Kontzeptua

Hizkuntzak aztergai: ikerketa-metodoetara oinarrizko hurbilpena

Kapitulu honetan, lehendabizi, metodologiaren zentzuaz eta garrantziaz hitz egin da, ondoren, proiektuaren eginbeharra nabarmendu da eta, azkenik, edozein ikerketa edo egitasmo martxan jartzeko, aukeran dauden teknika edo estrategia ezberdinei errepaso orokorra eman zaie.

Bada garaia, beraz, beste urrats bat egiteko, teoriatik praktikara pasatuz. Hori dela eta, ondoren, hizkuntza eta, bereziki, euskara aztertzeko garaian landutako ikuspegia eta erabilitako "tresnak" aztertuko dira. Ariketa xumea eta mugatua izango da, baina, behinik behin, metodologiaren arloan egindakoari buruzko hausnarketa bultzatu nahi da, soziolinguistikak ere metodologia behar duelako.

Euskal Herrian soziolinguistikaren sorrera eta garapena, neurri handi batean euskararen egoera larriak bultzatu izan du. Zerbait egin behar zelako sentsazioa nagusitu zen, bereziki 1970eko hamarkadatik aurrera, eta nahi horretatik kezka teorikoa eta metodologia piztu ziren. Hori dela eta, lehenengo aipamen teorikoekin batera, hasierako ikerketak martxan jarri ziren. Iñaki Larrañaga soziologoak elkarrizketa batean azaltzen zuen moduan (Esnaola; Odriozola, 2000), 1972-75 bitartean bizpahiru ikerlan agertu ziren. Euskal soziolinguistikaren lehenengo urratsak ziren horiek.

Zeintzuk ziren ikerlan hauen egileak? Alde batetik, José Mª Sánchez Carrión "Txepetx" aipatu behar da. Egile honek El estado actual del vascuence en Navarra (1970). Factores de regresión. Relaciones de bilingüísmo (1972an argitaratuta) deitutako ikerlana burutu zuen. Sánchez Carriónek soziolinguistikako ikerlanen tradizioa ekarri zuen Euskal Herrira, eta geroztik, erreferentzia izaten jarraitzen du. Larrañagak berak horrela baloratu zuen lan hau (Esnaola; Odriozola, 2000):

"Esan genezake, beraz, Txepetxen lan hori izan dela Soziolinguistikaren alorrean, nahiz eta izen hori ez eraman, gure artean egin den lehendabiziko ikerketa sistematizatua. Bertan, hizkuntza-komunitate baten egoera aztertzeaz gainera, teoria aldetik esplikazio bat, oraindik era elemental batean besterik ez bada ere, ematea lortzen da".

Momentu horretan ari zen bere aldetik Pedro Irizar Los dialectos y variedades de la lengua vasca. Estudio lingüístico-demográfico (1973) aztertzen eta Euskal Herri osoko udalerri guztietako datu-bilketa zehatz bat egitea lortu zuen. Txepetxen lanaren ondotik, beste bi lan etorriko ziren, euskara Nafarroan zertan zen eta bere galtze-prozesua nondik-norakoa zen aztertzen dutenak: Apat-Etxebarneren (Irigarai Aingeru) Una geografía diacrónica del euskara en Navarra (1974) eta Jose Angel Irigarayk 1973an argitaratutako Euskara eta Nafarroa.

Hona hemen, beraz, euskal soziolinguistika akademikoaren lehenengo urratsak. Urte batzuk geroago, eta Euskaltzaindiaren eraginez, soziolinguistika aplikatuari hasiera eman zitzaion Hizkuntz Borroka Euskal Herrian izeneko lanarekin. Euskararen inguruko lehenengo ikerketa orokorra izan zen, Siadeco elkarteak egin zuen eta horren laburpena 1979an argitaratu zen.

Siadeco

Siadeco: 1967 urtean sortu zen Sociedad de Investigación Aplicada al Desarrollo Comunitario izenarekin, Euskal Herriko hainbat tokitan "desarrollismo" delakoa eta horren lehen ondorioak puri-purian zeudenean. Diziplina anitzeko taldea zen hura eta arlo ugaritan egin zituzten ikerketak: hirigintzari, industriari, ekonomiari buruzkoak eta abar. Marco Marchioni gizarte-ikertzaile italiarrak ikastaro bat eman zuen Donostian eta horrek Euskal Herriko egoera sozialaren eta bere etorkizunaren inguruko kezka piztu zuen. Beste kezkagai batzuen artean hizkuntzarena ere gorpuzten hasi zen. Segituan datu bilketari ekin zitzaion, baina datu horiei tratamendu berezirik eman gabe. 1975ean abiatu zen Siadecok burutuko zuen lehenengo ikerketa: Euskararen liburu zuria. Denborarekin ikerketak egiteaz gain, hizkuntza-plangintzaren arloan lehen pausoak ematen hasi zen Siadeco. Geroztik hainbat arlotan izan da aitzindari talde hau, eta bere kide Iñaki Larrañaga hizkuntzaren ikerkuntzan garai bateko funtsezko erreferentea izan zen.

Soziolinguistika akademikoa: hizkuntza-egoera edo hizkuntza-errealitate bat ezagutzea du helburu, betiere, ezagutza horrek arlo teoriko, epistemologiko edota metodologikoan ekarpen bat egingo duelakoan. Beraz, soziolinguistika akademikoak ezagutza elikatu nahi du eta esku-hartzea ez da, teorian, bere helburu zuzena. Halere, praktikan, zaila izaten da teoriatik aplikaziora salto ez egitea eta, alderantziz, interbentzio gunetik teoriara ez pasatzea. Ereduen sorkuntza, nozio edota kontzeptu berrien proposamena edo ikerkuntzarako tekniken inguruko berrikuntzak zabaltzea izan daitezke soziolinguistika akademikoaren helburuak.

Soziolinguistika aplikatua: soziolinguistika aplikatuak hizkuntza-egoera edo hizkuntza-errealitate batera hurbiltzea du helburu, betiere, hortik sortutako ezagutza, hausnarketa zein ondorioak (hizkuntza gutxiagotuen kasuan, behintzat) berreskurapena edota hainbat joeraren aldaketa bideratzeko erabiliko direlakoan. Helburu hori dute arlo honetan osatutako teoriek eta berari loturiko lan-ildo edota proposamenek. Esate baterako, plangintza bat diseinatzeko eman beharreko pausoak, burutu beharreko lanak eta bete beharreko helburuak soziolinguistika aplikatuaren kezkak dira.

Lehenengo urte zail haiek pasata, euskal soziolinguistikaren eremua zabaltzen, osatzen eta aberasten joan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran elebitasunaren inguruko ikerketak (teorikoak zein aplikatuak) argitara eman ziren. Horiekin batera eskola eta hezkuntzaren inguruko lanek protagonismoa hartu zuten. Euskararen erabilera (eta ez bakarrik ezagutza) kezkagai bihurtzen hasi zen eta ardura horren ildotik, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" bere eredu matematikoa garatzen eta zabaltzen hasi zen. Testuinguru horretan, 1983an Euskararen Borroka izenarekin kaleratu zen bigarren azterketa soziolinguistiko orokorra. Larrañagak aipatu bezala, ikerketa soziolinguistiko horren inguruan hizkuntzarekiko jarrera eta motibazioei buruzko zenbait ikerketa sortu ziren, euskara ikasten ari ziren pertsona helduen artean bereziki. Lan horien emaitzak hizkuntza minorizatuei buruzko Getxoko kongresuan azaldu ziren, Hizkuntza minorizatuen soziologia izenburua zuen liburuan (1986). Urte haietan jada, soziolinguistika aplikatua bere bidea egiten ari zen, batez ere udaletan burutzen ari ziren ikerketei esker.

Honaino hasiera horren kronika, baina nola garatu da soziolinguistika Euskal Herrian? Zeintzuk izan dira bere kezka eta aztergai nagusiak? Eta, bereziki, zein planteamendu metodologiko eta zein teknika erabili izan dira kezka horiei irtenbide bat eman nahian?

Euskararen egoerak, dudarik gabe, markatu izan du euskal soziolinguistikaren bidea, bere sorrera, garapena eta egungo egoera. Baina, aldi berean, soziolinguistika orokorrarekin erlazionatua egon izan du. Hau da, saiakerak egin dira, zailtasunak zailtasun, ikuspegi zabalagoa jorratzeko eta mundu-mailan aztertzen ari ziren gaiak eta erabiltzen ari ziren estrategia metodologikoak ere txertatzeko.

Ondoren, ahalegin horien lorpenak irudikatzeko saiakera egin ziren, soziolinguistikan protagonista diren hiru ikerlerro ezberdinetan egindako lanak nabarmenduz. Kasu honetan, begirada, galderak eta aztergaiak ondorengo hiru lan-ildoei dagozkie: hizkuntzari, hiztunari eta hizkuntza-testuinguruei. Ondorengo orriotan, hiru eremu horietan planteatutako hainbat ikergai eta horiei erantzuna bilatzeko erabilitako tekniketan jarriko da arreta. Horrela, modu labur eta xumean baldin bada ere, soziolinguistikaren eremu orokorrean eta, bereziki, Euskal Herrian gauzatutako hainbat lan aurkeztuko dira, beren ekarpen metodologikoa azpimarratu nahian.

Jakina denez, soziolinguistika diziplinartekotasunean oinarritutako eremu teoriko nahiz akademikoa da. Horretaz gain, hau da, bertan diziplina ezberdinetako ikertzaileak topatzeaz aparte, hizkuntzaren inguruko ikuspegi eta interes ugari biltzen dira. Horietako asko gainera osagarriak dira. Aurreko kapituluetan kontzeptu eta planteamendu ezberdinen aurkezpena egin denez, momentu honetan horren inguruko eztabaidak alde batera utziko dira, eta arreta soilik metodologian jarriko da. Hori dela eta, hasteko, esan behar da hizkuntza, edo hobeto esanda, corpusa, ikerketarako objektua bihurtzen denean, hurbilpenak oso ugariak izan daitezkeela; dauden interesak bezain bestekoak. Horregatik, ikuspegi metodologikoa lagungarria izan daiteke sakabanaketari buelta emateko; izan ere, metodologia eta ikerkuntzarako teknikak elementu bateratzailea izan daitezke.

Arlo honetan sakontzeko, Lesley Milroy eta Matthew Gordonen liburua abiapuntu interesgarria da. Lan horretan soziolinguistikaren arloan erabiltzen diren metodo nagusiak aurkezten baitira. Sociolinguistics. Method and Interpretation (2003) soziolinguistika bariazionista delakoaren barruan gehien erabiltzen diren teknikak oso egoki lantzen dira, hausnarketa teorikoak eta praktikoak biltzen dira eta. Horretaz gain, auzi etikoak ere ez dira kanpoan gelditzen. Eta dena adibide ezberdinez oso ondo hornituta. Kanpoan inor utzi gabe, corpusaren gainean aritzen diren guztien interesak biltzen saiatzen dira Milroy eta Gordon.

Hori guztia kontuan hartuta, esan daiteke egileek ikerkuntzarako hiru metodo nagusi azaltzen dituztela: galdetegia, elkarrizketa eta behaketa. Ondoren, bakoitzaren inguruko ohar labur batzuk agertuko dira.

