Ikastolak

Inmakulada Ikastetxea. Tolosa

Ikastetxe honen historia Ikastolen mugetatik eta historiatik haratago doa. Inmakulada Ikastetxearen sorrera XX. mende hasieran kokatzen da. 1903an, Benigno Orejak, Bordeleko Medikuntza eskolarekin harreman zuzena zuen urologo ospetsuak, gizarte-obra bultzatu nahian Bordeleko Familia Sakratuaren erlijioen lankidetza eskatu zuen. Hauek Tolosako kale Nagusian jarri zuten bere ikastetxea Atodo Jauregia deritzanean eta frantseseko eta kultura orokorreko eskolak ematen hasi ziren.

1925ean Inmakulada Ikastetxea San Frantzisko kaleko 17. zbk-an jarri zen martxan, gerora 19ra pasako zelarik. 1930ean Merkataritza, Merkataritza-Peritu, Irakaskuntza eta Takimekanografiako ikasketak eskaini ziren, azterketak Donostia eta Madrilen egiten ziren. 1945ean Oinarrizko eta Administraritzako Batxilergoak eskaintzen hasi ziren, 800 ikasle izatera iritsiz. 1975ean "La Inmaculada" kooperatibaren sortu zuten eta eskolarteko lehen hitzarmena, BBB-ri hasiera ematen zaio.

1984ean Lehen Graduko Lanbide Heziketaren atalari eman zitzaion hasiera: Etxebizitza eta Osasun sailak. 1985an, Lanbide Heziketa atala 2. gradura zabaltzen da: Osasun adarra eta Gutxiagotu Psikikoen Hezitzaile espezialitatea. 1990ean Geriatriako prestakuntza iraunkorreko ikastaroak eskaintzen dira. 1995ean BBB amaitzen da. Urte berean, instalazioen eraldaketa ematen da eta eskola berria eraiki, ondorengo urtean Kondeko Aldapa kalean dagoen eraikuntza inauguratzen da.

1997an Ikastetxea, Langairen Ikastetxe Kolaboratzaile bilakatzen da eta 1998an Diagnosi Irudien Goi Mailako Teknikari formakuntza zikloaren 1º promozioa hasten da. 2000. urtean Gizarte-Integrazioa eta Osasun Dokumentazioa Goi Mailako formakuntza Zikloak hasten dira eta urte berean Ikastetxeak "Bai Euskara"-rekin konpromisoa hartzen du. 2001ean Farmazia Teknikari maila ertaineko formakuntza zikloa martxan jartzen du. 2005ean INEM-ek eta Aldundiak babesturiko ikastaro ez arautuak hasten dira ematen.

Tolosako Inmakulada Ikastetxea, lanbide heziketan historia eta ospea izan duen zentroa izan da, 2008.urtean zilarrezko Q-a lortu zuen.

Gaur egun, 2011an Tolosako Inmakulada Ikastola Ikastolen Elkarteko partaide da eta erreferentzi da euskarazko Lanbide Heziketan. Zazpi ziklo ditu, Osasungintzan bost (Farmazia, Erizaintza, Osasun dokumentazioa, Diagnosi Irudia eta Radioterapia) eta bi Gizarte Arloan (Gizarte Integrazioko eta Haur Hezkuntzako teknikariak). Zazpi ziklo horietatik bi erdi mailakoak dira eta bost goi mailakoak. Hezkuntza arautuan 360 ikasle inguru ditu.