Pintoreak

Gargallo Labordeta, Jesus

Marrazkilari, pintore eta dekorazioaren profesional hau 1919ko abenduaren 28an jaio zen, Zaragozan, eta XX. mendeko laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran hil.

Hamar urte zituela, Madrilera joan zen familiarekin bizitzera. Bertan, obra klasikoak kopiatzeko zaletasuna zuen apaiz baten tailerrean, pintura ezagutu zuen. Bere prestakuntza autodidakta zabaltzeko, maisu handien legatua aztertu zuen Pradoko Museoan, eta ikasle libre gisa aritu zen San Fernandoko Arte Ederren eskolan. Ilustrazioak egin zituen Vértice eta La Moda de España aldizkarietarako, Carlos Sáenz de Tejada bigarren argitalpen horren zuzendari zenean. Horrez gain, Arte Ederren Zirkulura maiz joaten zen, berrogeigarren hamarkadaren erdialdean Gasteizera bizitzera joan zen arte.

Marrazkilari aritu zen Heraclio Fournier karta enpresan, eta berrogeita hamargarren hamarkadan, dekorazio eta erakusleiho apainketarako estudioa zabaldu zuen, Antonio Olloqui margolari gasteiztarrarekin batera. Orduko lanbide jardueran bete-betean sartuta zegoenez, pixkanaka praktika piktorikotik aldenduz joan zen. Urte horietan, Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan eta Salón de Otoño erakusketan obrak aurkeztu zituen. Horrez gain, Arabako hiriburuan bi erakusketa indibidual egin zituen: lehenengoa, Dato kaleko Mendoza arte galerian egin zen, 1950eko abuztuan, eta, bigarrena, berriz, Apellaniz arte galerietan, 1956ko maiatzean.

Artistaren koadroek adierazkortasun sintetikoa dute eta, adituen esanetan, euskarri konstruktibo sendoaz osatzen dira, plastikotasun handiko figura trinkoekin eta konpaktuekin egituratutakoa. Era berean, zentzu bolumetriko handia zuen, eta asto-obretan ere, "esanahi sinbolikoen eremu zabala" nabarmentzen da, eszena propioak sortu eta eraikitzen dituelako. Ondorioz, obrak eduki pertsonalez beteta daude, eta ikuslearentzat zaila da horiek guztiak begi hutsez interpretatzea. Horren adibide dira: El viejo, la mujer y el poeta; Muerte del pájaro naranja; Caballo y familia eta Estímulos y frenos.

Kutsu literarioa duen ekoizpen sinboliko horrez gain, natura hilak eta marrazki trazu indartsua duten erretratuak ere egin zituen. Konparazioak egitea saihestezina eta logikoa ere bada, eta, horregatik, garaiko kritika arinek Carlos Pascual de Lara, Manuel Mampaso eta Daniel Vazquez Diaz bezalako margolariak ekartzen zituzten gogora eta haien egiteko moduarekin erlazionatu zuten Gargalloren obra.

Azkeneko urteak Gasteizko udalerriaren barruan dagoen Gaztelu herrian eman zituen.

  • BARGUEÑO, Pedro. "La poesía plástica de Jesús Gargallo". Pensamiento Alavés, 1956ko maiatzak 18.
  • GARCÍA DE ALBÉNIZ, Felipe. "[Jesús Gargallo] Un pintor vitoriano a la vista". Pensamiento Alavés, 1956ko maiatzak 14.
  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La Pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990, 292-294 or.