. Hortaz, 2000 eta 2003 bitartean, Demoek (Demokrazia Euskal Herriarentzat) Iparralden desobedientziazko ekintza indartsu batzuk gauzatu zituzten agintariak zirikatuz. Talde hori bi eskakizunen inguruan antolatzen zen: Euskal Herriaren (Pays Basque) instituzionalizazioa eta Antolamenduaren eskeman diseinatutako estrategia linguistikoa gauzatzea. Hala, hainbat eta hainbat ekintza burutu zituzten, horietako batzuk oso ikusgarriak desafiorako gaitasuna, agintarien artean zalantzak sortzeko gaitasuna eta esku hartze disruptiboari darion elkartasunezko jitea erakutsiz. Hiru urtez gauzatu zituzten muturreko ekintzak, indarkeriarik gabe, eta horien bitartez, gizartean kontra egiteko jarrera handiagoa sorrarazi zuten ohiko mobilizazioetatik haratago. Horrenbestez, ordura arte mobilizazioetan, manifestaldietan eta batzarretan baino parte hartu ez zutenek, pixkanaka eta modu apalean estrategiak indartu zituzten agintarien borondatea iraultzeko asmoz. Hori da, besteak beste, ELB nekazaritzako sindikatuaren kasua. Sindikatu horrek egoitzak okupatzeari ekin zion laster, aldi berean, globalizazioaren aurkako lider eta Vía Campesina delakoaren buruzagi Jose Boveren babes sinbolikoa jaso zuelarik (AHEDO, 2004).

Urriaren 9ko Deialdia Iparraldeko pertsona ospetsu batzuen konpromisoan oinarritzen zen, horien artean hainbat hautetsi. Haien jarrerak ez zuen talka egiten militante gisa jarduten zuten taldeen barruan eta hori zen Deialdiaren arazoetako bat. Ildo horretatik, sozialisten idazkari Frantxua Maitiak plataforman lan egiten bazuen ere, horrek ez zuen eragozten haren kide Jean Espilondo departamenduaren aurka ezohiko zitalkeriaz agertzea. Gauza bera esan daiteke Inchauspek eta Michele Alliot Mariek RPR barruan eta Beñat Gimenezek eta Lasserrek UDF barruan erakusten zuten jarreraren inguruan. Azkenik, departamenduaren aldeko hautetsien konpromisoa bertan behera geratzen zen alderdiaren logika mehatxatzen zenean. Hori dela eta, ez da halabeharrezko kontua urriaren 9ko Deialdiaren gainbehera Iparraldeko kontseilari nagusiak, alkateak eta diputatuak aukeratzeko hauteskundeekin batera gertatzea.

Hala eta guztiz ere, logika alderdikoi horren zutabeak lehertu egin ziren 2001eko iraileko senatuko hauteskundeetan. Hauteskunde horietan, departamenduaren aldeko zerrenda bat aurkeztu zen, alderdi guztietako ordezkariz osatzen zena; modu horretan, beren alderdietako hautagaitza ofizialen aurka lehiatzen zirelarik. Hauteskunde horien ildotik (hautetsien taldeak baino ezin zezaken botoa eman, departamendu-barruti bakarra hautatuz) bi ohartarazpen egin daitezke. Alde batetik, mugimendua taktikoki urte erdi baino gehiagoan aldarrikapen horren dinamizazioan oinarritu bazen ere, aipatu hautagaitzak erakusten duenez, alderdi ezberdinetako hautetsien borondatea aldagaitz mantendu da. Modu horretan, departamenduaren aldeko zerrendak Frantziako Beheko Ganberan ordezkaririk eskuratu ez bazuen ere, ia 200 hautetsik haren alde egin zuten, hau da, Euskal Herriko (Pays Basque) hautagaitza bozkatuena izan zen. Bigarrenik, eta erdietsitako emaitza onetatik haratago, hautagaitza horren gauzarik garrantzitsuena osagai guztiek (abertzaleek izan ezik) alderdiaren diziplina urratu izana da, izan ere, beren alderdietako (PS, RPR, Berdeak eta UDF) hautagaitza ofizialen aurrez aurre jarri ziren publikoki. Azken finean, horrek erakusten duenez Iparralden lehen aldiz kargudun hautatuek alderdiko nahimenen gainetik instituzionalizazioaren guraria ezartzen dute.

