Kontzeptua

Hizkuntzak aztergai: ikerketa-metodoetara oinarrizko hurbilpena

Arazo edo kezka baten aurrean errealitateak ez du berez erantzungo. Erantzunak bilatu egin behar dira, eta bilatze horretan nola galdetu jakitea funtsezkoa da. Itaun egokiak topatu behar dira irtenbide aproposak aurkitu ahal izateko. Zeregin horretan metodologia ezinbesteko tresna da gizarte-zientzietan eta, orokorrean, ikerkuntza-lanetan. Izan ere, metodologiak gidaritza eskaintzen du erantzunak non eta nola bilatu jakiteko. Horrela, arlo metodologikoan aurrera egin ezean, zaila izango da, oro har, ezagutzaren arloak garapenik izatea. Gauza bera aitortzen zuen José Ignacio Ruiz Olabuenagak, soziologo eta metodologoak (Ruiz Olabuenaga, 1990: 85):

Bi dira, nire ustez, soziolinguistikak gure artean aurkitu dituen oztopoak: bata, jarrera politikoekin izan duen lotura estuegia; bestea, datu linguistikoak kaptatzeko, hala nola sortzeko, zehaztasun metodologikorik eza.

Ruiz Olabuenagak hitz horiek datzi zituenetik hamarkada batzuk igaro diren arren, oraindik, behin edo behin, sortzen dira hizkuntzari loturiko gertakariak ikertzeko erabiltzen diren metodo eta tekniken inguruko eztabaidak, ikerkuntza akademikoan zein aplikatuan arlo metodologikoak betetzen duen lekuaren adierazgarri.

Hausnarketa soilik maila teorikoan kokatzen dutenek agian pentsa dezakete kezka metodologikorik gabe bizi daitekeela. Gainerakoek, hizkuntzaren gainean interesa azaltzen duten orok (ikasleek, teknikariek, irakasleek, arduradun politikoek eta abarrek) euren zereginaren momentu batean edo bestean, behar metodologikoei aurre egin beharko diete. Izan ere, edozein egitasmo gauzatu ahal izateko, metodologia zehatz bat aplikatu beharrean daude ardura duten pertsona edo taldeak.

Egitasmoa teorikoa edota aplikatua izan daiteke. Batzuetan doktore-tesiaren bideak sustatuko ditu arlo metodologikoaren inguruko itaunak; beste batzuetan aisialdi-talde batean edo enpresa batean bete beharreko helburuek (euskararen erabilera bultzatzeko egitasmo bat, esate baterako) sortaraziko dituzte galderak. Ez du garrantzi handirik zein den gaia edo egoera, helburu horietara iristeko metodologia egokia ezarri behar da hasiera-hasieratik.

Metodologia: ikerkuntza-arloan metodologia oinarrizko elementua da. Metodologiak ikerketaren norabidea eta izaera definitzen du, bere bitartez ikerlanak izango dituen ezaugarriak, proposatuko dituen galdera-motak, helburuak eta abar zehaztuko dira. Hori dela eta, ezinbesteko gidaritza da ikertzailearentzat. Hainbatetan metodologia eta teknika nozioak sinonimotzat jo dira, horregatik ohikoa izaten da bata bestearen ordez erabiltzea. Gizarte-zientzietan, gehienetan bi metodologia-mota bereizten dira: kuantitatiboa eta kualitatiboa, baina, batzuetan, horiek "metodo" bezala izango dira aurkeztuak. Edozein kasutan, bereizketa tradizional hori askotan izan da eztabaidatua eta, egun, asko dira beste era bateko sailkapenak proposatzen dituztenak. Testu honetan bertan proposamen horietako batzuk aurkezten dira.

Kezka metodologikoak ikerketa-prozesu baten edo egitasmo baten bidean bete beharreko urratsak finkatzen laguntzen du. Definitze- eta zehazte-prozesu horretan, argi eduki behar da ez dagoela gauzak planteatzeko modu bakarra; izan ere, arazoak bezainbeste dira topa daitezkeen irtenbideak. Dena dela, irtenbide batzuk beste batzuk baino egokiagoak izango dira. Hortxe dago, hain zuzen ere, gakoa: metodologiaren inguruan zenbat eta ezagutza sakonagoa eta zabalagoa izan, orduan eta aukera gehiago egongo dira aukeratzen dena baliagarria edo zuzena izateko.

Horregatik ulertu behar da kezka metodologikoa ez dela, inolaz ere, bigarren mailakoa. Are gehiago, arlo teorikoak eta aplikatuak aurrera egiten badute, neurri handi batean eremu metodologikoan ere berrikuntzaren alde egiten delako da. Horrela gertatu izan da edozein gizarte-zientziaren eremuan, eta hizkuntzaren arloan ere bai.

Aurrera egitearen aldeko apustu honetan, nahitaez, funtsezko ariketa bat gauzatu behar da: aurretik egindakoa ezagutu eta horren gainean hausnartu. Aztergaia edozein izanda ere, horren inguruan aurretik egin dena, esan dena, edota aplikatu dena ezagutu behar da, une bakoitzean zientzia-arloaren errealitatea zein den jakiteko eta aurrerantzean eman beharreko urratsak zeintzuk diren aurreikusi ahal izateko.

Joan den mendearen bukaeratik, euskararen kasuan, hizkuntzaren erabilera kezkagai nagusi bihurtu da. Horren gainean ikerketa bat egitea baldin bada asmoa, edo egitasmo zehatz bat diseinatzea baldin bada helburua, horren inguruan osatutako teoriak ezagutzea ez da nahikoa. Horretaz gain, egindako proposamen metodologikoetara hurbiltzea ezinbestekoa da. Zergatik? Proposamen bakoitzak begirada berezi bat eskaintzen duelako eta, hori dela medio, arazo zehatz baten aurrean egon daitekeen konponbide originala mahai gainean jar dezakeelako. Horregatik, ez da gauza bera euskararen erabilerari buruz hitz egitea erroldako ehunekoak eskuan izanda, edo azken kale- neurketan bildutako datuak jaso ondoren egitea. Atal honen helburua ez da izango metodologiarik egokiena zein den erabakitzea, baizik eta erakustea arazo berberaren aurrean irtenbide ezberdinak egon daitezkeela aukeran eta bakoitzak planteamendu ezberdinak bideratuko dituela. Adibidearekin jarraituz, erroldako datuek irakurketa zabal eta orokorrak egitera eramaten dute; Kale Neurketaren emaitzek, berriz, Jose Luis Alvarez Enparantza, "Txillardegi"-ren Eredu matematikoaren garapena bideratu izan dute.

Metodologiaren gaineko erabakiak ez dira, beraz, nolanahikoak, eta ezinbestekoa da tentuz, arretaz eta patxadaz hartzea. Prozesu honen abiapuntua ezagutza da. Zenbat eta gehiago jakin dagokion inguruneari buruz, orduan eta hobeto bideratuko dira egin beharreko ekintza edo jarduerak.

Han eta hemen egindakoa ezagutu, baloratu eta aplikatu. Ikertzaile edo teknikaririk ausartenek ezaguna dena garatzeko ahaleginak egingo dituzte proposamen berritzaileak osatzeko asmoz. Eta berrikuntza-arlo metodologikoan ere behar-beharrezkoa da, lan-eremua edozein izanda.

Arestian aipatu den moduan, ikertzaile, irakasle, ikasle edota teknikarien jardueretatik, hizkuntzari lotuta sor daitezkeen kezkak, arazoak edota galderak ugariak izan daitezke. Patxi Juaristik esan duen moduan, ikerketa bakoitza mundu bat da (Juaristi, 2003: 23), berezia eta modu berezian ulertu eta landu beharrekoa. Halere, Juaristik berak aipatzen duenez, ikertzaile guztiek (euren kezka teorikoa nahiz aplikatua izan), lehenago edo geroago, galdera orokor batzuei erantzun beharko diete. Hau da, ikerketa bakoitzaren berezitasunak eta beharrizanak ahantzi gabe, badaude modu batera edo bestera ikerketa guztiek eman behar dituzten pauso batzuk (Juaristi, 2003: 23).

Gizarte ikerketarako teknikak liburuaren azala (Patxi Juaristi, 2003).

21. irudia

Urrats horien artean metodologiak berebiziko pisua du eta egile edo ikertzaile bakoitzak horri dagozkion urratsak zehaztu eta antolatu beharko ditu. Horrek normalean proiektu baten itxura hartzen du eta, aurrerantzean, dokumentu hori bere gida izango da. Batzuek sinesten ez badute ere, proiektu bat zirriborratzea eta idaztea oso lagungarria izaten da arazo edota aztergai baten aurrean egon daitezkeen ideiak, susmoak, hipotesiak eta jakintza azaleratzeko eta antolatuta agertzeko. Horrela, esan daiteke proiektu bat osatzeko arrazoiak bi aspektu nagusitan laburbil daitezkeela:

  • Alde batetik, proiektua ariketa ezin hobea izan daiteke helburuak argitze aldera.
  • Bestetik, behin proiektua ezarrita, aurrera begirako urratsak irudikatzeko eta gauzatzeko oso tresna praktikoa izan daiteke, egin beharrekoa modu argian adieraziko delako.

Proiektua: edozein ikerlan abiatzeko garaian proiektua funtsezko elementua izaten da. Bertan, ikertzailea bere eginbeharraren nondik norakoak azaltzen ditu eta, aurrera begira, ezinbesteko gida bihurtuko da. Proiektua dokumentu batean jasotzen da eta bere ezaugarriak edota atalak alda daitezke ikerlan-mota batetik bestera, ikertzaile batetik bestera eta abar. Edozein kasutan, proiektuak ikergaiaren definizioa eta justifikazioa, ikerketaren helburuak, erabiliko diren metodologia eta teknikak eta lanerako egutegia oinarrizko elementuak kontsidera daitezke. Ikerketaren izaera oso akademikoa denean, marko teorikoa (gaiarekiko hurbilpen edota testuinguru teorikoa) eta hipotesiak azaltzea komeni da. Dena dela, proiektua ikertzailearentzat ezinbesteko tresna baldin bada ere, ez da modu estatikoan ulertu behar; ikerketak berak, prozesuak, moldaketak planteatzera bultza dezake ikertzaile.

Aurrerago azalduko denez (ikusi diseinu teorikoaren inguruko ohar laburrak), proiektu batean, atal metodologikoaz gain, beste puntu batzuk ere biltzen dira, baina metodologikoa atal garrantzitsuenetakoa da, bertan eginbeharrekoak nola gauzatuko diren edota informazio-bilketa nola ahalbidetuko den zehazten delako. Hau da, proiektu horren zerizana, nagusiki, metodologiaren atalean gauzatuko da.

Beraz, hizkuntzaren inguruko asmoa, kezka edo aztergaia edozein eratakoa izanda, horri aurre egiteko orduan, guztiz lagungarria izango da nonbait adierazita uztea, besteak beste, ZER, ZERGATIK eta NOLA gauzatuko den eginbeharreko hori. Halere, esan behar da proiektuaren erabilgarritasunaren inguruan jarrera ezberdinak topa daitezkeela. Jarrera hauek batzuetan kontrajarriak izaten dira eta, bertan, muturreko ikuspegiek talka egiten dute. Zergatik? Arrazoi nagusia horrela laburbil daiteke: batzuek proiektuaren beharra defendatzen dute; beste batzuek, berriz, proiektuaren baliagarritasuna zalantzatan jartzen dute, eta, aldiz, aztertu beharreko horrekin lehenbailehen harremanetan jartzea aldarrikatzen dute. Euren ustez, bakarrik bizipen horretatik, errealitatearekin izandako kontaktu horretatik, sor daitezke galderak eta aztergaiak, eta horiei erantzuteko moduak.

Azkenengo jarrera hau ohikoa gertatu da, esate baterako, antropologiaren arloan. Hori dela eta, hainbat antropologok uste dute proiektua osatu baino lehenago, hau da, ikerketa objektua, helburuak nahiz metodologia zehaztu aurretik, lekuan lekuko lana egin behar dela. Horregatik, aldez aurretiko murgiltze-ariketa egitearen alde positiboak azpimarratzen dituzte. Hori horrela, antropologiaren eremuan bertan, badira kontrako iritzia dutenak eta proiektuaren alde positiboak azpimarratzen dituztenak. Horien ustez, ikertu nahi den errealitateak ez du inolako informaziorik emango ikertzaileek ez baldin badakite zer eta nola galdetu. Horretarako proiektua ezinbesteko tresna bihurtzen da, bertan galdera horiek zeintzuk diren eta nola azaldu nahi diren aurreikusten delako.

Antza denez, ez da erraza gertatzen gai honen inguruan erabateko adostasuna lortzea. Azken finean, argi gelditzen da edozein jarrera edo posizionamendu, neurri handi batean, ikertzaile, irakasle, ikasle edota teknikariaren formazioan, pentsaeran edo bizipenen baitan egongo dela. Atea irekita dago bakoitzak egokitzat jotzen duena aurrera eraman ahal izateko. Halere, orrialde hauetatik, proiektuaren baliagarritasuna berriro azpimarratu nahi da. Arrazoi nagusiak ez dira ostera aipatuko, goian laburbildu baitira. Dena dela, komenigarria da proiektuaren ezaugarrien inguruan funtsezko ideia batzuk nabarmentzea:

  • Lehenik eta behin, esan behar da proiektu batek, eraginkorra izateko, malgua eta aldakorra izan behar duela. Ikertzailea ezin da ikertu nahi duen errealitatearen gainean jarri, hura baldintzatuz edo mugatuz. Erabili beharreko logika alderantzizkoa izango da: errealitate bat aztertzeko proiektu baten gidaritza izanda ere, azalarazten diren emaitzen menpe egon behar du, ezustekoak (atseginak edo ez) onartuz. Horrela jokatu ezean, arriskua dago proiektuan ezarritako hipotesiek edota aurreiritziek guztiz baldintzatzeko ondorioak eta, oro har, errealitatearen interpretazioa.
  • Bestalde, onartu behar da, neurri batean edo bestean, proiektua prozesu osoan zehar gauzatuko den zerbait dela. Honorio Velascok eta Angel Díez de Radak adierazten duten moduan, batzuetan, zaila izaten da proiektuaren "momentua" bukatutzat ematea, informazioa jaso bitartean ere bai, dokumentu horretara bueltatzeko beharra senti daiteke eta (Díez de Rada; Velasco, 2006: 93).
  • Azkenik, eta esandakoak esanda, ulertu behar da proiektua iparrorratz moduko bat dela, norabidea markatzeko balio duena eta, hainbat egoeratan, kaosa ekiditeko lagungarria gertatuko dena. Hortik aurrera ez da harritzekoa izaten behin lekuko lana hasita konturatzea aurreikusitakoa guztiz aldatu behar dela edo, Martyn Hammersly eta Paul Atkinsonek dioten moduan, bakarrik ikerketa egitean konturatzea ikerketaren objektua edota benetako helburuak zeintzuk diren.