Galdetegiak

Egileek adierazten dutenez, soziolinguistika bariazionistaren arloan lan egiten duten ikertzaile gehienek hizkuntza modu zuzenean aztertzea dute gustuko, hau da, hiztunek erabiltzen duten hizkuntzaren gainean lan egin nahi dute. Halere, gero eta gehiago dira idatzitako galdetegien erabilgarritasuna azpimarratzen dutenak. Jakina denez, horrelako galdetegiak askotan erabiltzen dira gizarte-zientzietako arloetan eta, esate baterako, dialektologiaren arloan aritzen direnentzat ere ez da inolaz ere tresna arrotza. Horregatik, soziolinguistikako beste eremuetan ere erabiltzeko aukera egon beharko litzateke. Hori pentsatu dute, behintzat, hainbat ikertzailek eta, horregatik, beharrezkoak ziren moldaketak egin ondoren, idatzizko galdetegia erabiltzen jarraitu dute. Horien bitartez, besteak beste, morfosintaxia, lexikoa eta fonologiaren inguruko informazioa lortu ahal izan dute.

Galdetegi idatzien alde egiteak baditu abantailak eta desabantailak. Alde batetik, argi dago aukera ematen dutela denbora laburrean informazio asko jasotzeko. Hori gertatzen da, bereziki, galdetegia postaz bidaltzen bada. Baina, bestetik, galdetegia betetzean aurrean inor ez egotea oztopo garrantzitsua izan daiteke. Beste gauzen artean, argi dago ikertzaileak modu zuzenean lortuko lukeen informazioa ez dela lortuko. Azkenean, gainerako teknikekin gertatzen den moduan, gakoa zera litzateke: erabili behar denean erabiltzea; hau da, ikerketa-objektuek, -uneek eta -egoerek horrela eskatzen dutenean.

Galdetegiaren bidezko informazioa lortu ahal izateko beste modu bat da pertsona bat, ikertzaile bat, horretan jardutea. Horixe da tradizionalki erabili izan den bidea, jakinda ere, kasu horretan datu-bilketak luze joko duela. Ikertzaileak berak edo bere laguntzaileetariko batek hartuko du inkestatuari galdera azaltzeko eta erantzunak jasotzeko ardura. Horrela aukera dago informazio gehiago eta zehatzagoa jasotzeko. Ikertzaileak (edo bere laguntzaileak) inkestatua entzun egiten du eta, ondorioz, hitz egiteko modua eta beste alderdi batzuk (ahoskera...) zuzenean jasotzeko aukera ematen du. Kasu batzuetan inkesta betetzeko prozesua grabatu egin izan da, eta horrela fonologiaren inguruko informazioa eskuratu da. Hainbat ikertzailek galdeketa telefonikoaren alde egin dute, kontuan hartuta bide hori merkeagoa eta azkarragoa izan daitekeela.

Galdetegi tradizionala izan gabe, badago beste modu bat informazio-jasoketa bideratu ahal izateko: ikerketa azkarra eta anonimoa deitu izan dena (rapid eta anonimous survey). Kasu honetan ikertua dena ez da jabetzen ikertzailearen asmoaz; izan ere, azken ikertzaileak zuzen eta natural planteatzen dio galdera, helburu ezkutu bat duen galdera, alegia. Ikerketa-mota honen adibide ezagunena William Labov-ek New Yorkeko hiru saltoki handitan egindakoa da (geroztik Fourth floor study izenez ezagutua izan dena). Labov-ek saltoki bateko langileen r-ren ahoskera ikertu zuen. Bere estrategia hauxe zen: enplegatuengana jotzen zuen produktu jakin bati buruzko informazioa jasotzeko. Produktu hori saltoki horietako laugarren solairuan zegoen eta horrela langileek r ahoskatzera behartzen zituen, Fourth floor (laugarren solairua) erantzun behar zuten eta. Geroztik teknika hau gehiagotan erabili izan da. Kasu guztietan estrategia berdina izan da: galdera erraz formulatzea erantzun zuzena eta natural jasotzeko. Kasu gehienetan emaitzei buruz egindako balorazioa positiboa izan da, baina adituek esaten dutenez, teknika hau ikertzaileak helburua oso argi duenean baino ez da gomendatzen. Bestalde, azpimarratu behar da modu honen bidez jaso daitekeen informazioa nahiko mugatua dela, elkarrizketak edo elkarrekintzak laburrak izaten baitira.

Elkarrizketak

Elkarrizketa pertsonala oso teknika erabilia izan da soziolinguistikako edozein eremutan, baita corpusaren inguruan aritu diren ikertzaileen artean ere. Elkarrizketak aurrez aurre egin dira, eta tarteka telefonoa erabili izan da. Teknika honen inguruko xehetasunak beste atal batean aurki daitezke, beraz, hemen aspektu gutxi batzuk baino ez dira nabarmendu nahi.

Alde batetik, gogoratu behar da elkarrizketak inkestak baino irekiagoak izaten direla; izan ere, ikertzaileak galdetegia erabili beharrean gidoia du lan-tresna, eta hau modu askeagoan erabiltzen da, betiere ikertuaren profilaren, jarreraren edota jokaeraren arabera. Elkarrizketaren kasuan, egoerak agintzen du eta elkarrizketaren norabideak ere baldintzatu egiten ditu galderak eta galdetzeko moduak. Dena dela, horrek ez du esan nahi elkarrizketa behar bezala prestatu behar ez denik; kontrakoa, oso gomendagarria da elkarrizketa bakoitzean landu beharreko gaiak eta azpigaiak aldez aurretik lantzea eta zehaztea. Halere, komeni da azpimarratzea elkarrizketa batean helburua ez dela hainbeste erantzun laburrak eta zehatzak jasotzea, ikertuaren elkarrizketaren zatiak (laginak) jasotzea baizik. Hori guztia, gainera, ahalik eta modu naturalenean eta erlaxatuenean gauzatu behar da, elkarrizketatuak bere ohiko hizkuntza-jokabidea (edota hizkera) aldatu ez dezan.

Elkarrizketaren iraupena dezente alda daiteke, besteak beste, ikerketaren helburuen arabera. Ziur aski, fonologiaren inguruko informazioa 20 edo 30 minutuko elkarrizketan lortu daiteke, baina helburua hizkera aztertzea baldin bada, seguruenik denbora gehiago beharko da.

Gainera, kontuan hartu behar da elkarrizketa baliagarria izan daitekeela, interesatzen den informazio zehatzaz gain, material osagarria ere lortzeko, hau da, elkarrizketa erabiltzea inkesta batetik ateratako informazioa osatzeko.

Behaketa

Desabantaila guztien gainetik, behaketa teknikak aldeko gauza garrantzitsu bat du: oso hurbilpen sakona eta mamitsua ahalbidetzen du, bai ikergaiari bai ikertuei dagokienez. Hori bai, arestian esan denez, behaketa aurrera eramateko ahalegin handia egin behar da denbora eta inplikazioaren aldetik. Ikertzaileak ikertu nahi duen errealitate horretan txertatu behar du bere burua, eta bertan murgildu behar du denbora luzean. Prozesu horretan, informazioa emango dutenekin harreman egokiak lortzea ezinbestekoa izaten da. Horretarako, ikertzaileak jarrera irekia mantendu behar du eta prest agertu behar du edozeinekin hitz egiteko, egoteko.

Aurretik aipatu denez, behaketa diziplina zehatz bati egon da lotuta tradizionalki, antropologiari, hain zuzen. Baina, gaur egun, bere erabilera beste eremu batzuetara zabaldu da, besteak beste soziolinguistikara. Behaketa zuzena erabiltzen duten ikertzaileen artean, Penelope Eckert-en lana da bereziki azpimarragarria. Estatu Batuetako ikastetxeetan egonaldi luzeak egina da. Beste ikertzaile batzuekin gertatzen den bezala, bere lanak ez daude behaketa hutsetan oinarrituta bakarrik, baina teknika honek protagonismo handia izan du bere ibilbidean.

Edozein kasutan, behaketa oso teknika aproposa da beste bide batzuetatik lortutako informazioa osatzeari begira.

Corpusaren gainean aritzen direnek dakiten bezala, aipatutako hiru teknika horietaz gain, badira metodoari buruzko beste aspektu garrantzitsu batzuk ere kontuan hartu beharrekoak, besteak beste, egun aurrerapen teknikoek eskaintzen dituztenak. Ikuspuntu horretatik, Milroy-k eta Gordonek azterketa espektografikoa (spectographic analysis) nabarmentzen dute (soinuen emisioak modu grafikoan agertzea ahalbideratzen dituzten programak dira), soziolinguistikan eta bereziki dialektologian aurrerapen esanguratsuak ekarri dituelako. Alde horretatik, besteak beste, entzumenezko azterketak nabarmen hobetu direla ondoriozta daiteke.

Euskal Herrian aipatzekoak dira, besteak beste, Gotzon Aurrekoetxeak egindako lanak, bertan aipatutako aurrerapen teknikoak agerian gelditzen baitira. Euskal dialektologiaz ari dela, Aurrekoetxeak ikerketa- eta sailkatze-prozeduretan bi joera nagusitu direla azpimarratzen du (Aurrekoetxea, 2004: 287): ohiko dialektologiaren tresnak eta metodoak erabiliz egiten diren ikerketak, eta 30 urtetik hona garatu diren metodologia berriak aplikatuz gauzatzen direnak. Hitz horien segidan egileak azken joera horren adibide interesgarria ematen du Iparraldeko hizkeren sailkapena egiterakoan jarraitutako prozedura eta erabilitako aurrerapen teknikoak aipatuz. Horien artean testu-hitzen zerrendak lortzeko erabilitako programa (Simple Concordance Program), datu-baseak, ad hoc diseinatutako programak (lematizazio ortografiko eta onomasiologikoa egiteko, adibidez) eta kartografia-lanari aurre egiteko teknologia berritzailea (Hans Goebl-ek Salzburgoko Unibertsitatean garatutako VDM -Visual Dialectometry- programa, adibidez). Egileak azken programa honen abantailak nabarmentzen ditu bereziki, bertan datu-baseak, baliabide estatistikoak eta mapak barnebiltzen dira eta.

Logikoa denez, corpusak ez ezik, hizkuntzaren erabiltzaileak (alegia, hiztunak) ere berebiziko protagonismoa du soziolinguistika-ikerlanetan. Baina hiztuna oso objektu konplexua da, dimentsio anitzez betea, eta berau aztertzeko hamaika modu topa daitezke. Ez dago bide bakar bat bere errealitatera hurbiltzeko. Modu berean, ezin da esan bide bat beste batzuk baino hobea denik. Bata edo bestea aukeratzea ikerketaren helburuen baitan dago, eta, nola ez, ikertzailearen usteetan eta ikerketaren egoeraren baitan. Dena dela, metodologiari dagokionez, badira joera nagusi batzuk eta horiei erreparatuko zaie datozen pasarteetan.

Joera nagusi horiek bi arlotan banatuko dira: alde batetik, hiztuna ikuspegi orokor eta zabal batetik aztertzea planteatzen dutenak daude; bestetik, hiztuna arloka edota eremuka azaltzea proposatzen dutenak, hau da, hiztunaren ezaugarri jakinei begiratzen diotenak. Ondoren, bi joera horiek eta euren inplikazio metodologikoak aipatuko dira, labur bada ere.

Ikuspegi orokorra eta zabala

Hiztunaren profila eta ezaugarri nagusiak definitzeko orduan, erroldak, zentsuak eta ikuspegi makroa duten inkestetan oinarritutako ikerketak izan dira orain arte iturri erabilienak. Bereziki Euskal Herrian, baina, aurrerago azalduko denez, baita beste toki batzuetan ere.

