Kontzeptua

Hizketa eta Musika: enbor bereko ezpalak dira

Euskal Herriak ezagun izan du beti musikari biziki atxikia izatea. Izan ere, euskarak ahozkotasunean bilatu du adierazpidea, eta paper-aho bereizketa oso modernoa da euskaraz: ahozkotasunaren inguruan harilkatu dira bai bertsoa bai kantua eta bai kontakizuna ere, beraien arteko aldeak ñabarrak direlarik maiz. Garai batean bertsoaren funtzioa zabalagoa izango zen gaur baino, informazioa emateko ere baliagarri izango baitzen, izan ere, errima eta erritmoa bitarteko ederrak dira buruan informazio bati eusteko.

Ahozkotasunetik txalapartara lerratuz, egun, indibidualitate baten adierazpidearekin lotutako soinu-tresna da, batik bat, baina bada ere identitate zeinu kolektiboa. Garai batean ez al zuen, bada, sagardora edota auzolanera deitzeko balio? Ez ote zituen, antzina, beste informazio batzuk ere adieraziko, "arrotz osteak datoz", esaterako, bertakoek soilik uler eta identifika zezaketen modu batean? Pariseko Notre Dame aurrean txalaparta jotzen ari ginela, nafar txirulari bat hurbildu zitzaigun eta doinuketan hasi zen. Txirulari zebilela, xuberotar emakume bat ere hurbildu zitzaigun euskaldunak ote ginen eta interesa agertuz, izan ere, txirularen doinua entzundakoan euskalduntasuna usaindu zuen.

Identitatea eta komunikazioa elkartzen dira aipatu hiru adibideotan, hizkuntzaren bi funtzio nagusiak bezalaxe. Txirula, txalaparta edo bertsoa indibidualitate jakin baten adierazpide dira, nork bere sentimenduak eta ideiak kanporatzen ditu, baina adierazpen horretan kultura jakin baten isuria ere badago, komunikazio espazio jakin batena.

Identitatea eta komunikazioa, kolektibitate eta indibidualitatea hartzen ditu hizpide, bada, Bryan G.Levman-ek (ikus "Musika eta Mintzairaren Sorrera" in Musiker, 11), eta elementu horien inguruan txirikordatzen ditu hizketa eta musika, izan ere, bere ustez, biek jatorri bera dute, baina, gainera, antzinako komunikazio sistema hori musikazkoa izango zen funtsean. Eta ba al liteke gure arbaso primateak musika jakitea eta erabiltzea? Bada, bai, beti ere kontu egiten badugu "musika" aterki lexikoaren azpian zein esanahi espazio zabala ezkutatzen den. Garai batean musika zer zen errazagoa zen esaten, Mendebaleko gizartea irizpide hartuta. Hala ere, XIX. mendetik gaurdaino eztabaida biziak izan dira horren inguruan, eboluzioaren teoriak eraginda, batik bat. Batzuek, esaterako, txalaparta eta bongoak musikatzat dituzte, bestek, ordea, gitarra edo txistuaren doinua dute musikatzat, eta bestek, azkenik, igelaren kroa-kroa ere bai.

Musika funtsean erritmoa ala melodia izan, antzinako musika-mintzaira sistema ez zegoen plazer estetikora bideratua, sarritan Mendebal gizartean musika definitu den bezala, talde nahiz indibidualitatearen biziraupenera baizik, egun, mintzairari egozten zaizkion funtzioak ere beteko zituelarik: ehizaketarako, taldearen defentsa eta lurraldetasuna... Adierazpen horiek errima, erritmo eta melodia jakin batzuen bidez emango zituzten, eta erabiltzaile nahiz entzuleek adierazpenok gogoratu eta ezagutuko zituzten. Soinu molde jakin batekin erlazionatutako mezua hobeto gordetzen da. Aipatu funtzio horiek komunikazioan eta identitatean datzate ordurako, baina, egia esateko, musika-antzeko adierazpenekin primate haiek esan ahal izango zutena dezente mugatua izango zen: poza, beldurra, gorrotoa, irrika, amodioa, haserrea... baina baita adierazpen berezituagoak: arrotz (jakin) baten presentzia, edo 'ni oso boteretsua naiz', esate baterako.

