Kontzeptua

Ilarduia, Egino eta Andoineko Herri-Inauteriak

Inauteri-igandean, eguerdiz, gazteak "porrero" modura janzten ziren; hala izendatzen ziren mozorrotzen ziren guztiak. Ardura handiz saiatzen ziren gainerakoek ez ezagutzeko moduan janzten, eta hori lortzeko arropa eta zapatak ere trukatzen zituzten. Ahalik eta itxuragabeen janzten saiatzen ziren. Porreroak etxez etxe eskean ibiltzen ziren herri-musikako instrumentuak hartuta: soinua, filarmonika, danborra edo gitarra. Gurdi batekin ibiltzen ziren kalean zehar bi ardo-zahagi hartuta bisitatzen zituzten etxeetako biztanleei gonbidatzeko.

Porreroen jantzia ez zen uniformea izaten; aitzitik, xehetasun asko izaten zuten eta, elementu ezberdinak, gehienetan, landa lanerako erabiltzen zituztenen antzekoak ziren. Batzuk idien larruak eramaten zituzten. Beste batzuk arropa zaharrak eta zakuak soinean jarrita mozorrotzen ziren, zekalearen lastoz, arto-hostoz edo belar lehorrez beteta; modu horretan, bolumen handiaren irudia hartzen zuten eta anatomikoki itxuragabetzea lortzen zuten. Zenbaitek tolestutako zaku bat eraman ohi zuen buru gainean, txano modura, edo soka bidez gerrira lotuta. Gona zaharrak eta kolore askotako arropak (ijitoenak) janzten zituenik ere bazen. Errautsa botaz ibili ohi ziren, baina ohitura hori debekatu egin zuten, behinola, gazte baten ikusmena kaltetu baitzuten.

Osagarri modura zintzarriak, kaskabiloak eta matrakak eraman ohi zituzten horiek. Haiek baino luzeago ziren makilak eramaten zituzten eskutan. Batzuk putxika eramaten zuten, haurrak astintzeko erabiltzen zutena. Beste batzuk egurrezko sardeak eramaten zituzten, hiru eta bost puntakoak. Txilarrez egindako erratzak goratzen zuenik ere bazen haurren atzetik haiek harrapatu asmoz; zenbaitetan lohietan sartzen zuten erratza eta etxeko ateak zikintzen zituzten. Batzuk zaldiaren zurda makila motz batera lotu eta harekin astintzen zituzten neskatoak.

Aurpegia margotzen zuten kolore beltz (kedarra, ikatza edo kortxoa erabiliz) edo gorriz. Katamaloak ere egiten zituzten, bi kolore horiekin margotzen zituztenak. Batzuk kartoizko katamaloak erosten zituzten. Katamalo horiek beldur asko ematen zuten oso itsusiak baitziren. Beste batzuk animalia-hezur batekin estaltzen zuten aurpegia, edo artoaren ilez egindako bibote bat itsasten zuten.

Buruan normalean lastozko kapera bat edo txapela eramaten zuten. Sarritan, txapelaren azpitik mantelina jartzen zuten, aurretik, aurpegia estaltzeko. Zenbaitetan txanoak janzten zituzten, kukurutxo modura, haietatik kolorezko xingolak zintzilikatzen zirela, edo bestela artoaren hostoz egindako ile modukoak ertzetan zintzilik; atzean, zinta batekin lotuta edo elkarlotutako lumen bidez erantsita, zaldi-buztana eramaten zuten.

Mozorrotuen artean bazen ezkongai modura janzten zenik ere. Bikoteak ohiko moduaren alderantzizko erara janzten ziren: senargaia emaztegai modura eta alderantziz. Ezkondutako azken bizilagunen trajeak jantzi ohi zituzten. Elementu deigarri eta probokatzaile modura, "senargaiak" piper gorri handi bat erakusten zuen gerrira lotuta, aurretik zintzilik; "emaztegaiak" aldiz, bular handi batzuk itxuratzen zituen. Gurdian eserita joaten ziren eta idiak behar bezala apaintzen ziren, luxuzko tapakiz eta borla gorriak adatsetan.

"Atsoa", "kinkila-saltzailea" eta "latorrigilea" ziren inauterietako beste pertsonaia batzuk.