Ikertzaile bakoitzak deskubritu eta erabaki behar du zer-nolako jarrera garatu nahi duen tresna honen aurrean. Era berean, pentsatu beharko du zer-nolako proiektua eta zein ezaugarri metodologiko erabilita garatu nahi duen. Berez, Díaz de Rada eta Velascok dioten bezala, proiektua osatzeko grina ideiak sistematizatu nahi izatetik badator, hurrengo pausoa proiektuaren atalak zeintzuk diren jakitea da. Aipatutako bi egileek honela deskribatzen dute hastapeneko fase hori (Díez de Rada; Velasco, 2006: 93-95):

Los primeros momentos de una investigación suelen consistir en un intento de sistematizar en un proyecto ideas previas generadas a partir de experiencias concretas o de lecturas. El proceso por el cual los investigadores prestan atención a determinados objetos y sienten curiosidad por determinados campos es oscuro, pero la voluntad de sistematización suele aparecer muy pronto. Esa voluntad cobra cuerpo en la elaboración de un diseño: un plan de trabajo en el que el investigador trata de hacerse una idea de cómo transcurrirán las cosas.

Aspektu zehatzetara joaz, esan behar da edozein proiektutan bi atal nagusi daudela. Alde batetik, kezka teorikoak lantzera zuzendutako atalak daude; bestetik, arlo teknikoa jasotzen dutenak. Printzipioz, argi dago bigarren hori dela metodologiarekin lotura zuzena duena, baina kezka metodologikoak atal teorikoarekin ere izan behar du harremana; azkenean, proiektu batean kapitulu guztien arteko koherentzia mantentzea ezinbesteko baldintza da eta. Hori esanda, proiektu arrunt batean biltzen diren puntuak zerrendatuko dira jarraian:

  1. Diseinu teorikoa:
    • Ikergaiaren definizioa, alegia, ikergaiaren objektuaren zehaztapena.
    • Ikerketa edo proiektuaren interesak edota arrazoiak.
    • Gaiari buruzko sarrera teorikoa, hau da, irakurlea gaian kokatu ahal izateko beharrezkoa den informazioa (gaiaren inguruko literaturaren aipamena, oinarrizko datuak, egindako lanak, beste egile batzuen ekarpenak eta abar).
    • Helburuen zehaztapena.
    • Hipotesien formulazioa: bertan ikergaiaren inguruan ikertzaileak dituen aurreiritziak edo usteak azaltzen dira.
  2. Diseinu teknikoa:
    • Metodologiaren aukeraketa.
    • Tekniken zehaztapena.
    • Kronograma edo ikerketaren fase ezberdinen zehaztapena.
    • Aurrekontua (hala badagokio).
    • Baliabideak: ikerlana aurrera eramateko dauden giza baliabideak edota baliabide materialak.

Une oro ikerketaz ari da hitz egiten, baina proiektuaren eskema edozein egoeratan izan daiteke lagungarria: egitasmo bat diseinatzeko, esku-hartzerako jarduera bat aurreikusteko eta abarretarako. Oso garrantzitsua izango da kasu bakoitzean eta egoera bakoitzean jakitea zein atal landu behar diren edo nola aurkeztu behar diren. Hau da, proiektu bat garatzeko oinarrizko eskema onartuta egon arren, eskema hori aldagarria eta moldagarria da, egilearen nahiaren edota betebeharraren arabera. Era berean, esan behar da oso interesgarria izango dela ikertzaile, irakasle, ikasle edota teknikari bakoitzak eskema hori barneratzea eta bere gustu edota estilora egokitzea; azken finean, proiektua bere egileari dagokio, eta bertan bere ezaugarriak, lan egiteko moduak eta interesak islatu beharko lirateke.

Edozein kasutan, azpimarratu nahi den ideia da proiektuan gauzatzen dela metodologiaren arloan egindako apustua eta horren gainean landutako aspektu guztiak, bai teorikoak bai praktikoak, bertan azaldu eta justifikatu egin behar direla. Izan ere, neurri handi batean, aukeratzen den metodologiak lortuko den informazioa baldintzatuko du. Eta ezin da ahaztu informazio hori izango dela, bukaeran, ondorioetarako lehengaia eta euskarria.

Horregatik, metodologia eta tekniken inguruan erabakitzen den guztia, funtsezkoa izango da. Hori dela eta, horren inguruan informatzea eta hausnartzea ez da inoiz alferrikako lana gertatuko. Horren ildotik, labur bada ere, datorren epigrafean metodologia eta tekniken inguruko hainbat aspektu garrantzitsu azalduko dira.

Edozein ikerlan edo egitasmo martxan jartzeko garaian metodologiaren zehaztapenak duen garrantzia nabarmendu ondoren, kontzeptu horren atzean egiten den funtsezko bereizketari erreparatu nahi zaio une batez. Izan ere, metodologiaz hitz egitean bi mota nagusi aipatzen dira: alde batetik, metodologia kuantitatiboa litzateke; bestetik, kualitatiboa dago. Eta jakin behar da horietako bakoitzak ikuspegi eta planteamendu zehatz eta berezi bat dakarrela. Halere, horrek ez du esan nahi bateraezinak direnik. Aitzitik, askok bi metodologien arteko uztarketa irtenbiderik egokiena dela diote, eta bateko zein besteko teknikak erabiltzearen alde agertzen dira.

Hori egia bada ere, argi eduki behar da metodologia-mota bakoitzak bere ezaugarri eta berezitasunak dituela, eta horiek ondo ezagutu behar dira modu egokian erabiltzeko, hau da, erabaki ahal izateko noiz komeni den bata eta noiz bestea (edo biak batera) erabiltzea.

Oro har esanda, aspektu batzuek metodologia bat edo bestea aukeratzen laguntzen dute. Horien artean garrantzitsuenak ikerketaren helburuak eta izaera dira: zein motatako ikerlana da? Zein helburu ditu? Lan akademikoa da? Lan aplikatua? Jarraipena izango al du, hau da, garai ezberdinetan jasotako datuen arteko konparaketa egin nahi da? Horiek dira, besteak beste, metodologia aukeratzeko orduan buruan eduki beharreko galdera batzuk.

Beste kasu batzuetan, metodologia zehazteko, bezeroaren nahia edo beharra zein den kontuan hartu beharko da. Era berean, ikerlana edo egitasmoa burutzeko dagoen denbora, dirua edota bitartekoak elementu garrantzitsuak izango dira. Proiektuaren egilearen jarrera epistemologikoa ere erabakigarria gerta daiteke (bere mundu ikuskera, eta zehazki, zientziak garatutako teoria edo azalpenen inguruko jarrera), hau da, zilegi izan daiteke, adibidez, metodologia bakarraren aldeko apustua egitea eta horretan trebatu nahi izatea. Dena dela, komeni da ateak irekita uztea eta ikerketa baten aurrean dauden aukera metodologiko guztiak aztertzea.

Esanak esan, betiko galderak jarraitzen du mahai gainean: noiz erabili metodologia bat eta noiz bestea? Nola jakin noiz erabili metodologia kuantitatiboa eta noiz metodologia kualitatiboa? Esate baterako, herri bateko gaztetxoek euskararen inguruan dituzten iritzi, uste, behar edo nahiak ezagutzeko, zein estrategia erabiltzea komeni da? Aldiz, ikertzailearen asmoa bada gaztetxo horiei zuzendutako egitasmo batek lortutako atxikimendua (aldeko eta kontrako jarrerak) neurtzea, zein metodologia izan daiteke egokiena?

Esan den bezala, aukeraketa hori egiteko beti egongo dira arrazoi pertsonalak (ikuskerari edota jarrera teorikoei lotutakoak) eta kanpoko arrazoiak (dirua, denbora, bezeroaren nahiak eta abar). Baina horiek alde batera utzita eta bakarrik ikergaiari begiratuta, metodologia bat edo bestea aplikatzeko ondorengo irizpideak erabil daitezke:

- Metodologia kuantitatiboa honako kasuetan erabiliko da nagusiki:

  • Ikerketa esploratzaile bat egin nahi denean, oinarrizko ikerketa bat, argazki orokor bat jaso nahi denean, aurretik datu zehatzik ez dagoela. Hori dela eta, askotan errealitate baten gainean osatzen diren diagnostikoak oinarrian teknika kuantitatibo bat dute (gehienetan inkesta bat).
  • Fenomeno baten hedapena ezagutzeko. Inkesta baten bidez populazio-talde handi batera iristen da (eta talde horretan egon daitezkeen azpitaldeetara) eta horren bidez fenomeno edota gertakari baten inguruko oinarrizko informazioa jasotzeko aukera egoten da. Hau izaten da askotan helburua hizkuntzaren inguruko inkestak egiten direnean: funtsezko datu batzuk eskuratzea hizkuntzaren ezagutza, erabilera edota horrekiko motibazioaren gainean.
  • Gertakari baten aurrean egon daitezkeen oinarrizko jarrerak ezagutzeko. Adibidez, zenbat dauden jarduera, ekintza edota egitasmo baten alde edo aurka.
  • Gai bat edo batzuen inguruan dauden oinarrizko jarrera eta diskurtsoak denboran zehar nola aldatzen diren ikusteko. Informazio-mota hau eskaintzen dute bereziki aldiro errepikatzen diren ikerketek.

- Metodologia kualitatiboa honako kasuetan erabiliko da nagusiki:

  • Gertakari baten aurrean egon daitezkeen ikuspuntu, jarrera eta iritzi ezberdinak sakontasunez ezagutzeko. Zenbaki edota ehunekoetatik haratago iritsi nahi da eta horretarako populazioaren diskurtsoak jaso eta horietan sakontzea komeniko litzateke.
  • Gai zehatz baten inguruan pertsonek eduki ditzaketen esperientziak, bizipenak eta pertzepzioak sakontasunez ezagutzeko.
  • Gai baten konponbidea bilatzeko garaian, proposamen eta ideia ezberdinak jasotzeko, hau da, ekarpenak, irtenbideak edota egitasmoak irudikatzen hasteko.
  • Gertakari edo gai baten garapenean (eboluzioan) sakontzeko eta etorkizunerako lan-ildoak aurreikusteko, sormen-lana bultzatzeko eta taldekako hausnarketa sustatzeko.

Gainera, kontuan hartu behar da batzuetan ikerketek fase ezberdinak dituztela. Horrela, posible da lehenengo fase batean metodologia kuantitatiboari loturiko teknika bat erabiltzea (arazo baten inguruan egon daitezkeen elementu nagusiak azalarazteko) eta, ondoren, ildo horietan sakontzea teknika kualitatiboak erabiliz (gaia edo helburuen arabera metodologien ordena alda daiteke). Edo alderantziz, aurrena teknika kualitatibo bat aplikatu, ondoren kuantitatiboa egin ahal izateko.

Bukatzeko, behin metodologia bakoitzaren gaineko oinarrizko ezaugarri batzuk aipatuta, bakoitzak bere baitan biltzen dituen ikerketarako teknika ezberdinak aurkeztuko dira labur-labur.

Olatz Altunak, Kontxesi Berrio-Otxoak, Nekane Jausorok eta Zesar Martinezek azaltzen dutenez (2008: 4), teknika hitzak ondorengoa esan nahi du:

"Ezagutza teorikoari kontrajartzen zaion arte praktikoa da. Ikerketarako teknikak, zentzu horretan, prozedura metodologikoa gauzatzeko erabiltzen ditugun tresna zehatzak eta partikularrak dira".

Ikerkuntzarako teknikak: teknikak ikertzaileak bere ikerlana aurrera eramateko dituen tresna zehatzak dira. Lortu behar duen informazio-mota edozein izanda ere, ikertzaileak teknika ezberdinen artean egin beharko du aukeraketa bere helburuak betetzeko. Teknika gauzatzen den momentuari landa lana edota lekuko lana deitu izan zaio gizarte-zientzietan, eta hori lanaren zati enpirikoa izango da. Teknika bat edo bestea aukeratzeko garaian ikergaiaren izaera, ikerketaren helburuak eta neurri handi batean ikertzailearen preferentziak izaten dira aldagai erabakigarrienak. Dena dela, kontuan hartu behar da beti ez dela erabiltzen (edo ez dela erabili behar) teknika bakar bat. Are gehiago, ikertzaile asko triangulazioaren alde agertzen dira. Kasu honetan edozein gai aztertzeko orduan gutxienez hiru teknika ezberdin erabiltzen dira emaitzek oinarri enpiriko sendoa dutela ziurtatzeko. Gizarte-zientzietan ohikoak diren tekniken artean inkesta, elkarrizketa sakona, bizitza historia edo eztabaida-taldeak aipa daitezke, besteak beste.

Tekniken izaera, beraz, guztiz praktikoa eta operatiboa da, datu-jasoketa eta informazio-bilketarako ikertzaile, irakasle, ikasle edota teknikariek eskura dituzten tresnak dira eta. Baina, zeintzuk dira tresna horiek?

Ezer baino lehen esan behar da gizarte-zientzietako teknikei buruzko eskuliburuetan oso ohikoa izan dela bi eratako tekniken arteko bereizketa egitea. Aurretik aipatu bezala, teknika-motak bi multzo nagusitan sailkatu ohi dira: batetik, teknika kuantitatiboak; bestetik, teknika kualitatiboak. Juaristik azaltzen duenez (Juaristi, 2003: 14), honela deskribatu ohi dituzte eskuliburu gehienek bi teknika-multzo hauek:

(...) "alde batetik, adierazgarritasuna ziurtatu eta gizarte-fenomenoen kontaketa ahalbideratzen duten teknikak eta, bestetik, adierazgarritasuna ziurtatzen ez dutenak, baina gizarte-fenomenoak sakonean ezagutzeko gaitasuna duten teknikak".