Iritsi zen, ordea, momentu bat primateen eboluzioan non, musikaren adierazpen gaitasun murritzaren ondorioz, sinbolizaziorako lehen urratsak eman ziren, bokal eta kontsonanteen konbinazio mugaezina erabiliz horretarako. Hori da artikulazio bikoitza deritzanaren sorrera, baita hizkuntzarena ere. Horretarako, ordea, musikazko antzin-sistema horrek bizitasuna galduko zuen, moteldu eta hoztu, ideia gero eta zehatzagoak eta anitzagoak aditzera emateko. Gainera, sentimenduen berehalako adierazpenetik aldendu egin zen eta soinuaren ikonizitatea galdu, forma eta edukia ez zirela aurrerentzean halabeharrez bat etorriko, alegia.

Hala ere, geratu zen arrastorik musika-legezko mintzaira hartatik komunikazio sistema berrian, hizkuntza ez baita laua eta iluna, tonua, intonazioa eta azentua ere baditu. Horren lekuko nabarmenenak ditugu thailandiera eta txinera bezalako tonuzko hizkuntzak, izan ere, hitz bat bera nolako tonu melodikoarekin ematen den, esanahi ezberdinak hartuko ditu, prosodiak berebiziko garrantzia duelarik. Espainolez ere azentuak esanahia markatzen du maiz, hala nola, /cábra/ 'ahuntza' eta /cabrá/ 'sartuko da'. Euskaran bertan, ez dirudi azentu finko-finkorik dagoenik hitz bakoitzarentzat, eta, maiz, sintagma- edota esaldi-testuinguruak ezartzen du non kokatzen den azentua, unitate semantikoa esaldia bailitzan, hitz bakana baino. Hizketan intonazioak duen garrantzia ez da, artean, behar bezala landu.

Umeen mintzairak ere ematen digu zeresana musika eta hizketaren arteko harremanaz. Zenbait adituk gizateriaren mintzairaren bilakabidea ikusi du umeen gorputz eta ahozko espresioan. Psikologoek sailkapen bat egin dute hizketa agertu bitartean umeak egiten duen bidearen gainean: hasieran umeak adierazten dituen behar basikoak negarraren eta keinuaren bitartez kanporatzen ditu; gero, ordea, barre egiten eta zel-zel ere ikasten du. Lau eta zortzi hilabete bitartean, umeak ahoarekin eta aho soinuekin jolastatzen da, eta zizakatzen hasten da, bere barne ezinegona kanpora nahian, baina forma finkorik gabe. Jostaketa horren barne kokatzen da soinu molde edo eskemen errepikapena. Azkenik, urtebeteko epean gutxi gorabehera, umea silabak bereizten hasten da eta segmentu kontsonantiko nahiz bokalikoen konbinazioari esanahi jakin bat ematen. Hala ere, hizketara iritsi arteko urtebete inguruko epe horretan, umeak modu zuzen, bat-bateko eta ez sinboliko batean azaleratzen du bere barne egoera; bere keinu eta ahosketak bere barruaren adierazgarri zuzenak dira, eta ahotsari dagokionez, umeak intonazio eta tonu melodikozko moldeen bitartez espresatzen du bere ezinegona. Horrekin lotuta, ikerketa batek azaldu duenez, txinera edo tailandieran umeek hitzek duten tonu zuzena ikasten dute lehenik, eta kontsonante-bokal segida egokia geroago.

