Kontzeptua

Euskal Senidetasuna

Senidetasuna deritzan artikuluan deskribatzen da senidetasun harremanak nola eratu ziren lehenengoz eme-trukaketa ohitura eta ezkontza arauen inguruan. Bertan aipatzen diren oinarri teorikoak gogoan hartuta, aspaldiko euskaldunen senidetasun harremanei buruz jakin daitekeenaz eta ez daitekeenaz dihardu artikulu honek.

Senidetasuna eta ezkontza arauen esparru honek badu ikerketa zaila bihurtzen duen berezitasunik. Batetik datu guztien arabera ikaragarri zaharra da, aspaldirik aspaldikoenetik bide datorkigu, neandertal gizakien artean emazteen exogamiaren zantzu garbiak aurkitu izanak erakusten duenez. Baina bestetik, era berean, bizirik eta etengabeko elkarrekintzan dagoen fenomenoa da. Duela urte gutxi ikertu diren zenbait herri primitibotan antzeman diren sistema aldaketa eta lerratzeak hainbat kasutan oso zehazki datatu ahal izan dira. Txinan mila urte baino gutxiagoko aldaketa sakonak aurkitu dira, dokumentu idatzietan oinarrituta ondorioztatu ahal izan denez, eta Australian ikerketa egiten zen garaian garatzen ari zirenak antzeman ahal izan ziren halaber joan den mendean bertan.

Euskaldunak, ingurukoak ez bezalako hizkuntza baten jabe bagara ere, aspaldian bizi gara gure bizilagunen modu berean, eta ez da inoiz dokumentatu senidetasun harremanei dagokienez inolako berezitasunik dugunik.

Aztertu nahi den gizartean noizbait izandako senidetasun harreman eta ezkontza araubideak galdu direnean beste bide batzuk saiatu ohi dira hainbat zantzu antzemateko. Senidetasunaren ikerketan erreferentzia nagusia den Levy-Strauss antropologo frantziarrak dionez, zenbaitetan hainbat ohitura eta usadio ez daude dokumentaturik eta jendea ez da horietaz ohartu ere egiten, baina azterketa estatistikoa eginez zenbait joeren zantzua antzeman ahal izan da, esate baterako ezkontza mota bat probabilitate hutsez legokiokeena baino nabarmen maizago gertatzen dela baieztatzen denean. Honelako zerbait egin liteke Euskal Herrian ikerketa modura, XVI. mendean hasten diren elizako ezkontza liburuetan oinarrituta.

Hainbat egitura arkaiko, senidetasun egiturak aldatu ondoren ere, beste erregistrotan fosilduta antzeman daitezke. Esate baterako, txabola barrenean nork non eta noren alboan lo egiten duen (ohitura zaharraren araberako banakerak) ezkontide debekatuen graduazioa erakuts dezake, eta era horretan gorde orainaldiko ezkontza araubide ohartuzkoan galdu den argibide zaharren bat. Edo izan daiteke halaber ospakizun erritualetan janari puskak banatzeko ordenan aspaldiko hierarkia eta tabuei buruz mintzatzen zaigun honelako beste fosilen bat aurkitzea. Hildako norbaitekiko dolu- agerkarien arauetan, edo hileta prozesioaren ordenean aurkitu ohi dira baita ere honelakoak, arau horiek hildakoarekiko hurbiltasunaren araberakoak direlako beti, eta senidetasun sistemak erakusten dituen hurbiltasunekin bat etortzen ez direnean, aldaketa baten salagarriak eta egoera zaharraren argigarriak gerta daitezke.