Festaren une jakin batean pertsonaia nabarmen bat agertzen zen, demonio itxura zuena, haurren artean izua sortuz. Gorputza gona beltz batekin estaltzen zuen, oinetaraino iristen zena. Deigarriena bere katamaloa zen. Handia zen, gorri eta beltzez margotua, begi oso handiekin eta deabruzko adar txiki batzuekin. Katamalo hori aski landua zen; odola zirudien -edo hala zen- kolore gorria izateaz aparte, animalien gantz eta hesteak zeuden hartan zintzilik, hala, itxura ikaragarria hartzen zuen. Buruan zapi bat izaten zuen, atzealdean lotuta. Txikienak odol gatzatuz zikindutako putxikaz armatutako pertsonaia izugarri horretatik ihesi ibiltzen ziren. Oso denbora laburrean agertu ohi zen pertsonaia hori.

Inauterietako festa horietan ohikoa izaten zen piper-jana egitea. Piper lehor pikanteak erre egiten zituzten eta kea etxeko bazterren batetik barna sartzen zen: iturriko isurbidea, ateko katazuloa, etab. Modu eraginkorrean eginez gero guztiak lokaletik atera behar izaten zuten, hazkura jasanezinak eraginda.

Haur ausartenak mozorrotuei aurre egiten zieten hau abestuz: "Porrero, atera babak eltzetik, atera bat, atera bi, atera hiru, atera lau, atera bost...eta eman jauzi handi bat" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik). Berehala, porreroak putxikak hartuta haurren atzetik abiatzen ziren beldur handia sortuz, izan ere, horietakoren bat harrapatuz gero, aurpegia busti edo lohiz zikintzen zioten.

Astearte-inauterian, goizez, bi gazte uztarri bidez batu eta idien itxuran ibiltzen ziren. Tankera horretan beste gazte batzuk aldemenean zirela, elorri-triskak jaisten zituzten iluntzean sua egiteko. Halaber, egun hori izaten zen lasto gizona egiten zutenekoa.

Erritua lasto gizonaren inguruan antolatzen zen, hura baitzen festa hartako izar nagusia eta astearte-inauterira arte itxaron behar izaten zen hura iristeko. Panpina zeharra zen, praka urdinez, alkandoraz eta txaketa batez beztitzen zutena. Izenari ohore eginez lastoz edo belar lehorrez betetzen zuten. Ardi-larruz egindako abarka batzuk janzten zizkioten soka batekin lotuta. Buru modura begi irtenak zituen kartoizko katamalo bat eramaten zuten. Buruan txapela edo lastozko kapera. Lepoan zapi gorri bat lotzen zuten. Handia zen, lodia eta baldarra eta zeharka edo gurutze modura jarritako bi makilen gainean ibiltzen zen. Herrien eta garaiaren arabera xehetasunak aldatu egiten ziren.

Panpina eraiki ostean, Ilarduian asto baten gainera igotzen zuten, hankak estu lotuta, gorputza zuzen zuela manten zedin; hala zegoela, kalez kale ibiltzen zuten herrian zehar. Egino eta Andoinen gurdi baten gainera igota paseatzen zuten. Bidean porreroek makila batekin astintzen zuten. Txangoa amaituta, lurrera lotzen zuten egurrezko hesola sendo batekin.

Arratsaldean, "Apaiz" modura jarduten zuen pertsonaia batek (zenbaitetan eliz mutilez lagunduta) lasto gizonari sermoia botatzen zion, hainbat gaiztakeri egiteaz leporatuta.

Azkenik heriotza-zigorra jasotzen zuen. Heriotza gauzatzeko unea iristen zen. Horretarako, bragetan bolbora-kartutxo bat ipintzen zioten. Ezerk eta inork ezin zuen kondenatik libratu. Epaia emana zegoen. Iskanbila erdian metxa piztu eta... pum!!! Erruztatua hondakin bilakatzen zen. Epaia betea zen. Pertsonaia hori hilda herriko gaizkiak desagertu egiten ziren, edo hala uste zen behintzat. Berriro ere herriak purifikazioa jasotzen zuen. Gazteak jauzika eta dantzan ibiltzen ziren pertsonaia erretzeko prestatzen zen sutzarraren inguruan.

