Zinekoak

Frío sol de invierno

Pablo Maloren lehen film luzea. Luis Goyak zuzendu zuen, 2004an. Pablo Malo film laburren mundutik zetorren. Lan arrakastatsuak zituen eginak hor: El ángel de mármol (1995) eta Jardines deshabitados (2000). Film luzeen munduan hasi zenean, Malok istorio gogor, goibel eta saminduraz bete bat egin zuen.

Adrián (Unax Ugalde) familia oneko mutil bat da. Problema mentalengatik egon den erietxetik alta jasotakoan, jakin du aitak abandonatu egin duela, eta familia etxearen jabetza utzi diola. Aldi berean, Gonzalo (Javier Pereira) mundu marjinal batean bizi da, eta lan ziztrin batzuk eginda ateratzen du bizimodua. Egun batean, ibilgailu-hilerri baten jabeak engainatzen du. Hark, lanean eduki du gau osoan, eta, gero, hitzartutakoa baino gutxiago ordaindu dio. Lana uztean, Gonzalo, halabeharrez, Adriánen etxean sartzen da, lapurretara. Hortxe gurutzatzen dira elkarrekin berek uste baino antz handiagoa duten bi pertsonen biziak. Filmean, Adrián infernura jaisten da. Gaztea burutik nahastuta dago eta sufritzen ari da, haurtzaroko gertakari lazgarri bategatik, eta aitak utzi ondoren etorkizun onik ikusten ez duelako. Gonzaloren bitartez, Adriánek auzo pobreetako munduarekin egiten du topo. Mundu hori galtzailez betea da, eta arrotza zaio gazteari, itxuraz. Raquel (Marisa Paredes) bizi da hor, Gonzaloren ama, prostituta zahar eta lur jotako bat. Emakumea, ordea, funtsezko faktorea da azkenean protagonistaren bizitzan. Aldi berean, Adriánek, aita topatu nahian, Lisboara daraman aztarna bat aurkitzen du. Hara heldutakoan, jabetzen da, harriturik, amona, berak hilda jotzen zuena, bizi dela oraindik.

Frío sol de invierno-ren alderdirik onena haren teknika akatsik gabea da. Filmeko giro bitxia nabarmentzen da. Giro marjinaleko istorio bat da, eta, halere, ihes egiten du era horretako produkzioetako estetika zikin itsusitik. Maloren ikuspegia oso bestelakoa da, zentzu horretan. Enkoadraketak, esate baterako, oso zabalak dira. Etxeek lekutsuak dirudite beti, igarobide luzeei eta sabai gorei esker. Pertsona asko bizi diren etxe txiki itogarriak, era horretako filmetan ohikoak, ez dira ageri Frío sol de invierno-n. Irudia ere garbia eta gardena da; izugarrizko kontrastea, film osoari darion miseria zekenarekin. Beharbada, bere kutsu melodramatiko puztua du aitzakia bakarra filmak. Gidoia oso soluzio konbentzionaletan galtzen da batzuetan: badirudi telenobelei eginiko omenaldia direla. Adrián haur aberats errukarri bat da. Ama hil du, hark barregarri uzten baitzuen alkoholaren eraginez. Ez da falta familia oneko mutil gazte batek limurtutako neskatxa apala ere, zeina, haurdun gelditurik, prostituziora jo beharrean aurkitu baitzen. Eta tragedia oraino handiago bihurtzeko, prostituta eta Adrián lokarri estu batez daude lotuta. Ikusleak azkenean bakarrik aurkituko du hori. Nolanahi ere, talentu handiz egindako filma da, ongi deskribatzen du galtzaileen mundua, eta oso modu originalean dago girotua. Pablo Malok Zuzendari Berri Onenaren Goya Saria jaso zuen. Frío sol de invierno izan zen, era berean, Viña del Mar-eko Zinemaldiko (Txile) irabazle handia, hiru sari bereganatuta (Antzezle Onenarena, Unax Ugalderentzat; aktore-zerrendako Aktore Onenarena, Marisa Paredesentzat, eta Argazki Onenarena, Pablo Rossorentzat). Hauek dira filmak jasotako beste sari batzuk: Publikoaren Saria, Ourenseko Zinemaldian; Tuterako Zinemaldiko Sari Nagusia, eta El Mundok Euskal Zinemari emandako Opera Prima Onenaren Saria.

  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2008, 272 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.