Jaialdiak-Ekimenak

Gernikako Marijesiak

Gernikako Marijesiak Gabonetako bederatziurren bat dira. Gabon gauaren aurreko bederatzi gauetan, gernikar talde bat herriko kaleetan barrena dabil, Gabonetako misterioa eta Jesusen jaiotzari buruzko koplak abestuz, eta ibilbide horretan geldialdi batzuk eginez.

Euskal Herriko hainbat herritan ohitura da, abenduaren 24-ean, Gabon gauan, errondan irtetea erlijioso kutsu duten koplak abestera. Kantu hauek, Marijesiak izen generikoarekin ezagunak dira, nahiz eta leku batzuetan beste izen batzuk hartu, esate baterako, Larrabetzun Joenikuek "Josenekuak" edo Abenduko umiek, Ea-n (Arana Martija, 1981). Kaleko hizkeran, hitz bera erabiltzen da koplak izendatzeko, eta baita abesten duenari esateko ere.

Marijes hitzaren jatorria eta etimologiari buruz, R. Mª Azkue-k bere Cancionero Popular Vasco (1925:1120. orr.) izeneko lanan, kantu hauetan jo eta ke errepikatzen den, Maria, Jose, Jesus, Maria, lelotik datorrela dio.

Gernikako Marijesien berezitasunik nabariena, bederatziurren bat izatearena da, hau da, bederatzi gauez jarraian irteteen dira abestera. Bestalde, gaueko ordu txikietan abesten direla, 4-etan hasi eta 5:30-etan amaituz, gutxi gorabehera ordu eta erdiko iraupena izaten baitute.

Abenduaren 16an gaueko lauretan, Gabon-gauaren aurreko hurrengo zortzi gauetan bezala, abeslariak Andra Mari elizaren atzeko apirikuan biltzen dira, eta bertan belaunikatuz agurraren lehenengo kopla abesten dute: Sakramentu Santu Jauna zalabradu zanian (...). Kaleko arropakin janzten dira, eta ez dute inolako musika tresnarik edota makilarik erabltzen. Taldetik beti aurreraturik, bakarlariak koplaren lehenengo bi ahapaldiak abesten ditu, eta jarraian taldeak koplaren gainerako bi ahapaldi osatuz, denak zutunik jarri eta Santa Klara komenturantz abiatzen dira. Ibiltzen diren bitartean, bakarlariak, beti taldetik aurreratuta, euskaraz eta buruz, 28 kopla bakoitzaren lehenengo bi ahapaldiak abesten ditu, eta taldeak erantzun egiten dio.

Horrela, erlojuen orratzen noranzkoaren aurka, Gernikako kaleetan zehar ibilitzen dira, berriz Santa Maria-ra bueltatzeko. Bidean zehar herriko gainerako elizak eta Kristoren irudia duten egoitzak bisitatzen dituzte (Santa Klara, Josefinak, Kaltzada zaharren egoitza, Mesedetako konbentua, San Frantzisko eta Karmeliten konbentuan), eta hasieran, Andra Mari elizan egiten den moduan, taldea gelditu egiten da eta belaunikatuz, agurraren koplaren lehen bi ahapaldiak abesten ditu. Ondoren, kopla osatuz martxan jartzen dira berriz.

Ibilbide hauetan, sekuentzia erritual hau gauero bizpahiru aldiz errepikatzen da. Sekuentzia hori, eliza aurrean egiten den belaunikazio batekin hasten da. Horren ondoren, ibilbidea hasten da, eta jarraituko du herriko hurrengo eliza aurkitu arte. Bertan, taldeak, aurrean geldituz, belaunikazio-keinua eta agurraren kopla errepikatu egingo ditu. Halere, taldeak beste hainbat geldialdi egiten ditu bidean zehar. Alde batetik indarrak hartzeko geldialdiak, eta bestetik, etxeen azpian egiten direnak. Azken hauek abeslari ohien etxeen azpian egiten dira, edota errituarekin nolabaiteko loturaren bat duten auzotarren etxeen azpian. Ibilbide osoan, Gernikako bizilagunek, leihoetara irtenez edota argiak piztuz eta itzaliz, Marijesiak agurtzen dituzte.

Gernikako Marijesietan abesten diren kantuak kopla-zaharrak dira, eta 1915-eko testu baten izenburuak argitzen duen moduan, buruz abesten dira: "Canta Barriak Gaboneracuac, bederatzi egunian cantateco. Marijesiac burus euquiteco direnac".

Bederatziurrenean zehar kantuen melodiak aldatuz doaz. Lehenengo lau gauetan melodia serio batekin Kreazioaren eta Famili Sakratuaren irudiak aurkezten dituzten koplak abesten dira, Maria, Jose, Jesus, Maria leloarekin. Hurrengo bost gauetan melodia alaituz doa eta Jesukristoren irudiari buruzko koplak abesten dira, Adoratzen zaitugu, Jesukristo leloarekin. Azken egunean, abenduaren 24an goizean, beste erronda bi egiten dira segidan, Bart Belenen jaio da Jesus Nazareten leloari dagokion melodia alaiago batekin, Jesukristoren jaiotza iragartzen duten koplak abestuz. Azken erronda honetan diru eskea egiten da ere.

Marijesien kantuen ezaugarri nagusiena seriotasuna eta urritasuna izan arren, kantuek badute indar eta edertasun hunkigarria. Kantuetan erabilitako melodien urritasun horrek, etengabeko errepikatutako hitzak, errituaren estetikak eta antzezkizunak kantuaren eta mezuaren memorizazioa errazten dute, eta harreman zuzena dute Erdi Aroko nmemotekniarekin edo Ars Memorativa-rekin.

Koroa eta bakarlariaren arteko solasa, ibilera eta belaunikazioaren antzezkizuna, errondek irauten duten denbora mugatu hori (ordu eta erdi), eta antzezlan bateko hiru ekitaldiak diruditen hiru melodia ezberdin horiek dira, Arana Martijak (1979) erabiltzen dituen argudio nagusiak, euskal erromantzean idatzitako lehendabiziko lan eszenikoaren hondakinen aurrean gaudelaren hipotesia planteatzeko:

Mota honetako antzerki erlijiosoa, Onbiderako Antzerkia "Teatro edificante" izenarekin ezaguna dena, tresna garrantzitsua izan zen Erdi Aroko populazio illitterati-aren ebanjelizazio prozesuetan. Bestalde, Mundu Berriko komunitate indigenen artean moral eta dogma katolikoak erakusteko hezkuntza baliabide moduan erabili zen ere. Izan ere, horrela eraman zen hara antzerki mota hau, hango lurraldeen kolonizazio prozesuan erabiltzeko. Hori dela eta, antzekotasun nabarmenak aurki daitezke, itsas bestaldeko lurraldeetan egiten diren gabonetako bederatziurren batzuekin, esatebaterako, Mexikoko herri askotan ospatzen diren, Las Posadas de San José y la Virgen izeneko ohiturarekin, bai estruktura aldetik, bai espazioen eta denboren erabileraren aldetik ere.

Joan den mendeko 70. hamarkadatik aurrera, errituak, aldaketa nabarmenak eragin zituen sekularizazio eta berpizketa prozesu bat jasan zuen (Icobalceta, 1994; Rementeria, 2007, 2011), batez ere ibilbide, partaidetza, emakumeen inkorporazioa, eta abeslarien adinen aldetik.