Lehenengoak teknika kuantitatiboak deiturikoak dira; bigarrenak, aldiz, kualitatiboak.

Banaketa horretatik abiatuta (dio Juaristik), oso arrunta izaten da teknika-multzo bakoitzak dituen abantailak eta desabantailak azpimarratzea. Konparazio-ariketa horretan kuantitatiboa eta kualitatiboaren arteko tentsio moduko bat irudikatzen da, non askotan elkarren etsai bezala (Juaristi, 2003: 14) azaltzen diren.

Dena dela, badaude, Juaristiren ustez, joera horren kontra agertzeko bi arrazoi nagusi (Juaristi, 2003: 14):

  • Bi teknika-mota hauek elkarren osagarri dira, eta praktikan, gizarte-fenomenoen ezagutza zehatzena ikerketa-prozesuan biak nahasten direnean lortzen da.
  • Gizarte-zientzietan erabiltzen diren ikerketa-teknika batzuk ezin dira modu errazean teknika kualitatiboen eta kuantitatiboen artean sailkatu, bien ezaugarriak biltzen dituztelako. Kasu horren adierazlea izango litzateke, Juaristiren ustez, behaketa teknika.

Gauzak horrela, Juaristik beste era bateko sailkapena proposatzen du. Ikerketa-teknikek informazioa biltzeko erabiltzen dituzten estrategiak dira sailkapen horretarako irizpideak. Hona hemen, laburbilduta, berak proposatzen dituen lau bide edo teknika-mota (Juaristi, 2003: 14-15):

  • Lehen bidea: gizakien bizitzan parte-hartze kontrolatua eginez, portaerak, jarrerak edo gertaerak sortu edo manipulatzea. Adibidea: ikerketa-saioa edo, konbentzionalki, esperimentu bezala izendatzen dena.
  • Bigarren bidea: gizakiei, euren ikuspuntuei, jarrerei edota portaerei buruz era sistematikoan eta kontrolatuan galdetzea. Adibideak: sakoneko elkarrizketa, bizitza-historia, eztabaida-taldea, inkesta eta delphi teknika.
  • Hirugarren bidea: inolako manipulazio edota aldaketarik egin gabe, gizakien portaerak era sistematikoan eta kontrolatuan begiratzea. Adibidea: behaketa zuzena.
  • Laugarren bidea: beste batzuk sortu edota bildu duten materiala aztertzea. Adibideak: eduki-azterketa eta iturri ez-zuzenen azterketa (beste batzuek sortu, bildu edo gorde dituzten estatistikak, testuak, dokumentuak, bestelako materialak eta abar).

Juaristiren proposamenak interesgarria dirudi, eta horregatik txertatu da kapitulu honetan. Halere, planteamendu horren kontrasterako beste sailkapen bat ere azaldu nahi da, metodologia eta teknika ezberdinak sailkatzeko beharrak sortzen dituen planteamendu ezberdinak islatzeko asmoz.

Kasu honetan, Olatz Altunak eta bestek proposatutakoa (2008: 13) hartuko da hizpide. Egile hauen proposamenak interesgarria ematen du, besteak beste, metodologia eta tekniken esparrua zabaltzen duelako; izan ere, eurek osatutako eskeman ohiko banaketari (metodologia kuantitatibo eta kualitatiboen arteko banaketa, alegia) hirugarren bide bat gehitu diote: metodologia kritikoa edo parte hartzeko metodologia deitutakoa.

Egile hauen ustez, metodologia nagusiak hiru dira, eta euren planteamendu eta ezaugarriak modu trinkoan laburbiltzen dituzte, ondoren azaltzen den antzeko taula batean (Altuna eta beste, 2008: 13):

Metodologia nagusien sailkapena
Metodologia
kuantitatiboa
Metodologia
kualitatiboa
Parte hartzeko metodologia
edo metodologia kritikoa
(Olatz Altuna, Kontxesi Berrio-Otxoa, Nekane Jausoro, Zesar Martinez, 2008) (edukia zertxobait moldatua)
HelburuakGertaera sozialak azaldu, aurreikusi eta kontrolatuJokabide sozialen zentzuak eta esangurak ulertuErrealitatearen aldaketan esku hartu
Objektua- Gizabanakoen ekintzak
- Gertaera sozialak
Aktoreen diskurtsoak, signifikazioakSubjektu kolektiboen interesak eta beharrak
HizkuntzaZenbakiakKontzeptuak, metaforakSozio-historikoa, estrategikoa
SubjektuaLaginaAktore sozialak beren kokapen sozio-estrukturaletanAktore sozialen auto-diagnostikoa
DiseinuaSistematikoa, egituratua, errepikakorraIrekia, malgua, aldakorraProzesu irekia: ekintza-hausnarketa-ekintza
Teknikak- Inkesta eta galdetegiak
- Kasuen erregistroa
- Eztabaida-taldea
- Elkarrizketa sakona
- Bizitza-historia
- Behaketa zuzena
- Parte hartzeko ikerketa
- Esku-hartze soziologikoa

Taula hau osatzeko, etnografia eta gizarte-sareen azterketa aipatu beharko lirateke. Biek proposamen bereziak dakartzate; izan ere, beren baitan izaera kuantitatiboa eta kualitatiboa duten teknikak biltzeko aukera dago eta, gainera, hainbatetan parte hartzeko metodologiaren arrastoak ere suma daitezke.

Ondoren, teknika ezberdinei buruzko ezaugarri batzuk aipatu nahi dira taulan agertzen den informazioa osatzeko asmoz.

Inkesta/galdetegia

Inkesta da metodologia kuantitatiboen artean dagoen teknikarik ohikoena. Onarpen zabala du, eta askorentzat, teknikarik zehatzena eta baliagarriena da gizarte-zientzietan egiten diren ikerketei nolabaiteko oinarri zientifikoa emateko. Azken finean, Juaristik dioen moduan,

"ikertzaile askorentzat balioko ikerketa bakarrak dira kontaketa onartzen dutenak eta laginketa-errorea eta fidagarritasuna neurtzea ahalbideratzen dutenak" (Juaristi, 2003: 85).

Inkesta/galdetegia: metodo kuantitatiboen barruan kokatzen den teknika nagusia. Inkestaren bidez, aztergai den populazioaren lagin adierazgarri bati ikertzaileak sortutako galderei erantzuteko eskatzen zaio. Jasotako erantzun guztien kontaketa eta erregistroa egin ondoren, analisia egin behar da. Analisi hau nahi bezain konplexua izan daiteke hainbat aldagai gurutzatuz edo aldagaien arteko loturak neurtuz. Egun, inkesta bat egiteari loturiko urrats nahiz betebehar gehienak programa informatiko berezien bitartez gauzatu daitezke.

Deskribatzea eta azaltzea dira metodo kuantitatiboaren helburu nagusiak, baina, kasu honetan, helburu hauek ikergaia "neurtuz" lortzen dira (zenbakiak edota ehunekoak erabilita). Altunak eta bestek azaltzen dutenaren arabera,

"metodo kuantitatiboak faktu edo gertaera sozialak neurtzen ditu, eta horretarako zenbakien beharra dauka, baita maiztasunen kontaketaren beharra ere. Era honetara, gertakari eta egoera sozialak baliabide matematikoak erabiliz deskribatzen dira; lortzen dituen datuen analisia (analisi estatistikoa) zein hipotesien kontrastea matematiketan sostengatzen dira" (Altuna eta beste, 2008: 46).

Baina matematikoaz gain, inkestak badu beste era bateko oinarria. Izan ere, aipatutako egileen ustez, inkesta komunikazioaren teorian ere oinarritzen da, hau da, elkarrizketatzailea eta elkarrizketatuaren arteko hitz-jardunean. Ikuspuntu horretatik, beste teknika askorekin gertatzen den moduan (besteak beste, elkarrizketa sakonekin, eztabaida-taldeekin edo bizitza-historiarekin) inkestarekin ere informazioa gizakiei galdetuz lortzen da. Hau da, inkestatuaren subjektibitatean oinarritzen da.

Aipatu beharreko beste aspektu bat informazioaren adierazgarritasunari dago lotuta. Izan ere, askotan, inkesta teknika aipatzean, tentsio moduko bat sortzen da informazioaren aberastasuna eta adierazgarritasunaren artean. Batzuen ustez, inkestak adierazgarritasuna ziurtatzen du maila handi batean, eta hori beste lorpen batzuen gainetik (sakontasuna, esate baterako) jartzen da. Horregatik inkestaren bitartez,

"azaleko informazioa lortzen da, baina bere jarraitzaileek populazio baten inguruko informazio adierazgarria" jasotzen dela aldarrikatzen dute (Juaristi, 2003: 86).

Halere, teknika honen abantailak eta desabantailak entzuteko aukera izango da beti. Horren aurrean batzuen zein besteen argudioak ezagutzea da bidezkoena, ikertu beharreko egoera edo arazoaren arabera erabaki bat hartu ahal izateko. Hauek dira, laburbilduta, Juaristik, teknika horren gainean azaltzen dituen aldeko eta kontrako arrazoiak (Juaristi, 2003: 86-87).

Inkestaren abantailak:

  • Informazio-iturri aberatsa da.
  • Teknika egokia da erraz zenbatu daitezkeen fenomenoak aztertzeko, besteak beste, gai baten inguruan dagoen iritzi publikoa zein gertakari baten ildotik sortutako gizarte-jarrerak.
  • Lortutako datuen balioa eta erabili den galdeketaren fidagarritasuna beste teknika batzuetan baino errazago azaldu edo justifika daitezke.
  • Laginaren erabilpenean oinarritutako teknika denez, populazio handiei buruzko generalizazioak beste teknika batzuetan baino errazago egin daitezke. Are gehiago, kontuan hartutako populazioaren tamaina ezaguna eta informatzaileen hautaketa probabilistikoa denean, lagin-errorea zenbatekoa den jakin daiteke.

Inkestaren desabantailak:

  • Kasu batzuetan inkestaren bitartez informazioa lortzeko arazoak sor daitezke, besteak beste, gizakien barneko edo ezkutuko gaiak aztertu nahi badira (sexu-portaerak, etxeko arazoak...), edo hitz egiteko arazoak dituztenengandik informazioa lortu nahi bada (umeak edo pertsona zaharregiak...).
  • Inkestatzaile bat baldin badago galderak egiten, bere eragina nabarmena izan daiteke, hau da, elkarrizketatzailearen jarrera, ahotsa, tonua, janzkera eta inkesta aurkezteko erak elkarrizketatuaren erantzunak baldintza ditzake. Horrek, ondorioz, ikerketaren emaitzen kalitatea kolokan jar dezake.
  • Neurri handi batean, elkarrizketatuak erabakitzen du zein informazio eman nahi duen eta zein ez, hau da, gerta daiteke galdeketari (osoari edo zati bati) erantzuteari uko egitea.
  • Esandakoaz gain, argi utzi behar da fenomeno asko ezin direla inkestaren bitartez ikertu, aztertu beharreko hori kuantifikatzen zaila edo ezinezkoa delako. Horri lotuta, autore batzuek diote inkestak ematen duen informazioa oso azalekoa dela eta benetan balio duena zenbakien azpian ezkutatzen den sakoneko informazioa dela. Horrela bada, informazio hori lortzeko elkarrizketa sakonak, eztabaida-taldeak edota bestelako teknika kualitatiboak egokiak dira.
  • Bukatzeko eta aurrekoari lotuta azpimarratu behar da inkesta kuantitatiboaren kasuan inkestatuak, printzipioz, ez duela adierazten errealitatean egiten duena, baizik galdetzen den horri buruz duen irudikapena edo bere ekintzei buruz duen irudikapena. Gainera, ezin da ahaztu galdera berak eta galdera egiteko moduak erantzuna baldintzatzen dutela neurri handi batean. Horrela, galdera itxiek, erantzun posibleak emanda dituztenek (a,b,c,d), argi bideratzen dute erantzuna. Horri gehitu behar zaio inkestatuaren presentziak duen eragin zuzena (batez ere galdetegia inkestatzaile baten laguntzarekin betetzen denean).

Bestela, inkesta baten diseinuan, gauzapenean eta analisian kontuan hartu beharrekoak asko eta anitzak dira, baina argi dago horren guztiaren berri ematea ez dela eskuliburu honen helburua. Horretarako badira, zorionez, metodologiaren gaineko testu berezituak. Hori dela eta, inkestaren inguruko aipamenak bukatzeko, azken ohar batzuk gehitu nahi dira, besteak beste, inkesta bat prestatzeko eman beharreko pausoei buruz.

  • Galderak prestatzeko eta zehazteko, ikerlana edota egitasmoaren helburuak, hipotesiak eta gaiari buruzko teoriak funtsezkoak izango dira.
  • Galdera-motak ere oso garrantzitsuak izango dira. Kasu honetan, erabaki behar da galdera itxiak (inkestatuari aukera ezberdinen artean aukeratzea eskatzen zaio) edo irekiak (inkestatuari ez zaio aukera finkorik ematen, berak nahi duena erantzuten du) izango diren.
  • Galderen formatua erabakitzeko orduan, kontuan hartu behar da erantzunak jasotzeko erabiliko den teknika. Printzipioz, hiru teknika edo modu nagusi daude: aurrez aurreko inkestak, posta (arrunta zein e-posta) bidezko inkestak eta inkesta telefonikoak. Web bidezko galdetegiak gero eta gehiago ari dira erabiltzen. Argi dagoenez, itaunak aukeratzen den prozedurari egokitu behar zaizkio: ez da gauza bera aurrean inkestatzailea edukitzea, galderak telefonoz egin behar izatea edo galdetegia bakardadean bete behar izatea (inongo laguntza edo gidaritzarik gabe). Halere, aukeratutako moduak erantzunetan eragin dezakeen errorea txikiagoa izan dadin eta inkestatzailearen lana errazteko, modu konbinatuak erabiltzen dira gero eta gehiago. Kapital sozialari buruzko azken inkestan, esaterako, EUSTATek lau metodoak erabili ditu (aurrez aurrekoa, posta bidezkoa, telefono bidezkoa eta Internet bidezkoa).
  • Aurrekoari lotuta, galderen idazketa ere azpimarratu beharreko aspektua litzateke, batez ere inkestatuak berak erantzun behar badu, papera aurrean duela. Juaristik esaten duen moduan (Juaristi, 2003: 95-96):

    "Ondo idatzitako galderak ondo ulertzen dira, erraz dituzte erantzunak, eta, ondorioz, balioko emaitzak eta ikerketak ematen dituzte. Txarto idatzitako galderek, aldiz, zalantzak sortzen dituzte, eta balio gutxiko erantzunak ematen dituzte."