Horietaz at, senidetasun hiztegiaren azterketa da ibili daitekeen bide bakarra, iraganaldi urruneko berezitasunaren bat aurkitzeko esperantzan. Bide hauetako bat ekuazioa bila egindako senidetasun hiztegiaren azterketa da. Esate baterako, Amaren anaia (osaba) = Aitaginarreba. Alegia, kultura batean termino bakarra baldin badu hiztegiak amaren anaia den osabari deitzeko eta aldi berean aitaginarrebari deitzeko, biak pertsona bera direla (edo zirela iraganean) ondoriozta daiteke, eta hortik halaber, aukera lehenetsia zela gizon bat bere amaren anaiaren alabarekin ezkontzea. Hori horrela gehiago ez izanda ere, terminoen ekuazioak hori horrela izan zela erakusten du zalantzarik gabe. Besteak beste, errealitatean aurkitzen dena eta ekuazio horiek erakusten dutena alderatuta ondorioztatzen da, ezkontza araubideak egitura sozial bizi eta aldakorrak direla, eta, terminoak fosilduta geratuta, aldatu diren arau horiek ez dituztela gehiago era egokian deskribatzen. Senidetasun sistema baten hiztegiaren azterketa aipatzen denean, eskuarki honelako ekuazioak adierazi nahi dira, eta ez senidetasun terminoen erroen azterketa semantikoa. Azken hau ia beti askoz ere zalantzazkoagoa gertatzen da. Ekuaziookin berriz, oso informazio zehatza ateratzen da, eta kopuru txiki bat ekuazio on izan ezkero, ahalezkoa da senidetasun sistema osoa eta ezkontza araubide osoa berreraikitzea.

Senidetasun egituren eta ezkontza araubideen oinarri teorikoak ezagututa eta aurreko komentarioak aintzakotzat hartuta bakarrik egin daiteke zera, aspaldiko euskal senidetasun harremanen eta ezkontza araubideen zantzuak aurkitzeko ahaleginen nondik norakoak finkatu, zailtasunak ulertu, eta esperantzak zuhurtziaz neurtu.

Euskararen ikertzaileek aspaldidanik begiratu diote senidetasun harremanen hiztegiari, euskararen iraganaldi iluna argituko duen zuziren bat aurkitzeko itxaropenaz. Azkuek, Campionek, Schuchardt-ek, eta Vinson-ek besteak beste heldu zioten gaiari XIX-XX. mendeko muga inguruan, eta baita gerora Koldo Koldo Mitxelenak ere. Azken honek, aurrekoek egin hainbat oker zuzendu ez ezik, bere ohiko zuhurtziaz zera diosku baita ere, nekez aurreratu ahal izango dugula hiztegiaren azterketa hutsaren bidetik, hainbesteko iluna argitzera datu berririk nonbaitetik etorri ezean.

Senidetasuna artikuluan azaldutakoaren arabera badakigu gure gizartean ezagutzen ditugun senidetasun harremanak ez direla harreman mota bakarrak. Bai harremanak bai eta hauek izendatzeko moduak ere anitzak eta diferenteak dira. Adibidez, gazteleraz hermana esaterakoan deskribatzen den harremanean euskaraz bi harreman bereizten dira, arreba eta ahizpa. Beste adibidea: gaztelerazko hermanos hitzak euskararen ikuspuntutik hiru harreman mota deskriba ahal ditzake: anaiak, anai-arrebak eta senideak. Aitzitik, euskarazko iloba, gazteleraz sobrino edo nieto izan daiteke, biloba terminoari etorri berria irizten badiogu.

Edozein senitartean bi maila bereizi behar ditugu: harreman motak eta horien deskribapen edo izendapenak. Senitarte guztiek ez dute harreman mota kopuru berbera. Senitartea nola egituratzen den, harreman mota gehiago edo gutxiago sor daitezke bertan (senitarte baten barrenean bi, hiru edo lau azpi-multzo egonda harreman-mota kopurua ez da berdina). Eta gero, harreman mota horien garrantziaren arabera izen gehiago edo gutxiago erabiliko dira. Harreman mota garrantzitsuak ez dira noski izenik gabe geratuko, baina garrantzia handirik ez dutenak gera daitezke izendatu gabe, edota izen berarekin deskribatuta harreman mota bat baino gehiago, amaren ahizpa guztiei ama esaten zaienean bezala edo lehenagoko ekuazioan ikusi duguna bezala.