Jakina denez, errolda eta zentsuak ez daude bereziki diseinatuta eta pentsatuta hizkuntzaren inguruko datuak biltzeko, baina horretarako ere erabiltzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoan 1981eko zentsuan hasi ziren, beste galdera orokor eta deskribatzaile batzuen artean, hizkuntzaren gaineko galderak txertatzen. Hortik aurrera, bai zentsuetan eta bai erroldetan horrelako itaunak agertu izan dira. Nafarroaren kasuan, horrelako galderak 1986ko erroldak jaso zituen lehenengo aldiz, eta Ipar Euskal Herrian 1999an bildu zituen estreinakoz estatistika ofizialak hizkuntzari buruzko datuak.

Errolda: udalerri bateko bizilagunen erregistro administratiboa. Udal bakoitzak du bere sorrera, eguneratze eta mantentze-lanen ardura. 1996. urtea arte, Espainiako udalek 5 urtean behin berritu behar zuten errolda. Geroztik, bere kudeaketa modu informatikoan egiten da eta urtarrilaren 1a izaten da berritze-data ofiziala. Erroldak udalerri bateko egitura soziala eta oinarrizko ezaugarri demografikoak ezagutzea ahalbideratzen du.

Zentsua: zentsuak une jakin batean talde batek edota herrialde batek duen biztanle-kopurua ezagutzea bilatzen du. Horretarako teknika ezberdinak erabiltzen dira. Ikerketaren helburua populazio guztia da, ez lagin bat. Zentsuaren funtsezko helburua biztanleriaren kopuru zehatza ezagutzea bada ere, gehienetan bestelako datuak lortzeko ere erabiltzen da (demografikoak, ekonomikoak, sozialak, hizkuntzari loturikoak eta abar). Hori dela eta, zentsuak gobernuen politika ezberdinen diseinurako tresna garrantzitsu bilakatu dira.

Geroztik hizkuntzari buruzko galderak egitea sistematizatu egin da, nahiz eta zentsu eta errolden planteamendua eta haien bitartez egindako neurketen emaitzak eztabaidagarriak izan askorentzat. Zergatik? Batzuetan, guztiek iturri berdina (ofiziala) izanda ere, ez dituztelako beti galdera berdinak errepikatzen, eta gainera, bilatutako datuak ezberdinak dira jasoketa batetik bestera. Horren ondorioz, urte edo saio ezberdinetan jasotako datuak konparagaitz bihurtzen dira. Era berean, informazio-bilketa batetik bestera egon daitekeen datuen dantzak zail egiten du benetako kopuruak zeintzuk diren jakitea.

Beste batzuetan, datuak ulergarriagoak egiteko, kategoria edo label batzuen azpian aurkezten dira. Esate baterako, euskararen ezagutza-mailak bereizteko, hainbat hiztun-talde finkatzen dira. EAEko kasuan, joera izan da hiztunak hiru multzo ezberdinetan sailkatzekoa: euskaldunak, ia euskaldunak eta erdaldunak. Baina zeintzuk daude label horien atzean? Zer nolako hiztunak dira? Zalantzarik gabe, kategoriek euren mugak dituzte eta, hainbat ikertzaileren iritziz, horietako bat konplexutasuna adierazteko ezintasuna da.

Zentsu eta erroldekin batera, badira beste modu batzuk hiztunaren gaineko ikuspegi orokorra lantzeko. Zeregin horretan, galdetegia da gehien erabiltzen den teknika. Eskala handian nahiz txikian, galdetegia modu aproposa izan daiteke oinarrizko datuak lortzeko eta hiztuna eta hizkuntzaren arteko harremanei buruzko argazkia osatzeko. Galdetegia bideratzeko moduak ugariak dira: telefono bidez, aurrez aurre...

Munduko hizkuntzei buruzko txostenak (UNESCOk sustatuta eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ikerketa zabala) galdetegia zuen oinarrian. Galdeketa horrek 40 itaun zituen eta posta arruntaz eta, ahal izan zenean, posta elektronikoz bidali zen. Andoni Barreña, Itziar Idiazabal, Patxi Juaristi eta Belen Urangak bere garaian azaldu zutenaren arabera (Barreña eta beste, 2003), hizkuntza deitzeko erak (hiztunena zein auzokoena), hizkuntza-erabilera, hizkuntzaz hiztunek dituzten jarrerak eta, oro har, hizkuntzak gizartean eta hiztunengan duen tokiaz galdetzen zen. Ikertzaile horiek aitortzen dutenez, mundu-mailako galdeketa zen neurrian, prozesua zailtasunez beteta egon zen, baina ezin da ukatu datuak aberatsak gertatu zirela, hizkuntza-egoera ezberdinen inguruko informazioa lortzeko balio izan zuen heinean. Ziur aski, neurri horretako ikerketa egiteko, ezin zen galdeketa baino teknika aproposagorik imajinatu.

Badira, noski, beste adibide batzuk, non inkesta ikerketa zabalen oinarri gisa agertu den. EUROMOSAICen kasuan, proiektuak bultzatu nahi duen informazio-bilketaren oinarrian galdeketa kokatzen da. Egitasmo horrek Europako tokiko hizkuntzak eta hizkuntza gutxituen egoera ezagutzea du helburu, eta horretarako, azken urteetan hainbat txosten osatu dira.

Arreta Euskal Herrian jartzen baldin bada, oinarrizko ikerkuntzarako teknika inkesta izan duten azterketa ugari eta ezberdinak topa daitezke. Atzera eginez, 1989an, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak (Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, gaur egun) Soziolinguistikazko Mapa. 1986ko erroldaren araberako Euskal Autonomi Elkarteko azterketa demolinguistikoa izeneko azterlana argitaratu zuen (Eusko Jaurlaritza, 1989). Lan horretan oinarrituta, 1991n Euskal Herriko I. soziolinguistikako inkesta egin zen eta 1996an II. soziolinguistikako inkesta. Ikerketa biotako emaitzak Euskararen jarraipena I (Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua, 1995) eta Euskararen Jarraipena II (Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; EKE, 1997), izenburupean argitaratu ziren, hurrenez hurren. Urte batzuk geroago, 2003an, hain zuzen ere, Euskararen jarraipena III argitaratu zen (Eusko Jaurlaritza, 2003).

Inkesta teknika erabili duten erakunde publikoen argitalpen batzuen azalak: Soziolinguistikazko mapa (I eta II) eta Euskararen jarraipena (I, II eta III).

25. irudia

Denbora tarte horretan beste ikerketa batzuk egin ziren, Bigarren soziolinguistikazko mapa (1981, 1986 eta 1991ko zentsu eta erroldetan oinarriturik), esaterako.

Lan horien sustatzaileen ustez, Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoa da, oraingoz, euskararen ezagutza, erabilera eta hizkuntzarekiko jarrerak neurtzeko, euskararen eremu osoan egiten den eragiketa soziolinguistiko bakanetakoa. Horretan datza, besteak beste, bere garrantzia. Inkesta horren azkeneko edizioaren emaitzak 2008an eman ziren ezagutzera (Eusko Jaurlaritza, 2008) IV. inkesta soziolinguistikoa. 2006: Euskal Autonomia Erkidegoa, Iparraldea, Nafarroa, Euskal Herria izenburupean.

Bost urtez behin egiten den inkesta horrek euskararen egoeraren erretratu orokorra ematen du: aldagai soziodemografikoak, hiztunen hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren erabilera hainbat eremutan (familian, lan-munduan, bizitza publikoan...), eta hizkuntzari buruz diren jarrerak.

Soziolinguistikako inkestak, beraz, Euskal Herriaren gaur egungo egoera soziolinguistikoaren azterketa sakona egitea du helburu, ondoko gaiei buruz dagoen informazioa egiaztatzeko:

  • Hizkuntza-gaitasunaren bilakaera.
  • Euskararen erabilera etxean, familiatik kanpoko gertuko komunitatean, lanean eta eremurik formalenetan.
  • Euskararen erabilera sustatzeko hartu beharreko neurriei buruz biztanleen interes eta jarrerak.
  • Familia bidezko transmisioari buruzko errealitatea.
  • Euskaldun berrien analisia. Hizkuntza-jokabidea.

Maila sinkronikoko informazioa emateaz gain (hau da, momentuko edota unean uneko datuak eskaintzeaz gain), maila diakronikoan, alegia, ikuspegi historiko batetik, azken urteotako hizkuntza-bilakaera ezagutu daiteke, inkesta ezberdinetako datuak alderatuz.

Administrazioaren ikuspegitik, ikerlan hauek oinarri-oinarrizko informazioa ematen dute; hortaz, Euskal Herriko hizkuntza-politikaren eta bilakaera soziolinguistikoaren adierazle-sistema antolatzeko orduan, ezinbesteko datuak dira.

Aipatutakoaz gain, badira beste ikerketa batzuk, orokorrak izan arren, esparru mugatuagoa landu dutenak. Etorkizuna aurreikusten 99 (Martínez de Luna eta beste, 2000) proiektua adibide horietako bat izan daiteke. Izan ere, kasu horretan Hegoaldeko eta Iparraldeko hiztun nerabeak (13-14 urtekoak) bakarrik izan ziren aztergai. Edonola ere, galdetegiaren bitartez jasotako informazioa, talde horren hizkuntza-ezaugarriak deskribatzeko oso baliagarria izan zen. Galdetegia, gainera, beste teknika kualitatibo batzuekin osatu zen.

Galdetegia, berriz, ikerketa-tresna garrantzitsua bilakatu da maila txikiagoetan ere, hau da, hiri- edo herri-mailan. Adibide moduan, 1999an Baztan, Bortziriak eta Malerreka eremuan egindako ikerketa aipatu daiteke (Euskararen unibertsoa Baztan, Malerreka eta Bortzirietan). Ikerketak bi zati izan zituen: bata kuantitatiboa, inkesta soziologikoen bidez egina (eskolatutako 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxo guztiei -838ri- eta 17 urtetik gorako 1.200 herritarri egin zitzaien); eta bestea kualitatiboa. Ikerlanaren egilea Taller de Sociología izan zen eta hiru eskualde horietako euskara-zerbitzuen enkarguz eta Nafarroako Gobernuko UHZPNaren laguntzarekin burutu zen (Taller de Sociología, 1999).

Arestian aipatutako kasuetan bezala, Baztan, Bortziriak eta Malerrekan egindako azterlan horrek hizkuntzaren egoera du kezkagai nagusi eta, era berean, hiztunen inguruko oinarrizko argazkia ateratzea du helburu. Bertan ezagutza, erabilera nahiz motibazioaren inguruko zenbait aipamen egiten dira, eta modu horretan hainbat diagnostiko osatu dira, herri-, hiri-, eskualde- edota herrialde-mailan.

Baina, zer gertatu da azterketaren jomuga hiztunari dagokion eremu zehatz bat izan denean?

Batzuetan, ikerketa edo diagnostiko orokor bat egin ondoren, hiztunaren errealitatearen zati zehatz baten inguruan sortu dira galderak. Horiei erantzuteko, berriz ere, inkesta teknika egokia izan daiteke, baina horretaz gain, ikerketa-eremua mugatuagoa den heinean, beste aukera batzuk sortzen dira landu beharreko helburuei begira.

Bista Euskal Herriko egoeran eta errealitatean jarrita, esan daiteke gehienetan hiztunaren inguruan garatutako arlokako azterlanak hiru eremutan zentratu direla nagusiki: ezagutza eta jabekuntza, erabilera eta jarrera edota motibazioa.