    Bestalde, komeni da galderak ahalik eta laburrenak izatea.
  • Galderen ordena ere garrantzitsua da, horrek erantzutean eragina izan dezakeelako. Hain zuzen ere, hasierako galderek ondoren datozen galderen erantzunak bidera ditzakete.
  • Modu berean, komeni da galderak era logiko, koherente eta erakargarrian aurkeztea, bai edukia eta bai maketazioari dagokienez (batez ere postaz denean; alegia, inkesta norberak bete behar duenean), bestela inkestatua erraz nahas daiteke eta erantzun okerrak eman ditzake.

Puntu hau amaitzeko, inkesta batean ager daitezkeen galderak hiru motatakoak izan daitezkeela azpimarratu nahi da. Altunak eta bestek azaltzen dutenaren arabera (2008: 66), hiru galdera-motak hauek izango lirateke: gertaerei edo faktuei buruzkoak, jarrera eta iritziei buruzkoak eta sailkapenerako datuak (esate baterako, datu soziodemografikoak: adina, sexua, hezkuntza-maila eta abar).

  • Gertaerei buruzko galderei dagokienez, errealitateko ekintza edo objektu ukigarriei buruz jakiteko egiten dira eta, kasu honetan, interpretazio subjektiboak edo balorazio pertsonalak kanpoan uzten dira. Adibidez: Euskarazko prentsa irakurtzeko ohitura duzu? Kasu honetan bai edo ez erantzutea eska daiteke.
  • Jarrerei eta iritziei buruzko galderak norbanakoen balorazio subjektiboa ezagutzeko asmoarekin egiten dira. Balorazioen norabidea eta intentsitatea aztertu ahal izateko estandarizatutako hainbat eskala erabil daitezke. Eskalak tresna aproposak dira gai konplexuak aztertzeko. Baina Juaristik nabarmentzen duen moduan (Juaristi, 2003: 122), euren arazo nagusia ikertzaileen subjektibitatearen arabera eraikitzen direla da. Horrela, indizeak egiteko aukeratzen diren itemak zein bakoitzari ematen zaion puntuazioa ikertzailearen ikuspuntuaren arabera zehazten dira. Ondoren, jarrerak eta iritziak neurtzeko bi eskala aipatuko dira, besteak beste, euskararen gaineko zenbait azterketatan erabili izan direlako:
    • Thurstone-ren eskala: Altunak eta bestek dioten moduan, eskala-mota honek jarrera bati buruzko proposizio-multzo bat jasotzen du. Proposizio hauek baieztapen baten forma dute eta inkestatuari baieztapen horiekin ados ala aurka dagoen adieraztea eskatzen zaio. Adibidea: Euskal Herrian, gaur egun, euskara jakitea oso baliagarria da lanpostu bat lortzeko.
      Ados / Aurka
    • Likert-en eskala: eskala-formatu erabilienetakoa da. Kasu honetan item edo baieztapen matrize bat eratzen da eta inkestatuari bere iritziarekin bat datorren erantzun-kategoria hautatzeko eskatzen zaio. Eskala-mota honetan, normalean erantzuteko bost kategoria erabiltzen dira (adibidez: oso ados, ados, zalantza, aurka, oso aurka). Puntuazioak (1, 2, 3, 4, 5 edo alderantziz, 5, 4, 3, 2, 1) neurtzen den jarrerarekiko erantzunak duen esanahiaren arabera ematen dira. Adibidea: Benetako euskalduna izateko ez dago zertan euskara jakin. Aukeran dauden erantzunak:
      Oso ados / Ados / Zalantzan / Aurka / Oso aurka
    • Osgood-en diferentzial semantikoa: kasu honetan galdeketa erantzuten duenak elkarren aurkakoak diren bi adjektibo ditu estimulu gisa. Batetik bestera hainbat posizio agertzen dira (normalean zazpi inguru) eta inkestatuari batean kokatzea eskatzen zaio. Adibidez, Etorkizuna Aurreikusten 99: Gaztetxoak eta euskara izeneko ikerketan (Berrio-Otxoa, 2000) horrelako galdera egin zitzaien inkestatuei: 1etik 9rako eskala honetan, zein puntuazio emango zenioke euskarari? Adibidez, lehen lerrotik hasita, ezaiguzu euskara zaila ala erraza den zuretzat. "1" jartzen baduzu oso zaila izango da eta "9" jartzeak, berriz, oso erraza dela adieraziko du.
      Erantzunak ondorengo aukeren arabera eman behar ziren:
      Zaila123456789Erraza
      Arrotza123456789Gurea
      Alferrikakoa123456789Beharrezkoa
      Iragana123456789Etorkizuna
      Herria123456789Hiria

Esan behar da, aipatutakoaz gain, beste eskala-mota batzuk ere badaudela. Juaristik, esaterako, sailkapen-eskalak eta ebaluazio-eskalak aztertzen ditu (Juaristi, 2003:123-129), baina jarrera- eta iritzi-eskalak dira, gehienbat, hizkuntzaren arloan erabiltzen direnak, eta horregatik nabarmendu nahi izan dira hemen.

Elkarrizketa sakona

Egun, elkarrizketa gizarte-zientzietan oso finkatuta eta zabalduta dagoen teknika da. Elkarrizketaren bitartez informazioa bilatzen da, giza komunikazioa, alegia, pertsonen arteko komunikazioa erabiliz. Bi protagonista nagusi daude: elkarrizketatua eta elkarrizketatzailea. Eta bi horien artean egoera komunikatibo bat sortu behar da. Hori litzateke, behintzat, helburua.

Elkarrizketa sakona: elkarrizketa irekia edota elkarrizketa kualitatiboa ere deitu izan zaio. Metodo kualitatiboan kokatzen den teknika da eta gizarte-zientzietako hainbat diziplinatan oso hedatua da, besteak beste, soziologian eta antropologian. Bi subjekturen arteko aurrez aurreko interakzioa da, bata ikertzailea eta bestea elkarrizketatua. Oinarrian komunikazio-egoera bat da eta emaitza positiboak lortzeko komunikaziorako bideak, estrategiak zein baldintzak garatu behar dira elkarrizketari loturiko zeregin guztietan zehar.

Juaristiren ustez (Juaristi, 2003: 139), teknika honen helburua zera litzateke:

"(...) elkarrizketatuarentzat garrantzitsua eta adierazgarria dena ezagutu (...). Elkarrizketa oinarritzat hartuz, elkarrizketatuak bere mundua, bizitza zein ondo ezagutzen duen arlo edo gai bat nola ikusten, sailkatzen eta bizi duen ezagutu daiteke".

Hortik abiatuta esan behar da elkarrizketa-mota ezberdinak daudela. Altunak eta bestek ondorengoak ezberdintzen dituzte, batez ere erabiltzen den gidoi-motaren arabera (gidoia askeagoa edota zorrotzagoa izan daiteke):

  • Elkarrizketa egituratua: inkesta moduko bat da; kasu honetan, beraz, galdeketa da, eta ez gidoia, erabiltzen den tresna.
  • Elkarrizketa erdi-egituratua: bi dinamika ezberdin tartekatzen ditu. Hasieran elkarrizketatua modu librean mintzatzen da eta, horretarako, gidoi ireki bat erabiltzen da. Ondoren, gidoi itxi baten bidez, galdera zuzenak (itxiak) egiten dira.
  • Elkarrizketa irekia edo elkarrizketa sakona: elkarrizketa-mota hau da gehienbat hurbilpen kualitatiboan erabiltzen dena. Kasu honetan gidoia guztiz irekia eta malgua da, eta egoeraren arabera eta elkarrizketatuaren "gogoa"-ren arabera alda edo birformula daiteke. Landu beharreko gaiak eta helburuak gidoian jasotzen direla ziurtatu behar da, baina, hortik aurrera, elkarrizketa libreki antola daiteke.

Egoera eta helburu ezberdinekin plantea daiteke elkarrizketa erabiltzea, baina gehienetan teknika oso egokia suertatzen da pertsonen ikuspegia, bizipenak eta esperientziak jasotzeko. Horregatik, ezinbestekoa izaten da elkarrizketetan etxekotasuna eta lagunarteko harremana sortzea; alegia, konfiantzazko harremana. Ikuspuntu horretatik eta Juaristik azpimarratzen duenez (Juaristi, 2003: 140), elkarrizketa ez da ondo aterako elkarrizketatuaren eta elkarrizketatzailearen artean mesfidantza badago, mendetasun-harremana sortzen bada edo elkarrizketa susmo txarrekin hasten bada. Era berean, kontuan izan behar da gogo gabe eta konpromisoz egiten diren elkarrizketek informazio gutxi ematen dutela. Beraz, elkarrizketatua lasai eta motibatuta egotea funtsezkoa da, eta horretan saiatu behar du elkarrizketatzaileak elkarrizketa prestatzean. Horretarako ondorengo alderdiak oso kontuan hartu behar dira:

  • Elkarrizketaren helburuak nola azaltzen diren: elkarrizketatuak behar duen informazioa eduki behar du (zein den elkarrizketatzailea, zertarako egiten den elkarrizketa, zergatik izan den hautatua, nola erabiliko den elkarrizketatik sortuko den informazioa eta abar). Batzuetan ez da beharrezkoa edo komenigarria gaiaren inguruko xehetasun guztiak ematea, baina giro lasai hori lortzeko gutxieneko informazioa izatea beharrezkoa da.
  • Elkarrizketa noiz eta non izango den: elkarrizketarako eguna, ordua eta tokia aukeratzeko garaian oso garrantzitsua da elkarrizketatuaren beharretara egokitzea, eta horixe izan beharko litzateke elkarrizketatzailearen helburua. Elkarrizketatuak eroso sentitu behar du eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarri behar ditu ikertzaileak.
  • Elkarrizketarako prestatzen den gidoia bera: elkarrizketa batean zehar landuko diren gaiak eta galderak egiteko modua zein ordena oso aspektu garrantzitsuak dira, besteak beste, lortu nahi den konfiantzazko harremana garatzeari begira. Hori dela eta, gidoia osatzeko inbutuaren estrategia erabiltzea egokia gerta daiteke, hau da, inbutu baten antzera, logikoa dirudi galdera orokorretatik hasi (konpromisorik gabeko galderak, arinak, errazak) eta zehatzagoetara pasatzea (galdera delikatuagoak, pertsonalagoak...).

Printzipioz, elkarrizketatuak eragozpenik jartzen ez badu, saioa grabatu egingo da (hitzak gutxienez).

Bestalde, edozein elkarrizketa egiteko garaian gidoia funtsezko tresna izango da, eta horren prestatze-lana ahalik eta serioena izatea merezi du. Izan ere, gidoi horren baitan, elkarrizketatuarekiko harremanaz gain, oro har elkarrizketaren erritmoa, giroa eta, funtsean, informazioaren kalitatea egongo dira. Eta zertan oinarritu gidoia prestatzeko? Alde batetik, noski, ezarritako helburuak hartuko dira kontuan; beste aldetik, ikertzaileak bere intuizioa erabiliko du. Dauzkan hipotesiak, gaiarekin harremana duten pertsonen iritzia, irakurritako teoriak edo aurretik egindako elkarrizketak hartuko ditu abiapuntu gisa gidoia osatu ahal izateko. Puntu honetan komeni da azpimarratzea inkestaren kasuan ere prozedura bera aplikatu beharko dela, gidoia pentsatu, landu eta diseinatzea funtsezko urratsa baita bilatu nahi den informazioa behar bezala jasotzeko.

Bestela, teknika diren aldetik, elkarrizketak eta inkestak antzekotasun handiak dituzte. Hori dela eta, askotan honelako zalantzak sor daitezke: noiz erabili bata eta noiz bestea? Zein abantaila eta desabantaila dituzte batak eta besteak? Inkestaren kasuan jada aipatu izan dira berau erabiltzeko aldeko eta kontrako argudioak. Puntu honetan elkarrizketak biltzen dituen indarguneak eta ahuleziak laburbilduko dira, berriz ere, Juaristiren proposamenari erreparatuz (Juaristi, 2001: 141).

Sakoneko elkarrizketa edo elkarrizketa irekiaren abantailak:

  • Sakoneko elkarrizketetan sortzen den komunikazio-mota (konplizitatea) egoera egokia da anonimatua edo intimitatea eskatzen duten gaiak aztertzeko.
  • Aztergai diren gaien arrazoiak edo zergatiak sakonean ezagutzeko eta informazio aberatsa lortzeko aukera ematen du elkarrizketak. Era berean, zenbakien azpian ezkutatzen den informazio konplexua hobeto ezagutzen laguntzen du.
  • Oso teknika egokia izan daiteke gai bati buruzko informazio gutxi dagoenean. Esate baterako, gaiari lehen hurbilpena egiteko, komenigarria da gaian adituak direnekin edo gaiarekin nolabaiteko lotura dutenekin sakoneko elkarrizketak egitea.

Sakoneko elkarrizketa edo elkarrizketa irekiaren desabantailak:

  • Kasu batzuetan, arrazoi ezberdinak direla medio, elkarrizketatuek arazoak izan ditzakete euren iritziak behar bezala egituratzeko eta azaltzeko. Esate baterako, hori pertsona edadetuen edo umeen kasua izan daiteke.
  • Beste batzuetan arazoak egon daitezke ikertzaileentzat garrantzitsua den informazio hori lortzeko, bai elkarrizketatuak eman nahi ez duelako, bai nola eman (nola adierazi) ez dakielako. Ikuspuntu horretatik, esan daiteke ikertzailea, neurri handi batean, elkarrizketatuaren menpe dagoela; izan ere, berak erabakitzen du azken finean zein informazio eman eta zein ez (hau inkestaren kasuan ere gertatzen da).
  • Elkarrizketatzaile bat dagoen neurrian, erabiltzen den teknikak eragina izan dezake elkarrizketatuarengan Hori dela eta, elkarrizketatzailearen itxurak, galderak egiteko moduak, ahotsak, keinuek eta abarrek, eragina izan dezakete, eta horrek informazioaren kalitatea baldintza dezake.