Arrazoizkoa da uste izatea euskara gaur bizi den bazter honetara heldu zenean, garaiko gizarte euskaldunak senidetasun egitura elemental horietako bat zirela, eta beraz, euskal senidetasun hiztegia ez zela sortu gaur egun ezagutzen ditugun harreman motak deskribatzeko, eta nolabait egokitzapenez eta partxez beteriko hiztegi bat dela, astian zehar aldatuz eta egokituz joan dena gaur egun ezagutzen ditugun harreman motak deskribatzeko. Horregatik lehenago ikusitako ekuazioen modukorik ez dago apenas, eta dagoenean ere hain urria da eman diezagukeen informazioa ezin dela benetan ondorio sendorik atera. Esate baterako, euskarak arreba eta ahizpa bereizten ditu hiztegi mailan, baina ez dugu ezagutzen bereizitasun horren azpian egon litezkeen hartu-eman, obligazio eta eskubide diferenteak; terminoen zergatia sumatzen lagundu lezaketen argibide etnografiko horiek huts egiten dute. Berdin gertatzen da iloba terminoak duen esanahi bikoitzarekin: orokorrean bi belaunaldi nahasten dituen terminoak belaunaldien arteko nahasmendua dagoela salatzen du, eta belaunaldi ezberdinekoen arteko ezkontzak egiten direla adieraz dezake. Baina beste aldetik osaba-izebak eta aiton-amonak ez dira nahasten, ondo bereizten dira, nahiz eta aiton-amonak adierazteko dagoen sinonimo kopuru handiak osaba-izeba izenen uniformetasunarekin kontraste handia egin eta hainbat susmo piztu ditzakeen. Senidetasun izenak garai batean deskribatzen zituzten harremanetatik hain urrunduak egon litezke, agian ez dutela ezer berreraikitzeko balio. Ahantzi behar ez den aukera bat da, azken hau.

Ohar hau gogoan hartuta, azterbide estruktural bat saiatuz, hiru izen mota nagusi bereizi daitezke euskal senidetasun hiztegian: ba atzizkia dutenak, ba atzizkia ez duten izen jatorrak (edo jator itxurakoak behinik behin) eta maileguzko izenak.

1.- Alaba, seme (sembe, erromatarren garaiko inskripzio akitaniarretan), arreba, ahizpa, neba, osaba, izeba, (i)loba, aitaginarreba, amaginarreba, asaba, aurba.

2.- Aita, ama, aitona, amona, anaia, suhia, erraina, senidea, haurridea, ahaidea, arbasoa, gurasoak, senarra, emaztea, alarguna.

3.- Gusu, lehengusu, koinatu, koinata.

Azalpena sinplifikatzeko ez dira hiztegiko termino guztiak hona ekartzen. Kanpoan geratzen dira hainbat lokalismo (ahizta, izeko ...), jatortasun eskaseko izen (alarguntsa, tokilaso,...) eta bigarren mailako zenbait harreman deskribatzen dituztenak (amaizun, ahizperdi,...). Aspaldi ikerturik utzi zituzten hasieran aipatutako autoreek eta beste gehiagok ere eta ez dira artikulu honetan lagungarri gertatzen.

Definitu ditugun hiru multzoetara itzulita: azkenetik hasita, maileguzko izenen presentziak iradokitzen digu, izenok deskribatzen dituzten harreman motak ez zutela korrespondentziarik euskaraz. Adibidez, hainbat kulturetan oraindik izeba izenak ez ditu amaren ahizpak izendatzen, horiei guztiei ama esaten zaielako halaber. Ahizpa guztiak dira guztien umeen arduradun neurri berean eta horregatik denak dira ama ume guztientzat. Harreman mailako bereizketarik ez dagoenez, izen mailako bereizketarik ere ez dago. Egunen batean akulturazioaren poderioz gureak bezalako kontzeptuak haienganatzen badituzte, izeba adierazteko hitzen bat maileguz hartu beharko dute eta handik aurrera bereizten hasi ama eta izeba. Euskarazko senidetasun izenak sortu zirenean ez bide zegoen beraz guk lehengusu deritzogun harremana. Edo bat baino gehiago zegoen agian.

Izen jatorretara joaz berriz, bi multzo bai, baina ezin dira bi egitura garbi antzeman. Nahikoa garbi dirudi ba atzizkiak senidetasun esanahia duela, baina Mitxelenak dioenez, ezin dugu hori baino ezer gehiago esan. Schuchardt-ek ba atzizkia odolkidetzaren adierazle bezala ulertzea proposatzen du, eta Mitxelenak erantzuten du odolkidetzaz ezin direla ulertu aitaginarreba eta amaginarreba, eta hortxe dagoela anaia ere, zorioneko ba atzizkirik gabe. Nabarmena da halaber aita eta ama, ba atzizkirik gabe egotea ere. Ginarreben gaiari lotuta, Mitxelenak gin- gi(h)arreba zatitzen du, baina ez dago ados (ez duela ulertzen, dio berak) Caro Barojak arreba horri buruz ematen dituen ulerpideak komentatzerakoan. Ginarreba terminoan arreba agertzeak asimetria bat sortzen du, eta hori argitu beharrak hainbat buruhauste eman die ikertzaileei.