2001. urtearen amaieran, departamenduaren aldeko zerrendak izandako arrakastak bultzatuta, "urriaren 9ko Deialdiaren" ordezkariek gogoeta bat hasi zuten eta, horren ondorioz, batasunerako mugimendu berri bat sortu zen, orduko horretan "pertsona ospetsuen plataformaren" edo "alderdien" logikaren gainetik kokatzen dena mugimenduaren aldeko zutabe klasikoen gainean eraikitzeko. Bide horretatik, ofizialki 2002ko urtarrilean eratutako Euskal Herriko departamenduaren aldeko elkartearen (ADPB) estrategiak honako ezaugarriak ditu: a) mugimendu autonomoa da, b) bere barne-antolaketa duena, c) gainerako kolektibo eta alderdi politikoekiko independentea dena, d) departamenduaren aldeko tokiko plataformen arabera egituratzen dena eta e) bi aldarrikapenetan ardazten den estrategia duena: Euskal Herriko departamenduaren sorrera eta euskara eta gaskoiaren ofizialtasuna. Oinarri horiek aintzat hartuta, Elkarteak urte horretako maiatzean eta ekainean izandako lehendakari-hauteskundeetan eta legegintza-hauteskundeetan parte hartu zuen, hautagai bakoitza bere eskariaren baitan lekutzeko xedez. Azkenik eta aurreko premisak abiapuntutzat hartuta, masa-mugimenduen kanpaina bat diseinatu zuen, 2002ko udazkenean herritar gehienen borondatea erakutsi beharko zukeena. Hala ere, estrategia hori ez zen gauzatu, izan ere, berehala Batera izeneko kolektibo berri batek ordezkatu zuen ADPB, hura baino boteretsuagoa zelarik.

Modu horretan, egituraketa klasikoago baten bidez Iparraldeko ordezkari adierazgarrienak batzen dituen mugimendu berria "urriaren 9ko Deialdiak" zituen hutsuneak gainditzen hasi zen, eta barne-identitate sendo baten gabezia betetzen saiatu zen gehienbat. Horri dagokionez, instituzioaren eskakizunean lehen aldiz aurreko mobilizazio-zikloan ia garrantzirik izan ez zuen bektore bat barneratzen dela azpimarratu behar da: hizkuntzaren aldarrikapena. Hala, 1999. urtera arte batasun-mugimenduaren estrategia bideratu zuen elementu administratibo eta, batez ere, ekonomikoari beste nortasun-zeinu bat gaineratzen zaio, herritarrek eta kargudun hautatuek gero eta indar gehiagorekin baitaratzen dutena, 2003an Hautetsien Kontseiluak ere babestu zuelarik.

Azken buruan, 2000-2002 epealdian ezaugarri hauek dituen fase berri baten oinarriak finkatzen dira: a) instituzioen aldeko sektoreen aldetiko estrategia erradikalagoak, desobedientzia zibilarekin lotutakoak; b) alderdiaren logika gainditzea, Frantziako alderdietako hautetsien kasuan aurreko elementua gauzatzeko ezinbesteko baldintza dena; c) mugimendua ohiko gizarte-erakunde gisa egituratzea, urriaren 9ko Deialdiaren eredutik haratagoa doana, izan ere, hura pertsona ospetsuekin ardazten bazen ere ez zuen militantzia sozialik eta d) instituzioen aldeko aldarrikapena beste aldarrikapen batzuekin uztartzea, esate baterako, hizkuntzaren aldarrikapenarekin.

2001eko kantondar hauteskundeetan departamenduaren aldeko sektoreek emaitza onak bereganatu bazituzten ere 2002ko legegintza-hauteskundeak sekulako belarrondokoa izan ziren instituzionalistentzat. 1997an hautatutako hiru diputatuetatik bi departamenduaren alde agertzen ziren eta 2002. urtean bakarrak ere ez zuen joera hori erakutsi; 1995. urtean Jospinek "hautetsi gehienek hala eskatuz gero" organismo hori eratzeko konpromisoa hartu zuen; Chirac eta Raffarinek, ordea, argi eta garbi azaldu zuten euskal instituzioa ukatu egingo zutela.

Dena den, 2002. urtearen amaieran Lehen Ministroak prozesu deszentralizatzaile berri bat abiaraziko zuela iragarri zuen. Horrek Iparraldean itxaropena piztu zuen. Hori ikusirik, Hautetsien Kontseiluak eta departamenduaren aldeko sektoreek erreakzionatu egin zuten, eta aurreko epealdian azaldutako estrategia aldatu egin zuten (AHEDO, 2006).