Ekitaldia Ilarduian hasten da bazkari batekin eta agintariak otordura gonbidatzen dira. Bazkaria amaitu ondoren, herriko txokora abiatzen dira porreroz mozorrotzeko. Handik irteten du segizioak.

Hauek dira taldekako mozorroak: "Gizenak", "Zamarrak", "Hautsariak", "Farfailetakoak" eta "Koloretakoak". Aurpegia katamalo, zapi, hezur edo pinturaz estaltzen dituzte eta, horrez gain, kaperak eramaten dizute identitatea haren azpian gordetzeko. Eskuan makilak, erratzak, sardeak, putxikak, zaldi-zurdak eta errautsez betetako baldeak eramaten dituzte. Era berean, instrumentuak izaten dira sekulako zalaparta sortuz: zintzarriak, kaskabiloak, matrakak eta txipli-txaplak. Hauek dira banakako mozorroak: Atsoa, Ezkongaiak, Apaiza eta Eliz Mutila, Porrero Nagusiak, Kinkila-saltzailea, Latorrigileak, Idiak eta "Gizon Odoltsua".

Adarraren soinuak adierazten du ibilbidearen hasiera. Ilarduiatik Eginora lasto gizona asto baten gainean eramaten dute; han elorri-triskaz betetako eta bi idik bultzatzen duten gurdi batean jartzen dute. Ibilbidean zehar, noizean behin, mozorrotuek astindu eta kolpatu egiten dute.

Porreroek herria zeharkatzen dute musikaren eta dantzaren erdian, etxe batzuetan eskean ibiliz eta beste batzuetan lapurretan arituz. Ibilbidean zehar haurrek erronka luzatzen diete mozorrotuei eta bigarrenak haiek harrapatzen saiatzen dira eskarmentu ederra eman asmoz. Segizioa isilean igarotzen da hilerrien ondotik, begirunea azalduz; txalaparta baino ez da entzuten, arbasoei omenaldia egiteko. Eginon, azken herrira abiatu aurretik, indarrak hartzeko txokolate- eta torrada-jana antolatzen dute.

Herrien arteko jurisdikzio-mugetan Porrero Nagusia aldatu egiten da, horretarako, lehenengoak bigarrenari makila luzatzen dio. Hiru herrietan bertako pertsona bat izaten da segizioaren buru.

Gauez, inauterietako taldea azken herrira heltzen da, Andoinera. Argi-zuziek argi arrastoa uzten dute igarobide osoan. Herrian zehar egiten den ibilbidean Gizon Odoltsua agertu ohi da.

Azken herri horretan lasto gizona kondenatu eta hil egiten dute. Gaizkiak uxatuta, porrero eta bisitariak dantzan aritzen dira sutzarraren inguruan, musikaren doinura. Festa amaitzeko herri-afaria egiten da, bertako zein kanpokoek herritarrek prestatutako gosegarria dastatu ondoren.

  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Carnaval en Alava. Donostia: Txertoa, 1982.
  • ORTIZ DE ZÁRATE, Carlos. "La recuperación de un viejo Carnaval rural: Ilarduia, Egino y Andoin". In: Avnia, 21. zenbakia, 2007-2008ko negua. Luiaondo (Araba): Avnia Kultura Elkartea, 2007, 36-52. or.
  • ORTIZ DE ZÁRATE, Carlos. "Carnaval Rural de Asparrena: Ilarduia, Egino y Andoin". In: Hamarrak bat (Asparrenako Udal Biltegia). Araia (Araba): Asparrenako Udala.
  • ILEGAN, Kultur Elkartea. Herri inauteriak - Carnavales rurales. Ilarduia, Egino, Andoin (DVD). Ilegan, Kultur Elkartea, 2009.
  • ILEGAN, Kultur Elkartea. Carnivals - Carnavals ruraux. Ilarduia, Egino, Andoin (DVD). Ilegan, Kultur Elkartea, 2009.
  • ILEGAN, Kultur Elkartea. Herri inauteriak - Carnaval rural. Ilarduia, Egino, Andoin (Gida didaktikoak). Ilegan, Kultur Elkartea, 2009.
  • ILEGAN, Kultur Elkartearen web gunea.