Zentzu horretan, dantza eta musika jatorriz loturik ikusi du hainbat adituk (Wallasheck-ek XIX. mende bukaeran eta C.M.Bowra-k gaur egun), gorputzak duen berezko oldar eta dar-dara kanpora behar horretatik. Hori dela eta, musika erritmoari lotu diote zenbait autorek, melodiari baino, eta, horrenbestez, dantzari.

Hizketak ezaugarri du ikasia izatea eta "irekia" izatea, esan nahi baita, gurasoek eta ingurukoek irakatsitako hizketa-modua errepikatzen dugula (tradizioa), baina irekia denez gero, produktibitateari bide ematen diola, sorkuntzari. Horrela bada, gurera etorriaz, badirudi txistularigai batek, partiturak agertu aurretik, herriko txistulari zaharrak erakutsitako doinuak errepikatzen zituela, beti ere entzutez ikasten zituenak, baina, hargatik, ikasitako doinuen gainean aldaera propioak egiten zituen txistulari berriak eta, noizbait, doinu berriak moldatu ere. Hori dela eta, herriaren arabera, doinu beraren tokian tokiko bertsioak aurkituko ziren.

Animalien jokamoldeari erreparatuz gero, ohartuko gara txoriek ere kantuak ikasi egiten dituztela, eta behatu izan da tokian tokiko aldaerak garatu dituztela, elementuak erantsi, kendu edo moldatu dizkiotela ikasitako kantuari, gizakiok bezala, eta aldaera horiek dira indibiduo eta talde jakin bat inguru batean identifikatzen dituena. Antza denez, txori talde baten barruan kantu trebezia onuragarria da txoriemea erakartzeko, eta, gainera, lurraldetasunarekin erlazionatua dago (txori jakin batek bere baitan lurralde oparoagoa/pobreagoa duen...). Zenbait primatek ere horrela darabilte kantua, baina, horrez gain, ar-eme bikote monogamoen harremana estutzen du, familiaren segurtasuna laguntzen du eta arrotzak uxatzen: bikote baten dueto-kantua zenbat eta sinkronikoago, orduan eta ageriagoakoa nor den nagusi inguruotan. Musika "tonu egituratuak" definiziopean ulertzen badugu, orduan, animaliek musika dute (bale konkordunek "kantatu" egiten dutela esaten da, edota Kanaria Uharteetako katxaloteek bongo-antzeko soinuketak ahoskatzen dituztela ), eta zenbait animaliak hainbat mezu aditzera emateko musika-antzeko bat darabilte: gorteiualdian emea xarmatzeko, harrapari ezberdinen presentziaz taldea ohartarazteko edota norbere kemen eta nagusitza espresatzeko. Jakina, horiek ez dira mezu konplexuak, tonu gutxi batzuen egituratzea tarteko, komunikatzen dena oso ideia generikoa baita, baina biziraupenerako nahikoa.

Antzinako hominidoak, ordea, ideia gero eta zehatzagoak (tresneria lantzeari zegozkionak, ehizarako talde taktikak...) adierazte aldera, sinbolizaziora joko zuen, soinua eta soinuaren edukiaren arteko uztarria hautsiz, hots, forma eta edukiaren berezko lotura. Musika eta hizketa, orduan, bide ezberdinetatik hastanduko ziren, identitate eta komunikaziorako sistema ezberdin bi sortuz. Kultura guziek dute musika eta hizketa, eta herri horiek musikaz ematen duten azalpenean, mitologiara jo ohi dute. Eduki konkretuan aldeak alde, musika jatorrizko mintzairatzat hartzen dute, edota bai jainkoen eta izpirituen ahotsa bai eta norbere buruaren/gizataldearen hobekuntzarako jainkoek emaniko dohaia. Horrela bada, musikaren azalpen horiek, batetik, naturarekiko eta jatorriarekiko lotura galdua iradokitzen dute, komunikazio zuzena, hizketak, sinbolizazioa tarteko, galdua duen berezkotasuna, alegia, eta, bestetik, musika kolektibitate nahiz indibidualitatearen nongotasunaren adierazgarri dela.