Dantza

Gasteizko zortzikoa

Kasu hauetan ohikoa den bezala, testigantza hauek adierazten dute dudarik gabe dantza bat egun eta toki zehatz batean egiten zela, baina ez dira batere nahikoak dantza bat bere zehaztasun osoan berregiteko, eta horregatik sormen prozesu bat egin zen Indarra taldean. Beste soka-dantza batzuetatik atera ziren ideiak eta pausoak, batez ere nafarretatik. Baina testigantzek argi erakusten zuten bai protokoloaren garrantzia bai neskek zuten protagonismoa, eta bi alde horiek islatu behar ziren. Musikak txistulari udal bandako errepertoriotik atera ziren, batez ere, zati batzuk Luis Aranburu musikagile gasteiztarren baita hiri bereko txistularia zen Félix Ascassoren errepertoriotik ere aterata.

Dantza Arambururen doinuarekin hasten da, neskak eskuetatik lotuta bueltak emanez eguzkiaren norabidean, erlojuaren kontrakoan alegia, soka-dantza guztietan gertatzen den bezala. Une batean, lehena eta azkena ateratzen dira sokatik, besteen aurrean dantza solista bat eginez. Hau eginda, lehengo lekura itzultzen dira. Honen ostean kontrapas baten soinuaz mutikoak pasatzen dira nesken aurrean eta bikoteak osatu. Une honetan soka gelditzen da mutikoek nork bere neskaren aurrean 5/8ko konpaseko zortziko bat dantzatzeko.

Hemendik aurrera bikoteka egiten dira Iruña de la Oca balsa, batzuetan lotuta eta beste batzuetan solte dantzatzen dena, eta soka-dantzetan askoz ere ohikoagoak diren Zalduendo fandangoa eta Urbinaga arin-arina, ateratzeko ere erabiltzen dena. Partiturak Txistulari aldizkarian argitaratuta daude (162 zk, 5337-5339 orr.).