Azpimarragarria da halaber gurasoen gurasoen izenetan gaurko euskarak ageri duen ugaritasuna: aitona eta amona adierazteko benetan neurriz kanpoko termino aniztasuna dago. Harremana bestelakoa bide zela eta lehen erabilitako izenak oraingo harremana deskribatzeko desegokiak bide zirela erakusten digu horrek. Oso posiblea da, harreman horiek deskribatzeko "izen sailkatzaileak" erabili izana, amaren ahizpa guztiei ama esaten zaienean bezala, eta amaren eta aitaren aldeko aitonek izen bera ez jasotzea, ez eta aitaren eta amaren aldeko amonek ere.

Aipatu desegokitasun, ezberdintasun eta egokitzapen ezezagun baina seguru hauei buruz gogoeta egiten badugu, ez da harrigarri gertatzen gaur egungo euskararen senidetasun izendegiak egitura garbi bat ez erakustea. Kontrakoa litzateke harrigarria. Beraz, eta eraikin zahar baten aztarnategi modura begiratu ezkero, egitura osoki eta borobilki ez gorde izana ez da oztopo izan behar egitura horren gutxi gorabeherako itxura antzeman eta hura lan hipotesi modura hartuta falta diren zatiak osatzen saiatzeko. Hein honetan, lan hipotesitzat har daiteke ba atzizkiak (ala substantibo monosilaboak?) senide edo ahaide adierazten duela. Anaia ere senide dela jakina da eta agian ez dugu inoiz hori hor egotearen zergatia argituko, baina lan hipotesitzat har daiteke halere egitura bere osotasunean zegoenean, bere egoera jatorrean, senidetasun izen guztiek zeramatela ba hori, eta beraz anaia hitza geroztik bertan txertatutakoa dela. Hipotesiak behinik behin elementu jatorrak eta eratorriak bereizteko balio du eta zein dauden ondo eta zein dauden ulerbide eskean erakusten du. Odolkidetzari dagokionez, ba, "senide" adiera horrekin uzten badugu, ahaide guztiak deskribatzeko balioko liguke, Mitxelena eta Schuchardt-en arteko eztabaida gaindituz, eta dena den, izena sortu eta ohartuki erabili zen testuinguruan jartzen bagara, gizarte hura ez zen gaurkoa bezain handi eta exogamikoa, eta norberaren senideak eta ezkontidearen aldekoak ez ziren oso odol diferentekoak izango. Ahantzi gabe behin ere, senidetasuna batez ere kategoria soziala dela biologikoa baino, eta odolkidetzarik gabeko senidetasuna ere badela beraz.

Koldo Mitxelenak ezagutzen zituen Levy-Strauss eta honen lana, izan ere autore frantsesa aipatu egiten du euskal senidetasun izenei buruz Fontes Lingua Vasconum aldizkarian idatzi zuen artikuluan, baina seguru esan daiteke ez zuela Les structures élémentaires de la parenté irakurri. Haren intuizio finak ez zuen erreparatu gabe utziko jarraian transkribatzen diren lerroak.

L'os et la chair (Hezurra eta haragia)

... Depuis le Tibet et l'Assam jusqu'à la Sibérie, en passant par la Chine toute entière, nous avons rencontré comme le "leitmotiv" de la théorie indigène du mariage, la croyance que les os viennent du côté du père et la chair du côté de la mère.... On se souvient qu'au Tibet, la distinction entre "parents de l'os" et "parents de la chair"....(Lévy-Strauss, 1967)

... Tibet eta Assam-etik Siberiaraino, Txina osotik pasata, honako uste hau aurkitu dugu ezkontzaren teoria indigenaren ardatz modura, hots, hezurrak aitaren aldetik datozela eta haragi-mamiak amaren aldetik .... Gogoan dugu nola Tibeten, "hezurraren ahaideak" eta "haragiaren ahaideen" arteko bereizketa...." (Itzulpen moldatua frantsesetik).