1-. Hala, Raffarinen exekutiboaren filosofia konpetentziak lagatzean oinarritzen zen, lurraldeko kolektibo jakin batzuen esperimentazio modura. Horretarako, kontsultan oinarritutako metodologia bat ezarri zen, gobernuko arduradunen eta lurralde bakoitzeko eliteen arteko topaketekin gauzatzen zena. Hori dela eta, 2002ko azaroan Hautetsien Kontseiluak aho batez onartu zuen Asises des Libertes Locales de Sailles-de Bearn delakoan aurkezteko dokumentua. Testu hori oso garrantzitsua da, izan ere, horren bidez hautetsiak ordezkatzen zituen organo batek lehen aldiz aitortu zuen eskakizun instituzional bat izan, bazela. Modu horretan, Lamassourek Frantzian "tokiko gobernaketa esperientzia berezi bat, politika, kultura eta nortasun berezkoa duena eta aitorpena behar duena" ezagutarazteko premia babestu zuen hainbat ministroren aurrean.

Hala, hamarkadaz hamarkada tokiko bizimodua baldintzatzen zuen eztabaida horri erantzun bat emateko eskatu zien hautetsiek administrazioari. Are gehiago, CEPBk ere, historikoki euskaltzaleek babestutako aldarrikapen batzuk baitaratu zituen. Horrela, berezko Nekazaritza Ganbera eratzea, euskararen ofizialtasuna eta goi-hezkuntza kudeatzeko talde publiko bat eratzea eskatzen dira, besteak beste.

2.- Iparraldeko hautetsiek eztabaida instituzionala bereganatu eta departamenduaren aldeko sektoreek egindako hainbat eskakizun aintzat hartzea sekulako bultzada izan zen zatiketaren aldeko sektoreentzat eta, horren ondorioz, Batera plataforma sortu eta lau eskaeraren inguruan batu ziren: Euskal Herriko Departamendua (Departamento Pays Basque), Euskararen ofizialtasuna, Nekazaritza Ganbera eta eskumen osoko Unibertsitatea (BATERA, 2002). Modu horretan Baterak CEPBren aldarrikapenak bereganatu eta mobilizazioak egiteko prestatu zituen.

Dena den, administrazioaren erantzuna aurreikus zitekeena izan zen: departamenduaren sorrera ukatu zuen eta Konstituzioko 2. artikulua aldatzeari muzin egin zion, euskararen defentsa ahalbidetuko zuen hizkuntza-politika bat barneratuko zukeena. Hala, Gobernuak ez zituen kontuan hartu kargudun hautatuak eta Bateraren diskurtso muturrekoa hauspotu zuen. Horrela, 2003ko urrian Baterak azken mugimendu konbentzional gisa definitu zuena deitu zuen.

Bateraren egitura dagoeneko ez zen oinarritzen pertsona ezagun jakin batzuengan, aitzitik oinarri sozial sendo bat zuen. Hala, egitura horri esker eta 7.500 pertsona batu zituen manifestaldi haren ostean, Baterak gogoeta aro bat abiarazi zuen, hurrengo urteetan jarraitu beharreko ildo estrategikoari zegokiona. Modu horretan, departamenduaren aldeko sektoreen estrategiak bi norabide hartu zituen: alde batetik, Baterak sinadura bilketa bati ekin zion, 2002an izandako aldaketen ondotik Pirinio Atlantikoen Departamenduaren zatiketa ahalbidetu ahal zuen erreferenduma egitea zilegitu zezakeena. Egun (2009) Baterak 35.000 sinadura erdietsi ditu eta 47.000 sinadura behar ditu. Aldi berean, ELB sindikatua 2004. urtearen hasieraz geroztik abian den Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortzeko ahaleginean murgildu zen. 2009. urtean Euskal Herriko Laborantza Ganbarak epaiketa bat irabazi du, bertako buruzagiak izen publikoak usurpatzeagatik kondenatu nahi zituena.

Horrenbestez diskurtsoa pixkanaka aldatu egin dela ikus daiteke, izan ere, hasiera batean Iparraldearen garapena bermatzeko moduari buruzkoa zen (tokiko eremuan politika publikoak lekutzea ahalbidetzen zuten gobernaketa-formulen bidez) eta denborarekin garapen horren gidariaren inguruko diskurtso bilakatu da. Iparraldearen aitorpen politikoari buruzko eztabaidak, XXI. mendearen hasieran, hasierako oztopoak gainditu eta hautetsien zereginen zerrendan barneratu da. Adostasun zabalago horiekin batera departamenduen aldeko multzoetan antolamolde sendoagoa bat nabaritzen da (horren jatorrian alderdiaren logika gainditzea dago, horrek ahalbidetu baitzuen 2000. urteko senaturako hauteskundeetan zatiketaren aldeko zerrendak aurkeztea -eta estrategia erradikala eta eraginkorragoak gauzatzea- Demoen logikari jarraiki); modu horretan, eztabaidaren jarraipena eta Iparralderen aitorpen instituzionalari buruzko mobilizazioa bermaturik daude.