Jarraian ikerketa-eremu horietako bakoitzean gauzatutako esperientzia gutxi batzuk aurkeztuko dira.

Hiztunaren gaineko ikuspegi mugatua edo zehatza

- Hizkuntza-ezagutza edota -jabekuntza

Euskal Herriko kasuan, bederen, eremu honen muinean elebitasuna kokatzen da. Izan ere, gaur egun EAEn, Nafarroan eta Iparraldeko hainbat tokitan gutxienez bi kultura eta bi hizkuntza bizi dira elkarrekin. Errealitate horren aurrean hizkuntza ezberdinen ezagutza, eta bereziki hizkuntza ezberdinen jabetze-prozesuak, azterlan askoren helburu bihurtu dira. Horri aurre egiteko hainbat ikerketa egin dira, besteak beste, testuinguru elebidunetan sortu ohi diren aurreiritziak eta usteak frogatu edota deuseztatu ahal izateko. Ikerlan horiek burutzeko aukeratutako estrategiak eta teknikak ugariak izan dira. Baina zeren arabera hautatu dira batzuk edo besteak? Gehienetan ikertzailearen diziplinak edo lan-eremuak agindu izan du.

Batzuetan elebitasuna neurtzeko testak hautatu izan dira ikerketarako tresna gisa. Esate baterako, behin baino gehiagotan erabili izan den formula hauxe izan da: hiztun-multzo bati hainbat hitz proposatzen zaizkio hortik aurrera hiztunek burura datorkiena edo bururatzen zaiena estimulatzeko. Ondoren, denbora jakin batean familia semantiko jakin bati lotuta bururatzen zaizkien ahalik eta hitz gehien idatzi behar dituzte (hizkuntza ezberdinetan). Elebitasun indizeak (EI) hizkuntza batetiko edo bestearekiko oreka/desoreka adierazten du. Indizea kalkulatzeko oinarri matematikoa duen formula bat aplikatzen da. Hortik eskala moduko bat sortzen da eta elebitasun-mailen araberako hiztunak sailkatzen dira.

Gernika-Lumon egindako diagnostiko batean (Ainhoa Etxebarria, 2002), beste teknika batzuen artean, elebitasunari buruzko testa erabili zen. Proba esperimental horretan 197 gaztek eta 63 helduk hartu zuten parte. Gazteei 6 gai proposatu zitzaizkien: ikasgela, maitasuna edo sexua, txoriak, sukaldea, irainak eta familia. Gai bakoitza jorratzeko lau minutu zituzten (bi euskarazko hitzak idazteko eta beste bi gaztelaniazkoak idazteko). Helduek hiru gai jorratu behar izan zituzten: familiartekoak, banku- eta diru-kontuak eta txori edo hegaztiak. Horiek ere, gaztetxoek bezala, lau minutuko epea izan zuten betebeharrekoak burutzeko. Datu guztiak bildu eta kodifikatu zituzten, indizeak ateratzeko asmoz. Hortik aurrera proposatutako gaiaren arabera aztertu ziren datuak, kasu bakoitzean elebidun orekatuak, erdal elebidunak eta euskal elebidunen araberako ehunekoei erreparatuz.

Baina, esan den moduan, badira beste teknika batzuk hizkuntza-ezagutzaren edota jabekuntzaren eremuan aritzeko. Hona ekarri den beste bat ipuin kontaketarena da. Kasu horretan eskola izaten da ikerketarako aukeratutako eremua. Testuinguru horretan umeei ipuin edo narrazio bat kontatzeko eskatzen zaie (aldez aurretik beraiek maisu-maistrari entzundakoa) eta ikertzaileak narrazio horietako hainbat elementu zehatz (berari interesatzen zaizkion horiek) aztertuko ditu modu sakonean ikasleek egoera komunikatibo ezberdinetan egindako kontaketa-jardueretan ekoiztutako testuak konparatzen ditu eta.

Leire Beloki, Itziar Idiazabal eta Ibon Manterolak (2005) estrategia horri jarraituz egindako esperimentu baten berri eman zuten BAT Soziolinguistika aldizkarian. Egileek M. Brigaudiot-en azterketak hartu zituzten kontuan eta beraiek azaldutakoaren arabera, ikerketa bi haur-talderekin egin zen. Umeak 5 urte ingurukoak ziren. Talde baten kasuan, euskara etxeko hizkuntza izateaz gain, euskaraz zeuden eskolatuta eta ingurune soziolinguistiko euskaldunean bizi ziren (Zumaian). Beste taldeko umeek, aldiz, etxeko hizkuntza gaztelania zuten eta beren testuinguruan gaztelania gailentzen zen (Lizarra). Dena dela, bigarren talde horretako haurrak euskaraz eskolatuta zeuden 2 urtez geroztik, D ereduan.

Egileek esperimentu horren ondorioak arlo ezberdinetan kokatu zituzten, bai metodologiari dagokionez, bai hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez. Hona hemen euren hitzetan egindako balorazio orokorra (Beloki eta beste, 2005):

"Edonola ere, iruditzen zaigu mota honetako ikerketek ikasleen hizkuntza-ahalmenak hobeto ezagutzeko aukera ematen digutela, eta hala, ikasle hauen hizkuntzaren garapenerako funtsezkoa den hizkuntzen didaktikak aurrera egin dezan baliagarri direla".

Atal honi amaiera emateko, hiztunen ezagutza aztertzeko egindako ikerketa konplexuak nabarmendu nahi dira. Baina, ikerketa konplexuak aipatzen direnean, zer esan nahi da? Printzipioz ikerketa-eremu (ezagutza edota jabekuntza) hau aztertu ahal izateko, askotan teknika anitzeko ikerketak erabiltzen direla. Hau da, ikertzaileak teknika ezberdinak erabiltzen ditu behar duen informazioa eta datuak jaso ahal izateko. Hori ilustratzeko bi adibide azalduko dira.

Lehenengoa Janire Luque eta Maria-Jose Azurmendik aurkeztutakoa da (Azurmendi; Luque, 2006). Egileen hitzetan ikerketa horren helburua hauxe litzateke:

"Ikerketa honetan egiaztatu nahi dugu D ereduak euskararen eta ikasgaien edukien gaitasun-maila egokiak bideratzen eta lortzen dituela; bai euskaldunentzat, baita erdaldunentzat ere. Horrez gain, gaztelaniaren gaitasun-maila ere ona litzatekeela".

Hori frogatu nahian, aukeratutako laginari jarraipen psikosoziologiko luzea egin zitzaion, 2-3 urteko geletatik hasi (Haur Hezkuntza) eta 6. mailara arte (Lehen Hezkuntzaren amaiera). Prozesuan zehar informazio zabala eta anitza jaso zen teknika nahiz estrategia ezberdinak erabiliz: galdesortak, hizkuntza-probak (hiztegiari buruzkoak barne), euskara eta gaztelania-maila hizkuntza-trebetasun ezberdinetan (testu idatzien ulermena, zuzentasun gramatikala, ahozko testuen ulermena edota testu idatzien ekoizpena) eta ingeles-maila neurtzeko. Hortik aurrera lortutako emaitzak konparatu ziren aldagai ezberdinen arteko harremanak irudikatu nahian.

Bigarren adibidea Nekane Balluerka eta Arantxa Gorostiagak aurkeztutakoa da (Balluerka; Gorostiaga, 2005). Egileek horrela kokatu zuten euren ikerketa:

"Lan hau lehen hizkuntzatzat euskara eta bigarren hizkuntzatzat gaztelania izan duten Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza ertaineko eta unibertsitateko ikasle elebidunengan kokatu zen. Ikasle hauek testuinguru akademikoan egunero erabiltzen dituzten testuak ulertu, ikasi eta idatziz adierazteko duten gaitasunean erabakigarriak izan daitezkeen bi faktoreren eragina aztertu zuten: euskararen eta gaztelaniaren erabilerarena eta bi hizkuntzen jabetze historiarena.

Helburuak aurrera eraman ahal izateko ondoren aipatzen diren teknikak erabili zituzten egileek: euskararen erabilerari buruzko galdesorta, euskararen jabetze-historiari buruzko galdesorta, hitzen ekoizpen-proba (euskaraz eta gaztelaniaz subjektuek ahalik eta hitz gehien idatz ditzaten eskatzen duen proba), testu zientifikoa (irakurketa eta ulermena), galdera aplikatuen proba (testuan ikasitakoa beste egoera batean aplikatzea eskatzen zitzaien), berrezagutze-proba (testu zientifikoaren oroimena ebaluatzeko 24 esaldiz osatutako proba. Kasu honetan esaldiak egiazkoak ala faltsuak ziren erabaki behar zuten subjektuek) eta testu-ekoizpenerako probak (gaiak aldez aurretik jarrita, horien inguruko testua osatu behar zuten).

Lagina 104 pertsonakoa izan zen, unibertsitatean eta irakaskuntza ertainean euskaraz ikasten ari ziren subjektuak, hain zuzen. Horietatik, 81 emakumezkoak eta 23 gizonezkoak ziren eta euren batez besteko adina 17 urtekoa zen ikerketaren hasieran. Parte hartu zuten guztiek lehen hizkuntza euskara zuten eta bigarren hizkuntza gaztelania. Gaiari lotutako ondorioez gain, metodologiari buruzko azken hausnarketa bat ere egin zuten egileek. Horren inguruan, Balluerka eta Gorostiaga ikerketan lortutako emaitzak subjektu gehiago erabiliz errepikatzearen alde agertu ziren, bereziki unibertsitateko ikasle gehiagorekin.

Honaino hizkuntzaren ezagutza- eta jabetze-prozesuaren inguruan burututako hainbat ikerketaren errepasoa. Argi dago atal honen helburua ez dela izan, inolaz ere, sistematikoa izatea. Aitzitik, gai horren gainean erabilitako teknika gutxi batzuk erakustea bilatzen zen. Aipatutako ikerketek lagin moduko bat osatu dute, eta bertan ezagutza ikertzeko asmatutako eta garatutako estrategia batzuk mahaigaineratu dira. Horrek berriro uzten du agerian ez dagoela gaiak aztertzeko modu bakarra. Modu asko daude, betiere ikertzaileen formazio eta helburuen arabera eta, noski, aukera, egoera eta testuinguruaren arabera.

- Erabilera

Hizkuntzaren erabilera aztertzeko ere modu eta bide asko egon daitezke. Euskarari dagokionez, ugariak izan dira erabilitako teknikak eta estrategiak erabilpenari loturiko faktoreak zeintzuk diren ezagutu ahal izateko. Batzuetan erabilera helburu nagusia (eta bakarra) izan da; beste batzuetan, aldiz, ezagutza edota motibazioarekin batera aztertu da.

Ildo beretik esan behar da batzuetan erabileraren inguruko kezkak ikerketa kuantitatiboak bultzatu dituela, besteak beste psikologiatik jarrera eta portaeraren arteko loturak aztertu nahi izan dituztenak. Kasu hauetan abiapuntua zera da: sumatzen da euskararen ezagutza eta euskararen aldeko jarrera ez direla nahikoak erabilera bermatzeko. Beraz, bestelako aldagai batzuk hartu beharko lirateke kontuan euskararen erabilera azaltzeko. Iñaki Garciaren ustez (Garcia, 2004), bi aldagai-mota nabarmentzen dira bereziki: testuingurua definitzen dutenak (bereziki euskaldunen presentzia) eta norbanako-mailan subjektuaren portaera gidatzen dutenak (ezagutza, jarrera eta bi aldagai hauen artean zubi-lana egingo lukeen identitatea). Garciak, eredu hau frogatzeko asmoz, ikerketa interesgarria egin zuen hainbat ikasle unibertsitariorekin (703). Galdetegia teknika erabili zen, nahiz eta gero horren emaitzak eredu berezi baten bitartez aztertuak izan ziren (LISREL -lineal structural relations izeneko eredua eta izen bereko doikuntza-teknika). Garciak azaltzen duenaren arabera, eredu honek teoria eta datuak kontrastatzea ahalbidetzen du, abiapuntuan dagoen eredu teorikoa baieztatzeko edo errefusatzeko asmoz.

