Kontzeptua

Forjariak

Euskal Herriko leku askotan, duela mende askoz geroztik burdina eskuratu eta eraldatzeko teknikak menderatu izan dira, batez ere erremintak egiterakoan. Prozedura erabilienetako bat forjaketa izan da (burdina gori-gori jarri arte berotu eta kolpe bidez nahi den forma ematea). Lan horretan aritzen direnei forjari esaten zaie, eta usadioz, espezialista talde bereizia osatu izan dute, forjariek baldintza gogorretan lan egiten zutenez beren interesak defendatzeko gaitasun handia baitzuten.

Burdinola edo oletan, bi edo hiru forjarik osatutako taldeetan piezei lehen forma ematen zitzaien. Horretarako, aldez aurretik burdinazko hodiak berotu ondoren, ingude gainean jartzen ziren. Gurpil hidraulikoek eragindako mailuekin behin eta berriz kolpatuz, piezei nahi zen forma ematen zitzaien.

XIV. mendetik aurrera, eta batez ere XVI. mendean, Euskal Herrian sutegi txikiak edo forjaketa lantegi txikiak zabaltzen hasi ziren. Lantegi horiek etxabeetan edo teilapeetan egoten ziren kokatuta, eta bertan piezak seriean egiten ziren. Altzairuzko barra edo burdina puska bat hartu, eta sutegian berotu ondoren, ingude gainean jarri eta eskuz, mailuaren laguntzaz, kolpatzen zuten. Askotan trokel txikiak ere erabiltzen zituzten horretarako. Horrelako lantegi batean, orokorrean maisu batek, ofizial batzuek eta ikastun baten batek egiten zuten lan.

Industrializazioarekin batera, forjarako mailu mekaniko edo matxinoakasmatu ziren. XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera artean, piezak seriean egiten hasi ziren estanpazio bidez. Horri esker eraldatze-industria garrantzitsua sortu zen.

Usadiozko forjaketan, oinarrizko lanabesak sutegia, matxinoa eta zizaila ziren.

Sutegiak aho bakar bat izaten zuen, era berean aho horretatik keak ateratzeko hargunea ateratzen zen. Hargune hori lantegiko sabaian edo hormetan egindako zulotik kanporaino ateratzen zen, horrela kea behar bezala kanporatu ahal izateko.

Piezak egiteko, burdinazko barra edo totxo bat hartu eta bi trokelen artean jartzen zen, askotan ziri bidez finkatuta. Jarraian, kolpatu egiten zen. Trokelen gainazalean egin nahi zen irudia egoten zen grabatuta. Beheko trokela makinaren oinarrian zegoen kokatuta, eta goikoa, berriz, bertikalean, bere pisuagatik erortzen zen mazo batean. Azken hori bi zutaberen artean zegoen kokatuta, uhal batetik zintzilik. Mazoa makinaren goiko aldean zegoen bolante, engranaje eta arrabola- sistema baten bidez igoarazten zen. Sistema hori forjarietako batek piztu eta kontrolatzen zuen, batez ere kolpeen erritmoa eta mazoaren jausialdiaren altuera.

Aldez aurretik, burdinazko barra edo totxoak sutegian berotzen ziren. Hasiera batean, sutegi horiek berotzeko harrikatza edo egur-ikatza erabiltzen zen. Geroago fuel-olioa erabiltzen hasi ziren erregai gisa, eta 1970ko hamarkadatik aurrera, gasa.

Askotan, forjarako mailuak, batez ere 1950eko hamarkada arte, eskuz egiten ziren. Horretarako, burdinazko habeak hartu eta errematxe bidez lotzen ziren. Lehen aipatu dugun bolante, engranaje eta arrabola sistema hori goiko aldean finkatzen zen.

Forjariek, gehienetan hiru edo lauko taldeetan egiten zuten lan. Forjarietako batek, palanka baten bidez, matxinoaren mazoari eragiten zion, hau, lortu nahi zen piezaren arabera, indar handiagoz edo gutxiagoz igo eta jaisteko.

Beste forjariek, barra edo hodiak behar zen tenperaturara iristean (1150 ºC inguru), sutegitik ateratzen zituzten ertz hotzenetik kurrika batzuekin helduta. Jarraian, beheko trokelaren gainean jartzen zuten pieza. Beharrezko kolpeak eman ondoren, barraren ertzean pieza estanpatuta geratzen zen. Zizailarekin estanpatutako ertza moztu ondoren, barra berriz ere sutegian sartzen zuten, eta handik beste bat ateratzen zuten, dagoeneko beroa zegoena. Forjarietako batzuek lan-ziklo hori behin eta berriz errepikatzen zuten, bata bestearen atzetik.

Tenperatura begiz kontrolatzen zen, hau da, burdinak "kolore hori argia" zuenean ateratzen zen labetik, kolore hori baitzen aipatutako 1150 ºC-ei zegokiona, estanpazio bidezko forjaketarako tenperatura egokia. Horretarako, sutegian ikatz gehiago edo gutxiago jartzen zen, edo bestela fuel-olioaren jarioa kontrolatzen zen, hori guztia eskuz, 1960ko hamarkadan tenperatura-kontrol automatikoak agertu ziren arte.