Ahaide ordez ba eta haragi ordez giharra idazten badugu, argi distiratsu bat pizten da bat batean gure izendegiaren iluntasunean. Gih-arreba ordez giharre-ba. Euskarak ezkontidearen gurasoak izendatzeko erabiltzen duen terminoa, jatorriz gizonak bere emaztearen familia edo klana izendatzeko erabiltzen zuena izango litzateke. Harreman hori izendatzeko arreba terminoak ekarritako asimetriak plazaratzen zituen zailtasunak aienatu egiten dira, eta hauek ulertarazteko sortutako asmazioak alferreko bihurtzen dira bat batean. Baina hori gutxienekoa da. Levy-Straussek bere liburuan frogatu zuenez, izen horren atzean dagoen usteak erabat baldintzatu eta mugatzen ditu senidetasun sistema eta ezkontza arauak. Alegia, sineste hori sistema batekin baino ez da bateragarri, trukaketa orokorrarekin hain zuzen ere (échange généralisé). Eta horregatik, sineste hori gorde duten herrietan, zenbait aldaketa txiki gorabehera, ezkontza arauak eta senidetasun harremanak antzera antolatzen dira, trukaketa orokorraren arabera. Giharreba hitzak aspaldiko euskaldunak sineskidetza horretan sartuko balitu, ustekabeko ate bat zabalduko litzateke iraganaldi hartaz inoiz amestu duguna baino askoz gehiago jakitera iristeko. Gogora dezagun, bidebatez, Senidetasuna artikuluan adierazten denez, trukaketa orokorra deitzen zaiola, gizon batentzako ezkontide lehenetsia amaren anaiaren alaba plazaratzen duen sistemari.

Sineste horren lehen berria XVIII. mendeko Desideri izeneko bidaiari italiar batek eman zuen. Desideri hau eta beste zenbait iturri baliatuz zera dio liburuko beste pasarte batean Levy-Straussek sinestearen hedadurari buruz:

"Si l'on considère que la "théorie des os de la chair" se retrouve depuis l'Inde jusqu'à la Sibérie, et qu'elle existe aussi sous forme vestigielle, chez les Mongols et les Turcs de Russie, qu'elle est commune en Chine; enfin, qu'elle apparaît dans l'Inde dès le Mahabaratha, on conviendra que nous devons au voyageur italien l'éclaircissement d'une notion absolument fondamentale, et qui peut servir de clef pour toute tentative de reconstruction des systèmes de parenté dans una aire géographique de dimensions considérables, mais où des survivances, si largement dispersées, suggèrent une homogénéité ancinenne,...(Lévy-Strauss, 1967)

Kontuan hartzen badugu "hezur eta haragiaren teoria" Indiatik Siberiaraino aurki daitekeela, eta gainera aztarna moduan sumagarri dela halaber Errusiako herri mongoliar eta turkiarren artean, arrunta dela Txinan; azkenik, Mahabarataz geroztik ageri dela Indian, ezin uka daiteke italiar bidaiari zor dioguna kontzeptu zeharo oinarrizko eta garrantzitsu baten argiztatzea dela, esparru izugarri zabal batean hedaturiko senidetasun sistemak berreraikitzeko giltzarri izan daitekeen kontzeptua. Esparru izugarri zabala, bai, baina aspaldi batean nahiko homogeneo izan zitekeena, iraun duten aztarnen banakera sakabanatuak iradokitzen duenez,..." (Itzulpen moldatua frantsesetik)

Era askoz ere xumeagoan, aldarrikatzen dituen iturriak ere askoz txiroagoak direlako, baina tonu irmoz hala ere, Levy-Straussek Europa osoa sartzen du hezur eta haragiaren teoriaren esparruan, esparru Eurasiar bakarra aldarrikatuz. Herodoto eta Tacito-ren hainbat aipamen plazaratzen ditu, hurrenez hurren Eszita eta Germaniarrei buruzkoak, eta dena den trukaketa orokorra oraingo egitura konplexuetara daraman bitarteko egoeratzat hartzen du. Ez du noski sinestearen adibide literalik plazaratzen ahal, baina sinestea noizbait Europan ere bazela iradokitzen du.