Datu-bilketa egiteko bi zatitan banaturiko galdesorta erabili zen. Galdesortaren lehenengo zatian datu soziolinguistikoak (testuingurukoak) eskatzen ziren. Bigarren zatian, berriz, norbanako-mailan ondorengo aldagaien inguruko informazioa eskatzen zen: euskararen erabilera eta ezagutza, euskararekiko jarrerak, identitatea...

Ondoren azalduko den azterketak ere oinarri kuantitatiboa du. Protagonistak Donostiako Santo Tomas Lizeoko eta Gasteizko Olabide ikastolako ikasle ohiak izan ziren, eta azterlanaren helburua bi gune soziolinguistiko desberdinetan euskararen erabilera eta familia bidezko transmisioa azaltzea izan zen. Aukeratutako bi ikastetxeen ingurunea nahiko desberdina da eta aspektu horren eragina neurtzea ikertu beharreko beste elementu bat litzateke.

Santo Tomas Lizeoko eta Olabide ikastolako ikasle ohiekin egindako ikerketen azala (Eusko Jaurlaritza, 2005).

26. irudia

Azterketa abiatuta, Olabide ikastolako 26-41 urte bitarteko 855 ikasle ohi eta Santo Tomas lizeoko 31-47 urte bitarteko 1.750 ikasle ohi izan ziren elkarrizketatuak. Ikerketa honetan erabilitako teknika galdetegi telefonikoa izan zen.

Euskararen erabilerari dagokionez, azterketa honek zera erakutsi zuen: erabileran gehien eragiten duten faktoreak bi direla, alde batetik, gaitasun erlatiboa, eta, bestetik, harreman-sareko hiztunen dentsitatea. Aipatutako faktoreak oso ezberdinak izan ziren Olabideko ikasle ohien eta Santo Tomas Lizeokoen artean, eta, horren ondorioz, erabilerari buruzko emaitzak ere oso ezberdinak izan ziren batean eta bestean. Ondorioen artean adierazgarria da Jon Aizpuruak aurkeztutako datua (Aizpurua, 2006):

"Olabideko ikasle ohien erdiek baino gehiagok ez dute euskara ia inoiz erabiltzen (% 32k gaztelaniaz baino gutxiago lau eremutan -etxea, lagunak, lankideak, eta erabilera-eremu formalagoak- eta % 22k inoiz ez). Lizeokoen artean, berriz, % 7 baino ez dira euskara gaztelania baino gutxiago erabiltzen dutenak".

Argi dago noiz, norekin, non eta zergatik erabiltzen den hizkuntza bat edo bestea ohiko kezkak direla soziolinguistikaren edozein eremutan. Ikusi denez, horri aurre egiteko, metodo kuantitatiboak nagusitu dira, baina badira beste era bateko ikerlanak burutu dituztenak ere.

Horren adibidea Iñaki Martínez de Luna eta Nekane Jausorok Donostiako gazteen inguruan egindako ikerlana izan daiteke, bertan metodologia kualitatiboa erabili zuten eta. Kasu honetan eta, egileek azaldu zutenez (Martínez de Luna; Jausoro, 1998) erabilera ez zen izan helburu bakarra, baina helburu zehatzen artean euskararen erabilera eta gizarte-egoerak aztertzea aurreikusten zen. Hauek dira, beraien hitzetan, ikerlanean jorratu beharreko puntuak:

"Ikerketa honetako helburu orokorra Donostiako gazteek euskararekiko dituzten jarrerak eta irudiak eta motibazioak aztertzea da. (...) Helburu zabal honen barruan beste hainbat helburu zehatzago bereiziko ditugu, besteak beste ondorengo hauek: gazte hauen euskararen irudia, euskararekiko jarrerak eta motibazioak, gaztelania eta euskararen arteko harremanak, euskararen erabilera eta gizarte-egoerak, eta bi hizkuntzek dituzten gizarte-funtzioak".

Informazio hori guztia biltzeko metodologia kualitatiboa erabili zen, Martínez de Luna eta Jausororen iritziz, diskurtsoen munduan, hots, espazio sinbolikoan sakontzeko egokiena delako. Metodologia honetan dauden teknika ezberdinetatik eztabaida-taldea aukeratu zen. 16-19 urteko gazteak izan ziren eztabaida-taldeetako partaideak. Taldeak institutuko eta lanbide heziketarako ikasleek osatu zituzten; gainera unibertsitateko ikasle batzuk ere kontuan hartu ziren. Ikasle gehienak A eta D ereduan ibilitakoak ziren, baina bazeuden B ereduan ikasitako gutxi batzuk ere. Adina eta hezkuntza egoeraz gain, taldeen profilak osatzeko ondorengo aldagaiak hartu ziren kontuan: familiako hizkuntza-giroa (guraso euskaldunak ala erdaldunak izatea) eta zein auzotan bizi ziren (auzo euskaldunagoa ala erdaldunagoa). Gazte unibertsitarioen artean, kontuan hartu zuten zientzietan ala letretan ikasten ari ziren.

Aintzakotzat hartutako ardatz eta aldagaien arabera, 7 eztabaida-talde, hiruko talde bat eta banakako bi elkarrizketa sakon egin ziren.

Azkeneko adibide bat jarri nahi da, non ikergaia erabilera baino erabileran izandako aldaketak izan ziren aztergai. Kasu honetan aplikatutako metodologia kualitatiboa izan zen, azterketa gauzatzeko elkarrizketa sakonak egin baitziren, 27 elkarrizketa, hain zuzen ere (EAEko herri ezberdinetan). Egileak Pello Jauregi eta Soziolinguistika Klusterra izan ziren eta helburua bikoteen artean hizkuntza-ohituren aldaketa aztertzea izan zen (hau da, bikoteak erdaraz aritzetik euskaraz aritzera pasa zirenak). Lortutako emaitzaz eta ondorioaz aparte, bereziki azpimarratu nahi da egindako apustu metodologikoa, izan ere orain arte oso gutxi izan dira erabileraren inguruan sortutako gorabeherak edota aldaketak protagonisten diskurtsoetatik, bizipenetatik aztertu dituztenak.

Klusterra

Soziolinguistika Klusterra: soziolinguistika-eremuko eragileen klusterra da. 2004an sortu zen, ezagutza soziolinguistikoaren ikerketan, zabalpenean eta aplikazioan dauden gabeziei eta beharrei dinamika berri batekin erantzuteko. Euskal Herrian hizkuntza-normalizazioaren prozesuan inplikaturik dauden erakunde eta taldeentzat (pribatu, publiko zein gizarte-mailakoak) datuak, metodologiak eta bestelako materialak eskaintzeko egitasmoak lantzen ditu. Bere misioan esaten den bezala:

"Soziolinguistika Klusterraren misioa euskararen normalizaziorako soziolinguistika-ezagutza garatzea, zabaltzea eta horren inguruko interesa piztea da. Horretarako, baldintza egokiak sortuko ditu, esparru teoriko eta aplikatuaren arteko zubiak eraikiko ditu, eta arloko eragileekin hausnarketarako zein lankidetzarako bilgune-sareak osatuko ditu. Klusterrak, beraz, lan-ildo garrantzitsuenetariko bat du ikerkuntza, eta bertan berritzea (arlo metodologikoan ere) bere helburu nagusien artean dago".

- Jarrera

Hiztunak euskararekiko azaldutako jarrerak ohiko aztergaia izan dira euskal soziolinguistikaren arloan. Zergatik? Bada, printzipioz, pentsatu izan delako euskara hizkuntza minorizatua izanda, jarrerek eragin zuzena izango zutela hizkuntzaren erabileran. Hori dela eta, ikerketa ugari burutu dira eta gai honen inguruan erabilitako teknikak eta aplikatutako ikuspegiak ugariak izan dira. Ikerketa horien protagonistak ere profil ezberdinetakoak izan dira: batzuetan, gazteen jarrerek sortu dute jakin-mina; beste batzuetan, euskara-ikasleek, -irakasleek, edo tokian tokiko populazioak. Azterketa zabalagoak edo murritzagoak, konplexuagoak edo sinpleagoak osatu dira, baina denen ekarpena baliagarria izan da euskal soziolinguistikak aurrera egin zezan.

Estibaliz Amorrortuk azaltzen duenez (Amorrortu, 2001) jarrerak aztertzeko orduan bi bide nagusitu dira: metodo zuzenak eta zeharkakoak. Egileak aipatzen duenaren arabera, euskara eta erdararekiko hizkuntza-jarrerak neurtzeko erabili diren metodoak gehienbat zuzenak izan dira, hau da, jendeari zuzenean galdetu zaio zein iritzi duen euskara normalizatzeko plangintzaren inguruan; ezinbestekoa den haur guztiek euskara ikas dezaten, Euskal Herrian ikusi eta entzuten diren telebista eta irratiek programa askoz gehiago izan beharko lituzketen euskaraz eta Euskal Herriko administrazio publikoan sartzeko beharrezkoa izan beharko litzatekeen euskara jakitea, kasurako.

Galdesorta ugari eta anitzak burutu dira. Hortik ehunekoak eta, oro har, analisi estatistikoak (kobariantza analisia, T-test erregresioa, CLUSTER analisiak, LISREL analisia, ANOVA...) izan dira emaitzak aurkezteko garaian gehien erabili den modua. Josu Peralesek aipatzen duenaren arabera (Perales, 2001), teknika kuantitatiboak nagusitu dira, bai prospektiba-lanak, bai hezkuntza-sistemari buruzko lanak, bai euskalduntze-alfabetatzearen inguruan egindako azterlanak aurrera eramateko.

Ildo beretik doa Carlos Vilches eta Mikel Vilchesek Nafarroan hizkuntzarekiko jarreren inguruan egindako azterketen analisia; izan ere, egileek nabarmentzen dutenez, azkenengo urteotan ikerketa-eremu honetan egindako lan gehienek oinarri kuantitatiboa izan dute, besteak beste, 1990. urtean CIES enpresak Estudio de las actitudes de los navarros ante el euskara izeneko lanak (Nafarroako Gobernuak eskaturik 3.035 elkarrizketa egin ziren). Ondoren, 1995. urtean Taller de Sociología S.L.-k, euskara Nafarroan zertan zen ikusteko, Investigación sociolingüística sobre el euskara en Navarra ikerlana egin zuen, oinarri kuantitatiboa zuena. Gauza bera gertatu zen urte batzuk geroago IKEI enpresak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aginduz, Demanda social de estudios universitarios en vascuence en Navarra izeneko lana egin zuenean.

Nafarroa utzi gabe, Nekane Orozen lana ere aipatu behar da. Egileak horrela azaltzen du bere ikerketaren helburua (Oroz, 1999): Nafarroan ematen diren euskararekiko jarrerak eta horietan eragina duten faktoreen azterketa egitea. Asmo hori betetzeko, inkesta bat prestatu zuen Orozek 16 urtetik gorako populazioaren lagin batek bete zezan.