Forjariak pieza behar bezala berotu ez zela uste bazuen, lana eten eta barra behar bezala berotu arte itxaroten zuen.

Gehienetan 40 edo 45 minututan lanean aritu ondoren, 10 edo 15 minutuko atsedenaldia egiten zuten. Ohikoa zen burdinoletako ateetan egotea, barneko bero eta ketik ihesi.

Bestelako betebeharren artean, estanpatutako piezak aldian behin ikuskatu behar izaten zituzten, kolpeen ondorioz bi estanpak lekuz aldatu ohi baitziren. Bi trokelak lekuz aldatuta bazeuden, berriz ere bere lekuan jarri behar zituzten. Horretarako, 10 kg inguruko borra bat hartu eta estanpak kolpatzen zituzten. Estanpa edo trokelak aldatu eta pieza berri bat jartzerakoan gauza bera egin behar zuten.

Lana oso gogorra zen, lantokian beroa eta kea baitziren nagusi. Horrez gain, maneiatu behar zuten materiala oso pisutsua zen. Forjatu behar zen piezaren arabera alda bazitekeen ere, gehienetan 200 eta 500 kg artean maneiatu behar izaten zituen gizon bakoitzak lanordu bakoitzeko.

Horrez gain, 3.000 kilo pisatzera iritsi zitezkeen mazoek oinarriaren kontra erortzean sortzen zuten zarata ere kontuan izan behar da, orduko 200 eta 1.000 kolpe artean ematen baitzituzten.

Lanaren ezaugarrien ondorioz, langile indartsuak behar izaten ziren, esfortzu handiak egitera ohituta zeudenak. Horren ondorioz, 1980ko hamarkadan, zaila zen lan horretan jardun nahi zuenik aurkitzea, nahiz eta orokorrean antzeko lanetan baino soldata askoz ere hobea irabazi.

Gehienetan somara egiten zen lan. Eskuratu beharreko ekoizpena edo pieza bakoitzaren prezioa zehazterako orduan, askotan eztabaida eta liskarrak izaten ziren. Ekoizpen-arduradunak edo kronometratzaileak ekoizpena zehaztu behar zuenean, oso ohikoa zen sutegian pieza berotzeko ohikoa baino denbora gehiago behar izatea, pieza egiteko kolpe gehiago behar izatea, edo pieza estanpetan trabatuta geratzea, horrela lan-erritmoa mugatzeko. Hala ere, soma zehazten zenean, inork ez zekien nola eta zergatik, baina arazo haiek guztiak berehala desagertzen ziren. Horren ondorioz, lortu beharreko ekoizpena, gehienetan, metodo teknikoak erabili ordez, negoziazio eta eskarmentu bidez zehazten zen.

Lanbidean nolabaiteko trebezia eskuratzeko, hainbat aste eta hilabeteetako ikastaldia bete behar zen. Forjari adituek bezalaxe lanbidea menderatzeko, berriz, askoz ere denbora gehiago behar zen.

Gaur egun, askotan antzeko sistemak erabiliz egiten da lan, nahiz eta lan-baldintzak nabarmen hobetu diren: sutegiak eta mailuak automatizatu dira, erregai gisa gasa erabiltzen hasi dira, konbustioa kontrolatu egiten da, eta materiala elektrizitate bitartez berotzen da. Hala ere, zarata handia jasan eta pisu handiko materiala maneiatu behar izaten dute forjariek. Horren ondorioz, lana oraindik ere oso gogorra da.

Forjariek, talde gisa, beren interesak defendatzen jakin izan dute. Usadiozko kantu bat, Oskorri taldeak ezagun egin zuen Forjarien kanta, horren adibide garbia da:

Forjarien kanta
Forjarien kanta
Gaur forjariak lana utzirik
gatoz guztiok kalera
labeak oso itzaldu eta
protesta bat egitera.

Mailu burdinak bota ditugu
hantxe bertan bazterrera
ez dugu nahi berriro ere
toki hartara lanera.

Dinbili danba; gau eta goiza
su eta keen artean
sosegu eta deskantsu gabe
geure buruen kaltean,
horrexegatik lanak utzirik
gatoz guztiok batean.

Gora, bai, gora beti, gora forjaría;
langile trebe zintzo da mailukaria.

Lurpera, bai lurpera beti nagusia;
ez digute egingo hai duten guztia.

Ez badigu ematen arrazoia gurí,
ez badigu ematen behar legez ongi
su emango diogu gure fabrikari
eta nagusiaren etxe guztiari. Hiru babarrun jategatik
horrenbeste neke, pena,
erdi ustelik aurkitzen dute
forjarien barrena,
gure kontura egiten dute
nagusiek nahi dutena,
gure lepotik gizentzen dute
bere faltrikara dena.

Oso goizetik lanean hasi
su eta keen artean,
dinbili, danba; gelditu gabe
guztiz ilundu artean,
arropa denak puskatezen eta
osasunaren kaltean
Ez badigute gurijornalik haunditzen
berriro gu ez gara lanera bihurtzen,
arrazoiz gehiago badugu eskatzen
ez gaituzte inola hoiek ikaratzen.

Ez badigu ematen arrazoia gurí,
ez badigu ematen behar legez ongi
su emango diogu gure fabrikari
eta nagusiaren etxe guztiari.