Esandakoak esanda, argi dago elkarrizketaren teknikaren kasuan, elkarrizketatzaileen paperak, jarrerak, ahotsak, itxurak edota jokabideak eragina izan dezaketela elkarrizketatuaren erantzunetan eta, oro har, informazioaren jasoketa prozesu guztian funtsezkoa izango dela. Beraz, elkarrizketa planteatzeko eta bideratzeko trebezian oinarrituko dira neurri handi batean lortutako emaitzak. Hori jakinda, ikertzaileak dena jarri behar du bere aldetik elkarrizketa ondo atera dadin. Teknika honen kasuan azpimarratu behar da komunikazio-egoera hori lortzea izan behar duela helburu. Hori dela eta, horretarako behar diren abileziek protagonismo berezia bereganatuko dute, besteak beste, hitz egiteko trebetasuna, pertsonen aurrean egoteko jakinduria eta, gauza guztien gainetik, entzuteko gaitasuna. Horrekin batera, ezinbestekoa da malgua izatea eta prest egotea edozein momentutan (egoeraren arabera, elkarrizketatuaren jarreraren arabera eta abar) gidoia aldatzeko, galdera berriak sortzeko edota aurreikusi gabeko gaiak mahaigaineratzeko. Azken batean, komunikazio-egoera egokia lortzeak izan behar du lehentasuna.

Bizitza-historia

Bizitza-historietan elkarrizketatuek euren bizitza kontatzen dute. Teknika kualitatibo honen bitartez, gizakiek euren bizitzari ematen dioten zentzua ezagutu nahi da. Horretarako, elkarrizketa saio bat edo batzuen bidez, elkarrizketatuarentzat garrantzitsua eta adierazgarria dena ezagutu nahi da. Halere, Juaristik azpimarratzen duen moduan (Juaristi, 2003: 159),

"bizitza-historietan elkarrizketatuak arlo edo gai zehatz bat nola ikusten, sailkatzen eta bizi duen ezagutu beharrean, bere mundua edota bizitza nola ulertzen duen ezagutu nahi da".

Bizitza-historia: metodo kualitatiboaren barruan toki garrantzitsua duen teknika da. Bizitza-historiarekin banakako esperientzia berezia ezagutzea bilatzen da, hau da, pertsona baten definizioa bizi izan duen egoera bati buruz, edota bere bizitza osoari buruz. Kontuan hartu behar da kasu honetan ez dela "egia" bilatzen, baizik eta subjektuak bere egia nola eraikitzen duen eta bere bizipenei eta bizitzako fase ezberdinei zentzua nola ematen dien aztertzea.

Bizitza-historian zehar, elkarrizketatuaren bizitzako etapak, gertaerak edo momentu garrantzitsuak jasotzen dira. Ikuspuntu horretatik, Altunak eta besteek azaltzen duten moduan (2008: 30), esperientzia eta oroitzapen kontzeptuak funtsezkoak izango dira; azken finean, ez zaigu "egia" interesatzen, baizik eta subjektuak "bere egia" nola eraikitzen duen, nola ematen dien esanahia bere bizipenei.

Gehienetan, informazioaren iturri bakarra elkarrizketatua izango da, baina, beste batzuetan, emandako informazioa osatu ahal izango da berak idatzitako idazkiak, bizi izandako tokietara egindako bisitak, argazkiak, eskutitzak edo lagun eta senitartekoei egindako elkarrizketak erabiliz material gisa. Gerta daiteke bigarren mailako informazio-iturri hauek (elkarrizketatua ez denaz gainerako guztia: materialak, inguruko pertsonak...) datuak lortzeko modu bakarra izatea ere. Kasua edozein izanda ere, argi eduki behar da bizitza-historia bat osatzeko garaian erabiliko diren informazio-mota guztiak oso bereziak izango direla, pertsonalak eta bizipen eta sentimenduz beteak. Horregatik, beti konfiantzazko giroa eta lagunarteko harremanak gauza guztien gainetik jarri beharko dira.

Bizitza-historia bat osatzeko garaian ohikoa da elkarrizketa bat baino gehiago egin behar izatea. Posible bada, hau da, elkarrizketatuak trabarik jartzen ez badu, saio guztiak grabatuko dira. Egoera horretan, aurreko teknika deskribatzerakoan esan den moduan, funtsezkoa izango da gidoia oso ondo prestatzea. Gidoia elkarrizketan ez galtzeko eta hitz egin beharreko gai guztiei buruz hitz egiteko erabiliko da. Baina, kontuan hartu behar da, sakoneko elkarrizketetan bezala, gidoiari ez zaiola zorrozki jarraituko. Ikertzaileak, edozein momentutan, elkarrizketak hartzen duen norabidea ikusita, gidoia egokitzeko prest agertu behar du.

Orain arte esandakoari erreparatuta, argi dago antzekotasun asko daudela sakoneko elkarrizketen eta bizitza historien artean. Kasu bietan pertsonen ikuspuntu, jarrera edo portaerak ezagutu nahi dira euren testigantza modu zuzenean jasota. Halere, Juaristiren azalpenarekin jarraituz (Juaristi, 2003: 163-164), esan daiteke bizitza-historiek badituztela sakoneko elkarrizketek ez dituzten abantaila eta desabantaila batzuk.

Bizitza-historien abantailak:

  • Bizitza-historietan sortzen den konplizitatea eta harreman hurbila oso egokia da pertsona batek bere bizitzari ematen dion zentzua edota bere bizitzaren gorabeherak ezagutzeko eta aztertzeko. Sakoneko elkarrizketekin esan den bezala, teknika honen kasuan ere zenbakien azpian ezkutatzen den informazio konplexua hobeto ezagutu daiteke.
  • Bizitza-historia gertakari sozialak ulertzeko oso tresna garrantzitsua izan daiteke; izan ere, fenomeno sozial askoren kasuan, pertsona batzuen bizi-esperientziatik baino ezin uler daitezke. Ideia hori argitzeko, bizitza-historietan aditua den Joan Josep Pujadas-en hitzak (Juaristik aipatuta) ekartzeak egokia dirudi (Juaristi, 2003: 160):

    "(...) el método biográfico puede, y tal vez debe, consituirse en un método nuclear dentro de las aproximaciones cualitativas en las ciencias sociales, haciendo la salvedad de que puede ser incluso útil para determinados tipos de survey (ikerketa) cuantitativos. Su interés reside en que permite a los investigadores sociales situarse en ese punto crucial de convergencia entre: 1. el testimonio subjetivo de un individuo a la luz de su trayectoria vital, de sus experiencias de su visión particular y, 2. la plasmación de una vida que es reflejo de una época, de unas normas sociales y de unos valores esencialmente compartidos con la comunidad de la que el sujeto forma parte".

    Pasarte honetan bereziki azpimarratu nahi da Pujadasek planteatzen duen azkenengo ideia hori, alegia, bizitza garai historiko, arau eta balio batzuen isla bezala agertzearena. Bertan, bizitza-historiak ikuspegi mikro eta makroen arteko lotura ezartzeko duen gaitasuna agerian gelditzen da, hau da, eguneroko bizitza, bizitza arrunta eta gizarte-egituraren artekoa, arau edota erakunde nagusiak barne. Ildo beretik, nabarmendu behar da bizitza-historia oso teknika erabilgarria izan daitekeela gizarte-aldaketek bizitza "errealean" dituzten eraginak irudikatzeko eta aztertzeko.

Bizitza-historien desabantailak:

  • Elkarrizketan oinarritutako teknika izanik, elkarrizketatu batzuek arazoak izan ditzakete euren iritzia behar bezala egituratzeko eta azaltzeko.
  • Neurri handi batean, ikertzailea elkarrizketatuaren menpe dago; izan ere, berak erabakitzen du, modu kontziente edo inkontzientean, zer kontatu eta zer ez (eta nola kontatu). Gerta daiteke, beraz, elkarrizketatuak eman nahi ez izatea ikertzailearentzat garrantzitsua izan daitekeen informazioren bat, edo informazio hori modu traketsean ematea. Horrek, ziur aski, ikertzailearen azterketa baldintzatu egingo du.
  • Sakoneko elkarrizketaren kasuan gertatzen den moduan, bizitza-historia osatzerakoan kontuan hartu behar da elkarrizketa egiten duenak dauzkan protagonismoa eta eragina. Horrela, besteak beste, elkarrizketatzailearen itxurak, hitz egiteko moduak, ahotsak eta abarrek, eragina izan dezakete elkarrizketatuaren erantzunetan eta, oro har, informazioaren jasoketa prozesu guztian.

Teknika honen azalpenarekin bukatzeko, bizitza-historia bat egiterakoan bereziki aztertu beharreko arloak zeintzuk diren aipatu nahi da, jasotako material guztiaren artean zein aspekturi erreparatu behar zaion ikusteko.

Alde batetik, aztertzen ari den pertsonaren bizitzaren oinarrizko dimentsioak ikertu behar dira. Horretarako oso garrantzitsua izango da pertsona hori bere testuinguruan kokatzea eta bere testigantza horren baitan ulertzea. Horrekin batera, bere ingurukoekin izan dituen edota azterketaren unean dituen harremanak ezagutzea ezinbestekoa izango da.

Beste aldetik, pertsona horrek bere bizitzan izan dituen inflexio-puntuak eta gertaera garrantzitsuak ezagutu eta aztertu behar dira. Horiek, gehienetan, pertsona horren bizitzako fase ezberdinak ezartzeko balio dute, alegia, bere bizimodua noiz eta zergatik aldatu den jakiteko.

Azkenik, bizitzan zehar aldaketen aurrean hartutako erabakiak, moldaketak, berrantolaketa-prozesuak eta bilakaera-prozesuak aztertzea funtsezkoa izango da.

Eztabaida-taldea

Teknika kualitatibo honen kasuan, pertsonei zuzendutako galdera irekiak dira, berriro, funtsezko estrategia informazioa eskuratzeko: informatzaileei galdetuta lortzen du ikertzaileak bere azterketa osatzeko beharrezkoa diren datuak. Halere, elkarrizketa sakonean edo bizitza-historian ez bezala, eztabaida-taldearen kasuan galderak gizaki bakarrari egin beharrean talde bati egiten zaizkio. Hau da, gai edo gertakari baten inguruan dauden iritziak, ikuspuntuak edo pentsaera ezberdinak ezagutzeko talde-eztabaida bat sortzen da.

Eztabaida-taldea: metodo kualitatiboan kokatutako teknika da. Kasu honetan pertsona bakarra edo gutxi batzuk izan beharrean, talde bat (8-10 kide) izango da protagonista. Talde hau ez da izango naturala (familia bateko kideak edo koadrila bat, adibidez), ikerketari begira eraikia baizik. Zentzu honetan, esan daiteke ikertzailea, eztabaida-talde bat egitean, egoera esperimental baten aurrean aurkitzen dela. Bere helburua taldearen bitartez gizartean gai edota gertakari baten inguruan egon daitezkeen posizio edota diskurtso ezberdinak azalaraztea eta erreproduzitzea da. Hori dela eta, taldeak sortutako diskurtsoak eta egoerak izango dira analisiari aurre egiteko eta ondorioak ateratzeko langaia.

Gogoratu behar da, kasu honetan, eraikitako talde batekin egiten dela lan (taldekideak ezezagunak dira euren artean), ez talde naturalekin (familiak edo lagunak, esate baterako). Ikuspuntu horretatik, eztabaida-talde bat egoera esperimentazio moduan uler daiteke, non, teorian, ikertzen ari den gaiaren inguruan egon daitezkeen gizarte-posizio ezberdinak erreproduzitzen diren. Posizio ezberdin horiek diskurtsoetan gauzatzen dira eta horiek analisirako lehengai bihurtzen dira.

Kasu honetan, eztabaida-taldearen moderatzailea (gehienetan ikertzailea bera) eta eztabaida-talde horretarako gonbidatutako kideak dira protagonistak. Gune horretan sortzen eta garatzen da eztabaida, kontuan hartuta harremanek eta diskurtsoek bi norabide izango dituztela. Alde batetik, moderatzailea eta taldekideen artean sortuko da harremana; bestetik, taldekideen artean emango da eztabaida. Azken hau da, hain zuzen ere, bereziki bilatu beharrekoa. Ildo horretatik esan daiteke teknika honen azken helburuak honako hauek direla:

  • Alde batetik, gai baten arlo garrantzitsuenak ezagutzea.
  • Bestetik, gai horren inguruan taldekideen artean egon daitezkeen ikuspuntuak ikertzea eta sor daitezkeen adostasun eta desadostasunak aztertzea.

Helburu horiek bete ahal izateko, moderatzailearen lana oso garrantzitsua izango da, eta bere eginkizun nagusia hitz gutxitan azaldu daiteke: taldekideen artean eztabaida eta iritzien trukaketa ahalbidetuko duen giroa sortzea.

Horrekin batera, argi dago eztabaida ondo antolatu behar dela, eta, horretarako, aztertu nahi diren gaiak gidoi egoki batean bildu beharko lirateke. Gidoia eztabaidan zehar ez galtzeko eta hitz egin beharreko gai guztiei buruz hitz egiteko erabiliko den tresna da. Betiere kontuan hartuta gidoia ez dela modu zurrunean erabili behar. Gidoian aurreikusten zen ordena nahiz galderen planteamendua eztabaidak hartzen duen norabidearen arabera aldatu daitezke. Hori bai, komenigarria dirudi gidoian zerrendatutako gai guztiak lantzea, hori ikerketaren helburuak bete ahal izateko funtsezkoa da eta.

Aurretik aztertutako bestelako teknika kualitatiboekin konparatuz, hau da, elkarrizketa eta bizitza-historiarekin alboratuz, zer-nolako abantailak eta desabantailak ditu eztabaida-taldearen teknikak? Hauek dira Juaristik azpimarratzen dituenak:

Eztabaida-taldeen abantailak:

  • Kasu honetan, neurri batean, ikertzailearen lana taldeak egiten du; izan ere, talde-dinamikak berak laguntzen du ikuspegi, bizipen eta iritzi ezberdinak sorrarazten. Hori dela eta, esan daiteke sakoneko elkarrizketetan edo bizitza-historian ikertzaileak bete beharreko rol-motibatzailea taldeak berak bereganatzen duela.
  • Eztabaida-taldea oso teknika egokia da gertakari edo gai baten inguruan egon daitezkeen iritzi eta ikuspuntu ezberdinak ezagutu ahal izateko. Beste kasu batzuetan prozesu batean inplikatuta dauden arlo (pertsona) guztien pentsaera jasotzeko baliagarria izango da.