Giharre-ba honek azkenik, ba-dun izenen artean anaia nola txertatu den ulertzeko bide bat eskaintzen digu. Aitaginarreba eta amaginarreba osatu diren modura, galdutako *anaginarrebak izena ikus daiteke gaurko anai-arrebak izenaren aitzindari. *Ana hori, ahaide hitzaren erro bera litzateke eta senide eta haurride izenekiko paralelismoari begiratuta, "haur", "ume" edo "gazte" moduko esanahi neutroa izango luke. *Anaginarrebak, amaren (eta emaztearen) aldeko senideen (senide umeen, senide gazteen?) multzoa litzateke (lehengusuetako batzuk eta koinatu-koinatetako batzuk). *Anaginarrebak aurrena anaiarrebak bihurtu eta garai bateko testuingurua galdurik hitzaren esanahi jatorra ahaztuta, gero anai-arrebak bilakatu zenean, arreba terminoa aurretik hor bazegoen, arrunt erraztuko zuen anaia=hermano izanez amaitzea.

Giharreba "parent de la chair" baldin bada, non dago "parent de l'os", "hezurraren ahaidea"? Aspaldian betirako galdua ala gure bistaren aurrean antzeman ezina? Intuizioak asaba-ri begiratzen dio asaba/ginarreba "parent de l'os"/"parent de la chair" bikote moduan irudikatu nahian. Filologoen esku geratzen da, asa= hezur bihurtu ote daitekeeneko auzia. Hori posible balitz, noski zalantza izpirik gabe egiaztatuko litzateke fosil bion benetakotasuna. Dena den, terminoen aspaldikotasunari erreparatu ezkero, hezurraren senideak adierazten zuen izena galdurik egotea ere ez litzateke harrigarritzat jo beharko.

Erroen azterketari dagokionez hasieran aipaturiko filologoek xehetasunez eta maisutasunez egin zituzten aspaldian, emaitza garbi handirik gabe halere. Ez da harritzekoa. Erro horiek inoiz esanahi bat izan bazuten, astian gora noraino egin behar dugun pentsatu ezkero normalena ulertu gabe geratzea da, erroen azterketa soilean geratzen bagara behinik behin. Agian egunen batean argibide etnografiko alderagarri bat ekartzen duen zori kolpe batek lagun dezake, baina horren zain egon artean nekez jakin ahal izango da ezer berririk. Interpretazio filologiko hutsetik haratago, senidetasun harremanen ezagutzaren arabera deigarri izan daitezkeen bi termino daude: osaba eta erraina.

Trukaketa orokorrean, amaren anaiak rol berezia jokatzen du, bera delako emazte bat eman behar didana. Bere alabetako bat baita nire emaztegai lehenetsia ezkontza arauen arabera. Osabak "osatzen" nau, ezkongabe egoteari osatugabe egotea irizten badiogu. Osa-ba, "osatzen nauen ahaidea" itzuliko genuke orduan. Dokumentatuta dauden herrietako senidetasun izendegietan beste inon osaba terminoa "osatze" kontzeptuan oinarrituta ote dagoen jakitea lagungarria liteke, hipotesiari egiantza emateko. Erraina-ren kasuan berriz, hiztegian ez datorren euskal hitz batekin lotu behar da. Hiztegietan ez dago espekulaziorako lekurik eta definizio positiboak baino ezin dira eman, alegia, hiztunen artean edo tradizio idatzian erabilitako hitzak baino ezin dira azaldu. Halere *erra balizko baten esanahia nahiko garbi iradokitzen dute honako hitzok: errapea sabel azpiko titia da, erraiak (erragaiak) sabelaren barnean dauden heste eta organoak dira eta Markinan oraindik erraldia esaten diote gizaldi edo belaunaldiari. Ez du ematen *erra = sabela ekuazioa aspaldi galdu zenik euskaldunen oroimenean. Gogoeta egiten ezkero senidetasun harremanen esparruan errainak zer funtzio duen, hurrengo belaunaldia "fabrikatzea" alegia, ez da harritzekoa funtzio horrek sortzea izena bera. Pentsa dezagun emakumeen trukaketa gertatzen den harreman marko batean etxe, leinu, klan edo den deneko eme gazteak eman egin behar direla, eta iraupena bermatzeko kanpotik ekarritako "sabela" baino ez dagoela; hurrengo belaunaldiko umeak dira taldearen ondasun preziatua, biharamuneko zaharren sostengua direlako. Eme guztiak besterenganatu behar dituen talde baten baitan beraz, ez da harritzekoa trukean hartutako eme gazteei sabela eta umaldia gogora arazten dituen izena jarri izana.