Teknika bera aplikatu zuen Jokin Aiestaran Arabako Errioxan elebitasunarekiko eta euskararekiko jarrerak aztertzeko asmoz. Ikerlana 2001. urtean egin zen eta galdetegia erantzun zutenak Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa edo Lanbide Heziketa eskaintzen zuten hiru ikastetxeetatik atera ziren. Guztira 14 eta 18 urteko 232 ikaslek bete zuten galdesorta.

Ikerketa hauen kasuan, askotan, jendeak dituen interes eta jarrerak neurtzea izan da helburu nagusia, lekukoak dioena jasota, erabilera eta plangintzaren arrakasta aurreikus daitekeela suposatzen delako. Hau da, plangintzaren aldeko jarrera zabala izanik, plangintza hori arrakastatsua izango zela pentsatu izan dute hizkuntza-plangintzaren egileek. Uste horiek, ordea, ez dira kasu guztietan bete. Argi ikusi da hizkuntza baten aldeko jarrera eta interesa egonda ere, erabilera ez dela ziurtatzen. Horren ildotik, argi gelditu da zaila izaten dela jendeak, galdetzen zaionean, benetan pentsatzen duena esatea. Amorrortuk berak dioenez (Amorrortu, 2001), hizkuntza minorizatuen kasuan agertutako jarrera askotan ekintzazko jarrera baino baikorragoa izaten da.

Alborapen hau ekidin nahian edo, hizkuntza-jarreren arloan zeharkako metodoak aspalditik erabiltzen dira. Amorrorturen ustez (Amorrortu, 2001),

"zeharkako metodologia erabilita, lekukoari ez zaio zeren atzetik gabiltzan jakiten uzten. Edo, beste modu batean esanda, kontzientziapeko jarrerak batzeko ez zaio esaten bere jarreretan daukagula interesa".

Zeharkako metodoen artean bi dira ezagunenak edota erabilienak: matched guised deritzon teknika (euskaraz "bikote ezkutua"), batetik, eta semantika-diferentziala, bestetik.

Amorrortuk azaltzen duenez (Amorrortu, 2001), bikote ezkutuaren teknikaren bidez, aldaera bera ez ezik (dela hizkuntza, dela dialektoa), jarreretan eragina izan dezaketen aldagai guztiak ere neur daitezke, aurretik prestaturiko estimuluak erabilita. Egileak horrela deskribatzen du prozedura:

"Hiztun elebidun edo dialektobidunari ahozko testu bera, aldaera bitan, sortzea eskatzen zaio. Lekukoak estimulu bezala entzunarazten zaizkion hiztunak (bikote ezkutua osatzen dutenak) ebaluatu behar ditu, hiztun bera bi estimuluren egile dela jakin gabe. Hiztun batek sortutako estimuluen artean beste estimulu batzuk sartzen dira tartekaturik, lekukoak ahots bi lagun batenak direla ezagutu ez ditzan.
Modu honetan, hiztun berak sorturiko estimulu biekiko jarrera ezberdinak topatuz gero, hiztun bat denez (ahots bera duenez, beraz), aldaerak berak eragindako jarrerak baino ezin dira izan jasotakoak. Hala, zeharka, lekukoei zuzenean hizkuntza baten hiztunei zer deritzen galdetu barik, haiekiko jarrera kontzientziapekoak batu ditzakegu.

Teknika hau Wallace E. Lambert hasi zen erabiltzen 1972an eta, emaitza harrigarriak ikusita, onespen handia lortu zuen ikertzaileen artean. Euskararen inguruko azterketetan ere erabili izan da, besteak beste, Amorrortuk berak (Amorrortu, 2000) unibertsitateko hainbat ikasleren euskara batuarekiko eta bizkaierarekiko jarreren azterketa burutu zuenean.

Bikote ezkutuaren teknikarekin batera semantika-diferentziala erabiltzen da sarri jarrerak neurtzeko. Amorrortuk deskribatzen duenez (Amorrotu, 2001), semantika-diferentziala mutur biko mailaz mailako eskala da eta egitura-dimentsio ugari dauzka. Pertsonaren izaerari dagozkion adjektiboak agertzen dira bost graduko eskalan (oso-tik batere-raino) eta lekukoek estimulu-hiztunak eskala horietan ebaluatu behar dituzte.

Baina jarrerak aztertzeko orduan, badira beste bide eta estrategia batzuk ere, gaiarekiko beste ikuspegi bat lantzeko oso baliagarriak izan daitezkeenak. Hizkuntzaren erabilpenaren atalean aipatu izan denez, Donostiako gazteen jarrerak aztergai izan zituzten Martínez de Luna eta Jausorok. Kasu honetan, nagusiki, eztabaida-taldeen bidez jaso zen informazioa. Teknika berdina erabili zuten, besteak beste, Vilches eta beste lankide batzuek 1997an Udal Euskaltegien komunikazio eta marketinerako jarduera-ildoak zehaztea helburu zuen ikerketa batean (Odriozola, 1997). Nekane Goikoetxeak ere 1997an egindako ikerketa batean (Goikoetxea, 1997) eztabaida-taldea erabili zuen Debako gazteen hizkuntza-jarrerak aztertu ahal izateko; hori bai, kasu honetan metodologia kualitatiboa eta kuantitatiboak uztartu ziren.

Baina gehiago izan dira metodologia kualitatiboaren alde egin dutenak. Adibidez, Jesús Azcona antropologoak ikuspegi kualitatiboa erabili zuen 1985. urtean Límites geográficos-sociales del euskara en Navarra izeneko lana egin zuenean. Edo Nekane Larrañagak (Larrañaga, 2003) euskal gaztetxoen jarrerak ikertu zituenean, ohiko teknika kuantitatiboaz gain (galdesorta), teknika kualitatiboen barruan koka daitekeen idazlanen azterketa proposatu zuenean. Teknika honekin egileak bilatzen zuena zera zen: gaztetxoei eurentzat euskara zer den askatasun osoz adierazteko aukera ematea. Idazlanak galdera batzuei erantzuna emanez egin ziren. Larrañagak idazlanak bideratzeko erabilitako galderen artean hauek proposatu zituen (Larrañaga, 2003): Zer da zuretzat euskara? Zuk zeuk nolako interesa duzu euskararekiko? Euskara, zertarako?

Hortik aurrera, zein da prozedura idazlanen analisia bideratzeko? Larrañagak azaltzen duenez, idazlanetako adierazpenak bere horretan irakurri ondoren eta hitz adierazgarri bakoitzak bere testuinguruan duen esanahia ikusi ondoren, ikertuen adierazpenak kategoria ezberdinen arabera sailkatzen dira. Kategoria horietan oinarriturik nolabaiteko tipologiak osa daitezke.

Argi dago hizkuntza eta hiztunak testuinguru batean kokatzen direla, eta horrek garrantzi handia du hizkuntzaren inguruan sortzen diren dinamikak interpretatzeko orduan. Hizkuntza bera izan daiteke, euskara adibidez, baina erabilera pertsona eta egoeraren arabera guztiz aldatuko da. Ez da gauza bera gazte euskaldun bat bere lagunekin festa-giroan edo pertsona heldu bat banketxe batean lanean irudikatzea. Batak zein besteak egingo duten hizkuntza-erabilera edota hizkuntzarekiko adieraziko duten jarrera oso ezberdinak izan daitezke. Kasu batzuetan, ikerketek testuinguruaren garrantzia alde batera utzi dute, nahita edo nahi gabe, eta objektu isolatuen gainean jarri dute arreta. Beste batzuetan, testuingurua bigarren maila batean kokatu baldin bada ere, bere pisua aitortu izan zaio. Baina, esan denez, ikerlan batzuetan testuingurua bereziki nabarmentzen da, eta horren arabera planteatu izan dira, bai ikerketaren helburuak, bai metodologia.

Hori dela eta, corpusaren inguruko ikerlanak eta hiztunaren gainean burututakoak aztertu ondoren, hizkuntzaren testuinguruan arreta jartzen duten lanak ikergai bihurtuko dira, betiere, aurreko bi ataletan egin den moduan, proposamen metodologikoak azpimarratzeko asmoarekin.

Kasu honetan azalpena bi ataletan banatuko da: batetik, hizkuntza testuinguru zabalean ikertu dutenak aipatuko dira; bestetik, hizkuntza testuinguru zehatz batean kokatu dutenak izango dira aztergai.

Hizkuntza testuinguru zabalean

Atal honetan Kale Neurketak erabateko protagonismoa izango du, besteak beste, metodologia testuinguruak zeharo baldintzatuta dagoelako. Izenak adierazten duen moduan, Kale Neurketak kalea du ikerketarako gunea eta bere ezaugarriak testuinguru horretara moldatu behar ditu.

Kale Neurketa: behaketa zuzenaren bidez gauzatzen da Kale Neurketa (hau da, hizkuntza-erabilera "erreala" jasotzen da, eta ez erabilera aitortua). Hori dela eta, Kale Neurketan jasotako datuek zera adierazten dute: neurketa egin den tokian eta unean (egunean eta orduan) zenbat lagun ari den euskaraz (edo erdaraz) hitz egiten; hau da, zenbat hitz egiten den euskaraz une eta leku horretan. 1989an Euskal Kulturaren Batzarrak -EKB- Euskal Herriko udalerri handienetan (10.000 biztanletik gorako udalerrietan) erabilera neurtzea erabaki zuen. Siadecori agindu zion hori egiteko eta urte horretan bertan lehenengo Kale Neurketa egin zen. Urteetan zehar teknika berari eutsi bazaio ere, moldaketa eta egokitzapen anitz egin dira, betiere ikerketaren prozedura hobetzeko asmoz.

Altunak eta bestek azaltzen duten moduan (2008: 80):

"Euskal Herriko Kale Neurketak, Euskal Herri osoan, eremu publikoan, kalean, euskararen ahozko erabilera neurtzen du. Estreinakoz 1989an egin zen neurketa hori, geroztik lau edo bost urtean behin errepikatu da. (...) Lehenengo hiru neurketak Euskal Kultur Batzarraren (EKB) zuzendaritzapean egin ziren. EKB desagerturik SEI Elkarteak hartu zuen bere gain laugarren neurketa, eta bosgarrena Soziolinguistika Klusterrak burutu du".

Egileek azpimarratzen dutenez (Altuna eta beste, 2008: 80), proiektu hau sortzeko eta aurrera egiteko ahalegin handiak egin zituzten hainbat pertsonak eta erakundek:

Siadecok berak metodologiari dagokionez (Iñaki Larrañaga eta Kike Amonarriz buru), unibertsitateko zenbait irakasle erabilerari buruzko teorizazioan (J.L. Alvarez Enparantza "Txillardegi" eta Xabier Isasi) eta Euskal Kulturaren Batzarrak (EKB), proiektuari maila orotako babes eta laguntza "logistikoa" eskainiz".

Kale Neurketaren berezitasuna eta potentzialtasuna metodologian datza. Berrikuntza, inondik etorri bada, hortik etorri da. Izan ere, aurretik ikusi den moduan, Kale Neurketaz gain, euskararen erabilera inkesta bidez (zentsuetan zein bestelako inkesta soziolinguistikoetan) eta kasu zehatz batzuetan, metodologia kualitatiboak lagunduta aztertu izan da gehienbat. Baina, Kale Neurketan, behaketa zuzena da datu-bilketa ahalbideratzen duen teknika. Kasu honetan mintzatzen ari denari ez zaio ezer galdetzen, kalean ausaz entzuten dena da bilduta gelditzen den informazioa. Alde batera uzten da, beraz, erabilera aitortua edo subjektiboa, inkestaren bidez jasotzen dena alegia.