Eztabaida-taldeen desabantailak:

  • Gai guztiak ez dira egokiak eztabaida-taldearen bitartez aztertzeko. Esate baterako, oso gai pertsonalak edo intimoak direnak. Kasu horretan, Juaristik aholkatzen duen moduan (Juaristi, 2003: 171), zenbat eta gehiago hurbildu ikergaia arlo pertsonaletara, orduan eta gomendagarriagoa da sakoneko elkarrizketa erabiltzea. Hori dela eta, komeni da gogoratzea ez daudela teknika onak edo txarrak, denak erabilgarriak direla. Gakoa, beraz, honetan datza: ikergaiaren arabera teknika egokia aukeratzen jakitean.
  • Kasu honetan ere, moderatzailearen figura aipatu behar da; izan ere, berak eztabaida zuzentzen duen heinean eragin nabarmena izan dezake talde-dinamikan (galderak egiteko modua, erabilitako tonua, jendearekiko agertutako jarrera, janzkera...).
  • Ikertzailea taldekideen menpe dago; hau da, nahiz eta moderatzailea izan gaiak mahaigaineratzen dituena, taldeko partaideen esku dago zer esan eta zer ez. Gerta daiteke, beraz, eztabaidan parte hartzen dutenek ikerketarako garrantzitsua den informazioa eman nahi ez izatea, edo informazio hori azaltzeko zailtasunak topatzea.

Orain arte esandakoaz gain, eztabaida-talde bat egiteko beste aspektu batzuk ere kontuan hartu beharko dira. Besteak beste, ondorengoak azpimarratu nahi dira:

  • Taldearen tamainari dagokionez, egokiena zortzi kide izatea da. Baten bat gehiago edo gutxiago onar daiteke, baina inoiz ez bost baino gutxiago edo hamar baino gehiago, bi kasu horietan eztabaida-taldeetarako beharrezkoa den dinamika apurtuko bailitzateke.
  • Taldekide-motari buruzko aipamenekin jarraituz, esan behar da taldea osatzerakoan taldeko partaideen harremanek simetrikoak izan behar dutela. Horren esanahia Altunak eta besteek ezin hobeto azaltzen dute (2008: 26): taldean ezin dira errepikatu gizarte-espazioan dauden botere-harremanak. Horregatik, harremanek simetrikoak eta ez baztertzaileak izan behar dute. Ideia hori argitu nahian, egileek adibide argigarria jarri dute (Altuna eta beste, 2008: 26): Gure ikerketa merkaturatuko duten auto berri bati buruzkoa baldin bada, ez genituzke gizon-emakumeez osaturiko taldeak egingo, autoen gaia, oraindik ere, gai maskulinoa delako; eta hori horrela izanik, egileek ondorioztatzen dute talde misto batean emakumezkoak isiltzeko arrisku handia egongo litzatekeela.
  • Taldekideei buruz orain arte esandakoak esanda, talde bat osatzeko zer nolako profilak aukeratu behar dira? Zer da egokiena? Taldekide guztien ezaugarriak antzekoak izatea (hau da talde homogeneoak bultzatu behar dira) ala kontraste handiko pertsonak elkartzea? Hau da, talde heterogeneoak osatu behar dira? Adituek esaten dutenez, egokiena talde homogeneoak osatzea litzateke, baina, betiere, heterogenotasun puntu batekin, nolabait, diskurtsoari edota eztabaidari bizitasuna emateko.
  • Zenbat iraun behar du eztabaida-talde baten saioak? Normalean, bi orduko iraupena izaten dute. Horretaz gain, esan behar da bilerarako tokia ondo aukeratu behar dela. Posible bada, leku atsegina izango da, "neutroa", konnotaziorik gabekoa eta ondo kokatuta dagoena. Elkarrizketa eta bizitza-historien kasuan bezala, guztiz komenigarria da eztabaida grabatzea.
  • Normalean, eztabaida-taldea pertsona bakarrak dinamizatuko du. Gerta daiteke bigarren pertsona bat egotea laguntzaile moduan, baina, kasu horretan, garrantzitsua izango da laguntzailea bigarren mailan gelditzea, isilik, oharrak hartzen. Horrela taldekideek argi bereiziko dute bakoitzaren rola eta errazago onartuko dute dinamizatzailearen papera. Azkenik, esan behar da ezinbestekoa dela dinamizatzaileak edo koordinatzaileak bere iritzi edo usteak ez azaltzea, hau da, balorazio pertsonalak alde batera uztea.
  • Bukatzeko, dinamikaren inguruko azken ohar bat: eztabaida-talde baten garapenean zehar, aspektu eta detaile asko eta asko hartu behar dira kontuan, baina zerbait nabarmendu behar izatekotan, dinamikaren hasiera eta bukaera da, bi momentu horiek bereziki zaindu beharrekoak baitira. Hasiera, taldeari harrera ona emateko (jendea girotzeko, beldurra eta mesfidantzak uxatzeko); bukaera, partaideak sentsazio onarekin gelditzeko.

Behaketa zuzena

Behaketa zuzenak gizakien portaera begiratzea eta aztertzea du helburu, betiere modu sistematiko eta kontrolatuan eta inolako manipulazio eta bitartekorik gabe. Bestelako tekniketan ez bezala, behaketa zuzenean ez da estimulu berezien eragina jasotzen, pertsonen portaerak bereziki behatzen dira. Behaketa zuzena zertan den ulertzeko lagungarria izan daiteke S.J. Taylor eta R. Bogdanek horren inguruan ematen duten definizioa ezagutzea (Taylor; Bogdan, 1992: 31):

"(...) investigación que involucra la interacción social entre el investigador y los informantes en el milieu" [testuingurua]" de los últimos, y durante la cual se recogen datos de modo sistemático y no intrusivo".

Behaketa zuzena: metodo kualitatiboan du oinarria, baina askoren ustez, metodo bakar baten mugak gainditzen dituen teknika da. Izan ere, behaketa aurrera eramateko, metodo kuantitatiboan oinarritutako teknikak ere erabil daitezke. Hori litzateke, esate baterako, hizkuntza-erabilera ezagutzeko egiten den Kale Neurketaren kasua, non ikertzaileek galdetegi itxi bat erabiltzen duten. Behaketak gizarte-antropologiarekin du harreman zuzena, historikoki diziplina horretan kokatu izan delako. Horrela, antropologoek garatu dute bereziki teknika hau, gehienetan etnografiaren lanketari lotuta. Behaketak ikertzaileari ikertzen ari den gizataldean txertatzea eta inplikatzea eskatzen dio. Hori modu zurrunean edo malguan uler daiteke, baina nolabaiteko lotura eman behar da, behaketak bertan egotea eta egoera deskribatzea eskatzen baitu.

Egia da behaketa egunero eta modu arruntean egiten den zerbait dela, baina gizarte-ikerketetan aplikatzen denean oso tresna baliagarria bihur daiteke. Horretarako, Juaristik aholkatzen duen moduan, helburuak behar bezala zehaztu behar dira, pausoak sistematikoki planifikatu eta behatzen ari dena teoria orokorragoekin harremanetan jarri. Bestela, inbutuaren hurbilpen-estrategia aplikatzea komeni da, hau da, behatzeko garaian gauza orokorretatik hasi eta, ondoren, zehatzetara pasatzea.

Baina noiz erabili behar da behaketa zuzena? Egia esan, oso teknika egokia izan daiteke testuinguru askotan, baina bereziki modu agerian edo publikoan egiten diren ekimen eta portaerak aztertzean. Euskararen Kale Neurketa behaketa zuzenaren adibide ezin hobea da. Jakina denez, kasu horretan, behaketa Euskal Herriko hainbat herritako kaleetan egiten da. Bertan, ikertzaile-talde bat aritzen da euskararen erabilera publikoaren inguruko datuak jasotzen. Horretarako, aplikatutako teknika behaketa izaten da: bertan entzuten eta sumatzen dena jasotzen da hizkuntzaren erabilera publikoaren adierazle gisa.

Esanak esan, eta Juaristik aitortzen duenez, teknika hau baloratzeko garaian erraz aurkituko dira horren aldeko nahiz kontrako iritziak. Hori dela eta, jarraian behaketaren abantailak eta desabantailak aipatuko dira labur-labur.

Behaketaren abantailak:

  • Oro har, beste tekniken kasuan baino eragin gutxiago sumatzen da pertsonengan behaketa gauzatzerakoan. Juaristik dioenez (Juaristi, 2003: 197), ikertzaileak gutxiago baldintzatzen ditu aztertu nahi diren portaera eta adierazpenak, eta horrek datu hobeak lortzen laguntzen du.
  • Behaketa baldintza naturaletan egiten baldin bada, errealitatea den bezala ikertuko da, batere aldaketa, eragin edo manipulaziorik gabe.
  • Orain arte aipatutako beste teknika batzuetan ikertzailea, neurri handi batean, ikertuaren menpe gelditzen zen, berak erabakitzen baitzuen zein informazio eman. Baina behaketa zuzenaren kasuan, ikertzaileak erabakitzen du zer den berarentzat garrantzitsua eta nahi duena behatzen du.
  • Hainbat kasutan, gainera, behaketa ezinbesteko teknika bilakatuko da; izan ere, egoera, momentua edota ikertuak direnen ezaugarriak direla eta (umeak, oso pertsona nagusiak eta abar) erabil daitekeen teknika bakarra izango da.
  • Behaketak ikerketaren testuinguruan murgiltzea dakar eta horrek indar berezia ematen dio teknika honi.

Behaketaren desabantailak:

  • Behaketak orainaldia ikertzeko baino ez du balio, ez du balio ez iraganerako eta ez etorkizunerako.
  • Gertakari, egoera edo portaera batzuk ezin dira zuzenean behatu, gizakien intimitatearekin loturik daudelako edo ezkutuan geratzen direlako.
  • Fenomeno batzuk ezin dira behaketaren bitartez aztertu, aldi berean baina toki ezberdinetan harremanetan dauden ekintzak gertatzen ari direlako. Kasu horretan irtenbidea izaten da behaketa pertsona ezberdinen artean banatzea.
  • Gehienetan, behaketan oinarritutako ikerketak beste teknika batzuekin egiten direnak baino luzeagoak izaten dira. Denbora (falta) beraz, muga izan daiteke teknika hau erabiltzeko orduan.

Behaketa-mota ezberdinak egon daitezke. Juaristik azaltzen duenez (Juaristi, 2003: 199), gizarte-antropologian (eta kultura-antropologian) erabiltzen diren parte hartzeko behaketak daude mutur batean; bestean, egoera kontrolatuetan egiten diren behaketak daude, esate baterako laborategietan egiten diren esperimentuak. Bi behaketa-mota horien artean era askotako behaketak egon daitezke; horregatik, garrantzitsuena zera izango da: ikertzaileak zehaztea kasu bakoitzean zer behatuko duen, zein pauso emango diren eta nola gauzatuko den teknika. Zeregin horietan ezinbestekoa izango da ikerketaren helburuak eta hipotesiak kontuan hartzea; izan ere, ezinezkoa da begien aurrean agertzen diren gauza guztiak behatzea. Behin aspektu horiek definituta, aztertzen ari den portaeran eragiten duten faktoreak zeintzuk diren ezagutu behar da, ekintzak eta portaerak gertatzen diren testuinguruan kokatu eta deskribatu behar dira, eta portaera horien maiztasuna eta iraupena ere zehaztu.

Behaketa zuzenaren kasuan, nola biltzen da informazioa? Oso garrantzitsua da notak hartzea eta behatutako guztiaren berri ematea. Deskribatze-prozesu horretan formula ezberdinak egon daitezke (momentuan bertan idatzi, behaketa egin ondoren idatzi...), eta egoeraren arabera erabaki beharko da zein den gauzak egiteko aukera edo modu egokiena. Aldi berean, batzuetan behaketa ohar deskriptiboetan gauzatzen da; beste batzuetan protokolo baten edo aldez aurretik diseinatutako fitxen bitartez jasotzen da informazioa (hauxe da, esate baterako, Kale Neurketan egiten dena).

Soziolinguistika Klusterrak Kale Neurketa egiteko erabiltzen duen fitxa.

22. irudia

Teknika honen deskribapena bukatzeko, Juaristik berak aipatzen duen puntu bat nabarmendu nahi da (Juaristi, 2003: 207): zer-nolako harremanak egon behar dira behatzaile eta behatuen artean? Argi dago behaketa zuzenean, beste tekniketan ez bezala, ikertzaileak ikertzen ari den horrekin harreman zuzenean egiten duela lana (ikertzen ari den pertsonen aurrean jartzen da inolako bitartekorik gabe). Ondorioz, beharrezkoa suertatzen da ikertuen aurrean bere burua behar bezala kokatzea. Kokapen hori funtsezkoa izango da ikertzailearen eta behatuen arteko harremana modu egokian gauzatzeko.

Juaristik proposatzen duenez, behatzailea lau modu desberdinetan ager daiteke behatuen aurrean:

  • Behatzailea ezezaguna da ikertzen ari den taldearentzat, eta era naturalean parte hartzen du behaketa egiten duen bitartean.
  • Behatzailea ezezaguna da taldearentzat, eta era artifizial batean parte hartzen du (asmatutako rol edo paper bat betetzen).
  • Behatzailea ezaguna da, eta ez du taldean edo ikertzen ari den egoeran parte hartzen (kanpotik behatzen du).
  • Talde batean integratzen da eta ezaguna da behatzailea.

Juaristiren ustez, aukerarik onena ezaguna den behatzailearena da. Dena dela, bere iritziz (Juaristi, 2003: 209), askotan ezinezkoa da horrelako behaketa bat egitea (kartzelan, psikiatrikoan, monasterioan...) eta, ondorioz, ikerketaren berezitasun eta baliabideak kontuan hartuz, beste behaketa-mota batzuetan pentsatu beharko dugu.

Bestelako informazioa/materiala

Orain arte aipatutako tekniken bitartez ikertzaileak iturri zuzenetik informazioa lortzeko aukera du. Baina badaude iturri ez-zuzenen bidez informazio baliagarria eskuratzeko moduak. Praktikan bide hau askotan erabiltzen da gizarte-zientzien eremuan garatzen diren ikerketa eta azterketetan.

