Pintoreak

Ibañez, Jose

Margolari nafar hau Milagron jaio zen 1948an, eta Bartzelonan hil, 1995ean.

Iruñean ekin zion jarduera artistikoari, 22 urte zituela. 1972an, Exposicion Nacional Sindical erakusketan parte hartu zuen, eta bakarkako lehenengo erakusketa Doncel Aretoan egin zuen, hiriburu nafarrean. 973 eta 1974 artean, El Lebrel Blanco antzerki taldearekin aritu zen lankidetzan, antzezlanetarako dekoratuak egiten. Beranduago, Parisera joan zen, Académie de Beaux Arts akademian onartu baitzuten, eta 1979an lizentziatu zen. Parisen egondako urte horietan, ikasi bitartean, Nallard tailerrean lanean aritu zen hasieran, eta beranduago, Jean Delpech maisuaren tailerrean, grabatzaile gisa. Garai hartako obran, figurazioa nabarmentzen da, eta hiriko bizitzaren pertsonaia ezezagunak hartzen ditu. Hirurogeita hamargarren hamarkadaren amaieran, Nueva York-era joan zen. Bertan, espresionismo abstraktua ezagutu zuen, eta ibilbidearen aro horretan, teknika horri ekin zion. Horrela, itxura geometrikoekin eta kolore eremuekin esperimentazioak egin zituen.

1982an, Parisera itzuli, eta Argenteuil herrian kokatu zen. 1984an, Holandara joan zen. Bertan egon zen 1990era arte, eta garai horretako lanetan figurazioa eta abstrakzioa txandakatu zituen. Halaber, mistizismo pertsonaleko aldi bat izan zuen, San Juan de la Cruz eta Espainiako beste pertsonaia mistiko batzuk irakurri zituen. Esperientzia horren ondorioa da Elevaciones izeneko mihise sorta, eta obra horietan, Flandesko pintura klasikoaren eragina antzeman daiteke. 1988an eta 1989an, bi erakusketa egin zituen Amsterdameko Mia Joosten galerian, El silencio roto deitu zuen pintura serie berriarekin.

1991ean, Argenteuil-eko etxera itzuli zen, eta grabatuei ekin zien berriz ere. Urte horretan bertan, beraren koadroak erakusgai egon ziren Nueva Yorkeko Emil Leonard galerian. 1992an, Amsterdamera bueltatu zen, erakusketak egiteko, eta beranduago, Bartzelonara bizitzera joan zen. Bertan, El vuelo del angel seriea egin zuen. Bilduma Iruñean eta Madrilen aurkeztu zuen, 1995ean, artista hil baino egun batzuk lehenago (urte bereko irailaren 16an). 2002an, Nafarroako Museoak atzera begirako erakusketa bat eskaini zion. Ekitaldia dela medio, Ignacio Moreno Ruiz de Eguino autoreak errepasoa eman zion Jose Ibañezen ibilbideari, eta haren hitzetan,

"beraren estiloa errealismo sozialetik oso hurbil zegoen eta, horri esker, etorkizuneko konposizioak egiten lagunduko zion marrazketa garatu zuen. Azkeneko obrak sentipenak kontatzeko paleta erabiltzen duen poetarenak dira. Mundu guztiari zuzendutako ekarpena da nolabait, azkeneko legatua".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)