Pintoreak

Fraile Mariñelarena, Joaquin Jose

Jarraian, Fraileren bilakaera kronologikoki laburbilduko dugu. Lehengo faseak 1953tik 1962ra hartzen du, eta ikasteko eta ezagutzak eta inpresionismo eta espresionismo osteko ñabardurak jasotzeko aroa da. Bigarrena, 1962-67 urteen artekoa izan zen, gutxi gorabehera, eta abstrakzio informalistan sutsuki sartuta dago. Hirugarren fasea 1965-67 urteetan eman zen, aurrekoarekin txandakatuz, eta garaiko pentsamolderako subertsibo samarrak ziren "pop art" estiloan sustraitutako lanak burutu zituen. Ondoren, "konstruktibismo-espazialistarena" etapa dugu, 1968-70 inguruan eman zena. Denbora batez, figurazio espresionista ere modu arinean azaleratu zen, 1973-77 urteen bitartean. Azkenik, 1984 urtetik aurrera eta hil zen arte, abstrakzio "tatxista" oso koloretsuan murgildu zen, aurreko etapetatik hartutako ekarpen teknikoekin eta adierazgarriekin.

1962. urtean, Madrilen, harreman zuzena izan zuen Manuel Violarekin eta haren margolanekin eta, horren eraginez, Gasteizko margolariak beste bide bati ekin zion. Orduz geroztik, materia eta kolorea pinturaren elementu adierazgarrienak direla eta berezko balioa dutela ulertzen du. Horrela, abstrakzioaren estetikari leiala mantentzen zaio, ezarpenei edo publikoaren nahiei men egin gabe. Maila guztietara heda daitekeen askatasun horri esker, itxura propioak asmatzen ditu, naturan zuzenean inspiratu ordez.

Horrela, artistaren pinturan, materia-itxura-kolorea sustraitzen da, eta kontzeptu unitario hori disolbaezina dela ulertu behar dugu. Kolorea itxura eta materia da, aldi berean. Keinu-trazu azkarretatik abiatuz, espazio kromatikoak eratzen ditu, eta kolorezko orbanaren jario garbiaren alde apustu egiten du. Kolore bizietako orbanak, hain zuzen ere.