Baina zertan datza iturri ez-zuzenen azterketa? Juaristik definitzen duen moduan (Juaristi, 2003: 229-230),

"iturri ez-zuzenen azterketa beste pertsona edo erakunde batzuek (erakunde publiko zein pribatuak, ikertzaileak, gobernuz kanpoko erakundeak...) bildu, sortu edota gorde dituzten estatistika, dokumentu, grabaketa eta material pertsonalen (biografiak, egunerokoak, memoriak, eskutitzak, argazkiak, edozein erregistro ikonografiko edo ondasun pertsonalak...) azterketan oinarritzen den ikerketa teknika da".

Teknika honen kasuan, beraz, ikertzaileak beste batzuek, euren gogoz edo beharrez "sortutako" materialaren gainean lan egiten du. Horren azterketara bideratzen du arreta, eta hortik hainbat informazio baliagarri eta ondorio ateratzen ditu.

Askotan, iturri ez-zuzenen erabilerak beste teknika batzuen bitartez lortutako datuak osatzen laguntzen du, baina gerta daiteke iturri ez-zuzena delako teknika izatea ikerketa burutzeko dagoen bide bakarra. Kasu horretan, material horren kalitatea eta zuzentasuna ziurtatzea merezi du, ikertzailearentzat iturri nagusia izango baita.

Bestela, aurretik aipatu den moduan, iturri ez-zuzenen azterketan erabil daitezkeen materialak era askotakoak izaten dira. Juaristik horiek sailkatzeko modu erraz bat proposatzen du:

  • Dokumentu idatziak: liburuak, edozein eratako literatura, egunkariak, notarioen aktak...
  • Zenbakiak eta estatistikak dituzten dokumentuak.
  • Aurreko bi kategorietan sartzen ez diren dokumentu edo materialak: filmak, irudiak, argazkiak, diskoak...

Teknika honen inguruko aipamenekin bukatzeko, azpimarratu nahi da, askotan, zuzenak ez diren iturrietako material horretara iristeko, oso egokiak izaten direla erakunde ofizialek eskaintzen dituzten informazio-guneak. Gainera, gaur egun kontuan hartu behar da informazio horietako asko on-line eskuratzeko aukera dagoela.

Gizarte-sareen azterketa

Pertsona oro bere egunerokotasunean gizarte-sareak sortzen eta osatzen ari da. Txikitatik pertsona guztiek euren erreferentziazko harremanak dituzte, eta denborarekin horiek aldatzen joango dira harreman-sare ezberdinak osatuz. Prozesu hori oso garrantzitsua izango da pertsona baten bizitzan, eta, hainbat egilek diotenez, kapital-mota bat osatzen laguntzen du, harreman-kapitala, hainbat egoeratan funtsezkoa bihurtuko dena.

Gizarte-sareen azterketa: gizarte-sareak aztergai bihurtu dira diziplina eta jakintza-arlo ezberdinetan, hala nola, soziologian, antropologian edota enpresen eremuan. Azterketa-mota honetan harremanak dira protagonistak; pertsonen arteko loturak, talde ezberdinen arteko loturak eta abar. Harreman horien edukia eta helburua aldatuko dira ikergaiaren arabera; edozein kasutan, harreman horiek osatzen duten egitura litzateke aztergai nagusia. Teknika horretan elementu kuantitatiboak eta kualitatiboak txerta daitezke eta, gainera, tresna bisualak eskaintzen ditu, sareak modu grafikoan ager daitezke eta.

Iñaki Martínez de Luna, Nekane Jausoro, Kontxesi Berrio-Otxoa eta Ibon Idirinek azaltzen dutenez (Martínez de Luna eta beste, 1998), gizabanakoak, besteekin harremanetan jartzean, gizarte-sareak eraikitzen eta osatzen ditu bere inguruan, eta beste horrenbeste gertatzen da instituzio (enpresa, elkarte...) baten inguruan. Gizarte-harremanak sortzen direnean, gizarte-sare bat baino gehiago gauzatzeko eta sare ezberdinak eratzeko aukera ematen da. Esate baterako, askotan gertatzen da lanpostuan sare formal eta informal anitzak agertzea. Sareen azterketak era guztietako harremanak eta loturak izan ditzake aztergai. Kasua edozein izanda ere, metodo honen helburua gizabanakoak gizarte-egituran non eta nola dauden kokatuta ikertzea izango da.

Esandakoak esanda, argi gelditzen da gizarte-sareen azterketak maila mikroa eta makroa biltzen dituela, eta era berean, bere gauzapenean posible da teknika kuantitatiboak (inkesta) eta kualitatiboak (sakoneko elkarrizketa) uztartzea. Ikuspegi eta hurbilpen aberatsa eta osatua eskaintzen du.

Baina zergatik izan daiteke interesgarria sareen azterketa hizkuntza ikertzeko orduan? Martínez de Luna eta bestek ezin hobeto ebazten dute zalantza hau (1998):

"Hizkuntzaren erabilera interakzioan sortu eta hedatzen da. Hori dela eta, interakzioaren ikerketa funtsezkoa zaigu erabilera edo erabilerarik eza aztertzeko orduan. Eta ezinbestean, interakzioa aipatzen dugunean harremanak aipatu behar ditugu, hots, gizarte-sareak".

Egile horien ustez, argi gelditu behar da gizarte-sareen azterketa ez dela banakako ikuspegian kokatzen, hau da, ez du bere analisia gizabanakoen ezaugarrien arabera egiten.

"Alderantziz, gizarte-egituran gizabanakoak non eta nola dauden kokatuta funtsezkoa izango da ikuspegi honetan. Sareak aipatzen direnean ez dira zentzu metaforikoan aipatzen, aktoreen arteko gizarte-harremanen egitura adierazteko baizik".

Sareen azterketetan elementu garrantzitsu bat adierazpen grafikoa da. Bertan, partaideen arteko harremanak puntu eta marren bidez irudi bilaka daitezke. Irudi horrek soziograma du izena. Soziograma horretan oinarrizko osagaiak ondorengo hauek lirateke: alde batetik, nodoak (gizabanakoak); bestetik, beraien arteko harremanak, hau da, marrak. Gizarte-sare batean kontuan hartu beharreko beste osagai garrantzitsu bat sarean aktore bakoitzak duen kokapena da. Horri dagokionez, sare batean ondorengo bereizketa antzeman daiteke: alde batetik, erdiguneko kokapena (gizabanakoaren inguruan harreman-puntu asko dagoenean); bestetik, inguruko kokapena.

Lan-esparruko harreman formaletan euskarak eta gaztelaniak duten presentzia erakusten duen soziograma (Iñaki Martínez de Luna eta beste, 1998).

23. irudia

Horri lotuta, Martínez de Luna eta bestek gizarte-sareetan ezberdintzen diren osagai morfologikoak ere aipatzen dituzte. Ondorengoak dira:

  • Kokagunea: sare bat mugatzeko erreferentzia moduan hartzen den aktore zehatza (edo aktore zehatzak).
  • Eskuragarritasuna: sare barruko eskuragarritasunak aktoreek elkarrengana iristeko beharrezkoak dituzten urratsen berri ematen du. Hori bi modutan uler daiteke: batetik, aktore bakoitzarekin harremanetan jar daitezkeen aktoreen kopurua edo proportzioa; bestetik, aktore batek beste batekin harremanetan jartzeko erabili edo zeharkatu behar duen bitartekari-kopurua.
  • Trinkotasuna (dentsitatea): sare baten harreman- edo lokarri-kopurua adierazten du trinkotasunak.
  • Maila (rango/degree): aktore baten inguruan sare bat eraikitzen denean, gainerako pertsonek horrekiko harreman-aukera ezberdinak izango dituzte. Batzuek bitartekaririk gabeko harreman zuzenak izango dituzte; besteek, aldiz, zeharka, bitartekarien bidez edukiko dituzte loturak; lehenengoak maila gorenekoak dira; azkenengoei, berriz, maila apalagoa edo arrunta dagokie.

Morfologiarekin zerikusia duten beste bi kontzeptu aipatu behar dira: zentralitatea eta bitartekaritza (edo betwenness). Lehenengoa sarean dauden aktore garrantzitsuenen finkapenari dagokio; bigarrenak, aldiz, aktore bat sareko beste aktoreen artean nola dagoen kokatuta adierazten du.

Gizarte-sareen azterketen aurkezpena bukatzeko, azpimarratu behar da azterketa-mota honek baduela jada tradizio bat soziolinguistikan eta, oro har, hizkuntzaren gaineko ikerketetan. Baina hori esanda ere, aitortu behar da euskararen inguruan egin diren azterlanen artean protagonismo eskasa izan duela.

Euskarari lotutako ikerlanen artean oso gutxi dira gizarte-sareen azterketa erabili izan dutenak. Adibide solte horietako bat Iñaki Martínez de Luna eta bestek egindako azterketa izango litzateke. Egileek azaldutakoaren arabera (1998), bi gizarte-sare ezberdin aukeratu ziren, sareen metodologiaz baliatuz, hizkuntza-soziologiara hurbilpen-proba bat egin nahirik. Alde batetik, lagun-koadrila bat aukeratu zen sarearen kokagune bezala, gizarte-sare berezko eta aldakorra, alegia. Bestetik, udaletxe txiki bateko (7.000 biztanle inguruko udalerria) langileen arteko harremanak izan ziren aukeratu zen beste sarearen kokagunea. Azken sare horretako partaideak erakundeko langileak ziren eta, ikuspuntu horretatik, sarea era formalean eratuta zegoen.

Gizarte-sareetan oinarritutako beste teknika bat mintzagrama da. Mintzagrama teknika, UEUk sortu eta landutakoa da eta 1997-98 ikasturtean erabili zen lehenengoz. Modu esperimentalean erabili bazen ere, bere erabilgarritasuna eta eraginkortasuna erakutsi zuen. Geroztik aurrerapenak ezagutu ditu teknika honek, batez ere, informatikari esker, baina oinarrian bere helburua mantendu du: hiztunaren jarduera behatzeko eta aztertzeko modu eraginkorra garatzea. Kasu honetan, lehentasuna taldeetan ematen den jarduera litzateke. Berdin dio lan-talde zein ikastalde izan; Xabier Isasik eta Lore Erriondok adierazten duten moduan (Isasi; Erriondo, 2009:4),

"mintzagrama teknika, taldeen baitako hizkuntzaren berbazko erabilera aztertzeko lanabesa da, taldekideen arteko ahozko komunikazio-sarea aztertzekoa, alegia. Taldea ezinbestekoa da; izan ere gure eguneroko jardueran, taldeak sustatu, bideratu eta mugatzen baitu gure hizkuntza-portaera."

Praktikan, mintzagramaren oinarria galdetegi bat da. Ikasgela batean aplikatzen denean, ikasleek edo irakasleek bete dezakete. Isasik eta Erriondok gauzatutako esperientziaren kasuan, taldeko partaideei (ikasleak) taldekide bat hautatzea eskatu zitzaien, irizpide bakarra proposatuz: pertsona horrek nagusiki euskaraz ala erdaraz hitz egitea. Orain arte erabilitako galdetegietan horrelako itaunak planteatu ohi dira: Norekin hitz egiten duzu beti edo ia beti euskaraz? Edo, kontrakoa: Norekin hitz egiten duzu beti edo ia beti erdaraz? Jakina, hautaketa egiteko orduan, hizkuntzarenaz gain, bestelako irizpide batzuk erabiltzen dira. Isasi eta Erriondoren esanetan, hauek norberarenak dira, bakoitzak jar ditzakeenak. Hurbiltasuna, adiskidetasuna, estimazioa, miresmena edo antzeko irizpideak izaten dira norberak erabiltzen dituenak solaskidea aukeratzeko momentuan. Baliteke bestelako iritziak -aurreiritziak- erabiltzea, hala nola, euskaltzaleena edo erdaldunena izatea, kargu garrantzitsua duena edo berritsuena izatea. Inork ezin kontrola dezake bakoitzak solaskidea aukeratzerakoan lerabilkeena (Isasi; Erriondo, 2009: 5).

Galdetegia taldean osatu ondoren, datuak batu eta zenbakietara pasatzen dira. Aplikazio informatiko bat erabiliz, mintzagramak irudikatzen dira. Ondoren, mintzagrama interpretatu egiten da. Batetik, taldeak zer joera erakusten duen aztertzen da: irekia (harremanak denon artean), itxia (harremana pertsona batengan zamatua) edo zatikatua (azpitaldeak euren arteko harremanik gabe); bestetik, taldeko egiturak zeintzuk diren antzematen da: zein bikote, izar edo lider, kate, irla, azpitalde, etab. agertzen den. Hortik informazio aberatsa sortzen da, adibidez, esku-hartzea diseinatzeko eta planifikatzeko. Mintzagrama-teknika, noski, ikasleekin ez ezik bestelako giza taldeekin ere erabili daiteke.

Euskararen mintzagrama baten adibidea (Xabier Isasi; Lore Erriondo, 2009: 13).

24. irudia

Parte hartzeko metodologia

Altunak eta bestek aipatzen dutenaren arabera (2008: 107), parte hartzeko metodologia izenburupean soziologian, pedagogian eta psikologia sozialean bereziki garatutako ikerketa-metodologiak biltzen dira. Hiru diziplina horietan landu diren parte hartzeko metodologiaren inguruko lanek ez dituzte izan planteamendu eta abiapuntu teoriko berdinak, baina egileek izenburu beraren azpian sar daitezkeela uste dute, besteak beste ondorengo ezaugarri orokorrak dituztelako:

  • Ezagutza eta ekintza uztartzen dute. Printzipioz ez dago ekintza praktikorik ikerketa-prozesutik kanpo; izan ere, aktoreen praktika aldatzea edo hobetzea izaten da ikerketaren sakoneko helburua.
  • Ikerketa-mota honek ohikoa den subjektu-objektu dikotomia kuestionatzen du, eta subjektu-subjektu eredua defendatu. Aktore sozialen partaidetza aktiboa funtsezkoa kontsideratzen da eta hori lortzen da, gehienbat, ikertzaileen koordinazio eta dinamizazioaren bitartez. Neurri handi batean, beraz, aktore sozialak ikertzaile bihurtzea da parte hartzeko ikerketen helmuga.
  • Aktore sozialek, gogoeta kolektiboaren eta informazio-bilketaren bitartez, beren praktika indibidualak eta kolektiboak aztertzen dituzte. Horretarako egokiak izan daitezkeen teknika edota dinamika ezberdinak erabiliko dira, eta gehienek kutsu kualitatiboa dute.
  • Aktore sozialen auto-diagnostikoa osatu eta gero, euren praktika hobetzeko helburuak definitzen dituzte, baita helburu horiek gauzatzeko estrategiak ere. Horrela, ekintza-azterketa-ekintza prozesu irekia abiatzen dute.