Metodologiaren aplikazioari dagokionez, esan behar da urteak pasa ahala aldaketak eta moldaketak egin direla datu-bilketan: zein herritan egin den Kale Neurketa, zenbatetan eta neurtutako aldagaiak, besteak beste.

Azkenengo neurketari dagokionez (2006), esan behar da 62 udalerritan egin zirela behaketak: Araban 4, Bizkaian 18, Gipuzkoan 16, Nafarroa Garaian 13, Lapurdin 7, Nafarroa Behean 2 eta Zuberoan 2. Bestela, aldagaiei dagokienez, hona hemen kontuan izan zirenak: neurtutako aldagaiak adina, sexua, taldearen osaera (elkarrizketan parte hartzen duten hiztunak adin-talde berekoak diren ala ez) eta haurren presentzia (haurren presentziarik gabeko elkarrizketak, haurrak presente egon baina parte hartzen ez duten elkarrizketak eta haurrak presente egon eta parte hartzen dutenak).

Horrela, Kale Neurketan jasotako datuek zera adierazten dute: neurketa egin den tokian eta unean (egunean eta orduan) zenbat lagun ari den zein hizkuntza (euskara, gaztelania ...) hitz egiten. Ez du esan nahi, beraz, horiek euskaraz baino hitz egiten ez dutenik; izan ere, pertsona horiek beraiek, beste une eta beste toki batean erdaraz hitz egin baitezakete. Horregatik gogoratu behar da kalean gauzatzen diren harremanak eta horiei loturiko elkarrizketak testuinguru jakin bati (kaleko elkarrizketa arruntak) loturikoak izaten direla; hau da, ez dira, normalean, unibertsitateko elkarrizketa formalak edo lantokian gerta daitezkeenak.

Kalean gertatzen dena neurtzeko, eremu publikoari loturiko ezaugarriak, baldintzak eta abar hartu behar dira kontuan. Gainera, ezin da ahaztu Kale Neurketa, ikerketa gutxik egiten duten moduan, Euskal Herri osoa hartzen duela ikerketa-eremu, eta hori funtsezko datua da emaitzak ulertzeko eta azaltzeko.

Kale Neurketaren aipamenarekin bukatzeko, azpimarratu behar da praktika hau "Txillardegi"-k sortutako eredu matematikoari lotuta dagoela. Hori dela eta, esan daiteke metodologia honi atxikitako lorpenak maila teorikoan ere aztertu behar direla.

Hizkuntza-taldeak/hizkuntza-gune berezituak

Puntu honetan, testuinguru zehatz baten ezaugarriei erantzuteko asmoz egindako ikerlanak aztertuko dira. Hizkuntza eta hiztunak berdinak dira, baina euren dinamika, era batean edo bestean, baldintzatuta agertzen da murgiltzen diren eremu zehatz horiengatik. Momentu honetan, berriro ere, helburua ez da sakona izatea, lan hauetako lagin bat erakustea baizik.

Aspalditik, helduen euskalduntze eta alfabetatzea, eta bereziki, euskaltegiak, interesezko testuinguru bilakatu dira ikertzaileentzat. Siadeco enpresak (EKBren laguntzarekin eta hainbat euskaltegiren babesarekin), esate baterako, bi ikerketa egin zituen 1996an helduen euskalduntze eta alfabetatzearen inguruan. Ikerketa horien helburuak euskalduntze- nahiz alfabetatze-maila ezagutzea, behar linguistikoak identifikatzea, balorazioak jasotzea eta beharren aurreikuspenak egitea izan zen.

Alfabetatze-prozesuan zebiltzanen kasuan, azterlanaren unibertsoa Euskal Herri osoko 20-39 urte bitarteko euskaldunek eta goi-mailako ia-euskaldunek (ongi ulertu eta inkestari euskaraz erantzuteko gai zirenak) osatu zuten. Guztira 790 inkesta egin ziren, euskaldungoaren banaketa geografikoaren arabera.

Euskalduntze-prozesuan zebiltzanen artean 20-39 urte bitarteko erdaldunek osatu zuten azterketarako unibertsoa. Honetan ere metodologia kuantitatiboa erabili zen, eta guztira 2.849 inkesta bildu ziren.

Urte batzuk geroago Maite Otegi Jauregik (2006) Goierrin euskalduntze-alfabetatze ahaleginetan ari zirenen artean motibazioak zeintzuk ziren aztertu zuen, etorkizuneko emaitzak hobetzeko baliagarria izango zelakoan. Kasu honetan metodologia kuantitatiboa zein kualitatiboa erabili zituen Otegik. Lehenik eta behin, zonaldeko euskaltegietako ikasle eta irakasle ezberdinekin osatu zituen hainbat eztabaida-talde eta, teknika horren bitartez lortutako emaitzak galdeketa bat diseinatzeko erabili zituen. Inkesta 251 ikaslek bete zuten (horietatik % 47 Maizpideko barnetegiko ikasleak; beste % 53ak euskaltegietako ikasleak) eta emaitzak euskara ikasten jarraitzeko motibazio nagusia integratzailea zela ondorioztatu ahal izan zuen egileak, ikaslea barnetegikoa edota euskaltegietakoa izanda ere.

Ikasleak mailaz igoz doazen heinean erabilera instrumentala ere oso nabarmena da; are gehiago, egileak azpimarratzen duenez, bi eragileak batera joan daitezke (instrumentala eta integratzailea) gehienetan elkarri eusten diote eta.

Lagunartea edo koadrila ere eremu deigarria gertatu da ikertzaileentzat. Kuadrillategi proiektua horren isla litzateke. Kuadrillategi ezin da azterlan huts bezala definitu, baina, bestalde, azpimarratu behar da egitasmo bat baino gehiago dela; izan ere, funtsean azterlana eta hausnarketa sakona eta teorikoa dago. Oinarrian Pello Jauregik talde naturalak euskalduntzeko egindako lana dago. Ildo horretatik, Jauregik urte asko eman ditu esku-hartzeari eusten dion marko teorikoa eta metodologikoaren inguruan ikertzen. Kuadrillategi egitasmoa, neurri handi batean, horren guztiaren emaitza da eta bere gauzapena parte hartzeko ikerketa-ekintza eredura hurbiltzen da. Hau da, egitasmoaren funtsean ekintza eta horren emaitzen gaineko hausnarketa daude. Hausnarketa horretatik, berriz, moldaketak, hobekuntzak eta berrikuntzak sortu dira. Horrela, egitasmoa elikatuz doa.

Dena dela, Diego Egizabalek, Axier Huegunek eta Pello Jauregik (proiektu honen suspertzaileak) esaten zuten moduan (Egizabal eta beste, 2004), Kuadrillategi egitasmoa gure esku-hartzearen hastapen teoriko eta metodologikoetan sakontzeko aukera ematen digun ikerketa bada ere, gazteentzat, euskaraz egiten den aisialdi eskaintza bat besterik ez da.

Kuadrillategi egitasmoa.

27. irudia

Esku-hartzea, beraz, aisialdian gauzatzen da eta hortik abiatuta, marko metodologikoak ondorengo ezaugarriak ditu:

  1. Ikerketak aisialdiko eskaintza soilaren itxura hartzen du gazteei aurkezten zaienean.
  2. 14 urteko gaztetxoei eskaintzen zaie egitasmoa, hots, DBHko 3. mailakoei.
  3. Bi urte irauten du egitasmoak; beraz, 16 urte dituzte bukatzean.

Egitasmoak bestelako ezaugarriak ditu, baina funtsezkoena zera da: aipatu den moduan, esku-hartzea aisialdian gauzatzen da eta horrek, halabeharrez, eginbeharrekoa guztiz baldintzatzen du. Izan ere, aisialdia, definizioz, ezin da nahitaezko jarduera izan; aitzitik, borondatezko lotura aurreikusten da.

Baina zer dela eta erabakitzen du talde batek edo koadrila batek egitasmoaren dinamizatzaileengana hurbiltzea? Egileek diotenez, printzipioz, arrazoiak, nagusiki, hiru izango lirateke: gune fisiko bat bilatzea, jende berria ezagutzeko aukera izatea eta gauza berriak egiteko aukera izatea.

Baina, badaude parte hartzeko baldintza batzuk: parte hartuko duten lagunek gutxieneko euskara gaitasuna izatea, gutxienez taldeko bost lagunek ematea izena eta parte hartzen daudenean euskara hutsez egitea (ezagutza-maila edozein izanda ere).

Taldeak konpromisoa hartzen duenean prozesu bat hasten da. Tarteka negoziazio-saioak egiten dira bi aldeek hasieran zituzten helburuak betetzen ari diren ikusteko (dinamizatzaileen aldetik euskararekiko harremana areagotzea eta sendotzea eta gaztetxoen aldetik aisialdirako eskaintzarekin gustura egotea). Suma daitekeenez, negoziazio-prozesu horretan (eta oro har dinamika burutzen den bitartean), ikerketa-ekintzaren ikuspegia behar-beharrezkoa izango da. Hortxe dago egitasmo honen balio eta ekarpen metodologikoa.

Familia-gunea beste eremu garrantzitsua izan da euskararen inguruko ikerkuntzan, bereziki transmisioaren gaiari lotuta agertu delako. Arlo honetan ez dira lan asko egin, baina, beti arreta bereganatu izan dute. J. Fco. Zinkunegik, 1995. urtean, BAT aldizkariko artikulu batean (Zinkunegi, 1995), ordura arte aztertutakoaren berri eman zuen eta argi utzi, ordura arte egindako lanek (bereziki zentsuetako datuak eta Siadecok eta HPINek egindakoak) oinarri kuantitatiboa zutela. Hau da, gehien erabilitako teknika inkesta izan zen. Josune Iraolak, aldiz, beste bide bat hartu zuen Pasaian familia barruko hizkuntza-transmisioa aztertzeko orduan. Teknika kualitatibo ezberdinak erabili ziren, elkarrizketa sakona eta eztabaida-taldea, hain zuzen ere. Egileak azaltzen zuen moduan (Iraola, 2004) planteamenduaren oinarrian bi galdera ezberdin zeuden. Alde batetik, 1940-1970 garaiari begiratuta, zein izan ziren gertatutako hizkuntza-ordezkapenaren arrazoiak? Zein izan ziren euskarari eutsi zioten familien motibazio nagusiak? Itaun horiei erantzuteko asmoz, bost elkarrizketa sakon egin ziren.

Bestalde, bigarren galdera hauxe izan zen: XXI. mendearen hasieran, Pasaiak bizi duen egoera soziolinguistiko konplexuan, nolakoa da ematen ari den familia-transmisioa? Kasu honetan, erantzunak bilatu nahian, bost eztabaida-talde burutu ziren.