Printzipioz, Altunak eta bestek azaltzen duten moduan (2008: 107), metodologia honen gauzatze teknikoa oso berria da eta azken urteetan ari da garatzen bi norabide nagusitan: ildo pragmatiko batetik (planifikazio estrategikoa eta hobekuntza/kalitate taldeak), eta ildo kritiko edo eraldatzaile batetik (esku-hartze soziala eta komunitarioa). Azken hori izan da, bereziki, ikerketa honen garapenerako eremu ohikoena, baina, aipatu denez, beste arlo batzuetan ere tokia izan du metodologia berezi honek.

Parte hartzeko metodologia: bere oinarrian eskola, egile nahiz korronte kritiko eta berritzaileak kokatzen dira. Eragile horiek zientzia modernoaren positibismoak bereizi zituen dikotomiak uztartzen saiatu dira: subjektu ikertzailea versus objektu ikertua eta ikerketa versus esku-hartzea. Kasu honetan, beraz, ikerketa prozesu sozial gisa ulertzen da eta ikertuak ikerketaren parte aktibo eta eragile bilakatzen dira. Nolabait, ikerketako objektuak ikerketaren jabe egin behar dira, beren egoeraren gainean hausnartuz, ondorioak deskribatuz eta etorkizunari begirako urratsak zehaztuz. Prozesu honetan erabilitako teknikak kuantitatiboak zein kualitatiboak izan daitezke. Halere, gehienetan teknika kualitatiboen alde egiten da, betiere, ohikoak ez diren dinamikak kontuan hartuz (tailerrak, kaleko ekintzak, asanbladak eta abar), hau da, ikerketak ingurunean nolabaiteko inpaktua izango duten praxiak eta jarduera publikoak edo irekiak bultzatuko ditu.

Bere aplikazioari buruz esan behar da, normalean, prozesuak konplexuak eta luzeak izaten direla. Bete beharreko urrats ugari eta ezberdinak daude, Altunak eta bestek, besteak beste hamahiru une ezberdin bereizten dituzte halako prozesu batean:

  • Ikerketaren planteamendua.- Zertarako eta norentzat egiten da ikerketa? Nork egingo du? Nola eta noiz egingo du? Lehenengo fase honetan horrelako galderei erantzutea da helmuga. Hori eginez, ikerketaren sakoneko helburuak argituko dira, ikerketa-taldea osatuko da eta, azkenik, ikerketaren metodologia eta kronograma zehaztuko dira.
  • Informazio orokorraren bilketa.- Ikerketa-proiektua definitu ondoren hura abiatzeko unea da. Informazio-bilketari hasiera emateko, komeni da landu beharreko gaia modu egokian definitzea eta kontzeptualizatzea. Horretarako, dokumentazio-lana eta adituei eginiko elkarrizketak erabil daitezke.
  • Jarraipen-batzordearen osaketa.- Jarraipen-batzordean proiektuaren eztabaidan interesaturik egon daitezkeen erakunde nahiz pertsonak bilduko dira. Ordezkaritza ahalik eta zabalena bilatzen da. Batzordeari ikerketa-prozesuaren berri ematen zaio eta batzordean parte hartzen duten ordezkariek eztabaidatu egiten dute ikerketa biltzen ari den informazioa.
  • Ikerketa-taldea osatzea.- Aktore sozialak ikerketa-taldean integratzea da metodologia hauen ezaugarri bereizgarrienetariko bat. Ikerketaren arloaren arabera protagonista ezberdinak izango dira. Esate baterako, esperientzia enpresa batean egiten baldin bada, bertako langileak, teknikariak edota zuzendaritzako kideak izan daitezke partaideak.
  • Elementu aztertzaileei sarrera ematea.- Parte hartzeko ikerketa-ekintzaren berezitasuna izango da ekimen aztertzaile publikoak ikerketa-prozesuan zehar erabiltzea (ikerketak ingurunean nolabaiteko inpaktua izango duten praxiak eta jarduera publikoak edota irekiak bultzatuko ditu). Horrekin erreakzioa eta mugimendua suspertzea bilatzen da, egoera eta ikuspegi berrietara irekitzea, hain zuzen ere. Jarraipen-batzordea bera osatzea oinarrizko ekimen aztertzailea izaten da, baina horretaz gain, badaude beste ekimen-mota posible batzuk: topaketak, jardunaldiak edo tailerrak antolatzea; bilera irekiak edo asanblada deitzea eta abar.
  • Kale-lana abiatzea.- Fase honetan, normalean, elkarrizketa pertsonalak egiten dira ingurunean ari diren gizarte-talde eta administrazio lokaleko ordezkariekin. Kasu horretan lanean ari diren aktore kolektibo ezberdinek aztergaia, inguruan dauden gainerako taldeak, erakundeak eta biztanleria nola ikusten dituzten ezagutzea da helburua. Era berean interesgarria izango da ingurunean ari diren aktore kolektibo horiek aztergaiaren inguruan egiten duten diskurtsoa eta egiten dituzten proposamenak eskuratzea.
  • Lehenengo txostena aurkeztea eta eztabaidatzea.- Lehenengo txostenean auto-diagnostikoa biltzen da, jarraipen-batzordean eztabaidatua izateko. Horrela, ordura arte bildutako informazioa sistematizatu eta antolatuko da; jasotakoa ñabardura eta ekarpen berriekin aberastuko da; informazioa jarrera edota ikuspuntu berriekin osatuko da. Azkenik, gainerako kale-lana diseinatzeko informazioa jasoko da.
  • Kale-lanaren jarraipena.- Fase honetako zeregin nagusia da ingurune sozialean bizi diren kideek aztergaiaren inguruan dauzkaten irudikapenak aztertzea. Horretarako, eztabaida-taldeak diseinatzea eta burutzea jotzen da estrategia egokitzat. Horrekin batera, parte hartzeko behaketa ere ezinbesteko teknika da eta, prozesu osoan zehar, modu formalean edo informalean gauzatu beharko da.
  • Testuen eta diskurtsoen azterketa.- Kale-lana egin eta gero analisiari heldu behar zaio. Zeregin horretarako material ugari egon daitezke: elkarrizketa eta eztabaida-taldeen emaitzak (transkripzioak), ikerketa-talde eta jarraipen-batzordearen bileren aktak, edota behaketa eta kale-lanaren oharrak.
    Analisia diskurtsoen azterketetan oinarrituko da eta aztergaiaren inguruan dauden posizio ezberdinak topatzea izango da helburu nagusietariko bat.
  • Bigarren txostena aurkeztea eta eztabaidatzea.- Txosten honetan, normalean, ondorioen eta ekintzetarako proposamenen aurrerapena egiten da, jarraipen-batzordean edota bestelako talde-dinamiketan (tailerretan esate baterako) eztabaidatu ahal izateko. Txostenak, beraz, aztergaiaren definizioa, lehenengo informazio-bilketan egindako testuinguraketa eta praktika kualitatiboen bitartez produzitu den materialaren analisia biltzen ditu.
  • Tailerrak antolatzea.- Biztanleriaren partaidetza bultzatzea da tailerren helburua, bertan proposamen eta estrategia praktikoak mahaigaineratzeko eta eztabaidatzeko. Aldi berean, parte hartzeko tekniken bitartez, egituratu gabe dauden taldeak ekintzetarako talde bihurtzea bilatzen da.
  • Ekintza integralerako egitaraua (EIE) eraikitzea.- Urrats honetan ekintzen plana bideratuko duten ildo estrategikoak eta operatiboak definituko dira, prozesuak bultzatutako hausnarketa eta bertan jasotako ekarpenak kontuan hartuz. Helburua da ekintza-arlo ezberdinetan abiatu beharreko ekimenak egitarau integral batean biltzea.
  • Azken txostena.- Gauza guztien gainetik, txostenak lanerako tresna izan behar du, erabilgarria eta ulergarria. Hori dela eta, prozesuan parte hartu duten guztiei banatzen zaie kopia bat. Bertan ekintza-planean abiatu beharreko ekimenen programazio zehatza agertuko da (aktoreak, epeak eta baliabideak adierazita). Horrekin batera, garrantzitsua da bertan plana ebaluatzeko irizpideak eta adierazleak proposatzea ere.

Ikusten denez, parte hartzeko ikerketa metodologia konplexua da, baina osatua, aberatsa eta hainbat arazori aurre egiteko egokia. Azken hamarkadetan indartzen ari den metodologia da, etorkizunerako metodologia.

Euskal soziolinguistikaren arloan badira parte hartzeko metodologiaren filosofiarekin bat egiten duten hainbat proiektu, bere osotasunean edo, behintzat, zatiren batean. Horien artean, Kuadrillategi egitasmoa aipa daiteke, edota (aurrerago aipatuko den bezala) lan-munduan garatzen ari diren zenbait ekimen. Izan ere, gero eta arruntago bihurtu da hizkuntza-plangintzak martxan jartzeko garaian inplikatuen parte-hartzea eskatzea, beren onarpena lortzeko modu egokiena dela uste baita. Horren adibide argia dugu Lasarte-Oriako udaletxean izandako esperientzia, zeinetan administrazioko atal elebidunetako langileen hizkuntza-ohituretan eragiteko plana diseinatu eta indarrean jarri zuten. Aitor Unanuek berak (esperientziaren eragile zuzena) azaltzen du argi eta garbi prozesuan zehar inplikatu zuzenek (udal-langileek) izandako protagonismoa (Unanue, 2006: 27):

"Aurrera egin ahala, prozesuaren gaineko ardura dinamizatzailearengandik parte-hartzailearengana igaroko da progresiboki, eta nork bere gain hartu beharko du aldaketa-prozesua, autonomia garatuz. Bestela esanda, langileak berak prozesua autogestionatzea da helburua."

Etnografia

Etnografia kultura- eta gizarte-antropologiaren garapenari dago bereziki lotuta eta agian horregatik (hau da diziplina zehatz baten baitan dagoelako) ez du, behintzat, Euskal Herriaren kasuan, zabalpen handirik izan hizkuntzarekiko kezka dutenen artean. Halere, aipatu beharreko nozioa da; izan ere, beste testuinguru batzuetan (Estatu Batuetan, esate baterako) etnografiak berezko protagonismoa bereganatu du hizkuntza-antropologiaren barruan, arlo honetan egiten diren ikerketa askok eta askok etnografia baitute oinarri.

Etnografia: tradizioz gizarte-antropologiaren garapenari lotuta egon da etnografia eta, egun, beste diziplina batzuetan erabiltzen bada ere, antropologoen zeregina definitzen jarraitzen du. Etnografia teknika baino askoz gehiago da, bere baitan prozesua eta produktua biltzen direlako. Etnografiak ikerketa batean eman beharreko urrats, eginkizun eta estrategia ezberdinak (teknikak barne) jasotzen ditu, hau da, ikertzailea ikerketa hasten denetik bukatzen duen arteko bidea litzateke etnografia. Baina baita ibilbide horren ondorioz sortzen den emaitza ere: monografia bat, dokumental bat eta abar.

Ez da hau etnografiaren inguruan luze aritzeko tokia, baina interesgarria da bere ezaugarri batzuk ezagutzea; izan ere, hizkuntzaren inguruan ikertzeko potentzial handiko prozesu metodologikotzat jotzen da.

  • Esan denez, etnografia kultura- eta gizarte-antropologiaren garapenari dago lotuta. Bronislaw Malinowskik eta bere garaiko hainbat antropologok lagundu zuten haren ezaugarriak ezartzen eta zabaltzen.
  • Etnografia ez da teknika soil bat; aitzitik, prozesu metodologikotzat hartu behar da. Bertan teknika kuantitatiboak edota kualitatiboak bil daitezke. Antropologoen artean, teknika kualitatiboak dira ohikoenak edo zabalduenak, baina kuantitatiboak ere erabiliak izan dira eta erabiltzen dira antropologian.
  • Etnografiaren zati garrantzitsuenetariko bat lekuan lekuko lana litzateke. Ikerketa-fase honetan, ikertzailea informazio eta datu bilketan aritzen da modu intentsiboan. Ez dago fase hau burutzeko modu finkorik; are gehiago lekuan lekuko lana aurrera eramateko, oso modu ezberdinak daude.
  • Lekuan lekuko lana egiterakoan, behaketa zuzenaren teknikak berebiziko garrantzia izan ohi du, eta horren bitartez, etnografoa modu aktiboan murgiltzen da ikertzen ari den taldean edo komunitatean.
  • Etnografiaren muinean, kultura- eta gizarte-antropologian aldarrikatzen diren helburuak biltzen dira: kultura ezberdinen ezaugarriak ezagutzea, ulertzea eta azaltzea ikuspegi holistiko batetik. Horretarako ezinbestekotzat jotzen da metodo konparatiboa: horren arabera, edozein gertakari denboran eta espazioan kokatu behar da. Hau da, etnografiak argi erakusten du kultura eta gizarteak aldakorrak direla, bai denboran, bai espazioan, eta hori litzateke gizakien berezko ezaugarria. Aldakortasuna, beraz, salbuespena izan beharrean ezaugarri normala litzateke.

Tradizio edota korronte ezberdinen arabera, etnografia metodologia kritikoen artean edo parte hartzeko metodologien artean kokatu ahal izango litzateke; batzuen ustez etnografiaren helburua ikertuen errealitatean eragitea (zentzu positibo batean, hau da errealitate hori hobetze aldera) izan beharko luke, eta hainbat ikertzailek etnografia konprometitu baten alde egiten dute.

Euskal Herrian, etnografia gutxi egin da hizkuntzaren inguruan, baina hor dago, adibide moduan, Teresa del Vallek Korrikari buruz egin zuen lan azpimarragarria, etnografiaren balioaren isla ezin hobea (del Valle, 1988).