Puntu hau bukatzeko esparru zabal eta konplexu bat aipatu nahi da, urtetik urtera garrantzia eta protagonismoa irabazten ari dena: lan-munduarena. Bertan enpresak ez ezik, merkataritza eta bestelako zerbitzuak (adibidez, elkarte edo erakundeak) sartzen dira. Errealitate anitza biltzen da lan-munduaren epigrafearen barruan, baina, dudarik gabe, berrikuntza handiko eremua da, metodologiari dagokionez ere. Jada 1990eko hamarkadaren hasieran hainbat elkarte euskalduntze-prozesuetan sartzen hasi ziren. Horrek euskararekiko konpromisoa eskatzen zuen, eta beste maila batean, erronka metodologikoa zekarren. Testuinguru horietan egitasmoak eta plangintzak ezarri baino lehen, diagnostikoa egin behar zen, eta garai hartan datu-bilketarako lehenengo fitxak diseinatzen hasi ziren. Ondorioz, datu-bilketak ere sistematizatzen hasi ziren. Elkarteak edo erakundeak deskribatzeko, euren barne-funtzionamenduaren fitxak eta antolatutako jardueren fitxak erabiltzen ziren, gehienbat datu bilketarako tresna gisa. Horrelako ekimenen hasiera baldin bazen ere, jada sumatzen zen proiektu horien berezitasun nabarmen bat metodologiari zegokionez. Denek, edo gehienek, bazuten ekintza-ikerkuntza kutsu bat. Hori oso argi adierazi zuen J.I. Markok Club Deportivo Hernani (CDH) kirol-elkartearen inguruan ostatuko egitasmoa azaltzerakoan (Marko, 1996):

...gure asmoa ekintza soila baino gehiago izan dadin ere bada, hau da, ekintza horren gain nolabaiteko ikerkuntza ere egin nahi dugu: jarduera horri buruz teorizatu egin nahi dugu, eztabaidatu, ikasi eta ikasitakoa zabaldu.
Markok berak Hernaniko proiektua aurkezterakoan mikroplangintza kontzeptua aipatzen du eta bere prozesua azaltzerakoan argi gelditzen da, ekintza-ikerkuntza kasu guztietan gertatzen den moduan, honetan ere prozesua helburuak bezain garrantzitsua dela. Ekintza-ikerkuntza, beraz, espiral moduko prozesu bat dugu. Hau da, aldez aurretik planifikatutako praktika bati buruzko behaketaren hausnarketak errealitatea eraldatzeko prozesuei buruzko oinarri teorikoak eraiki eta hornitzeko ahalmena emango digu; gero oinarri teoriko horiek aplikatuz, eraldaketa prozesuak eragiteko metodologia berri, hobe eta eraginkorragoak egikaritu ahal izango ditugu.

Egileak berak aurrerago aitortzen duenez, CDH elkartean euskararen erabilera normalizatzeko lan-ildoak lan-munduan burutzen ari diren proiektuetan erabiltzen den eskeman oinarritzen ziren. Kasu honetan, metodologiari dagokionez, eman beharreko pauso nagusiak honakoak ziren: lehenengo, egoeraren azterketarako datu-bilketa egin (kasu honetan informazio kuantitatiboa zein kualitatiboa da interesgarria); ondoren, egoeraren adierazle edo indize bat finkatu (adierazleak zenbaki baten bidez erakutsiko digu zein den elkarte horren unean uneko normalizazio-maila eta, plangintza aplikatu ondoren, progresioa nolakoa izan den); eta, azkenik, jarraipen-sistema bat ezarri.

Hasierako proiektu horietatik, garapen nabarmena eman da enpresa- eta zerbitzu-munduan euskararen normalizazioren ikuspegitik. Aurrerapenak maila kontzeptualean (edo teorikoan) eta aplikatuan (metodologian) egin dira. Mikroplangintzatik Hizkuntza Kudeaketara iragan zen eta hortik nozio berri batera: Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza. Kontzeptu horrek ezartzen duen aterpean esperientzia ezberdinak gauzatu dira eta gauzatzen ari dira Euskal Herrian. Guztien abiapuntuan hausnarketa sakona dago, diziplina ezberdinetatik sortutakoa eta metodologia berezkoa bultzatuko duena, Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza, alegia.

Dena dela, urte hauetan berrikuntza nabarmenak izanda ere, enpresa- eta zerbitzu-munduan planak ezartzen zirenetik ezaugarri garrantzitsu bat mantendu da: oinarrian ikerketa-ekintzaren metodologia eta ikuspuntua nagusitu da. Horrek berezko dinamika bat inposatzen du. Mikel Urdangarinek (Urdangarin, 2003) horrela adierazten du:

"...laborategikoak errealitatean frogatu, eta egindakoaren gainean hausnartuz. Horretarako hartu dituen bideak; batetik, interbentzio propioa garatu eta eredua teorizatu (...); eta bestetik, interbentzio guztien analisirako baliagarria den deskripzio markoa eraiki".

Hori guztia kontuan hartuta, Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritza horrela definitzen du Markok (Marko, 2000):

"Organizazio (edota sistema) jakin baten funtzionamendua sostengatzen duen hizkuntzaren eraldaketa kontzeptualizatzea eta burutzea ahalbideratuko duten sortze-lanen eta obratze-prozeduren jarduera eta ezagutza".

Osagai nagusiak ondorengo hauek lirateke:

  1. Iturburua: arestian esan den bezala diziplina zientifiko ezberdinak biltzen ditu bere baitan Hizkuntza Prozesuen Ingeniaritzak, besteak beste, antropologia, ingeniaritza, pedagogia, psikologia eta soziologia.
  2. Hondar-xedea: organizazioaren funtzionamendu-hizkuntzan eraldaketak ezartzea organizazioaren egitura eta prozesuetan eraginez, horretarako interbentzio-jarduerak unean uneko organizazioaren ezaugarrietara egokituz eta baldintzen araberako ingeniaritza-soluzioak edota aplikazioak sortuz.
  3. Atal osagaiak: plangintza, kudeaketa eta ikerketa. Atal hauek ez dira bata bestearen ondoren prozesu linealean gauzatzen; aitzitik, hirurak elkarri lotuta daude ikuspegi zirkular baten arabera.

Ikusten denez, prozedura nahiz sistema konplexuak sortu eta elikatu dira, berez konplexua den eremu bati aplikatzeko, lan-munduari, hain zuzen ere. Kasu honetan testuinguruari erreparatzeari eman zaio lehentasuna, eta horrek dituen berezko ezaugarriak abiapuntu bihurtu dira metodologia egokia sortzeko eta aplikatzeko. Euskal Herrian jada asko dira horrelako prozesuetan sartuta dauden enpresak eta lan-guneak, eta horren ondorioz esperientzia horien inguruan eta sortzen ari diren emaitzen inguruan ikertzeko beharra ere garatu da. Horren adibidea Soziolinguistika Klusterraren EraLan ikerketa-proiektua da, edota, beste maila batean, Nekane Arratibelek eta Joxpi Irastortzak aurkeztutakoa (Arratibel; Irastortza, 2005).

EraLanen helburua lan giroko hizkuntza-erabileran parte hartzen duten aldagaiak zeintzuk diren eta horietan eragiteko nolako dinamikak erabili behar diren aztertzea da. Arratibel eta Irastortzak, aldiz, euskara-planetan ari diren enpresetako langileen jarrera, portaera, motibazioa eta parte-hartzea ikertzea izan dute helburu. Edozein kasutan, batak zein besteak argi erakusten dute gaiaren konplexutasuna eta horren aurrean metodologikoki behar den ausardia, hurbilpen metodologiko ezberdinak eta teknika ezberdin asko erabili beharra, alegia.

28. irudia: EraLan ikerketa-proiektuaren jardunaldiak (Zamudioko Teknologia Parkea, 2008).

28. irudia

Egun argi dago lan-mundua lehentasunezko eremua bihurtu dela hizkuntza-plangintzaren ikuspegitik eta interes horrek kezka metodologikoa ere piztu du. Egindakoaren gainean hausnartzeko, esperientziak trukatzeko eta etorkizunari elkarrekin begiratu ahal izateko Ezagutzaren Klusterrean euskara-planetan ari ziren hainbat enpresak Euskara eta Kudeaketarako Foroa martxan jarri zuten 2003. urtean. Foro horretan egindako lanaren berri ematen du Euskara enpresaren kudeaketan. Gakoak eta esperientziak liburuak, eta bertan zortzi esperientzia praktikoren berri ematen da. Kasu bakoitzak ikusgai uzten du euskara-planak diseinatzeko eta aplikatzeko prozesuetan erabilitako metodologia eta teknikak. Liburuaren egileek azpimarratzen duten moduan (Ezagutzaren Klusterra, 2005), kasu guztietan parte hartzeko metodologiak pisu berezia izan du eta enpresetako kideek hartutako hizkuntza-norabidean protagonismo garrantzitsua izan dute. Hori dela eta langile guztiek inplikatuta izaten dira diagnostikoan eta garatze-prozesu osoan.

Horretaz gain, eta txostenak erakusten duenez, momentuz momentu teknika ezberdinak aplikatu izan dira hizkuntza-plangintzak diseinatzeko, aurrera eramateko, ebaluatzeko. Denen artean, inkesta edota mota ezberdinetako galdetegiak izan dira erabilienak, baina beste batzuetan elkarrizketen bitartez jaso da behar zen informazioa. Beraz, teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak txertatzen ari dira enpresa-eremuko hizkuntza-plangintzetan, baina aipagarria da parte hartzeko metodologia funtsezko oinarria bihurtu dela prozesu eta esperientzia gehienetan.

Lan-mundua utzi gabe eta puntu honi bukaera emateko, azken eremu bat aipatu nahi da: merkataritzarena. Izan ere, asko dira azken urte hauetan arlo horren inguruan martxan jarritako ekimenak. Gehienek kutsu aplikatua izan badute ere, horren inguruan hainbat azterketa egin dira emaitzak baloratu ahal izateko. Horren adibide bat Txorierrin egindako azterlana da. Azterlan horretatik, merkataritza euskalduntzeko plangintzen inguruan gogoeta egin beharra aldarrikatzen da, besteak beste marko teoriko aproposagoa osatu ahal izateko. Hori, dudarik gabe, plangintza eraginkorragoak diseinatzeko eta aplikatzeko baliagarria izango litzateke.

José Ramón Rodriguezek Txorierrin egindako ikerlanaren berri ematen du (Rodriguez, 2005). Egileak azaltzen duenez, kasu honetan metodologia kualitatiboa erabili zen eta hautatuko teknikak sakoneko elkarrizketak eta eztabaida-taldeak izan ziren. Horietan merkatariek eta plangintza kudeatzen ibilitakoek hartu zuten parte.

Honaino arlo metodologikoari dagokion hausnarketa. Kapituluan zehar hizkuntzak eta hizkuntzaren inguruko ikerkuntzak dituen beharrak azaltzeko saiakera egin da, eta, horrekin batera, hainbat proposamen, ideia eta adibide eskaini dira, irakurleak egun nahiz etorkizunean topa ditzakeen arazoak edota eginbeharrak bideratzen laguntzeko asmoz. Hau ez da, noski, lan erraza, konplexua baita ikerkuntzaren bidean sor daitezkeen trabak, zalantzak eta horien konponbidea aurreikustea.

Edozein kasutan, argi dago saiakera merezi duela; izan ere, hizkuntza, hiztuna nahiz hizkuntza-taldeek gizartearen gaineko oso informazio aberatsa eskain dezakete. Are gehiago, kapitulu honen hasieran azpimarratu den moduan, esan daiteke hizkuntzara hurbiltzen denak gizartea eta gizakia ulertzeko bidean jartzen duela bere burua. Hori bai, kontuan hartu behar da, hizkuntza informazio-iturri ezin hobea izan daitekeela, betiere zer eta zertarako, nola eta nori galdetu asmatzen badu ikertzaileak.